ASPALDIKO IRUDI BAT
Hadassa Moscovici-ri
Arratsaldeko sei t'erdiak dira,
Martxoko azken ostegunekoak, ostegun saindukoak,
eta pinuen arteko pagoa bezala uzten nauen egun goibelak
zure oroitzapena ekarri dit.
Oso da aspaldikoa
zugandik daukadan gomuta,
oraino ere zugana nerakarren gogoa,
hain sarkor,
hainbeste zentzazio bipilen bilgunea.
Linguistika-institutuko liburutegian ezagutu zintudan,
eta eder ez izateagatik ere, erakargarri agertu zintzaizkidan,
begi beltz, ile kirru eta jantzi
ez hain egoki.
Berbetan hasi ginen eta
behingoan jakin nuen,
oi Hadassa, zein zen zure kemena,
zelakoa zure oldar eta larderia. Baina ez ninduzun izutu.
Eta maitatzen hasi nintzaizun.
Eta hiru egungarrenean
tea hartzera gomitatu ninduzun zeure gelara.
Beti bezala behera mintzo,
gauza asko kondatu zenidan.
Errumanian jaio zinela,
eta ezin zenezakeela musikarik entzun eta irakurri batera.
Israelen hazi,
eta amarekin ez zenuela lar ondo konpontzen;
Norvegian eman zenuela neskazaroa,
eta aita oroz lehen maite;
azkenengo hamabost urtean Hamburg-en bizi izan zinela,
eta laster ostera ere itzultzekotan zeundela.
Eta orduan
Hamburg-eko zerua hodeitzarrek bezala
ilunak ninduen harrapatu.
Gero birritan egin zintudan bisita.
Zure etxean sartzeko oinetakoak erantzi nituen,
eta iparralde arreko hiri ederrorren arratsalde hitsetan
berba egin,
berbaz luze,
segundoak itzuri nahiko balira bezala.
Lakuetan barrena ere ibili ginen,
elkarri bihotzak erakutsi,
eta behin,
gaualdera afaldurik,
lehen egun hartatik geneukan elkarrizketa apur baten moztuta,
esan zenidan:
«horretarako ez dago aukerarik».
Eta segitu nuen pozik zure berbak,
zure murmurio leunak entzuten.
Gero alde egin nuen.
Luzaro
elkarri segitu genion idazten,
elkar
gutunez eta gogoetez maitatzen.
Baina firu hori ere eten egin zen, Hadassa.
Eta haatik, egun,
hain ainube eta ozpel senditzen dudan Martxoko arratsaldeonetan,
Hadassa,
haatik, oraino ere maite zaitut,
Hamburg-eko lili beltzarana,
bihotz bortitzeko neska panpoxa.