1
— Atera ezak daukaan guztia.
— Ez zaukaat ezer.
— Hire beroki horrek zama ederra dik ba.
— Kategoriakoa duk.
Hasperen egin zuen zinpeko zaindariak. Ahoa estutu eta aulkitik jaiki zen.
— Ea ba —esan zuen—, patrikako horiek kategoriakoak edo beste zerbait ote diren.
Eskuak patriketan sartu eta bi liburu agertu zituen Oliveirak.
— Dena —agindu zion zinpekoak.
Beste bi liburu atera zituen orduan galtzarbetik.
Oilalokak bezala harrotu ziren bi zaindariak, lapurra harrapatu izanagatik hanpatuta. Elkarri besarkatuta dantzan hasiko ote ziren susmoa egin zitzaion Oliveirari. Halako altxorrik!
— Beno... hirea ez, orain geurea duk hau guztia. Askok izaten ditek ordaindu gabe hemendik alde egiteko tentazioa. Suertea gutxiagok. Esadak: lehen aldia da lapurtzen saiatzen haizela?
— Bai.
— Lehena eta azkena! Eman nortasun agiria.
— Ez zaukaat hemen.
— Idatzi orduan orri honetan hire izena eta etxeko helbidea eta telefonoa.
Idiarenaren tamainako lepoa zeukan morroia ikusi bezain pronto jakin zuen Oliveirak eguna hala amaituko zuela, gela kirasdun hartan azalpenak ematen. Ezin zuen bestela izan. Kaskoan larruraino moztuta zeraman ilea morroskoak, eta Oliveirarengana hurreratuta liburuak arreta gabe hartzen hasi zen. Liburuak erosi nahi dituenak azala miatzen du, atzeko gezurrak irensten ditu, autorearen argazkia begiratzen du... zalantza handiak dabilzkio buruan: erosi, ez erosi. Denak erosi nahiko lituzke, baina badaki ezin duela. Ez zen hura idi lepoko morroi kaskamotzaren kasua. Edozer hartzen zuen esku artean, sukalde liburuak bezala haurrentzako ipuinak, Oliveira zeharka zelatatuz. Nobela baten kontrazala irakurtzen aritu zen Oliveira, morroiak zer egingo. Morroiak itzuli txiki bat egin zuen eta aldamenean jarri zitzaion berriz. Ez zegoen dudarik. Jostailuen korridorean sartu zen Oliveira, pauso arinez iheska; ezkerrera gero, brikolaje-gaien artean geratu zen, torlojuen artean arretatsu. Morroiaren burua korridorearen beste muturrean agertu zen orduan. Akabo. Torlojuak bere tokian utzi eta kutxara abiatu zen zangoka. Bidean koaderno bat eta boligrafo kaskar bat hartu zituen, zer ordaindua izatearren.
Hantxe zeukan beste bat zain. Lehena ez bezala, laneko uniforme morearekin jantzia: txikiagoa, biribilagoa. Altoa eman zion kutxatik pasatu ondoren.
— Ez duk zenbakia idatzi nahi, ezta?
— Nahiago ez.
Oliveirak asmatuzko izena eta helbidea idatzi zituen orrian. Telefonorik ez.
— Legez kontra besterena dena eramateko kopeta daukak, horretarako gizona haiz, baina ez etxean aurpegia emateko?
— Hala ematen dik.
— Hala ematen dik edo hala duk?
— Kanpotik ikusita hala ematen dik.
— A, kanpotik. Barrenetik diferente ikusten duk beraz.
— Segun.
— Segun zer?
— Nork begiratzen duen.
— Mutil azkarraren itxura egin nahi duk orain —elkarri irrika ari ziren bi zaindariak—. Bazakiagu hau ez dela hire izena. Etxean esango zigutek benetakoa...
— Ez diat telefonoa emango, ezta erotuta ere.
— Poliziari eman nahiko diok akaso.
— Hi ez al haiz ba polizia?
Gelaren ate azpitik trostan desagertu ziren irriak.
— Gu zinpeko zaindariak gaituk, ez poliziak.
— Alde txikia zagok.
— Aldea.
— Txikia.
Liburuak pila batean atondu zituen zaindariak.
— Gauza bat egingo diagu: nik alde egiten utziko diat, kategoriako hire beroki horrekin, eta hi ez haiz hona itzuliko.
Baietz egin zuen buruarekin Oliveirak, berehala joatekoa zelako pozik. Aholkuren bat entzun beharko zuen aurretik.
— Gizondutakoan, sosak irabazten dituanean, orduan erosketak egitera sartzen utziko diat... Utziko al zioagu, Paco?
— Bai —morroskoak.
— Baina bitartean ez hadi hurbildu, ados? Herrian izango duk bibliotekaren bat. Har itzak liburuak han, izango da-eta zer irakurria ugari.
Mamut-eko aparkalekua zeharkatu zuen Oliveirak, bide bazterretik Oreretarantz. Kilometro bat aurrerago, Lartzabalgo futbol zelaiaren parean, bi liburu atera zituen gerritik, praken barrenetik. Izerdituta zeuden, haragiak berotuta: Harkaitz Canoren Beluna jazz eta Norman Mailerren La canción del verdugo. Harrotasunez begiratu zien Oliveirak, eta Gaspar tabernara abiatu zen, bere lagun Oskarrengana. Xakerako irrikatan zegoen.