Egarri egunak portualdean
Egarri egunak portualdean
2011, nobela
152 orrialde
978-84-92468-33-1
azala: Kepa Gonzalez
Koldo Izagirre
1953, Altza-Antxo
 
2016, narrazioak
2015, nobela
2013, poesia
2010, saiakera
2009, nobela
2006, poesia
2006, kantuak
2005, narrazioak
1998, nobela
1998, kronika
1997, poesia
1996, erreportaia
1995, kronika
1989, poesia
1987, ipuinak
Egarri egunak portualdean
2011, nobela
152 orrialde
978-84-92468-33-1
aurkibidea
 

 

 

 

                                gaur amets egin dugu

                                enbata haundiak joko du bihar

                                                      (GazteArtearen pintaketa

                                                      upeldegi zaharrean, 1977)

 

 

 

 

 

—1—

 

Laguna hausten den hilobiak leher egiteraino zurruta kantua egin litekeen mahaia izan behar luke, zer axola plastikozko lore zikin hauek dardaraka ontzi jausi zartatuaren lepoan, zer axola gure mozkorraldiaren puskailak aldare profanatu batean, zer axola du, bizitza hau ez da edangarria. Horregatik datza gaztaro bat hemen, mesosferaren hondorainoko zuloan gordea. Gurutze beltzean zuri, gerrialdeko arropa pudikoaren kolorea gorputz osora hedatua, gezurrezko marmol molde bakarreko santuginaren ore merke, gurutziltzatu baino lehen urkatuak irudi burua eskuin aldera makur, tatuaia politiko onartezinen erakustegi izan balira bezala daude garbitu berriak antxeten zirinek oraino ugertu ez dituzten tamaina bereko kristo errepikatu hauek. Erakusketa beti garaikide honen atzean, gauez, hegoak jotzen duenean errazago, umetan beitatzeko zizareen bila harrotua egiten genuen basatza hartan eraiki tramankulua hodeietaraino zuzen, enborraren zementua marra horizontal zuri-gorri zabalez nabarmendua, Bretainiako farola bat bezain gotor gure morrontza sexualaren sinboloa ikuskizun.

        Bi mila milioi watteko zakila.

        Hiru mila tona karbono dioxidoko semena urtean.

        Jainkoa hila zen, Nietzsche ere bai.

        Zentral termikoaren argiak xahartzen hasi aitzin zabaltzen du eguna ezkerrera ageri den Aiako Harriaren hiru gailur soslaituen ostetik, ipar zekenari babes dauka mendi magala eguzkialde, biziak ere mendeko dauzka hilerriak, bizien izerdiak suntsituak eraikiak. Gain honetarik eskua luzatuko banu ukitu eginen nuke, litekeela ematen du, baina paratu behar zen pankarta puska hura goi hartan oroz urrun, oroz bakar segurtasunezko langak iragan erreflektoreen azpian abiatu guarden ibiliak saihestu tximiniarainokoa labirinto metalikoan barna asmatu beheko heldulekuraino iritsi berrehun bostehun edo mila eskala igan, ez, gehiago, izterrak gogortu arterainoko guztiak. Argazki hura edukitzeagatik, esan liteke. Xabierrek lotu zuen mezua han, Greenpeacekoek berea baino zatiaz lehen handi gorago, arrunt bestelako leloz. Gero, jaitsieran, burdina guztiak gantzutu zituen. Ontziola zaharreko komunen txabolan zain geundenok agindu egiten genion ahapetik «Uztak hori, jaitsi hadi lehenbailehen!», baina hantxe seguruen, tximiniako armiarma, motxilan eraman zuen bikea heldulekuetan itsasten, ondokoa zen gaitzena, sartzeko egin zuena atzera errepikatzea esturan oztopozka hasi gabe. Biharamunean portualde osoan ikustekoa eguerdia arte goitik behera zintzilik, haizerik ez, Teherango gazteak bezain irakurgarri gure dazibao harroa, argiaren okupazioa, gazteon kirola. Aitor liteke, zer. Ezin konta ahala afixa eskualdeko herrietan, aldizkari askotan agertuko zen aldarri hura hurrengo hilabeteetan, Bilbon Bartzelonan Bordelen. Portualdeko Mostra egin liteke garai hartako gure argazkiekin, termikako pankarta leiho tirokatuak zimitorioko muralak ibaiaren hondoko tresneria kargadero zaharra gure aurpegi kopetazimur alegera haiek, gure gorputz egarri haiek.

