Mussche
Mussche
2012, nobela
200 orrialde
978-84-92468-43-0
Kirmen Uribe
1970, Ondarroa
 
2021, nobela
2019, poesia
2016, nobela
2001, poesia
Mussche
2012, nobela
200 orrialde
978-84-92468-43-0
aurkibidea
 

 

1

 

Gernikako bonbardaketaren ondoren, haurrak babesean jartzeko erabakia sendotu egin zuen Jose Antonio Agirre Lehendakariak. 1937. urte hartan, maiatzetik ekainera bitartean, 19.000 haur atera ziren Bilboko portutik Europako hainbat herrialdetara bidean. Frantzian, Sobietar Batasunean, Britainia Handian eta Belgikan gorde ziren gehienak. Gurasorik gabe joan ziren erbestera, bakarrik, eurak laguntzeko gertu zeuden irakasle andana baino ez zutela bidaide.

        Maiatzaren 6an itsasoratu zen lehen aldiz Habana ontzia Santurtziko portutik Arroxelarantz. 2.483 errefuxiatu zihoazen barruan. Bilbo-Habana-Mexiko-New York ibilbidea egiten zuen luxuzko transozeanikoa izan zen Habana garai batean, hura zen konpainiako izarra, Sestaoko La Naval ontziolan arrandiaz egina. Alfontso XIII. izenez bataiatu zuten hogeiko hamarkadan, baina mudatu egin zioten izena Errepublika jalgi zelarik. Urte argitsu haiek joandako ura ziren ordea. Gerra hasi orduko Gobernuak beretzat hartu zuen ontzia, kaian bertan lotu eta ospitale bat egitearen karietara. Hala eta guztiz ere bestelakoa izan zen Habanaren egitekoa. Moilari atxikita geratu ordez makina bat bidaia egin zuen Bilbo eta Frantziako kaien bitartean, Seven Seas Spray ontzi britainiarrak libratu zuen minarik gabeko itsas igarobide estua baliatuz. Ostera oro zelatan izango zuten Francoren Armadako destruktoreek, batez ere Almirante Cervera zeritzonak.

        Ez zen erraza erabat blokeatuta zegoen Bilboko itsas muturretik irtetea. Royal Navyko ontzien laguntza barik ez zuten lortuko. Britainiarren babes hori ez zuen begi onez ikusi altxatutako armadak; legez kanpokoa zela iritzi zion atzerriko herrialde baten esku-hartzeari, eta haurrez betetako ontziak hondoratzeko mehatxua ere egin zuten. Amenazuak, dena den, ez ziren gauzatu, eta Habanak osterak egiten jarraitu zuen hilabetez. Azken bidaia ekainaren 13an egingo zuen, Bilbo erori baino astebete eskas lehenago hain justu, 4.500 haurrekin ontzian.

        Zenbait gauza ez dira sekula ahazten. Karmentxu Cundin Gil izan zen Habanan ontziratu zen umeetako bat. Zortzi urte baino ez zituen neskatoak. Bi urte nagusiagoa zen neba Ramon eta biak Gantera bidean jarri zituzten etxekoek. Guztira 3.278 haur iritsi ziren Euskal Herritik Belgikara; kopuru handia, herrialdearen tamaina kontuan hartzen bada. Nolakoa izango zen Karmentxu Cundin eta neba Ramonen itsasoratze hura? Karmentxuren bidaia hura irudikatu guran, ibilbide bera egin zuten bi emakumerengana jo nuen, Mirante ahizpengana. Laurogei urte pasatxo dituzte bi-biek eta Ganten bizi dira oraindik. Habana hartan atera ziren beste hainbeste haur bezala, ez dira sekula bueltatu sorterrira. «Badakit gaixorik nagoela, baina bidaia hori ez dut egundo ahaztuko», esan zidan bietako gazteenak. Alzheimerra zuen emakume hark xehetasun osoz kontatu zidan nolakoak izan ziren haurtzaroko egun mingots horiek.

