Bala zeru urdina
Bala zeru urdina
1993, poesia
66 orrialde
84-86766-45-1
azala: Kent Williams
Xabier Aldai
1975, Azpeitia
 
2000, narrazioak
 

 

Irakurtzaileari

 

Automata bihoztunak gara, zonbi daltonikoak, gizaldiaren komisario autistak. Arima apartatuta betiko hil ezinda gabiltzanak. Geure ez hil eta ez biziko borrokan aldarteak ditugu hala ere. Zein gauden urrun izpiritu olinpikoak —borondate onak erran nahi da— gure nondik norakoak gidatzen zituen garaietatik. Hiru urte dira, barrena. Azkengabeko gerraostera jartzen ari gara gure maitasuna. Eta telebistan azaltzea egokitzen zaigunerako gordeko ditugu zabal irrifarrak. Poesiak bederen hipokresiaren mozorroak urratzeko aldarri egin du. Hala Sarajevori idatzi zion bere estraineko poema Xabier Aldaik: «Haseran ez zen ezer / Sarajevo / ...» Zerua urdin ageri zen 92ko udaberrian, gauez irakur zitezkeen geroa eta iragana. Orainak aldiz balak, bonbak opaltzen ditu eskubeteka sotoetako zeru ezin azulagoan. Poema liburu batek dezakeena ematen du Bala zeru urdinak, bere garaikoa izateko sena eta grina. Poetari morgera deitzen diote hilotzak ezagutzeko, bere lana ez da ordea nekrofilia hutsa, bizira ekarriz kitatuko ditu hilekikoak, edo, okerrenera, armatarako erabiliko haien soin-atalak. Bizientzat idazten da. Ez du poesiak onartuko historia amaitu denik, hurrengo lerroetan historiaurre krudel baten aritmetika dator aletua. Betikoa, gizaki bakartuz, irenduz, antzutuz osatutako gizateria erbala, oihartzun anitzen segadak aho berriz esanak. Merezi zuen euskal poesiaren urteetako ihardunak. Zainik erasaten ez zuen poesia gehiegi idatzi dugu aspaldi zaharrean, poesia txarra. Bala zeru urdinak min ematen du gogora orduko. Zeruak askatasunari haizea emateaz bat, zanga jartzen dio arnasari alanbrezko hesiz. Modernoa da Aldairen poesia, Aresti ezkero modernoena, belaunaldi baten itule datekeen nortasun handiko boza. Poesia pasio publikoa da.

        Batasun handia du liburuak. Zenbait estilo-baliapideren errepikatzean baino tonuan eta giroan nabarmentzen da lan honen gotortasuna. Elkar osotzen dute «Talidomida kumeak» eta «Atzeraelikadura: Martin & Gertrudis» atal biek. Epatanteago aurrena, intimoago bigarrena. Batean zein bestean indar zoroz joko gaitu baina poetaren nitasunak. Ni hori da abaina gobernatzen duen eskua, harriak ez dio inori opa meniarik, geure baitatik lekutzen gaituzten noraeza eta naufragioak kolektiboak dira ordea, elkarren gehiketaz bada ere. Testigantzak memoriarenak. Gertuegiak bizitakotik. Esaten direnak larriak dira, buruzgain etorritako zingirak.

 

Talidomida kumeak. Ondorio ikusgarriak ekarri zituen duela hamarkada batzuk botika lasaigarri horren kontsumoak. Emakume ugari osatu gabeko umez erditu zen. Belaunaldi baten proklama. Kontzientzia hartzearen agiria izenpetzen du Aldaik. Neska eta mutil egiteak eskas ditugun soin-atalez jabetzea dakar, laburtutako memoriaz konturatzea, gogoko mutilazioak konstatatzea. Inork ez zigun transito horren berri horren gordin eman, betebeharreko tramite arrunta jotzen genuen zoriona; artean nerabeak ginen. Irudi oparo eta zanpagarrion artean ez dago negar aringarrientzako, hotz hotzean dagoena erakusten du ekografiak, kupidaren koordenadak mapa honetatik landa dira. Zikina eta gardena da poesia. Aizkora ez dago mozten duenari begira, berdin ogia nola erhia, mozteak dio ardura. Lirikak ezin du egon sasoi hobeagoen zain, beti dago zeini egotzia libertatearen hobena. Atal honetan protagonista errefuxiatuak dira, egunerokotasun gorriaren errefuxiatu narkotizatuak, gerra errefuxiatuak. Zerutik heriotza dator, Sarajevo Bilbo izan liteke edota Bagdad; eta alderantziz.

