hutsak gure izena ahoskatu zuenean
hutsak gure izena ahoskatu zuenean
2026, poesia
Poesia 104
72 orrialde
978-84-19570-66-6
Azala: Tania Barrenetxea
Iosune de Goņi
1993, Burlata
 
 

 

 

 

eta bat-batean azal ozeanikoa

amesten ari garen kresalezko

oroitzapen hau apurtu egiten da

 

marmokaren bihotz gardena

plaka tektonikoen arteko ebakian

 

eta uraren azpian ezkutatzen diren izakiek

arrokek odolak magma beltzak

eztanda egiten dute gorantz isurtzen dira

laba-geruzetan mendikateak eta haranak

arnasteko beharrik ez duten anaerobioak eratuz

 

eta bat-batean eskuen artean duzun liburua

ur-jauzi gorri bat dela ohartzen zara

eskuak odolez zikintzen zaizkizu

 

marmokaren kristal-ikara

orrialdeen arteko ebakian

 

eta begietara begiratzen diogu elkarri

liburu guztiak aldi berean odolusten

gorantz isurtzen ari direlako

esku guztiak esku bera dira

eta iluntasun abisalean betazalak

ixten dizkiogu elkarri magma beroan

lokartzen gara eta pixkanaka

disolbatzen goaz amets bat

edo oroitzapen bat den

kresalezko poema honen barruan