        Bonbardaketez mintzatu zen lehenik. «Hasieran jolas bat baino ez zen, haurrok gustuko izaten genuen Bilborantz zetozen hegazkinei begira geratzea». Baina gero konturatu ziren ez zeudela olgetarako. Behin, lantegietako sirenak hoska hasi eta Mallona eskaileretako babeslekura zihoazela, Lezamako trenaren tunela baitzen garai hartan bonbardaketen aurkako babeslekua, auzoko emakume batek buelta eman zuen. Mantuko haurra zuen besoetan. «Sutan utzi dut lapikoa». Ai ama, etxera bueltatu zen sua itzaltzera. Hegazkinen orroa baretu zenean, babeslekutik atera eta konturatu ziren andre haren etxea suntsituta zegoela, lurrarekin berdindu zutela. Hilik zetzan emakumea, eta haurra, zikin eta hondakin artean, intzirika, aulki baten zurezko hanka gorputzean sartuta zuela, eta hala ere bizirik. Bonbardaketek izu-ikara sortu zuten bilbotarrengan. Eta amorrua. Nonbait bonbardaketetan parte hartzen ari zen hegazkinetako bat kolpatu egin zen Bilbo inguruko mendietan eta emakume talde batek, hegazkin porroskatua zegoen tokira joanda, bizirik aurkitu zuen pilotua. Gorputza galtzorratzez josi eta bertan hil zuten gizona.

        Bilbotik alde egin zuten eguna ere ez zuten ahaztuta Mirante ahizpek. Egun beltza izan zen. Ehunka ume itsasontzi handi haren bizkarrean, nora zihoazen ere jakin gabe, haurrak eta haurrak botaka egiten, auhen batean. Ekaitza zen itsasoan. «Gauza batean jarri zure arreta eta ikusiko duzu nola ingurukoaz ahazten zaren», esan omen zien amak agurtu baino lehen. Umeak zapatetan jarri zuen arreta, amak distiratu berri zizkion zapatetan. Hatz txikiekin lokarriak askatzen zituen, eta gero lotu, amak esanda bezala: «Arrosa bat egin behar duzu sokekin, bata bestearen gainean jarrita, horrela». Eta aixubeta lotu, aixubeta askatu, era horretan ahaztu zen denaz, ekaitzaz, bera bezalako haurren lanturuez, lehorrean utzitako familiaz. Odiseako Penelope hura bezala, josi eta desjosi, denbora azkarrago igaro zedin, maite zituen haien hutsuneaz ahaztu zen. «Gaur goizeko kontuez ez naiz gomutatzen. Ahaztu egin zait zu bisitan etorriko zinela ere. Baina irudi horiek ondo txertatuta daude nire oroimenean», esan zidan ukabilarekin bekokiari kolpetxo batzuk ematen zizkion bitartean.

        Eta orain bai, mirantetarren testigantzak aintzat hartuta, Karmentxu Cundin irudika nezake Habana itsasontzian, Mirante ahizpak bezalaxe, zapatak lotu eta aska, gerora jostun izango zen Karmentxu txiki hura. Begira-begira, zapatei so, Karmentxu Cundinek ez du botaka egin bidaia osoan. Neba Ramonek bai, ordea. «Ni handiagoa naiz, ni izango naiz orain aita», esan zion Bilbotik atera zirenean. Elkarri bizkar emanda egingo dute lo, eta ez dira konturatuko hautsak belztutako beren aurpegiez, ezta ere isilean isuritako malko beltzen arrastoez, ilargiko erreka lehorren emariaz, biharamunean aurrez aurre jarri arte. Uretara botatako zapata kutxa huts haren barrenean dena da ilunpe.

        Ganten, dantza-gela zabal batera eraman dituzte haur guztiak. Balzaal deritzon baltseoan egiteko aretoan sartu dira. Tren bete ume eszenatoki gainean. Bakoitzak txarteltxo bat du lepotik zintzilik, izen-abizenekin. Karmentxuk dantza-gelako atariaren gainean dagoen beirate itzel batean jarri du arreta. Koloretako beirate hartan, gizon gihartsu talde bat gurpil handi bat mugiarazi nahian dabil, lokatzetatik libratu nahi dute oholtzar batzuez baliaturik. Gurdiari tiraka ari zaio emakume bakar bat aurretik, besoan umetxo bat daukala, gizonak bezain bulartsua andre hura ere. Beraien atzean, konposizioaren erdian, bandera gorri harro bat ageri da, haizearekin zafla egiten.