        Giroa itogarria da, sententziak fatalak, bakardadea biblikoa, miseriak unibertsalak. Apenas eder eztitan inor gozatuko den hemen. Ez dio askorik zor Aldairen bultzi leihoak Lizardiren begiari. Loeza arintze alde baino esnai egon nahiaren arduraz gaixotutakoarena da Aldairen jarrera. Jota dago mundua —burutik—, extasisez eta neutraltasun izunez gaseatutako zaharretxea dirudi. Mundua barnetze lanetan hustu da poeta, arnasik gabe utzi gaituzte behin eta berriz poema narratibo luzeen erritmoak eta zangalatrapa basatiek. Egiantza eta identifikazioa erraztera dator Aldairen iruditeriak, batez ere masa ondarea izana mintegi: telebista, herri-musika, grafitiak, ebanjelioak... Paradojak egoki baliatzen dira, topiko amotzak testuingurutik aldatuz zorrozten. Gospela eta raparen artean gabiltza. Balientea da Aldai eta eskuzabala, eman eta eman ari zaigu iskilu on bat bezala.

        Poesia ez da gizarte ustel baten larrutze soila. Aldaik mundu hau eta bere akolitoak madarikatu eta mehatxatu egiten ditu peto petoan, lokanta gaiztoak eskaintzen dizkie, himno sakrilegoak, pozoindutako komunioetara gonbidapena luzatzen die. Hainbeste desanparo eta oinaze, baina adimena daukagu soraiotasuna lehertarazteko, auzoinguru arrakalatuak sakon ikuskatu ditugu, orain badakigu zertan gabiltzan eta osatu gabeko gorputz baten jabe egin garela ere bai. Nekeza jo digu guzti hori egiaztatzeak.

 

Atzeraelikadura: Martín & Gertrudis. Barrura bilduago aurreko atala baino. Txangoa bera da, norakoa ez beti. Genealogia gertu baten bilatzea edo dago txorta honen ehunetan, elkar hartze kolektibo baten premia. Gure mundutik, gure herritik etxera gatoz. Abaina laburtu da, bere buruaz zuzenago mintzo da poetaren nortasuna. Oraingoan oxigeno gehiago du aireak, eguneroko bateko konfesioak ematen digute. Aurreko atalean sirena eta bozgorailuetako hizketak eta hiltegiko afitxek astindu gaituzte. Interferentziak badaude, lirika konbentzionalago baten uretan gabiltzala uste dugu eta hor datorkigu ezusteko esaldi urratu bat eskaporik ez dugula gogoraztera, ez fidatzeko, ezer ez dela izaten dirudien bezalakoa bakarrik. Izan ere erreferentzi mundua ez da aldatu.

        Aisago identifika litezke hemen poemen zedarriak. Talidomida kumeaken urak uholdean zetozen bitartean —poema narratiboen maiztasunak indartuko zuen larritasun hori—, Atzeraelikadura: Martín & Gertrudisen etorri handiz baina urak arroila barruan datoz. Poemek forma lotuagoa dute bigarren atalean, indarrak poetaren menerago jarriak, itxuraz. Infernuko bodegoiak ikustetik lagunarteko argazkiak berritzera atera gara. Bere burua kate luze bateko maila aitortzen du Aldaik, beharrezko haina trukagarri den maila. Geriatriko deskiziatu edo putetxea iruditu dakigukeen herriarekin bategite ia mistikoa dago lerro artean. Zerua hegaldatzeko eta erortzeko eremua da, desertu bat, itsaso bat naufragio guztientzat zabalik dagoena, mihise zuria gorpuak estaltzeko zain. Hildakoen eta bizien arteko ibilera azkenera etorri da, eguneroko izuen nomina xehetu dugu eta ez dago saririk, zutik bizi nahi izatearen ordaina minez bizi beharra da. Bide horrek etxera ekarri du Aldai bueltan, herria identifikatzen du, ezagutzen ditu holako eta halako taberna eta harunzkaldeko lagun haiek ere. Gaitza da genetikak eta historiak ekarri gaituzten zuloan errebeldiarako adorea bilatzea.

 

Aspaldian irakurri ditudan poema gihartsuenetako batzuk liburu honetan dira. Berrizbeitia, Tolosa, Arano, Olasagarre eta Rikardo Arregik azkenaldian zabaldutako bide interesgarria gora dator nere iduriko. Axaleko esker aitortzarik gabe eta barkazio eske hipokritetan indarrik galdu gabe iritsi zaigu Aldairen poesia harro eta garden. Gure adurrari ez doakio ihesi, zehatz eman digu helbidea, zita egina dago, badaki nora jo bilatu nahi duenak. Bakarren bat kondenatu beharko luke isiltzera liburu honek.

        Denbora gutxian asko ari gara ikasten, zerura begiratu eta eder amestutako hirien hondarrak ikusten ditugu, zubirik gabeko izartegiak. Guk ere badakigu ezein unibertsitateko sotoetan zatikatuko dituztela gure gorputzak. Ez dugu berehalakoan lepoa kentzera egingo aizkoraren petik. Ez digutela utziko pentsatzea libre da.

Jose Luis Otamendi