Mussche
Kirmen Uribe
Mussche
Kirmen Uribe
2012, nobela
200 orrialde
978-84-92468-43-0
Mussche
Kirmen Uribe
2012, nobela
200 orrialde
978-84-92468-43-0
aurkibidea
 

 

2

 

Ezagukizun den tokia hotza izaten da sarritan. Halako ilunabar ainube batek hartzen du norbere barrua eta falta izaten da iraganean utzitako pertsonena.

        Halaxe bizi izango zituzten Bilbotik ateratako haur haiek bidaia hartako lehen egunak. Dena den, ume askorentzat atsedena ere izan zela helmugara iristea, jakitea Gante izango zela beren etxea, denboraldi baterako behintzat. Izan ere, ez ziren helmugara berehalaxe iritsi. Arroxelan lehorreratu eta Frantzia osorik zeharkatu behar izan zuten. Belgikara iritsita, txertoak hartu eta berrogeialdia igaro behar izan zuten kostaldeko kolonia batean. Handik sakabanatu zituzten Belgikako hiri desberdinetara, tartean, tren bete Gantera.

        Belgikara iritsitako 3.278 haurretatik hiru bat mila familiatan hartu zituzten, ez ziren eskoletan edo umezurtz-etxeetan egon, esate baterako, Frantzian errefuxiatu zirenei jazo zitzaien bezala. Ganten, guraso berri gehienak Belgikako Alderdi Sozialistako kideak ziren. Horiez gain, baziren komunistak eta erakunde katolikoetako bolondresak ere. Haurrek zorte ona izan zuten familiekin, nahiz eta baziren gutxi batzuk diruagatik jaso zituztenak, umeok etxean izatearren diru laguntza ematen baitzieten erakundeek, eta ume horien bizipenak ez ziren hain gozoak izan. Halaxe, mirantetarren ahizpetarik bat alaba baten moduan hartu zuten dendari batzuen etxean; dena eman zioten, ikasketak ordaindu, karrera bat. Aitzitik, beste ahizpak senperrenak ikusi zituen; zerbitzari lanak egitera behartzen zuten neskatoa, etxea garbitzera, animaliak jeztera, etxe ondoko baratze estuan lan egitera. Gogoangarria da, euskal umeak jaso zituzten familien artean, Bruselako Eeckman senar-emazte judutarren ahalegina; eurek sei seme-alaba izanik ere, babesean hartu zituzten beste zortzi euskal haur. Aita merkataria zenez, dirua egin zuen nazioarteko salerosketetan. Ezkertiarra zen ideiez, eta judua, gauzarik okerrena nazientzat. Bigarren Mundu Gerrak ez zien onik ekarri eeckmandarrei. Heriotza esparruetan hil zituzten guraso biak.

        Ezari-ezarian, handitzen zihoazen haurrak eta egoera berrira moldatzen. Sorterriko eta Flandriako zuhaitzek ez zuten gerizpe bera, bizimodua oso desberdina zen Bilbon eta Ganten. Ogi zuria izan zen lehenengo ezusteko ona, Bilboko gerrako egunetan beltza baino ezin zuten-eta dastatu. Orobat, etxean jostailuak edukitzea. Bakoitzak berea gainera. Horrelakorik pentsa ere ezin zezaketen Euskal Herrian. Etxeko jolas haiek, halako epeltasuna, nolabaiteko segurtasuna ematen zieten haurrei. Hara joandako euskal haurrentzat horixe izan zen aldaketa nabarmenena: jostailuak zeuzkaten; ez zuten kalean jolasten, Bilbon bezala, herdoildutako burdinazko gurpilekin edo trapu zaharrez egindako pilotekin. Ganten olgetarako eskura zituzten andrakiletak, kamioi txikiak, garabiak, bizikletak; nahiz eta gurasoak langile klasekoak izan. Familiarekin, gainera, denbora asko igarotzen zuten, asteburuetan batik bat. Sorterrian ez, ordea; gurasoak urrun egoten ziren une oro, ez zuten haurrekin jostaketan bat egiten, beren unibertso txikian agintearen irudia baino ez ziren. Baina Belgikan arrunta zen haur andana biltzea etxe batean igandean eta han olgetan aritzea, barruko geletan edo lorategian. Neba-arrebak, lehengusuak, lagunak, ume aldrak elkarrekin.