        Hantxe bertan bananduko dituzte neba-arrebak, eszenatokian bertan, eta bakoitza egokitzen zaion familiarekin lotuko dute. Zu honekin, zu beste harekin. «Zuek beti batera egon, ez utzi sekula banantzen», esan zien amonak portuan biak batera besarkatu zituenean, beso banatan hartuta. Hala ere, beirateko gurpil handi hark eraman du neba, jendartean desagertu da Ramon, agurrik esateko aukerarik gabe ia.

        Amiñi batera, betaurrekodun gazte bat hurbildu zaio Karmentxuri.

        — Kaixo, ni Robert naiz, Robert Mussche —esan dio gaztelaniaz, irribarre batekin.

        Karmentxuk arnasa hartu du eta, orduan bai, botaka egin du arrotzaren traje ilunean.

 

 

Herman lehenago esnatu da. Roberten arnasa lasaia sentitzen du alboan. Elkarrekin lo egin dute, bizkar eta bular, arrantzaleen etxetxo batean. 1929ko abuztuan, Andra Mari egunez, Belgikako kostaldean daude, Oostduinkerken, egun batzuk pasatzen.

        Oholezko etxe zurian dautza bi-biak, itsastarrek arrantza-aparailuak gordetzeko erabiltzen duten soto batean, bizileku karratuan, leiho ñimiño batzuekin ateen gainean. Tamainari erreparaturik, umeentzakoa ematen du, jostailuzkoa, ametsetakoa. Ilaratan jarrita daude soto zuriak, ohi bezala, itsasoari bizkarra eman eta lehorreko eguzkiari beha.

        Hermanek atzetik dakusa Roberten lepoa, bere ile beltzaren distira. Tirantedun kamiseta zuria du soinean eta bizkarreko giharrak nabari zaizkio. Gustuko du Hermanek haren usaina. Ez da gizon heldu batena oraindik, gozoa da. Atzamar luzearekin sorbalda laztandu dio, olgeta-benetan, ukitu gabe ia. Gero, beso azpitik igaro du eskua eta bular gainean jarri dio. Bere kontra estutu du Roberten gorputza. Berari atxikia sentitzen du laguna, haren gorputz sendala. Azkartu egin zaizkio bihotzeko taupadak, dardarka dagoela konturatu da.

        Begiak itxi ditu Hermanek. Bainatzen egon dira arratsalde partean. Roberten giharrak eguzkitan. Kirola egiten duela ezagun du haren gorpuzkeran. Argala da baina indartsua. Uretan, Hermanen gainera igotzen da Robert, hankak haren sorbalda gainean jarri eta jauzi egiten du olatu azpira. Barrez, ura irentsi du. Hermanek erabat aske ikusten du Robert. Bere lagun serio isila umekeriak egiten. Une batez auzo lotsa ere sentitu du Hermanek, lekuz kanpo balego bezala Roberten zoriontasun hura.

        Herman Thieryrentzat, halaxe idatziko du gainera, Robert Mussche izan da bere lehenengo maitasuna. Hamazazpi urterekin ez dute neskatilentzako begirik. Atzetik ibiltzen zaizkie, hori bai, zelatan parkeko irudien gibelean ezkutatuta; eta gozatzen dute haien edertasunaz, egia da, baina benetako maitasuna, barru-barrukoa, Roberti zor dio. Hamabost urterekin eskolan elkar ezagutu zutenetik ez dira banandu. Ikastetxetik etxerako bidean atzeratu egiten ziren, beti iristen ziren berandu, biderik luzeena hautatzen zuten elkarrekin denbora gehiago egoteko. Solasean sarritan, batzuetan seriotan, besteetan umorez.

        Hermanek maite zuen Roberten iritzi sendotasuna. Zaila zen hari ezetz esatea, segurtasunez hitz egiten zuen, liderra zen. Herman, aldiz, hagitzez kaotikoagoa zen, gorabeherak izaten zituen eskolan, baina xarma handiko pertsona zen mintzatzen zenean, deabrua bera ere nahastuko zukeen bere berbekin. Hermanek uste zuen osagarriak zirela Robert eta bera. Batak ez zeukana besteak zeukan. Begirada batekin elkar ulertzen zuten. Ez zuten beste inor behar ondoan gustura egoteko. Eta orain, arrantzaleen etxola hartan, bi-biak lo zeuden elkarren ondoan.

