Mussche
Mussche
2012, nobela
200 orrialde
978-84-92468-43-0
Kirmen Uribe
1970, Ondarroa
 
2021, nobela
2019, poesia
2016, nobela
2001, poesia
Mussche
2012, nobela
200 orrialde
978-84-92468-43-0
aurkibidea
 

 

23

 

Biharamunean Evert Thieryrekin genuen hitzordua, Hermanen semearekin, bere bulegoan. Medikua da Thiery, buruko gaitzak tratatzen ditu. Ez zeukan asti handirik, halaxe esan zigun aurreko egunean Carmeni bidalitako mezu elektroniko baten bidez, baina espero baino luzeago joan zen elkarrizketa.

        Thieryren bulegoa paperez beteta zegoen. Liburutegi handi bat eskuin aldean, liburuz eta kaierez josia. Aurrez aurre, idazmahaia. Atzean, leihoa, berde koloreko errezel batzuekin. Ezker aldean, mahaitxo bat gaixoei erakusteko marrazkiekin. Txostenak eta liburu gehiago.

        Gizon atsegina da Thiery. Baxu hitz egiten du eta une oro irri airea du ahoan. Aitaren izaerari buruz galdetu nion.

        — Urte asko dira hil zela. Pentsa, guretzat ez zen galera traumatikoa izan, hain egoten zen sartuta bere literatur sorkuntzan.

        — Nolakoa zen bere eguneroko bizimodua?

        — Gure aita erretiroak nahastu zuen. Egunez liburutegi batean lan egiten zuen eta gauez idatzi. Liburutegiko zuzendaria izan zen luzaroan, han Ottograchten, ateneotik hurre. Benetako mundua alde batetik eta alegiazkoa bestetik, horrelaxe banatzen zuen eguneroko bizitza. Gu lotara bota eta bere gelara igotzen zen, bestelako errealitateak irudikatzera. Erretiroa hartu zuenean, hala ere, oso gaizki pasatu zuen. Ez zuen asmatu bizitza antolatzen. Uste dut kalte handia egin ziola oreka hori galtzeak. Eta hil egin zen handik gutxira, lana utzi eta segituan.

        — Nola bizitzen ziren grinak gerra garaian? Zein toki zuen maitasunak?

        — Gerra ez da bizi dugun egoera hau, arrunta, non gutxi gorabehera dena dagoen finko. Gerra batean lehen irmoa zen hura guztia, etxe bat, familia, lana, den-dena zapuztu egiten da. Ezer ez da finkoa, eta horrek behartzen du pertsona beste era batera jokatzera. Askoz sakonago bizi ditu gauzak, maitasuna, nola ez, eta sexua bera. Harreman oso bizigarriak zituzten garai hartan. Ez baitzekiten biharamunean nor hilko zen.

        — Zure aitak liburu bat idatzi zuen euskarazko izenburua daukana: Baratzeartea. Nondik nora izen hori?

        — Jakin dudanez, aitak bidaia bat egin zuen Ipar Euskal Herrira, han bizi omen zen idazle lagun bat bisitatzera. Han entzun zuen eta esan zioten zer den baratzeartea: lorategira sartzeko atea, etxetik baratzera dagoen tarte hori.

        — Bi munduen arteko muga...

        — Bai, aitak maite zituen muga horiek, egunerokotasuna eta desira, benetakoa eta ametsa, bizitza eta heriotza, beti zebilen baratzearte horretan. Bere literatura ere horrelakoa da.

        — Robert heroia da itxura guztien arabera. Ba al zuen heroiak alderdi ahulik, ezen ematen baitu bere izaeran dena dela baikorra. Egun hauetan horri buruz hizketan aritu gara Carmen eta biok. Gerrako haurrekin solidarioa, adiskide ona, Erresistentzian ibilia... Ez al zuen alderdi ilunik Robertek?

        — Bada, nik esango nuke, heroia izatea bera. Gure aita ez zen hain idealista, pragmatikoagoa zen nahi baduzu, eta onik atera zen gerratik, nahiz eta bera ere Erresistentzian ibili nazien kontra. Baina Robertek dena eman zuen mundu hobe batengatik. Horrelako jendea behar zen orduan. Beharbada jenderik onena hil zen gerran, bihotz onekoak. Baina heroia izateak berak du bere alde iluna, ifrentzua. Begira nola geratu zen Vic, nola geratu zen Carmen, senarrik eta aitarik gabe gelditu ziren. Heroia izatearen atzealdea horixe da, zure ondotik uzten duzun sufrimendu hori guztia. Hori bera da bere alde iluna, ideiak hain argi izatea... Dena den, berriz diotsut, gisa horretako jendea behar zen orduan. Tira, belaunaldi hartako onenak hil ziren, horren zalantzarik ez dut.

        — Gizarteak, ordea, aurrera egiten du biziraun dutenekin.

        — Gure aitak badu eleberri bat, Lasaitasunerako trena, eta han kontatzen du badagoela tarteko zerbait bizitzaren eta heriotzaren artean. Hau da, bera oinarritu zen zientziako lege batean, inertziaren legean, liburuko planteamendua egiteko. Inertziaren legeak dio, gorputz bat mugimenduan bada eta bat-batean geratzen badugu, zerbait horrek aurrera egiten jarraituko duela. Trenetik jauzi egiten dugunean korrika egiten segitzen dugu, ezin dugu bertan gelditu. Bada, lege horixe, Newtonen lehenengo legea deritzona. Aitarentzat, norbait hiltzen denean ere antzeko zerbait gertatzen da: une batez hildako hori bizirik egoten da. Eta tarte bat dago pertsona hori erabat hil arte. Aitak zioen, pertsona batzuk betiko hiltzen direla eta beste batzuk, berriz, bueltatu egiten direla bizitzara. Robert ez zen itzuli eta gure aita bai... bueltatu egin zen bizitzara, amesgaizto batetik esnatu izan balitz bezala.