        Iraina ahoan.

        Bizarlabanaren zauri estetikoa.

        Haragi hau ere banaiz, George Harrison!

        Beherago, zuhaitzek ezkutatzen ziguten badian ontziolako motorak langilez betea joan behar zuen ordu hartan kai transatlantikorantz jornada amaiturik, atako bandarako maniobrak egiten ariko zen ferrya bere azken bidaian. Hori ere egin zuen norbaitek, ferry linea bat sortu hemen, zein etorriko zen gure herrira Southamptondik? Kantari hasi ziren denak, kantari hasi ginela denok esan behar nuke, Gorka, Xabier, Txurdo, neskak, zenbat neska hemen ere, Garbiñe, Maitane, denak oraintasun batean, gure belaunaldia, inozoa sentibera koldarra, bihotz onekoa, nirea, zurea, zer, zer egiten diat nik malkotan.

        Froga ezazu badela bizitza bat hil aurretik.

        Birjintasuna ez da inoiz galtzen.

        Errealitate hau ez liteke kantagarria izan.

        Ni neu aldendu nintzen orduan, harritxintxar honetan bertan apo korrokan, ez dute asfaltatu, eginen dute hurrengo hauteskundeen bezperan, hilerriko kaleak asfaltatu, eguzkiak bigundutakoan galipotak heriotzaren usaina eman dezan, aita ehortzi genueneko usain huraxe, nondik etorria, umea nintzeneko beste zerraldoren batetik menturaz. Jalgi egin nintzen kantu hartarik orain aitaren panteoi ingurutik aldenduko naizen bezala, Bixarberde iluneneko putzuan zegoen engoitik, neure burua kendu nahi nuen zeremonia infantil despedida hunkigarritik zamagabe, gertatu mingarri haietarik urrundu, Aleksandra nire akordura ekar zezakeen demendrenetik eten, haren aztarnak ezabatu gure auzo liberatu guztietan. Otoitzean? Zelataka? Zer ari haiz, mezu gakotuak interpretatzen harriko abizen galego-euskaldunetan? Larruzko zamarra horrekin bateriajolea edo, neure artean, kontzertuondoren batean agurtuko nuen inoiz Bixarberderekin solasten nintzela. Agur aita, hor zaude, zaude bai ordu estrak sartzen zeure mandrinadora maitean beti hanpatu zintuen Propiedad de patetiko horren azpian hezurgorri, «neskaren bat gonbidatzeko» dirua ematen zidan izebaren aldamenean. Burdina herdoilduak horma artesituak edonon eskultura berrien inguruan. Blokezko harresi berria egina zuten egun haietan sarrera gotikoaren inguruan. Orain apaizen batek R.I.P. zabar zizelkatua dauzkaten plaka metalikoak josi eragin ditu hiru arkiboltako uztai puntadunaren alde banatan. Argazkia egin diot sakelako telefonoarekin, maitagarria zait arte garaikidea.

        Egia ez da metafisikoa.

        Oinarria ez da zalantza.

        Atzo paretak txiza egiteko ziren.

        Kantuzale haietarik zenbatek ulertuko ote zuten egiten ari zirena gure lehen hilobiratze publikoa zela, gure belaunaldiaren aurreneko gerlari eroriaren omenaldia askatasun artistikoaren sinboloa bizitza molde berri posibleen esploratzailea, guk infernua ikertzera bidali borrokalaria. Gisa batez, Aleksandrak ere egina zuen bestelakoa nahi zukeen munduaren ezagutza: gu, mutilok, mutil futbolariok zurrutariok ameslariok, emakumearen beldur bizitzeko prest geunden proletarioen ume inozook.

        Arnasa ezin da gerorako utzi.

        Nire burua ukatu gozotasunari.

        Neumatiko sutuaren usain suspergarria.

