9
Bilbo erori eta berehalaxe haurrak bueltan ekartzeko gestioak egiten hasi ziren agintari berriak. Haurren ihesaldi hura propaganda oso txarra izan zenez agintari frankistentzat, konpondu egin nahi zuten nola edo ahala. Hastapenean, ahaleginak egin zituzten haurrek ez zezaten sekula Santurtziko portua utzi, eta hori erdietsi ezean, itzulera azkar bat zuten xedea, ahalik eta azkarrena, horretarako agiri faltsuak erabili behar baziren ere.
Elkarte katolikoak izan ziren haurrak bueltatzen aurrenekoak. Belgikan, hala ere, Espainiako Gerraren bukaerak eta, batez ere, Bigarren Mundu Gerraren hasierak premiatu zuten itzulera. Alemaniaren aurkako gerrak sortzen zuen ezinegonak bultzaturik eta, ustez, jatorrizko etxeetan seguru egongo zirela pentsaturik, etxeratzeak antolatzen hasi ziren Gurutze Gorriaren bitartez.
Karmentxuk eta Ramonek ere bueltatu egin behar izan zuten. Ez zen izan August eta Roelsen borondatez baina. «Engainatu egin zituzten. Alemanen beldur ziren», kontatu zidan Carmen Musschek; «Gurutze Gorriak babestuko zituela agindu zieten. Denboraldi labur baterako zela, Bilbotik irten zirenean bezala».
Egun triste horretako argazkian ageri dira, Gante-Sint-Pieters geltokiko kanpoaldean, aitona-amonak, Robert bera eta, erretratuaren erdi-erdian Karmentxu eta Ramon, dotore jantzita. Etorri zenean baino zatiaz lodiago Karmentxu. Roberten gurasoek jaten ondo eman zioten, itxuraz, Ferrer kaleko oholezko etxe txikian. Carmenek kontatutakoaren arabera, argazkian dago Dora Mahy idazle gaztea ere.
Haurrak joaten utzi eta gutxira, Euskal Herritik zetozen albisteak ez ziren batere lasaigarriak. Umeek nekez aurkitzen zituzten jatorrizko familiak. Publizitatea egiteko erabiltzen zituen gobernu berriak, halako eta bestelako egunkarietan argazkiak plazaratuz. Haientzat dagoeneko etxea ez zen Bilbon utzi zutena, Belgikakoa baino. Batzuen batzuk pena handiarekin itzuli ziren, gerraosteko gosea baitzuten itxaroten sorterrian. Gurasoak ere ez ziren Belgikan aurkitu zituzten bezain kultura zaleak, gogorragoak ziren haurrekin. Eta erbestean den-dena eduki zuten eskura. Izan ziren berriro bueltan Belgikara itzulitakoak ere, ikusirik Euskal Herrian ez zegoela eurentzako tokirik.
Musschetarrek nekez jarraitu ahal izan zuten Karmentxurekin kontaktuan. Bigarren Mundu Gerra lehertu zenean, Robertek frontera jo zuen eta ikaragarri zaildu zen bi herrien arteko komunikazioa.
Baina, agi denean, Karmentxuren hutsune handia zuten. Karmentxuren irudiarekin busto bat egin zuten musschetarrek, berari ateratako argazki batean oinarritua. Hantxe dago gaur egunean ere bustoa, Carmen Musscheren etxean, Beethovenen irudien ondoan... Karmentxuren matrail beteak.
Belgikako Errege Armadan engaiatuta zegoela, aitaren mezu bat iritsi zitzaion Roberti 1940ko martxoaren 29an. Karmentxuren berri ematen zion, arduratuta. Karmentxu itzulian iritsi zen Euskal Herrira, baina artean ez zuen gurasorik aurkitu.
