BERLIN
G. Galartzari
Hau jendeari buruzko poema da
pentsatzen dutenas eta
gura izaten dutenaz eta
uste izaten dutenaz gura dutela.
Beste ezer gutik baitu merezi
gurearreta munduan.
( Natan Zach )
Ordoki zabaletan zehar
Erteuropako lautaden iparraldean
aurkitu haut egun,
Prusiako basoetan gaindi
haritzak, bagoak eta
masusta gorriak hazten diren
lakuen ibaiondoetan.
Praga, Budapest, Viena, Zürich, Munike,
Erteuropa,
Hofmannsthal, Roth, Kafka, Rilke,
juduak eta kristauak,
kaletren eta kafetxeak,
gaztanpastel eta antzokiak,
alemanezko poemak eta
amodiozko minak.
Eta hire musika pianoan entzuten dudala,
bihotza banatzen ziaidak
hire kaleak eta eskuak bezala: alde batean
«Unter den linden»,
bestean
«Kurfürstendamm»,
alde batean desira,
etsipena bestean.
Zeren harresi bat
erdi-erdian sortu baitugu,
zornetartez inguratua,
iluntze hotz luzeetan
kearteko elkarrizketarik eta
musu ezkuturik ikusiko ez
dituzten tabernarik gabekoak,
satsez beteak, eta saguez eta
oroimenez,
gerrateko balek egindako zuloak
agerian,
eta gure arteko destainek.
Eta haatik oraino ere higan diagok
ene esperantza,
hiriaren gaineko gaztelua
betiko zabalduko duen Erteuropako oldarra,
koldarkeriaren zantzuak
deseginen dituen
geure gorputzen eta izpirituen
lehen promesa.