 

Multzo bat zegoen bide bazterreko auto ilararen ondoan pipatzen, gizonezkoak, gazteak helduekin nahaste. Ondotik pasatu nintzen herri aldera adio eginez. Dodge-Dart ederrari beha geratu nintzen pauso batzuetara.

        — Ez zizkioagu zulatu, hustu besterik ez.

        Argitasunak zor izan balizkidate bezala, irribarrez baina. Lehorrera ekarri yate bat, lur jotako mekanika bikain hura.

        — Abarkak egiteko ebakitzen badizkiozue ere!

        — Gure patroiarena duk.

        Ikustekoa zen Bixarberderen etxe ondoan, lainotuan ere dirdiraka lorategitik atarirainoko sasi-tuneletik malkotzen ziren glizinien azpian gabarra margotu hura gure herrian, Dori-Eneari gure herria esan bageniezaioke.

        — Semea lurperatu dik oraintxe.

        — Gu ere lurperatu egin nahi gaitik.

        Oiartzungo Herri Gaztediko lokalean ibiltzen ziren langile industrialetakoa zen, buruzagia, ona plazako asanbladetan, pazientzia handiz leziatzen zuen entzulea demokrazia zuzenerako, begiramenez hartzen zituen iritzirik ergelenak. Troskista, aberriaren etsai bat.

        — Jendea kontra jarriko zaizue, jende asko etorri duk.

        Orri bat luzatu zidan.

        — Gutako bat zagok hor barruan, irteeran orriak banatzeko. Ez zaizkiguk kontra jarriko. Lokauta egin dik, hiru hilabete ordaindu gabe utzi gaitik kalean urdakume horrek.

        GazteArtearen pintaketetarik ateratako esloganak zeuzkan, «Gure lepotik gizentzen dute lepoa!», «Hango edo hemengo, langile denok herribateko!». Testu nagusia erdaraz zegoen, Alberro jaunak zerabilen jokamoldearen laburpena, Euskal Herriko patronalaren eredu jatorra.

        — Gurpilak hustu, pintaketa egin... Bietarik bat alferrikakoa duk.

        — Bizarra utzi behar al duk hik ere?

        — Euskadi salbo ikusi arte.

        «Lapurra» ari ziren margotzen spray zuriz beiradura Dodge-Dartaren alde banatan.

        — Etxeratzen delarikan pintaketa gehiago ikusiko dik.

        — Morroi bat ekarri dik, larruzko zamarra beltza zeramak.

        — Txoferrarekin zabilek orain.

        Urrats dolutuak berriro hilerritik, dozenaka urrats oroitzapenak ezin oinpetuz, bazetozen urrats dolutuak apo samaldaren karraska.

        Aleksandra ez, hura ez zen azalduko.

        Non ote zinen?

        Zamako handia Facal Nº7 txikiaren atoian ikusten nuela bilduko nintzen zuregana, «Ezagutzen ez? Filmaren azken planoan uretan urrunduz doan burua naun» esanen nizun aieru harroan, azken enea tximeletaren vibrato, abesti pesimistei buruzko solasaren atariko.

        Pankarta bat hedatu zuten, alderik alde hartu zuten bidea mendia ilunabarra langile azpikotu haiek. Zigarroak jaurti zituzten denek, ugazabaren begietara esku biek lanean azaldu behar zuten agidanez, menderazioaren adierazgarri inkontziente bat, zapaltzen zituzten ilintiak baino zapalduagoko herrijendearena.

        — Lángileók ez gará merkántziá!

        Bertan geratu nintzen, afixetan argazkitan albistetan betikotu ez zituzten langile barrubako haien ondoan paketeko azken Stuyvesanta suturik, bulegoetako epelak bertan utzirik sugearena eginez grebara bortxatu beharrean etortzen zitzaizkigun beheko torneroekin galdaragileekin urtzaileekin batu nintzen, gure oroimen sozialaren hondoan iltzatu zitzaizkidan oihu haien erritmo primarioak bildua, filologoek jasoko ez zuten ahozkotasun noblea dastatzen.

        Ikara elektriko bat bizkarrezurrean goiti.

        Gure zakil lainezartuak pankarta bana zintzilik.

        Gure gorputz biluziak zelula iraultzailez beterik.

        — Horrek ez zaukak xentimorik, izan balu herriko banda kontratatuko zian semea zenbat maite zuen erakusteko.

