13
Badu Robertek Ganteko lagunarteari buruz idatzitako poema bat, Na het feest izenekoa: Festa ostean. Bertan agurtu egiten dute lagunek, baina ez dakigu agurraren sakoneko arrazoia zein den. Gutxika-gutxika desagertuz doa, eta lagunak bere oroitzapenarekin bakarrik geratzen dira, berari buruz duten ideiarekin. Poema irakurrita, badirudi besteek ez dakiten zerbait dakiela idazleak, baduela sekreturen bat gordean, kontatu nahi ez duena, edo esan ezin duena. Roberten poema onena da Hermanen ustez, eta giza eskubideen alde borrokatu zirenen nazioarteko antologia batean argitaratu nahi izan zuen, lagunaren literatur balioak ezagutarazteko Flandriako mugetatik harantzago.
Honelaxe dio: «Het wordt reeds laat, de feestroes is voorbij...».
Berandutuz doa, berba hotsa ari da isiltzen
eta lagunak elkarri begira daude, nekatuta.
Badator banaketa, eta ni bazter batera noa,
azkar, asperdura begitartetik ezabatzera.
Azken brindisa? Denek opa didate zorte ona.
Baina hitzokin askoz gehiago esan nahi dute.
Eta betiko rola jokatuz amore eman diet,
banan-banan, gau hartarako nituen ilusio denei.
Berandutuz doa, berba hotsa ari da isiltzen,
eta neure buruari galdetzen diot
ez ote den arin marraztutako karikatura hura
nire aurpegiaren benetako isla.
Cafe de Paris. Astero legez hitzordua du Hermanekin. Aitzitik, gaurkoan Herman ez da agertuko. Marthe, haren neskalaguna, oporretara doa egun batzuetarako eta agurtu egin behar du. «Joan lasai», esango dio Robertek kamusada ezin disimulatuz, «moldatuko naiz, ez kezkatu».
Itzulpengintzaz gogoetan jardun du kafetegiko mahaitxoan. Egun luzeetan idazle horien laguntasuna baino ez du izan Robertek. Idazle horien munduan sartuta ibili da, itzulgai ziren eleberriotako ahotsak entzuten. Eta ahots horiek laguntzen diote urratsak aurrera ematen, bizidunen bozak baino areago. Bakardadeak behartu egiten du ez dauden horien konpainia izatera, aspaldi ikusi ez dituzunak, hildakoak, hortxe bertan daude, egunero kaletik gurutzatzen dituen pertsonen maila berean, beraiek bezain benetakoak dira. Urteetan aurrera egin ahala antzeko zerbait gertatzen da, bizi direnenak eta hildakoenak, horien guztien ahotsak izaten ditu norberak gomutan. «Bitxia da», pentsatu du bere bostean, «baina klandestinitateak lotu nau literaturara gehien». Bankuko lana utzita, sekula baino ordu gehiago igarotzen ditu irakurtzen eta idazten. Kanpoko idazle horiek guztiak nederlanderaz ipiniz ikasi egiten du Robertek. Gustuko du erbesteko hizkuntza horietan esaten dena bere hizkuntzan berresatea, inork zanpatu gabeko lurralde batean sartzea bezalakoa da berarentzat. Itzulpengintzak paisaia ezezagunetara zabaltzen dizkio leihoak edo, gauza bera dena, egundo idatzi gabeko esaldietara.
Kafea ordaindu eta gordelekura bidean jarri da Robert. Pauso lasterrean doa, pentsakor... Cafe de Parisen frantsesez mintzo da jendea; lasai ari dira solasean, naziak hortxe bertan ez baleude bezala, bizitzak aurrera jarraitzen du itxuraz eurentzat, inolako trabarik gabe. «Nire hizkuntza ez da aberatsena», ebatzi du Robertek. «Zergatik idatzi nederlanderaz, Frantziako eta Alemaniako tradizio nagusien bitartean dagoen hizkuntzan?», galdetu dio bere buruari. «Munduan kokatzen nauelako pertsona gisa», esan du ahapeka, lurrean birrintzen diren euri tantei begira doala, ukabilak estutuz. «Ganteko Ferrerlaan kaleko langileen hizkuntzarik gabe ez nintzen ni neu izango».
