Aurkibidea
Askatasuna nahi zuen herrikoak ginen
Biharra lasai dabil itsas zabalean
Bitoriano gandiaga arantzazuko zerua
Bitoriano gandiaga arantzazuko etxearen
Bizitzaren gaxura edaten genuen
Denbora asko behar da ulertzeko
Elurra egin zuen goiz haren bezperan
Eskua hartu didan erantzun zilarrez
Ez dago estatistika baliodunik
Gailurrak pasagaitzak direnetan
Hotzegia da hiriburuko kaiertzea
Larrazkeneko haize hegoen hats epelen
Memento homo quia pulvis es et in pulverem revertis non omnis moriar credo
Noiztenka bizitzeak energia oro
Nola idatziko dugu geroaren argia
Odol-belharren sahets lehorretan
Oraindik nabil Du Bellay plazan
Ordu honetarik aintzina automata moduan
Sartaldetik datozen hedoien artetik
Urradura aintzineko karkara ederren
Urrutizkin grisaren urruneko mugetan
Urmael geldoetan urtzen da hitza
Utziko ditugu bihotzetan preso
Aurkibidea
Askatasuna nahi zuen herrikoak ginen
Biharra lasai dabil itsas zabalean
Bitoriano gandiaga arantzazuko zerua
Bitoriano gandiaga arantzazuko etxearen
Bizitzaren gaxura edaten genuen
Denbora asko behar da ulertzeko
Elurra egin zuen goiz haren bezperan
Eskua hartu didan erantzun zilarrez
Ez dago estatistika baliodunik
Gailurrak pasagaitzak direnetan
Hotzegia da hiriburuko kaiertzea
Larrazkeneko haize hegoen hats epelen
Memento homo quia pulvis es et in pulverem revertis non omnis moriar credo
Noiztenka bizitzeak energia oro
Nola idatziko dugu geroaren argia
Odol-belharren sahets lehorretan
Oraindik nabil Du Bellay plazan
Ordu honetarik aintzina automata moduan
Sartaldetik datozen hedoien artetik
Urradura aintzineko karkara ederren
Urrutizkin grisaren urruneko mugetan
Urmael geldoetan urtzen da hitza
Utziko ditugu bihotzetan preso
SONGS FOR SUSANA
I
Irunberriko arroilak bakardadez hantu ziren
arratsalde apalean arrano beltza
mututasunaz esperantzetan geratu zunan.
ihausteria gero lauetan lehertu zenean
i doluaren oihartzuna!
zazpigarren orroak luma odoleztatua
hutsaren ahurrean
kokatu zinan.
II
ari dun elurra hiriko bazterrak zurituz
eta karrikak urtzen zaizkigun
ibai ertzeko arratoiarekin solasean:
aizu
zergatik ote du orlegiaren usaina
erran nahiko nukeen
egia ankerrak?
berriro ari dun elurra udaminean.
hotzez daldaraka nohan
auhaltzera gonbidatu nauen
emazte eztiaren
etxeraino.
urbiako bideetan denbora kolpeka...
III
agenda higatua hilerri lauz bilakatzen
zaidan urte motel honetan
arantzazuko arkaitzetako zuhaitzak
ikaran nabaritzen ditinat
eta harrizko apostoluak malkotan
libertatea deitzen zuen bihotz bera
bi tiroz puskatu zutelako.
IV
lur irauliaren azalean
negua hedatuko delarik
lertsunen hotsez
pausatuko dun
eresia.
amodioz
edertuko gaitun
bularrak
desiraren hatzei
eskainiz.
V
artadietan zehar
zentzugabekeriaren mila bala
barreiatu zitiztenan
gosearen sabel urratuak
auhen batean kiskailiz
arrosen ausartzia
mendekuz
ezabatuz.
VI
atzo balitz bezala ibil gaitezkeen dagoeneko
garardoak irensten
-zigarreta bat biltzen didan?-
elkarrekin bazkoaren doloreaz beterik
oñatiko plazako arkupeetan
ruper ordorikaren kantak murmuratuz.
dagoeneko damero grisetan
txantxikuarrak dantzara bortxatzen dituzten
gauerdian bob marley kurutzatzen dinagu
nostalgia langar bihurtzen delarikan.
VII
poesia zer den galdegingo didatenean
ezpainak doidoia mugituz
ihardetsiko dinat:
-karrasia iratiko basoan
besterik ez,
eta beleak zurzuri lerroen altzotik
harrobiratuko ditun
lokatzaz asekaitz.
poesia zer den galdegingo didatenean
belarretik minez urrunduko naun.
VIII
arbolak etsirik dauden munho malkarretan
gezurraren biluzi barkaezinak
galaxia garaituz geroztik.
konkistaren zaldun basatiek
zelaia purruskatu zutelako
euriaren haiduru jartzen gaitun
ainarak laudatuz.
IX
urratsaren ozenaz edo
oihuaren oihartzunaz gogoratuko dun
kakuetako lepoa.
pinpirin arinek konta dezaketen
belar hezearen ipuin
hunkigarria
harri bustien gainean
luzaturik gauden goiztirietan.