        — Makinaria atera dik lantegia itxi baino lehen, gauez.

        Zerraldo hartan egon edo Londongo morgeren batean, Bixarberdek lortua zuen zegokion klaseari ihes egitea. Dimentsio jasoagoa ematen zioten bere ehorzketari pankartak, oihuek, musikan biziko zela erabaki zuenez geroztik sartu ez zen Dodge-Dart hondojoak. Garai bat bururatzen zuen gure lagun gorrotatu miretsiaren heriotzak.

        Nolakoa ote zara zu, gutaz geroztikako Aleksandra?

        Oinez igotzen ote dituzu orain ere seigarreneko terrazadunerainokoak?

        Horixe izan zen pentsatu nuena jendea burumakur iragaiten zela pankartari behatzeko lotsaturik, zeremoniaren akordu gozomina ozpinduko zuten oihuak deitoratuz hasieran, gero zer gertatzen zen zer egin behar zuten ez zekitela irain mehatxu zarpatikoratze kalapita hartan.

        — Zuek, zuek...! Ez duzue ezer errespetatzen!

        Gaztelaniazko erantsi luze bat, epitetoak.

        — Fernando, mesedez!

        Orriak pankarta ostetik gorantz hegatzen trufagarrizko malutak lurreratzeko Fernando Alberro jaunaren Dori Salaberria emaztearen buru lepo arropa ilunetan, hartzen du idatzi amorragarri haietarik bat bi bost, langileok, langileok idatzi baino ez dute egiten orain, besterik ez daukagu, irakurri ez, ikusi egin zuen, paperak dardara egiten zuen esku hartan, mazpildu zuen hitzak xukatu beharrez, pausoa eman zuen oihuka jarraitzen zutenengana, guregana, handik, lehen pausotik askatu zuen bere kolera burgesa.

        — Hau da engainatzen zaituztena! Honek manipulatzen zaituzte!

        Euzkadiren etsaiarengana atzamarra luzatuz, bere burua salatzen zuela ohartu gabetarik. Taxi bat heldu zen, larruzko zamarra beltzekoak belarrira egin zion.

        — Nola?

        Beste hiru pauso, ausardia kemena bularra, begiak malkotan itsatsi zion atzaparra pankartari. Bernazakian hartu zuen ostikoak makur laga zuen, algara nork edo nork nire ondoan, ez luze, zer izan da, tiroak, tiroka ari da, kukutu egin ginen bata bestearen gerizan hautsa sudurretara.

        Elkar biluzterainoko borroka.

        Ikara elektriko bat bizkarrezurrean beheiti.

        Lagunekin edan, edan, asegaitzak bihurtzeraino.

        Zamarraduna ari zen hodeietara, Fernando Alberroren emaztearen garrasiak bezala. Gure haragien magmara noratu zuen gero hankak tinko, esku biak burdinan. Kristo hurbildu zitzaion une hartan, hilerri honetako gurutzeren batetik jaitsi zen, uretan oinez bezain airoso egin zuen lasai gorputzikara anabasa hartan odola ikusi baino lehen txiza gozoa etorri zitzaiolako bizirik utzi gintuen legionario harenganaino.

        — Gorde ezazu hori, arren.

        Sakondura tristeenetik zetorren durundioa zen ahots deitoragarri hura orduan, Gorkarena, nondik bestela.

        — Apaiz puta bat haiz, Luis! Apaiz puta bat izango haiz beti!

        Bixarberderen gurasoak taxian aldendu zirelarik isiltasun sorra hedatu zen han, panfleto zapalduak, Dodge-Dart harrogabetua, guregana egiten zuen atzamarra, pistola, dena egin zitzaidan eldarnio hutsa, ez zela deus gertatu, gure aitzindaria Londonen zegoela bere hirugarren diska grabatzen, Gorkak ez zuela besoa nire bizkarreko kakoan eskegi laster hegemonikoa izanen zen sindikatu bat ari zela sortzen esateko, gure buruen gainetik amore leunean iragaiten ziren hirurogei mila volten marrumak ez ninduela zorabiatu luze gabe lehertu behar zuen sargoriaren morse etenezinean.