hutsak gure izena ahoskatu zuenean
hutsak gure izena ahoskatu zuenean
2026, poesia
Poesia 104
72 orrialde
978-84-19570-66-6
Azala: Tania Barrenetxea
Iosune de Goņi
1993, Burlata
 
 

 

 

 

kontatzen dudan guztia gertatu da

eta aldi berean ez da gertatu

egia da geiserraren inguruan

biluztu ginela aintzira glaziar batean

oinutsik murgildu nintzela

eta mary oliver maggie nelson

eivør auroraren ahotsek

gurekin bidaiatu zutela

egia da hveradalirreko mendietan

haizeak hitz egin zidala

eta beste mundu batera eraman nahi ninduela

kontatzen dudan guztia gertatu da

sumendiak izaki ezkutuak marmokak

benetakoak dira liburu batean bakarrik

benetakoak izan daitezkeen bezala

eta ilunak lo zegoena esnatu zuen

hori ere egia da

eta apurtuta zegoen guztiak

bere haustura ahaztu zuen

okjökullen begi zuriak betirako itxi direla

aitortzen duen plakaren inguruan eseri

eta kanta bat abestu genuen hildako hizkuntza batean

haizearen ahotsarekin argi urdina eztarrian genuela

lur antzuan errunak marraztu genituen

gure izena ahaztu eta elur-jausi bilakatu ginen

hegoak mendietatik zabaldu

eta izan ginena hobiratu genuen arte