hutsak gure izena ahoskatu zuenean
hutsak gure izena ahoskatu zuenean
2026, poesia
Poesia 104
72 orrialde
978-84-19570-66-6
Azala: Tania Barrenetxea
Iosune de Goņi
1993, Burlata
 
 

 

 

 

lupinu artean besarkatzeko eskatu zenidan

eta nik eguzkiarekin su hartu nahi nuen

gure soinekoetatik gora zihoazen

beldarren izenak ikasi

asun-tximeletak edo bulkanak

izanen ziren asmatzera jolastu

 

zure azala estaltzen zuen elurra ukitu nuenean

nire azalak distira egin zuen

eta hodei nakaratuei begira geratu ginen

kliskagailua sakatu eta gure irudia betirako izoztu

poltsikoan lore urdin-moreekin batera

gordetzen genuen bitartean

 

zure ilearen sugarrak ukitzen ditudanean

nire ilea gorriz tindatzen da

 

eta eskuak zure adatsean hondoratu nituen

laba eta eguzki-ihintza samurtasunez bereizi

eta elkarren artean txirikordatzen hasi nintzen

sutan dauden gauza guztiei buruzko

poema bat idatziko banu bezala

eta pantailan gure gorputzak mendiak

lupinuen izpi moreak ikusi genituenean

bi izateari utzi eta lau bilakatu ginenean

lainoak zelaia hartu eta loreak kristaldu zituen

eta kanpoan zegoen guztia gurekin eraman genuen

saihetsen artean gordeta txirikordan ezkutatuta

eta beldarrak asun-tximeletak

hodei nakaratuak gure biriketan gerizatu ziren

lupinu-zelai bat arnastu genuen

suzkoak elurrezkoak

kristalezkoak izan ginen

 

zure ilearen sugarrak ukitzen ditudanean

nire ilea gorriz tindatzen da