TAMARINDOAK
Joanak joan
berriak etorri
trixturari
adarka
ez nuke nahi bizi
( Gabriel Korta )
Atzo,
Etxe Pherdiaren azpiko tamarindoak ikusi nituen
ostera ere.
Hogeitahamazazpi urte dauzkat eta
luze gabe
hogeitahamazortzi beteko ditut,
Miarritzeko eta Usategiko tamarindoak oro
bezain ederrak,
saparen kemenaz eta biziguraz
arrakaltzen diren tamarindoak oro
bezain lirain eta indargeak,
ttiki eta biziak,
lur eta lika beltzez lotuak,
hiltzera kondenatuak: tamarindo sotil, zirats, zabal eta
ahulak.
Egun,
itsasagerreko tamarindo horiek oro gogoratzean,
hogeitahamazazpi urte dauzkadala eta
luze gabe hogeitahamazortzi betetzeko nagoenean,
lainoarteko eguzkiak argitzen duenean itsasoa
Abenduaren batean,
ostera ere egin dut gogoeta maitasunaz eta bizitzaz,
amodioz arrailtzea delako bizitzea,
zapi zaharren moduan higatzea,
Ameriketara,
Atlantikoaren gainetik hegazkinez egindako bidaien antzekoa
esperantza onez betea eta
zaratotsez, lekurik ezaz, ondokoengana ezin biltzeaz,
hainbeste oztopo eta atxakia direla bide,
nekeziaz bukatua.
Egun,
luze gabe hogeitahamazortzi urte betetzeko nagoenean eta
tamarindoekin oroitzean,
ostera ere konturatu naiz
mila urte igaro eta
urak
beti segituko duela bere bidean.
Algortako Abraren gaineko Usategin,
1991ko abenduaren 1ean.