Bizikletaren gurpil soinua entzuten du Robertek, bideko hartxintxarrena. Zutik jarri da orain azkarrago joateko. Goiz-albako orduak profitatu nahi ditu tren geltokira lehenbailehen iristeko. Goia estalita dago eta horrek atzeratu egingo du egunsentia. Hobe. Nagikeriaz argituko da hodeien artean. Trenbideen gaineko zubitik igaro da, bizikleta geratu du une batez, barandatik zaindariak ikusi ditu, pareka, bagoi inguruetan, zakurrak dituztela. Zorrotz begiratzen dituzte trenak. Susmorik ez pizteko, geltokiko atarian bertan utzi du bizikleta. Oinez egin du geltokiko adreiluzko hormari kontra. Zati batean baxuagoa da horma, solte baitaude goiko adreiluak. Handik jauzi egin duenean trenbideko harriek hotsa atera dute hesiaren bestaldean. Kontu handiz hurreratu da konboi militarrera. Albo batera eta bestera begiratu du Robertek, ea norbaitek ikusi duen. Ezetz ematen du. Bagoipera sartu da. Olio, hauts eta hezetasun hatsa. Zorrotik leherkari plastikoa atera du. Eta detonagailu elektrikoa. Gero zelula fotoelektrikoa. Trena tunelera sartzean eztanda egingo du bonbak, argi faltan, seinalea bidaliko dio detonagailuari. Trena tunelean leherraraztea da naziei egin ahal zaien kalterik handiena. Denbora asko kostatzen da eztandak lehertu dituen bagoi zatiak handik ateratzea, burdin eta ohol mordoa, eta denbora ez galtzea hil ala bizikoa da gerra batean. Bonba konboiaren erdialdeko bagoietan jartzea komeni da. Halaxe ikasi zuen Robertek aliatuek bidalitako filmean. Ezkutuko bilera batean ikusi zuten Erresistentziako kideek. Zelula fotoelektrikoa ñimiñoa da eta imanarekin lotu behar zaio bagoiaren azpialdeari. Lagun bakar batek egin beharreko lana da, bizikleta hartu, bonba jarri eta etxera, susmorik sortu gabe. Badira bestelako sabotaje moduak; trenbideak desbideratzea, esate baterako, baina horrek talde handi bat eskatzen du. Edo, garai batean ahalegindu ziren bezala, iltze handiak sartzea trenbideetako juntetan. Dena den, ez da oso eragingarria, iltzeen gainetik pasatzen baitira trenak.
Madarikazioa bota du Robertek. Zelula fotoelektrikoaren imanak ez dira itsasten. Erori egiten dira, behin, birritan. Izerditan blai dago. Denbora aurrera doa eta laster izango dira bueltan zaindariak zakurrekin. Altzairua garbitzen ahalegindu da aizto txiki batez. Eta azkenean bai, lotuta geratu dira. Zaindarien oin hotsak sentitzen ditu gero eta hurbilago. Ezin du handik atera. Txakurrek bere usaina hartuko dute. Zirt edo zart egin beharko du segituan. Azpitik irten eta korrika joango da trenbideetatik, bizirik ateratzeko aukera gutxi izan arren. Eguraldi lainotsuak lagunduko dio. Halako batean, urrunetik txistu egin diete zaindariei: bueltatzeko geltokira. Robertek nahasmen unea profitatu du bagoipetik hanka egin eta adreiluzko hesia zeharkatzeko. Ezer gertatu ez balitz bezala, bizikleta hartzera abiatu da. Baina zaindariak daude bere bizikletaren ondoan, miatzen. Buelta eman eta oinez joan da kontrako bidean, mantso.
Euri tantak berriro. Eztanda urrun bat geltoki aldean. Pausoa bizkortu zaio.
Aste osoan euria egin ondoren, ilunabar aldera atertu eta zerua zabaldu egin zen ekainak berezko duen edertasun gaztearekin. Intxaur mamiak ziruditen hodeiek laster hartuko zuten beste forma bat. Halatsu Roberten pentsamenduak ere, abiadura bizian metatzen zitzaizkion-eta Hermanekin elkartzeko Cafe de Parisera abiatu zenean.