Mussche Robert sarjentua
2. Erregimentua
1. Konpainia
1. Batailoia
3. Pelotoia
Lurreko Armada
Semea,
Eskerrik asko martxoaren 26ko gutunagatik. Ezin duzu imajinatu zeinen pozik jartzen garen Karmentxuren berri izaten dugun bakoitzean. Ematen du ondo dagoela, baina oraindik ez du bere aita aurkitu. Ramonek, bere nebak, aldiz, badirudi lortu duela Bilboko etxera iristea. Espero dugu ezer ez gertatzea beren amonari; izan ere, zer izango litzateke gure txikiaz orduan?
Berarentzat onena nahi dugu. Hala eta guztiz ere, gauza bat esango dizut ziur: erabat damututa nago bere herrira joaten utzi izanaz, eta seguru nago zeuk ere beste horrenbeste pentsatzen duzula!
Maite zaituzten gurasoek.
Alemaniako Armadak 1940ko maiatzaren 10ean eraso zion Belgikari. Laster egin zuten aurrera naziek. Hala ere, Lys ibai ertzean gogor eutsi zien Belgikako Armadak. Maiatzaren 23 eta 28a bitartean, hiru mila soldadu belgikar hil ziren eta beste horrenbeste, edo gehiago, aleman. Ematen zuen belgikarrak nor izango zirela alemanen erasoari eusteko. Alabaina, aliatuen eta Belgikako gizartearen gehiengoaren aurka, Leopoldo III.ak amore eman zuen Hitlerren aitzinean, eta bakea sinatu. Historialariek diotenez akats historikoa izan zen hura, Bigarren Mundu Gerrak beste norabide bat hartuko zukeen Belgikako Armadak zertxobait gehiago eutsi izan balio.
Anberesko ospitalera eraman dute Robert maiatzaren 25ean, zauritu egin baitute frontean. Bala bat du ezkerreko besoan sartua. Zauri bizia duenez, luzaroan egon beharko du ohean. Eta otu zaio, aurreko udan ezagutu zuen Anberesko neska hari idaztea, Vic Opdebeecki.
Kostaldeko gazteleku hartan ikusi zuten elkar estreinako aldiz. Anberesko neska adiskideekin joan zen Vic, Ganteko mutilekin Robert. Vici harroa iruditu zitzaion Robert, ezagutu zuen lehen aldi hartan. Espainiako Gerrari buruz hitz egiten zuen, puztuta, hau egin zuela bertan, beste honekin mintzatu zela. Idazle famatuei buruz mintzatzen zen eta Vicek ez zuen alerik ezagutzen. Harroa begitandu zitzaion Vici... eta itsusia. Itsusi zegoen txapel zahar harekin. Hau mutil hau, alferrik galduta dago, pentsatu zuen. Euskaldunena omen zen txapela. Euskal haurren egoeraren aldarri egiteko janzten zuen. Ergelkeriak!, askoz hobeto zegoen txapelik gabe.
Biharamunean hantxe dago neska, bertatik bertara, ospitaleko ohe aurrean. Robertek aldatuta ikusi du Vic, sekula baino ederrago. Adatsak hori-hori, leihoari darion maiatzeko argiarekin. Bero da toki guztietan, eta neskak daraman blusa arin urdinak haren begi urdinagoak nabarmentzen ditu masail isiotuen ondoan.
— Ez zaitut ezagutu euskal txapelik eta lan-jantzirik gabe —bota dio Vicek.
— Ohe azpian gordeta ditut, zer gerta ere —Robertek, irribarre eginda.
— Sinesten dizut —esan eta ohe ertzean eseri da Vic.
— Ondo al zaude? —galdetu dio zaurituari, tonua seriotu eta besoa laztanduz.
— Orain bai.
Egunero egingo dio bisita ospitalera, hutsik egin gabe. Ohearen ondoan jartzen zaio. Lotan bada, bera ere erdi lo egoten da. Itzarrik denean, solasean egongo dira.