        Izango al dut bizian une zoriontsuagorik hau baino?, pentsatu du bere kolkorako Hermanek. Edozein gauza egingo zuten une hartan elkarrengatik. Etxetik ihes egin behar bazuten, ihes. Mundua bidazti antzo ibili behar bazuten, ibili. Elkar ondo hartzea beste kezkarik gabe. Edo hori uste zuen behintzat Hermanek, nahiz eta pertsonen arteko maitasuna ez den sekula simetrikoa izaten, hala adiskideen artean nola maitaleen artean. Ez dago erabat justua den maitasunik.

        Hondar duna batean eseri dira aurreko goizean, honetaz eta hartaz solas egiteko. Gold Dollar zigarro bat eman dio Robertek. Oraindik ere ahoan du Hermanek zigarroaren zaporea. Ondotik, Robertek gogoan hartu du zigarroa lehen aldiz erre zuen aldi hura. Hermanek eman zion probatzeko. «Nik nahastu zintudan horretan ere. Gazte garbi eta lerdena, neuk nahas». Lehena erre zuenez geroztik Robertek zigarroa izango zuen hatz artean. Baita Hermanek ere, nahiz eta Herman aristokratagoa izan eta lantzean behin nahiago izaten zuen pipa erre. Irri egin du bere bostean Hermanek, Roberten alboan etzanda eta begiak itxita, bere buruari buruz barre, handinahi izate horrengatik. Oostduinkerkeko hondartza amaiezinak ikusten zituzten dunatik. Arrantzaleak mandoekin sareari tiraka. Mando parea sarea zabaltzen eta biltzen. Urertzera iristean, bat-batean ur azalera agertzen zen sarea eta ero moduan mugitzen hasten ziren arrainak, jauzika, ihes egin nahian.

        Begiak zabaldu ditu eta ostera ere Roberten bizkarrari begira jarri da. Nola aldatu den mutiko hau. Ihar-iharra zen gaztetan, oso lotsatia. Ez zuen ia hitzik egiten. Hain zen heldua gure aldean, ezen guk haur literaturaz jarduten genuen bitartean hark Marxi buruz hitz egiten baitzigun, Gabonetako Sinterklaas santu opari-emaile hari buruz haur batek hitz egiten duen naturaltasun eta fede berdinarekin. Aldaketarik handiena, baina, gaixorik egon zen udalehen hartan egin zuen. Luzaroan egon zen ospitalean apendizitis baten kausaz. Irakurri eta irakurri egin zuen makalaldi hartan. Batez ere Bredene-aan-Zeen itsasertzeko herrian egindako egonaldian. Camille Flammarionen mundu miragarriak, Emile Zola eta idazle aurrerakoiak. «Beste bat zinen eskolara bueltatu zinenean».

        Ile distiratsu ugaria laztandu zion Hermanek, ez esnatzeko moduan. Horrenbeste maite zuen mutil hura, bere bihotzeko laguna. Eskutik helduta paseatzen zuten elkarrekin Lys ibai ertzetik, Ganteko kanaletan zehar udagoieneko arratsaldeetan. Udako gau epeletan, aldiz, Roberten etxe txikian egoten ziren biak. Haren gurasoek patata frijituak saltzen gurditxo batekin lan egiten zutenez, bakarrik egoten ziren, edo Georges anaiarekin batera. Baina Georgesek laster uzten zituen bakarrik, elkarri txanda gorde ezinik berbetan hasten zirenean: idazleez, pentsalariez, munduaren pauso okerraz. «Zuek ulertzerik ez dago» esan eta bere gauzetara joaten zen Georges. Bi anaiek ez zuten zerikusirik. Edonork esango luke ez zirela familia berekoak. Georgesek ez zuen Roberten irakurzaletasuna, ezta engaiamendurako joera ere. Laketago zuen lagun giroa eta alferkeria. Auzoko mutila zen eta ez zion bizitzari gauza berezirik eskatzen; akaso, lana eta neskalaguna.