Hamabost egunez elkar ikusi gabe egon ondoren, gogotsu hartu dute hitzordua Hermanek eta biek. Kafetegian geratu bai, baina eguna luzatu dela profitatuz, paseatu egin dute gaztaroko garaietan bezala. Eta behiala legez agurtu ezinik egon dira luzaroan, Brusela zaharreko kale estuetan barrena dabiltzala. Gauez kaleargi urdinek distira eragiten zuten galtzada-harrietan, kaleari lehorrean iraulkatzen ari den arraintzar baten itxura emanez. Bai batak bai besteak ez zuten solasa eten nahi, jakin arren egoera arriskutsua zela hura, iluntzeko etxeratze-agindua emana baitzuten alemanek.
Robert sekula baino zuzenago mintzatu zaio Hermani, ordu askotan bakarrik egoteak gauzak argitu balizkio bezala.
— Herman, pentsatzen aritu naiz eta arrazoia eman behar dizut bueltan-bueltan.
— Hara! Ezin dut sinetsi. Robert niri arrazoia ematen. Zer dela-eta ohore hau?
— Garai batean egotzi zenidan ez niola neure buruari uzten maitasunaz gozatzen, uzkurregia nintzela. Bada, egia da. Eta horrekin lotuta, aitortu behar dizut gauza bat.
— Esan.
— Badakizu zerk maitemindu ninduen?
— Zu ezagututa, Vicen begi azulek.
— Bai, hastapenean bai. Ezin nituen nire begiak haren begietatik aldendu. Sorgindu egin ninduten. Baina bihotzean aingura finkatu zutenak bere hitzak izan ziren. Nolako ateraldiak zituen... Umore inteligenteak, bere jardunak, horrek lotu ninduen batez ere Vicengana. Hala ere, eta honetara nindoan, behin hura besarkatu nuenean, elkarren gorputzak ezagutzen hasi ginenean, konturatu nintzen lotura fisiko sendo bat sortu zela gure artean. Ohartu nintzen emakume hark bazuela barru-barrutik erakartzen ninduen zerbait. Bere azalaren ukimena hain zen bakarra niretzat, haren usain goxoa...
— Ez isildu orain —Hermanek, kontent.
— Barre egingo didazu, baina bere azalaren lurrinak lasaitu egiten nau, amak hartzen duenean jaioberri batek negar egiteari uzten dionean bezala. Aurretik izan ez nuen sentipena zen. Ez dakit, ez du zerikusirik kulturarekin, animaliekin lotzen gaituen zerbait da, hitzez azaldu ezin dudana. Soilik, gure arteko lotura oso fisikoa bilakatu dela ari natzaizu aitortzen, eta arrazoiak azalpen gutxi eman ditzake horretan.
— Lehen beste uste batekoa zinen. Oraindik uste duzu edertasuna eta ontasuna batera doazela?
— Jakina.
— Eta ez al duzu gustuko Gustav Klimten koadroetako erotismo ilun hori? Judithen edertasun beltzarana, Holofernesi moztutako burua eskuetan duela, lirain eta indartsu. Haren biluztasun harroa urrez apaindutako koadro zoragarri horretan.
— Bai, baina utzidazu esaten ez naizela hainbeste aldatu. Eta Klimten pinturaz ari garela, nik nahiago dut beste margo bat, Neskalagunak izenekoa. Bertan bi lagun ageri dira: bat biluzik, gorriz jantzita bestea. Batek bestearen sorbaldan etzaten du burua. Eta biluzik egon arren, indarra bi neskatoen espresioan dago. Erotikoa da, zalantzarik gabe koadro hau ere, baina eros horrek badu lotura bat soseguarekin.
— Ezin dut ulertu nola ez zaren kristaua, Robert. Zure ideiak hain daude gertu Jesusek esandako hitzetatik.
— Halaxe da, gertu gaude, bidegabekeriak salatzen zituenean batik bat. Eta zeruaren ideia bera ere, uste dut, ideia oso erabilgarria dela bizirik gaudenontzat. Norbaiti laguntzen badio lasaiago sentitzen, aurrera. Nolanahi ere, nik ez dut sinesten hainbeste iraunkortasunean, une oroko maitasunean baino. Transzendentziak ez nau konbentzitzen. Beldurra ere ematen dit, pentsa.
