Mila urte igaro eta, ura bere bidean
Mila urte igaro eta, ura bere bidean
1993, poesia
68 orrialde
84-86766-44-3
azala: James McMullan
Andolin Eguzkitza
1953, Santurtzi
2004, Bilbo
 
2004, poesia
 

 

TRENEZ BANINDOA BEZALA

 

                        Molt he estimat i molt estimo encara.

                        Ho dic content i fins un poc sorprès

                        de tant d'amor que tot ho clarifica.

                        Molt he estimat i estimaré molt més

                        sense cap llei de mirament ni traves

                        que m'escatimin el fondo plaer

                        que molta gent dirà incomprensible.

                        Ho dic content: molt he estimat i molt

                        he d'estimar. Vull que tothom ho sàpiga.

                        ...

                                                      ( Miquel Marti i Pol )

 

Suitzako trengeltoki erraldoietatik

lehenengoz

iragatean bezala,

hala daukat orain gorputza,

zu ikustean,

dardaraz,

bidebazterretako ipuru eta ereinotzen lurrin antzo,

zure begi berdeek, ile holli eta

irripar xarmantak

nahasten didatelako,

Bilbo zahar honetako kalearte eder eta meharretan,

izpiritua gezalaz.

 

Gezalaren usainaz itsasbazterrean bezala

horditzen naizelako zure gorputzaren zirraraz,

trenbagoietako

leihoetan legez isladatzen delarik

ene oroimeneko bistan

zure dudan

hilezinezko gogorapena.

 

Maite zaitut eta ez dakit nola,

hain baita zail

izarrik gabeko oihan beltz honetan

pagoei erreparatzea,

zure usain zoliaren adorerik gabe

arnasa hartzea,

ene oheko bakartadean

zure gorputz ziratsaren zantzurik gabe

lo egitea.

 

Maite zaitut eta ez dakit nola

biziko naizen zure zaratotsik gabeko

mundu gor honetan,

azantzez blai dugun lur antzuonetan,

autobideez eta aireportuz

gainezka dagoen eremu

larderiatsuan.

 

Maite zaitut eta ez dakit nola...