Bilbo dub kronikak
Bilbo dub kronikak
2004, poesia
88 orrialde
84-95511-65-7
azala: Paddy Rekalde
Paddy Rekalde
1964, Deustua
 
2011, poesia
2006, nobela
 

 

LEHERKETAK

 

Leherketak ekartzen zituen gogora nire aitabitxiak

afaldu ostean, MG botila erdia hustutakoan.

Eskutik oratu eta ene begi txikitxootan iltzatzen zidan

begirada ginebratsu hura,

Artxanda inguruko burdinazko zinturoian

Junker erraldoi haiek jaurtitako bonben leherketak

gogora ekartzean.

 

Leherketak ere, haren andrearen etxetik gertu,

han, La Arboledako meatzeetan,

etxearen horma eskasak

dardaraka ipintzen zituen leherketak

gogora ekartzean

iltzatzen zidan begirada ginebratsu hura.

 

Ordurako MG botila osoa edana zuen.

 

Haren esku sendoa, zaharra,

gihartsua, ebakiek zauritua,

baserriko beharretan eta trenen motorretan gogortua

dardaraka hasten zen

nireari oratzeari utzi barik.

Aitabitxia atxurtu xamar zegoela

esaten zidan amak begirada-keinu batez.

 

Baina nik

ondotxo nekien

esku sendo hura dardaraka ipintzen zuena

leherketa haiek guztiak gogoratzea zela,

leherketa haiek,

orduantxe,

eskuaren larruazalaren azpitik,

hezur eta zainen artetik,

berriro gertatuko balira bezala.

 

Leherketa haiek guztiak gogoratzea...

eta, batez ere,

leherketa haiek guztiek ekarri zituzten

bestelako

giza leherketak.