Mila urte igaro eta, ura bere bidean
Mila urte igaro eta, ura bere bidean
1993, poesia
68 orrialde
84-86766-44-3
azala: James McMullan
Andolin Eguzkitza
1953, Santurtzi
2004, Bilbo
 
2004, poesia
 

 

ORAINA

 

                        Iraganak

                        sortu nau olerki gisa

                        nik

                        etorkizuna dut jarauntsi

                        ene arnasari

                        orain deritzo.

                                ( Rose Ausländer )

 

Eremu latzetako bero kiskalgarria

lakoxea.

Nebraskako zelaietan

egunsentirainoko hotza bezala

Otsailaren erdian,

mugezin eta langarik gabeko.

Tximist zorrotzak abaildutako zuhaitz

lirain antzo,

lurrean etzanda, saparik ezaz

goseak hilda.

 

Hi haut haatik bakarrik

geroa ez baita heldu

eta iraganak baikaitu ja abandonatu,

hi maitea,

hodeiertzaren argi soila,

ezpainak busti diezakizkidan

masusta beltza,

hi maitea,

sendabelar bakarra.

 

Arren, utz iezadak hire gorputz ederra maitatzen,

utz iezadak geure bihotzak estekatzen

 

izan gaitezkeen zorioneko,

ase gaitezkeen plazerrez,

irritsaz, piko bigun, mailuki urtsuez,

iragan eta etorkizunik gabe,

hil gaitezkeen elkarren gosez.