        Ferrerlaango etxe txiki hartatik mundu osoa zuten jomuga Hermanek eta Robertek. Leihotik begira jartzen ziren zigarroa eskuan, kaletik zihoazenei kirika eginez. «Egon behar du mundua hobetzeko moduren bat, gauzak beste era batera antolatzekoa», esaten zion Robertek gau haietan. Trankil hasten zen berbetan eta sutsu ipintzen zen gero, bidegabekeriak bata bestearen atzetik aipatzean. Hermanek arrazoia ematen zion, zuzen zegoela, baietz, egon behar duela beste era bat. Nolanahi ere, halakoetan izu suerte batek hartzen zuen Hermanen barrua. Ez ote zen Robert ausartegia, edo inozoegia, gauzei benetako atzea ikusteko. Eta orduan beldurra sartzen zitzaion Hermani, laguna galtzeko izua. Behatu egiten zion, zigarroa eskuan, esaten zuenaz ziur, udako gau epelean. Eta ikara sartzen zitzaion berari. Zuzenegia zen mutila, pentsatzen zuena esaten zuen, eta horrek mina baino ez zion ekarriko bizitzan. Babesten ikasi behar luke Robertek, ezin du bere burua horren agerian agertu.

        Roberten arnasa azkartu egin da derrepente. Hermanek laztantzeari utzi dio, hatzak pixka bat aldenduta. Ez luke esnarazi nahi. Zer pentsatuko luke berari buruz horrela laztantzen sentituko balu? Lotsaz hilko litzateke Herman. Baretu egin da berriz ere Roberten hatsa. Begiak itxi ditu Hermanek. Halaxe egon da minutu batzuez, Roberten lurrin gozoa hartzen, itsasoko olatuak entzuten, eta oroitzapenak ere halaxe etortzen zitzaizkiola, lehertzen, uhinen gisa, bata bestearen atzetik. Irudi batek beste bat ekartzen dio, forma desberdinak sortuz, moldatuz, ibaiko uretan nork bere aurpegia ikusten duenean bezala.

        Egun argi da, eguzkiaren ñirñira gelara sartzen hasi da leihoetako mihise artetik. Lo da Herman. Ez du loaldi luzea izan, ordu erdi bateko kuluxka egingo zuen. Argi errainuek esnarazi dute. Tiraka egin dio egunak mandoek arrantzaleen sareari bezala, eta sare bustiaren zuloek eguzki izpiekin egiten duten bristada sumatu du begiak zabaltzean, begiak itxiarazi dizkion dirdira.

        Ohetik altxatzeko keinua egin du.

        — Ez altxatu oraindik —esan dio ustekabean Robertek, burua bueltatu gabe—, gustura nengoen zuk besarkatuta.

        Aspaldi zen Robert esna zegoela.

 

 

Carmen Musscheren lehen oroitzapena.

        1945. Hiru urte ditu Carmenek. Amari eskutik heldu eta etxetik Sint-Pieters geltokirako bidea egiten ari dira oinez. Koning Albertlaan etorbide luzea. Haur oin txikiekin, are luzeago. «Carmen, azkarrago, berandu goaz-eta». Amak besotik tira egiten dio Carmeni geratzen den bakoitzean. Okindegiko erakusleihoan, kale bazterreko belarrei begira, edozerk arreta deitzen dio haur txikiari. «Goazen ba, Carmen, aita itxaroten dugu-eta». Kontzentrazio esparruetatik egunero iristen ziren trenak. Haietako batean izan behar zuen aitak. Inork ez zekien zeinetan, zer egunez, baina etorri behar zuen.

        Gante-Sint-Pieters geltokia erraldoia egiten zitzaion Carmeni. Sarrerako zutabe gotor horiek, sabaian marraztuta dauden urre eta zilar koloreko irudiak, erregeak eta sainduak. Sarrerak bi tuneletara ematen du. Luze eta ilunak dira, lur azpian daude. Tuneletara isurtzen da jendea, ezker eskuin, trenbideetatik datozen eskaileretatik behera, estolda handi bat balitz bezala. Uholde hark ekarriko du aita. Baina Carmenek ez du ezagutzen, amak argazkia erakusten badio ere gauero, lotarakoan musua eman eta gabon esan arren, nola ezagutuko du umeak, zer itxurarekin etorriko den ere ez dakite-eta, sasoi onean edo makalduta izango ote den.

        Carmen arineketan joaten da trenetatik jaisten diren gizon ezezagunengana. Orain batari orain besteari begiratzen die. Gero, «Aita, aita» esan eta zangotik besarkatzen du hurbilen duena.

        Zenbait gauza ez dira sekula ahazten.