        Nozitu zuten beste aldaketa handia kulturari zegokion, esan nahi baita, kultur ikuskizunak famili giroan gozatzeko zaletasun hori. Umeekin zinemara joateko ohitura zuten Ganten, haur antzerkia ikustera edo dantzatzera. Eta, jakina, Vooruiteko Balzaal hartara behin baino gehiagotan bueltatuko zen Karmentxu Cundin. Gurasoak eta haurrak, denak nahasian, baltsean aritzen ziren han. Ganten estreinako gogoan hartu zuen beirate hura bestelakoa irudituko zitzaion Karmentxuri, atzera ere ikusi zuen aldian. Feestlokalvanvooruit egoitzakoa zen dantza-gela hura. Flandriako Alderdi Sozialistaren eraikina. Beharginentzat ekitaldiak antolatzen zituzten bertan: hitzaldiak, zinema emanaldiak, dantzaldiak. Baita haurrentzako urtebetetze ospakizunak ere. Gizon talde bat gurpil handi bati tiraka bandera gorri harro baten abaroan. Baita emakume gihartsu bat ere, haurra besoetan. Etorkizunaren gurpila, bazetorren askatasunarena. Ez, dagoeneko Karmentxuri ez zion beldurrik ematen gurpil hark.

        Neba Ramonek ere ez zuen zorte txarrik izan familia berriarekin. Georges Roels izeneko gizon baten etxean egotea egokitu zitzaion Karmentxuren nebari. Usoak maite zituen Roels zaharrak. Usategia zeukan etxeko baratze txikian eta bertan hezten zituen hegaztiak.

        — Mezuak bidaltzen al dituzue? —galdetu dio Ramonek Roels jaunari, usategian hegaztiak gobernatzen dabiltzalarik.

        — Noiz edo noiz.

        — Gustura bidaliko nioke mezu bat amonari etxera.

        — Zer esateko? —bota dio gizonak, bizkarra emanda, garbiketa egiten jarraitzen duela.

        — Bere hutsunea daukadala baina pozik nagoela.

        Roels jaunak hasperen egin du.

        — Idatzi papertxo batean —diotso isilune baten ostean, besoak zereginetan, burua bueltatu gabe— eta usoaren hankari lotuko diogu.

        Laster itzuli da Ramon etxe barrutik paper zati batekin. Usorik bulartsuena hautatu du mutilak eta papertxoa jarri diote hankan, haritxo batekin lotuta. Aita Roelsek eskuetan hartu du usoa eta bota du airera.

        — Zoaz Bilbora!

        Ramonek beirazko begiekin so egin dio usoari, hegaz badoala. Distira egin diote begiek, usoak hegoak zabaltzen dituen bakoitzean. Roels lurrera makurtu da. Badaki laster bueltatuko dela hegaztia, etxeko teilatura baino asko harago joan gabe.

 

 

Robert gaztea ez zen ordura arte sekula egon bigarren hezkuntzako Ottogracht ikastetxeko zuzendariaren bulegoan. Zentroaren alde hori erabat ezkutua zen ikasleentzat. Beste mundu bat, ikastetxe berean, helduen esparrua, boterearena. Toki mitikoa zen ikasleentzat, esamesak baino ez zituzten kontatzen zuzendariaren bulegoari buruz, zigorren bat zela medio ikasle okerren batek kontaturiko irudimenez betetako testigantzak.

