Aingurak erreketan
Aingurak erreketan
2001, poesia
88 orrialde
84-95511-44-4
azala: Xabier Gantzarain
Jon Benito
1981, Zarautz
 
2010, poesia
 

 

ITZULERA SAIOA

 

Emergentzi deia behar zuen izan

asteak ziren telefonoak jo ez zuela

iratzargailua zirudien

goizean oheak abandonatzeko eskatzen

 

Kontzientzia iratzarri zidan bestaldeko ahotsak

Hiri bazterretako suaz eta

etxera bidean emandako

azken besarkadez oroitu nintzen

 

Ez zegoen hitzik soberan

Denbora erraz zihoala aitortu zidan

orain ez zela taberna beretan ibiltzen

eskularruak zituela hotzerako

eta aterkiak konpartitzeko inor ez

 

Zilarrezko eskuturrekoa bazuenez

galdetu nahi baina barnerako gorde nuen

aukera desegokia zelakoan

 

Esaldiak erdizka uzteko ohitura zuen oraindik

eta hitzak piztu nahiko ez zituela pentsatu nuen

Bigarren aukerak beti dira porrot iragarriak

 

Isildu egin ginen

Baziren urte bi elkarrekin mintzatu ez ginela

memoria blindatu eta

distantzia handitu zitzaigula

 

Bide erratuetan ikusten nituen nire oinatzak

Urak nekez egiten duela atzera bururatu zitzaidan

 

Kaioen hegadak entzun genitzakeen

 

Belarriak estali nahi genituen

bagenekielako zer zetorren isiltasunaren ondoren

elkarri zer esango genion edo zer ez genion esango

zer entzun nahi genuen eta zer ez genuen entzun nahi

Baina hitzez baino gehiago komunikatzen genuen hala

 

Damutzen ikasi nuela aitortu nion

bizi garen garai hauetan ez dela gutxi

 

Duela hiru edo lau urteko

herriko jaien azken gauaz oroitu nintzen

gogo gabeko musu zenbait eta

bidea amaitu balitz bezalako etsipena

 

Ez genuen ulertu zer adierazten zuen

melodia mutu hark:

barealdia edo errukia

 

Beste nonbait ereiten zen mina

beste zerbait ukitu genuen

bihotzeko astuna sakondu

 

Logika gabeko hitz batzuk esan genituen

inon babes hartzen ez duten perpausak

Eremu labainkorrean genbiltzan

 

Sinesten hasi nintzen bide zaharretara itzuliz gero

denborarekin berriz keinu eta begirada herabe berdinak

maitatzen amaituko nukeela

 

Une bateko irudipena besterik ez zen izan

 

Errekak aurrera zihoazen

zein bazterretan geratzen ginen jakin gabe

Oroimena ez da izoztutako harri bat baino

 

Ahalik eta erarik duinenean saiatu nintzen

sentipen truke hura amaitzen

 

Telefonoa eskegi nuen

 

Etxera bidean emandako besarkadez oroitu nintzen

Bordelerako bidaia eta uztaileko arratsak

 

Telefonoak ez zuen berriro jo