Robert ongi sentitzen da Vicekin. Aurretik sentitu ez duen jabaltasun mota bat nabaritzen du berarekin. Ez dute zerikusirik, erabat ezberdina da bakoitzaren mundua eta, menturaz, horrek egiten du harremana askeagoa, biziagoa. Kontuak kontatzen igarotzen dute arratsalde osoa, Vicek modako jantzi dendara lanera bueltatu behar duen arte.
Egun batean Aline agertu zitzaion ospitalera. Urrunetik entzuten zen haren ahots ozena. Eraikin osoaren luze-zabalean jakin zuten hantxe zegoela. Denak martxan jartzen zituen Alinek. Gerrak ez zuen aldatu horretan behintzat.
— Ze planta dira hauek, Robert, seguru zauritxo bat baino ez duzula! —esan du, beti bezain zakar eta goraki.
Alinek ikusi du Roberten ohearen ertz batean neska ilehori bat dagoela, guztiz ezezaguna. Ohantze ondora iritsitakoan, Alinek izterrarekin bultza egin dio neskari eta Roberten parez pare jarri da. Pauso bat atzera eman du Vicek.
— Zein duzu, ba, txori hau? —galdetu dio betiko ironiarekin Alinek, Vic bertan ez balego bezala.
— Lagun bat.
— Lagun bat? Laguna neu naiz...
Alinek artez begiratu dio Vici eta berbetan jarraitu du ondoren, ohi duen legez, inori txandarik eman gabe.
— Ederto eutsi zenien naziei, Robert. Merezi zuten jasotako egurra, gehiago jaso balute hobe. Gure errege txatxu horrek ditu kulpa guztiak. Ez genuen alemanekin negoziatu behar. Ni ez naiz bat ere fio Hitler zerri horrekin. Ero hau ez da geldituko edozelan...
Gerraz eta politikaz aritu da batez ere. Robertek begiratu egiten dio, baina beste nonbait dauka burua. Kalakan aspertu denean, Roberti ahoan musu bat eman eta adio egin dio Alinek.
— Agur, potxolo.
Carmen Musschek kontatu zidan, Aline ez zela berriz bisitan azaldu. Zergatiari buruz galdetu ziotenean adiskideek, «Robert ondo zainduta dago!», erantzun omen zuen.
Ospitaleko ordu luzeak arintzearren, frontera idatzitako gutuntxo bat erakutsi zion Robertek Vici. Eskutitza Gracianorena zen. Gutun-azalean, ezkerreko aldean, arkatzez marraztuta zuen zigilua, eta jasotzailearen tokian: Roberto «Gorrion» Mussche. Musschek horixe esan nahi baitu flandrieraz: kurloia. 1940ko apirilean idatzi zion, eta igarri-igarria da kartan oraindik mugimendu gutxi zegoela frontean.
1940-04-12, ostirala.
Espero dut zuk ondo lo egitea gaur gauean horrela irakurri ahal izango duzu nire karta.
Ze aurreko kartan denetarik idazten didazu baina dena da gezurra ze beti zaude ametsetan eta pentsatzen dut ametsetan idatziko zenuela.
Roberto, barkatuko didazu zure izena gaizki idazten badut ze zure benetako izena da Loti I. eta abizena daukazu GEZURTI.
Nire karta irakurtzen duzunean ondo irakurri ze beti bezala ametsetan bazaude ez zara enteratuko zure izen berriaz.
Orduan beste karta arte geratzen naiz. Idatzi azkar eta ametsik egin gabe.
Osasuna eta ondo ibili. Paseatu eta lo gutxi egin.
Graciano del Rio
— Egin amets politak orduan —esan eta Vicek agur egin dio Roberti, Gracianoren eskutitza irakurri eta berehala.
Robertek atzetik begiratzen dio, ohe ilara luzearen artean, badoala. Haren bizkarra ikusten du, adats hori luzeak kulunka.
«Bueltatu eta niri begira jarraitzen badu», pentsatu du bere bostean Vicek, «ezkondu egingo gara».
Atetik irten baino lehen atzera so egin du, baina Robert pentsakor ikusi du, sabaira begira.