        — Esaten duzunak badu zerikusirik doluarekin. Norbait hiltzen denean, hura hil dela guk barneratu arte dolua igaro behar da. Neurri batean bizirik jarraitzen du hildakoak denbora tarte horretan.

        — Baliteke...

        — Herman errudun sentitzen al zen Robertekiko? Ematen du zure aitaren idatzietan badagoela halako sentipen bat.

        — Jakina, eta onartu ere egin zuen hori behin baino gehiagotan. Gure aita bizirik atera zen eta Robert hil. Lagun handi bat galdu zuen, nik esango nuke lagunik onena; eta, era berean, iragana.

        — Iragana...?

        — Lagunik onena galdu zuen, beti atzetik jarraituko zion hura. Robertek ez zion sekula ezetzik esan. Azkenean, bizitzan Vicekin batera oreka eta zoriona erdietsi zuenean, orduan ere baietza eman zion aitaren proposamenari. Horrelako lagun bat galtzeak esan nahi du, zeure bizitzako zati handi bat galdu egin duzula, zeure oraina, etorkizuna eta, halaber, iragana. Iraganeko zati eder horiek betiko galdu dira. Ezin duzu iraganera itzuli.

        — Hala ere, beti gordeko zuen behinolako adiskidetasunaren gomuta.

        — Nola ez ba. Begira zer dioen Roberti buruz bere liburuetako batean —Evertek ale bat atera du mahai gainean duen munto batetik—. 1957an idatzi zuen Lago Maggiore. Liburu baikorra da, tristura urte asko eta gero. Hauxe idatzi zuen Roberti buruz...

        Ahoz goran irakurtzen hasi zen Evert:

 

        «Ehunka kilometro egin zituzten Italian, etxe berriak eta Erdi Aroko hondakinak baino ikusten ez zituztela. Ez zegoen hamar urte lehenago jazotako tragedia haren arrastorik.

        — Norbait ba ote dago 40-45eko gerraz oldozten. Ni neu ahoz goran ari naiz gomutan.

        — Gurekin ez dauden horiek, agian —esan zuen gutariko batek.

        — Aise asmatuko duzu norekin oroitzen ari naizen orain. Bere argazkia oraindik gelan zintzilik daukat.

        — Bai —esan zuen neskak—, Robert Musscherekin, Erresistentziaren alde hil zen lagunarekin.

        — Mutil lasaia, barne onekoa, eta azken-azkenean heroia. Bazuen barruan su bedeinkatu bat eta Baltikoko uren ehunka tona behar izan ziren su hori amatatzeko. Hantxe hobiratu zuten... Ameslaria, bizitzaren paisaiekin hain maitemindua. Nola gozatuko zukeen bidaia hau egiten eta hementxe gurekin egoten.

        Eta orain, hementxe nago ni orain, eta nola! Nik, bizitzako abentura magikoaz horren ausart hitz egin nion honek, elkar ikusi genuen azken aldi hartan...

        Baina nire txanda iritsiko da, Robert, goiz edo berandu, helduko zait ordua».

 

        — Ederra —atera zitzaidan.

        — Nik esango nuke, gure aitak gauza guztien gainetik pena sentitzen zuela. Pena lagun ona zelako, pena aita ona zelako eta pena idazle ona zelako. Esango zizun Carmenek, umetxoa zelarik ikusten zuen bakoitzean nola besarkatzen zuen gure aitak eta nola negarrez hasten zen gizona.

        — Halaxe da —elkarrizketan isil-isilik egondako Carmenek hartu zuen txanda—. Hasieran eskertu egiten nuen Hermanen besarkada beroa. Hain zen handia, gainera, beso handi horiek zabal-zabalik! Aitortu behar dut, hala ere, azkenean ihesi egiten niola. Ez nuen berarekin topo egin nahi. Hartz baten tamainako gizona, ni besarkatu eta negarrez...! —amaitu zuen Carmenek, olgetan-benetan.

 

 

Carmen Musscheren jaiotza luzea izan zen, eta zaila. Frans Daels medikuaren laguntza izan ez balitz, nekez etorriko zen mundura. Gerra bukatu zenean heriotza zigorrera kondenatu zuten Daels, nazien alde egitearren. Suitzara ihes egin behar izan zuen. Urte batzuen buruan, berrogeita hamarreko hamarkadan, berriz bueltatu ahal izan zen Gantera, eta medikuntzan lanean hasi zen atzera ere. Carmenen etxe barrukoak ziren daelsdarrak eta, eskaileran, Luc semearen laguna egin zen. Hamabi urte edo izango zituzten orduan. Lucek ezin izan zuen estudiatu eskola publikoetan, galarazita baitzeukan aitaren iraganarengatik, baina, hala edo bestela, lortu zuen ikastetxe pribatuetan ikasketak burutzea eta, denborarekin, Ganteko Unibertsitateko irakasle bilakatu zen. Luc Daelsen arte lanak ikusgai daude hirian.

        Carmen eta biak behin baino gehiagotan agertu dira prentsan elkarrekin. Kolaborazionista baten semea eta Erresistentzian bizia eman zuen idazlearen alaba. Eta hala ere, adiskideak.

        Aldizkari baten ale bat erakutsi dit Carmenek bi-bien argazkiekin. Harritu egin nau Lucek horren garbi onartzea bere aita nazien aldekoa izan zela, beste asko bezala, isilean gorde gabe.