        Baldosa zuri-beltzen korridore luzean entzun du Robertek bertaraino eramango duen idazkariaren zapaten hotsa. «Itxaron hemen». Studieprefect jartzen duen bulegoaren atarian geratu da Robert. Hormari lotutako banku batean esertzeko eskatu diote. Bere buruari galdetzen dio zergatik hots egingo ote dioten bertara. Ezer txarrik egin ez duenez, lasai dago. Baina badu ezjakintasunak sortzen duen urduritasun zimiko bat. Jesarririk, itxaron gelako hormei begira dihardu. Kaobazko ebanisteria finez apainduta dago, Ganteko komertzianteen jauregietan garai batean jazo ohi zen legez. Bere etxeko hormetako paper merkean pentsatu du Robertek. Hilerriaren ondoan eraikitako oholezko etxe xumean, Ferrerlaan kalekoan. Francesc Ferrer Bartzelonako pedagogoari gorazarre egiteko jarri zioten izena estratari. Bartzelonako Aste Tragikoaren arduradunetako bat izatea egotzi zion Gobernuak eta, ondorioz, exekutatu egin zuten, nahiz eta nazioartean protesta handiak izan hura askatzeko eskatuz. Anatole France idazleak berak Ferrerren alde idatzi zuen gutun publiko bat, Dreyfus kasuan Emile Zolak idatzitako J'accuse haren tankeran.

        Robertek bulegoko gauzei begira jarraitzen du. Beheko su dotorea, eta haren gainean margo bat. Urteen joanak ilundu egin du oihala, hautsak eta kedarrak kalteturik. Neguko eszena bat dator koadroan. Lehen planoan gizonezko bat eta emakumezko bi ageri dira solasean. Ez dute aldarte txarrik. Atzealdean, bi isurkiko harrizko zubia; azpitik, ibaia. Koadroaren eskuma aldean, bazter batean, bi gizon oinetakoak janzten. Oinetakoak ez, hobeto erreparatu dio Robertek: patinak dira. Ibaia izoztuta dagoela ematen du, eta haren gainetik dabil jendea, patinetan. Soineko eta kapeletan arreta jarriz gero, kapa luzeak dituzte eta hiru puntako sonbreiruak, XVIII. mendeko estanpa bat izan behar luke, pentsatu du Robertek.

        Herman adiskidea hartu du gomutan berriz ere. Patinatzaile baldarra da laguna, mundu zabalean ez da baldarragorik. Gustuko zuen izotz gainean haren atzetik ibiltzea, hala ere. Elkar besarkatzea lurrera erortzen ziren bitartean, barrez lehertzen. Behinola gainera erori zitzaion Hermanen gorputz handia. Aurrez aurre geratu ziren. Herman ezpainetara begira geratu zitzaion une batez. Ez zituen begiak ahotik kentzen. Segundo luzea izan zen hura. Gero, jaiki egin zen eta besotik heldu zion Roberti.

        — Tira, gora!

        Ez zuen sekula ahaztuko Hermanen begirada hura.

        — Robert Mussche? —deitu dio idazkariak.

        Sartu da zuzendariaren bulegoan. Kaleko auto eta gurdien mugimendua ikusten da leihoetatik. Harritu egin du kanpotik datorren bizitasunak. Ikasleen geletatik ez da ezer ikusten, barruko patioetara mugatzen baita beraien ikuspegia. Kalera begira, gogora etorri zaio, lipar batean, nola lehen hezkuntzan eskolako lehenengoa izateagatik hiri osoan barrena buelta bat eman zioten kalesa batean. Auzotik atera eta erdigunera ekarri zuten, eta gero kanal bazterretatik. Horixe izaten zen garai hartan ikasle onena saritzeko manera bitxia. Eta gomutan du, halaber, hirian itzuli luzea eman ondoren, nola lurrean etzanarazi zuten eta estali zioten gorputz osoa liburuz, etxeko liburutegiko lehen aleak izango ziren liburu haiekin. Urrez estali beharrean, liburuz.

        Feytmans zuzendariak aintzakotzat zuen Robert; ikasle fina zen, ez zen klasean bazterrak nahasten ibiltzen zen mutil horietakoa. Taldeko azkarrena izaten zen gehienetan. Hamabost urterekin, apendizitisak jota, ospitalean igaro zituen egun amaiezin haietan bisitan joan zitzaion Feytmans. Heziketak eskatzen dituen hiru lau esaldi bota eta ateneora bueltatu zen zuzendaria. Ez zion gauza berezirik esan, baina keinu hura, eskolako zuzendaria berarengana joatea, estimatu zuen Robertek.

