Aingurak erreketan
Aingurak erreketan
2001, poesia
88 orrialde
84-95511-44-4
azala: Xabier Gantzarain
Jon Benito
1981, Zarautz
 
2010, poesia
 

 

1937 MAIATZAREN 7 ETA 8

(BIDAIA GOIZEKO IZARRA ETA HABANAN)

 

Horma zurbila atzean

zerulerroraino luzatzen den sabaia

Ezinegona merke fusilatzen da

eserita dauden zur gogorraren gainean

hilkutxak berrerabiliko bailituzten

 

Ihes dagienak badaki zer uzten duen

Akuarioan inork ez du negar egiten

arrainek ez dute memoriarik

badakite ez direla gehiago itzuliko

ez dute tragediarik makillatu nahi

Geratzen direnei soilik egiten diete gorazarre

 

Oinazeak elkar jo eta korapilatu egiten dira

inork ez ditu besteren miseriak miazkatu nahi

inork ez daki malkoek zein bide egiten duten

eta trenak badoaz eta tarteka birika bat falta da

 

Aspaldi ohituta daude zainekin urkatzera

hatsa falta bazaie ere

Ez dute lurraz bi oin gorago hil nahi

lurperatzen dituzte hezi zituzten lurraren pare

 

Arropa eta argazki zaharrak ez ezik

bakoitzak bere zoritxarrak daramatza

Larruak badaki ikara zer den

eta beste koraza batez margotzen da

 

Leku izenak paratu dituzte

bataila zaharrak oroitzeko

 

Maleta beteekin doaz

dena estaltzen duen amorruaz

eta jaietako zapaten lokarriak estutu dituzte

bidaia luzea izango delako

 

Gauero itsasoa da euren begietan

 

Ez ditu ezerk salbatuko