X
barbariak larrutu ipularretan sarri
lanbroaren hitzak ahoratuz
ekaitz haziak
ereinen ditinagu
eta mamuek horzkatu neskato ttikien
matel zaurituak sendatzeko
aintzira bila
abiatuko gaitun.
tunel hertsietan gordeka gabiltzanok
jakingo dinagu
azkenean
itzalak irakurriz
zeinen den gozoa
lainoaren epela.
XI
okabeko harrespiletan ducadosak erretzen
genituenean
erraten geninan
ez genuela heriotzaren beldur izpirik.
txori izanez
hegalak plegatu gabe
hiltzea
aski eder zitzaigunan.
XII
loak nekez eramaten gaituen ordu ubeletan
leihoak zabalik datxizkanagu
ortzeko disdirak biltzeko
irunberriko errekatik
bi pindar gehiago
kliskan daudelako
artizarraren sahetsean.
XIII
deus ez gara.
deus ez gara.
deusetik ordea sortzen da
laztanek
hildoz estaltzen duten
lurraldea.
deus ez gara.
deus ez gara.
alta amnesiaren papondoa
urrez josten dugu
udaberrietan.
deus ez gara.
deus ez gara.
eta ihardoki gutiziaz
alegeratzen ditugu
haranetako brumak
deus ez gara.
deus ez gara.
XIV
...lasterrak
habil eta soginzan gizonik
gizonik
denez ageri.
ama
indazüt atorra
ama
menturaz sekulakoa.
hik bahiena alabarik?
irunberri altian
dün hilik
menturaz sekulakoa.
XV
umekiaren gisara
haserrea handitu dun haragi dudakorretan
eta larrazkeneko eguerdi sargoritsuan
nola dezakegu amor eman?
buztinez aseko gaitun.
kristal mikatzez beteko ditinagu
esperantzarainoko
altzo desolatuak.
libertatearen harrobia
zizelkatuko dinagu gero
bihotzaren zokoan.
XVI
tabernaz taberna ihes dabilkigu destinatua
zeru urdinaren krudelkeriak
leherturik bezala.
bideetan galtzeko arriskuan.
nehorekin ezin mintza.
ametsaren uhargitasuna nahiko genukeen
esku minberaz
agurtu.
XVII
ausentziaren ordez presentzia loratuko da
gorputz mutilatuen kiratsaz kateaturik
zain egotearen beharraz itzuliko garenean
haritz ahulduen malda berora.
gauaz jabetuko gara.
edo bakantzen diren taupadak
altzeiruzko zaraten erdian
bahituko ditugu
ausentzia presentziarekin
ezkonduko denean.
XVIII
maite ditinat loaren alde borrokatu ondotik
altxatzen diren hedoi nagiak.
maite ditinat ere kafe makinak
marmarika ditzakeen
burbuila zilarrak.
maite ditinat amodio eskasak.
XIX
igande arrats batez trenean sartu aintzin
baionako geltokian nindagonean
tere irastortzaren
hitzen eta hotsen aldaketak leitzen
sarraskietarik urtxo grisak
airatzen zirela itxuratu ninan.
XX
balitz oldarraren aterbetzeko elizarik
hire sohakoaren oroitzaz
otoitzez belhaunikatuko
nindukeen
damuaren muhinetan kulunkan,
eta asma nezakeen
ehüjarren gora
goazela
paradisurantz.
XXI
ainarak
etor zaitezte lehen bai lehen
ezkaratz hutsetako sumurretan
kabiak eraikitzera.
ainarak
ortzearen gosea malko mugetan
txerta ezazue zorionen isilaz
lehen bai lehen.
ainarak
kantuz entzun dituen neskatxa
hegalez doa haizearen mundura
uros uros uros.
XXII
zauriak
itsasoko gatzak horbainduko ditin
uhainen indarraz atzoko belardi usantsuen joana
hagunen soilean bermatuz.
zauriak
edo laban zorrotzek ireki memoriaren karatsak.
XXIII
bihar eguzkia desagertuko dun
mendien
gibelean.
bihar ilargia teilatuetarik
miretsiko dinagu
eguzkiarekin
solasean
eta goibela
piztuko zaigun.
XXIV
nafarroako oihanek badakite badirela oraino
beltzez jantzi erreginak
irati ibaiaren hegian etzanik
begirada samurren zain daudenak,
badakite badirela oraino zartagailu ahotsez
beteak diren harpe hezeak
doluaren ahurrak gerizatzen
edo nolabait eztitzen dituenak,
badakite badirela oraino urtats bezperetan
herrera de la mancharaino
abiatzen diren autobusak
badakite badirela oraino gaztelu plazetan
hutsegiten diren hitzarmanak
askatasunaren indarrez deiadarkatzen
duten irriak alargunen ezpainetan,
badakite badirela urxo zuriak ausardiaren
xendretan eta ari ari mandoko
frango seaskaren aldamenetan
haurren amen gozoa jastatzen
jarrai dezaten.