        Ikaskideak ere joaten zitzaizkion bisitan, denen artean Herman handia buru. Ospitalera joaten zirenean jolas usaina ekartzen zuten lagunek, kaleko hatsa, eta gustuko zuen Robertek usain hori, faltan botatzen baitzuen eguneroko bizitza. Mutil koskorren izerdia, tinta eta neguko freskura nahasten zituen lurrin hura.

        Feytmans jaunak idazmahai aurreko aulkian esertzeko gaztigua egin dio mutilari, esku ahurra zabalduta. Robert haren eskuari begira geratu da: atzamar laburrak ditu, haragiak ia estali egiten dio ezkontzako eraztuna. Ezingo duela atera bururatu zaio Roberti.

        — Jakin dut zure aitarena.

        — Okerragoa ere izan zitekeen. Bizirik dago behintzat.

        — Bizitzak batzuetan halako gauzak ekartzen ditu...

        Roberten aitak lan istripua izan zuen oihal lantegian eta birikietako bat oso minduta zeukan geroztik. Fabrikako lanak utzi eta emaztearekin batera patata frijituen gurditxoarekin moldatzen zen sos batzuk ateratzeko; baina itxura guztien arabera, ez zen nahikoa familia osoaren betebeharrei aurre egiteko.

        Feytmans zuzendaria aulkitik altxatu eta leiho ondora hurreratu da. Kalera begira jarraitu du berbetan:

        — Kontua da norbaitek eraman beharko duela eguneroko ogia zuen etxera.

        — Halaxe da —esan dio Robertek ahopean, aulkitik mugitu gabe.

        — Banque Nationale-ko zuzendariak gazte azkar eta langileak eskatu dizkit. Aproposa zinateke lan horretarako.

        Bulegotik irten zenean, Robertek negar egin zuen amorruz. Alde batetik, egia da, lana izango zuen etxekoei laguntzeko. Beste alde batetik, tamalez, ezingo zuen ikasten jarraitu, unibertsitate karrera bat izan. Haurtzarotik izan zuen ametsa ezin izango zuen bete. Baina konturatzen zen ezin ziola ezetzik esan zuzendariaren proposamenari. Onartu egin behar zuen aukera, bere anbizioek ez zuten hainbesteko garrantzia. Bere premia zuten etxean eta premia horri jaramon egin behar zion. Azken urte haietan Hermanekin izandako elkarrizketa luzeak hartu zituen gogoan, kanal ertzetik paseoan zebiltzala jaiotako hitzak.

        — Robert, zure ustez, zerk mugiarazten du mundua? —galdetu zion Hermanek halako batean—. Nietzschek zioenez, ezkutuko indar hori boterea da; Marxen ustez ekonomia da; eta Freuden aburuz, maitasuna. Bada, zein dago zuzen zure ustez? Zerk bizi gaitu?

        — Eta zuk zer uste duzu? —bota zion Robertek, denbora irabaztearren.

        — Bat nator Nietzscherekin —ebatzi zuen Hermanek, ziur—: Botereak mugiarazten du mundua.

        — Nik zalantzak ditut —ausartu zen Robert—. Hasiera batean pentsatu dut ekonomia dela indar ilun hori... Badakizu, gainera, zenbat miresten dudan Marx.

        — Bai, noski.

        — Baina ez, Herman. Maitasunak bizi gaitu! Sakoneko indar hura maitasuna da. Edo nik hori sinetsi nahi dut behintzat. Horretan ados nago Freudekin.

        Zuzendariaren bulegotik irten denean, ordea, Robertek ez daki zer pentsatu.