Hermanek liburu bat atera du zorrotik.
— Haraindikotasunaz ari garela, hona hemen beste liburu bat itzultzeko.
— Zaborra berriz?
— Ez. Hau ona da: Lorcaren Yerma.
— Begira, Lorca Espainiako aurrerakoien ikurra da gaur egun. Eta hala eta guztiz berak oso maite zituen Andaluziako Ama Birjinen irudiak, gustuko zituen prozesioak. Gizakiok alde asko ditugu...
— Bai, alde horietako bat lana da. Eta nik bihar lanera joan behar dut. Beraz, aire etxera!
Herman agurtu eta pozik abiatu da Robert apartamentura bidean. Bilkura atsegina izan da, aspaldiko partez benetan gustura egon dira elkarrekin. Urrats itxiak egiten ditu, bizkor, begirada lurrerantz makurturik ostenduz, Hermanekin hitz egindakoaz hausnarrean. Halako batean, talka egin du emakume batekin espaloian. Gogoetetan hain murgilduta zegoen ezen ez baitu ikusi. Elkarri so egin diote. «Robert!», atera zaio emakumeari. Arrotza egin zaio bere izena entzutea, Julien deitu izan diote azken hilabeteetan, eta erne ipini da bere benetako izena aditutakoan. Gaueko argi likidoak eragotzi arren, atoan ezagutu du andrea: Aline.
— Ze sorpresa zu Bruselan aurkitzea!
— Baita zeu ere —Robertek, bere burua kokatu ezinda, zer esan ez dakiela—. Ongi zaudete?
— Aingeru bat bezala agertu zara...
— Hegalak falta zaizkit.
— Duela hilabete batzuk Gracianok eta Karmentxuk gutun bana igorri ziguten Bilbotik, zuretzat egindako marrazki bat eta guzti, baina ez nekien zuri nora bidali.
— Hemen nabil, itzulpen lanak eginez sos batzuk nola irabaziko.
— Ni ere Bruselara etorri naiz seme-alabekin. Ganten bizitzea ez zen batere erraza. Poz handia hartuko genuke gurera bisitan etorriko bazina. Robert kurloia, irakasle maitea... Gracianok eta Karmentxuk bolo-bolo darabilte zure izena.
— Ez da hainbesterako izango.
— Tira, hauek ez dira toki eta ordu egokiak berbetan egiteko. Zatoz zapatuan bazkalostean. Brusela erdialdean bizi gara, izebarenean.
— Ados —hitzeman dio Robertek, ez duda egin gabe, adio egiteko Alinek eskuak estutu dizkionean.
Karmentxuren izena entzuteak barruak mugiarazi zizkion Roberti. Gau osoa egon zen bueltaka, Karmentxuren berri izango zuela oldozten, egin zion marrazkian topatuko zuela zantzuren bat zer moduz zebiltzan igartzeko. Nola egin neskatoa faxisten girotik erauzi eta ostera ere Gantera ekartzeko? Bere egoeran, ez zen xamurra izango.
Ohean etzanik, Roberti iruditu zitzaion zorteak onera egin zuela; alde batetik, Hermanekin primeran igaro zuen arratsaldea, aspaldiko adiskidetasun maila sakona berdinduz eta, beste alde batetik, orain, ematen zuen Karmentxuren arrastoa berreskuratzeko bidean egongo zela.
Zapatuan Alineren atean jo du Robertek. Ez du haur ahotsik aditu. Bigarrenez sakatu dio txirrinari. Une batez, apartamentura itzultzeko keinua egin du, zalantzati. «Banoa!», esan dio Alinek etxe barrutik. Baina atea zabaldu denean ez da emakumerik azaldu. Soldadu naziak daude korridorean, burdinazko zoladun botekin eta kaskoekin.
Sugeen abiadurarekin lotu dute Robert. Emakumeari begira geratu da, sinesgaitz. Eta garrasika hasi da Aline, bere onetik aterata:
— Umeak kendu dizkidate, Robert! Umeak hilko dituztela mehatxatu didate!
Alemanek lotu egin dute Aline ere. Ahoa estalita, lurraren kontra jarri diote burua. Begiekin erreguka ari zaio Roberti: «Barkatu, barkatu».