 

 

Michel Thiery, Hermanen aita, gizon ezaguna zen Ganten. Ogibidez irakaslea izanagatik, naturalismoaren alorrean egindako lanek eman zioten benetan entzutea. Bera da Ganten botanikako azterketetan aitzindarietako bat, horrenbeste, ezen halako museo txiki bat ere moldatu zuen han-hemen egindako bidaietan hurreratutako landareekin. Urteetan bildu zuen botanika liburuen bilduma garrantzitsu baten jabe ere bazen. Horretaz gain, argitalpenak zituen bere izenean, basoetan egindako marrazkiez eta luzaroan egindako azterketen ondorioez osatuak. Irakasle gisa aurrerakoia eta ausarta zen Michel Thiery, munduan zehar pedagogia mailan egindako azken aurrerapenak ezagutu eta probatzea gustuko zuena. Bere ardurapean zeuden mutilekin mendi ibilerak antolatzen zituen eta, sarritan, eskolak basoan bertan eman ere bai. Museora eramaten zuen ikasle andana eta laborategian elkarrekin lan egiten zuten, basoan aurkitu berri zituzten landareak neurtu eta sailkatzen.

        Hermanen eta Roberten jatorriek ez zuten batere zerikusirik, nahiz eta ideologiaz ezkertiarrak izan bi-biak. Hermanen familiak bazuen posizio bat hirian, manera burgesak zituzten, maite zuten kultura. Oinez egiteko moduan ere ezagun zuten hori, nola jartzen ziren mahaian bazkaltzeko, jantzietan, eguneroko bizitzako keinurik ñimiñoenetan. Maite zuen Robertek finezia hori, eta imitatzen ahalegintzen zen, ahal zuen neurrian. Roberten jatorria bestelakoa zen. Ferrerlaango auzoan ahal zutena egiten zuten. Etxean jaso ahal izan ez zuen kultura hori edozein tokitan bilatzen zuen mutilak.

        Nahiz eta auzo txiro batekoa izan, edo horrexegatik beragatik, Hermanen gurasoek biziki laket zuten Robert eta maiz gonbidatzen zuten etxera. «Halako lagunik ez duzu sekula izango», esaten zioten behin baino gehiagotan Hermani.

        Robertek bazuen jendearekin ondo geratzeko dohaina, adinekoei era batera berba egiten zien, gaztetxoei beste batera. Bakoitzaren tokian jartzen bazekien gazteak. Eta hori ez da erraz aurkitzen nerabetasunean. Zer esanik ez, Thiery jaunari askotan kasu egiten zion landare honi edo beste hari buruz aritzen zitzaienean, Hermanek baino gehiago. Honek asperdura imintzioak egiten zituen. Normala zenez, aitari mila bider entzundako kontuak atzera ere aditu baino nahiago zuen Hermanek hortik zehar ibili, bere lagunarekin, lorategian edo kalean. «Aita, nahikoa da, utziozu bakean lagunari». Roberti besotik oratu eta berarekin batera eramaten ahalegintzen zen. Robertek begiramenez itxaroten zuen Thiery jaunak jardunarekin bukatu arte eta, hargatik, Herman zain izaten zuen atariko atean, lauzazko eskaileratxoan eserita.

        Eta oraingoan ere laguna zain zeukan ikasgelan, artega, Feytmans jaunak esan ziona jakiteko irrikaz.

        — Agiraka egiteko deitu dizu?

        — Ez. Lana lortu dit Banku Nazionalean —esan dio Robertek, aparteko pozik azaldu gabe.

        — Ikaragarria da. Lan on bat izango duzu, poltsikorako dirua... —Robertek gauzak alde onetik ikus ditzan saiatu da Herman.

        — Eta gainera ez dut azterketa gehiago egin beharko. Nik nahi dudana bakarrik ikasiko dut: poesia, historia, literatura... Nahi ditudan liburuak irakurri eta irakurri ariko naiz, derrigorrezko materia aspergarri horiek betiko ahaztuta.

        Nahiz eta azken esaldian bere burua engainatzen ahalegindu, Hermanek bazekien ikasketak uztea kolpe handia izan zela Robertentzat. Begietan nabari zitzaion negar egin zuela. Hermanek gerora idatzi zuenez, Robertek ez zion sekula inbidiarik agertu, unibertsitate ikasketak bukatu zituelako berak eta hark ez. «Notak elkarrekin ikusten genituen, eta zoriondu ere egiten ninduen bikainen bat ateratzen banuen», idatzi zuen.