Kontrarioa
Kontrarioa
2010, nobela
208 orrialde
978-84-92468-19-5
azala: Arrate Rodriguez
Lander Garro
1975, Orereta
 
2014, nobela
 

 

26

 

Idazmakinari estalkia kendu zion aspaldiko partez. Izenburuarekin bakarrik nahikoa lan izango zuela konturatu zen. Zapuztuta idatzi zituen: Bizitza bat margoz; Margotutako bizitza; Gabriela Etxebeste, erbesteko artista; Erbesteko koloreak; Erbesteko paisaiak...

        Kazetariak burutik ezin uxatu zebilen. Idazten hasi orduko agertu zitzaizkion, denak arrapaladan, galdezka. Halako poz txiki bat sentitzen zuen haiek entzutean, baina lan pixka bat egin behar zuen, Paulari zer edo zer erakutsiko bazion.

        — Oliveira jauna!, Oliveira jauna!

        — Orain ez, faborez, nire liburuan sartuta nabil, ez dut beste ezertarako astirik.

        — Oliveira jauna, erantzun bat, arren!

        — Ados, baina galdera bakar bat.

        — Irakurleak zure liburu berriaren nondik norakoak jakiteko irrikatan daude. Aurreratu al dezakezu zerbait?

        — Margolari baten istorioa da. Hori baino ezin dut esan.

        — Margolari bat? Oliveira jauna!, Oliveira jauna!: zein margolari?

        — Irakurriko duzue. Utzi pasatzen, mesedez.

        — Baina, jauna, esaguzu zerbait gehiago?

        — Bizitzari eta sorkuntzari buruzko nobela bat da. Ez daukat esateko beste ezer... Mila esker... Utzi pasatzen, mesedez...

        Letrei sakatzen jarraitu zuen:

        «Zarate jaunak ez zuen deus ere esan lehen aldiz ondoezik sentitu zenean. Zergatik isildu zen, ez dugu inoiz jakingo. Arratsalde hartan Ugaldetxora joango zela arrantza egitera Victor Martinekin, Burgosko bere lagun zaharrarekin, eta ea non zeuden bere botak, horixe galdetu zion Gabriela Etxebesteri. Non daude botak?, esaten zuen behin eta berriz, non daude bota madarikatuak? Baina Gabrielak ez zuen erantzuten, azken koadroa amaitzen ari baitzen, eta koadroak amaitzeko uneak zitalak izaten ziren; bere baitara bilduta egoten zen, gau eta egun, ametsetan bezala. Patatak frijitzen jarri eta ahaztu egiten zituen sutan, nahiz eta etxe hartan patata frijituak beti jaten ziren pixka bat gordin, asko gorritu gabe.

        «Paula bilobak ekarri zizkion botak balkoitik. Kexu artean jantzi zituen Jose Zaratek, balkoian nork demontre utzi zituen marmarrean. Zeuk utzi dituzu, aitona, esan zion Paulak. Zarate jaunak purrustaka segitu zuen: Txorakeriak!, zuek ezkutatzen dizkidazue. Aparailuak hartu zituen gero, aparailuak bakarrik, zizareen kontu Victorrek egiten baitzuen; hantxe ibiltzen zen bere ilobarekin masustak biltzen eta zizareak harrapatzen, neskatilaren gurasoak lanean zeuden bitartean.

        «Bitxia zen Gabrielaren tema mihisearen aurrean. Haren obsesioa olioak nahasteko orduan! Eta gero koadroak senarrak eginak zirela esaten zuen beti. Loria irabazteko lan egiten ez zuen artista bakarretakoa zen munduan. Harro zegoen horregatik. Ezin esan dohatsua ez zenik; zoriontsu bizi zen, bai, batik bat koadroak bukatzeko tenorean, azken detaileak lantzeko trantze liluragarri hartan. Ez dut inoiz koadrorik erakutsiko. Nire intimitate hau hautsiko banu, ez nuke inoiz gehiago pintatuko, esaten zuen, ingurukoek koadroak erakuts zitzan erregutzen ziotenean.

        «Zarate ondoezik sentitu zen, eta hala ere arrantza egitera joan zen lagun zaharrarekin. Gauean itzuli zen bi amuarrainekin: hirurehun gramokoa bat eta handixeagoa bestea, kilo erdikoa. Eskuak garbitu eta botak balkoian utzi zituen, etxea lokatzez ez zikintzearren. Sofan eseri zen, dardara batean hasi zen berehala eta ez zuen inoiz gehiago hitzik egin. Medikuek Gabrielari azaldu ziotenez, garunaren ezker aldea hilda zeukan, ezingo zuen mintzoa sekula berritu. Eta mintzoa ez ezik, mugimendua ere galdu zuen Zarate jaunak. Zerraldo geratu zen betiko, arnasa hartzeko hauspo mekaniko bati lotuta».

        Orriari begiratu bat eman zion Oliveirak. Zigarro bat piztu zuen. Orduak zenbatu zituen: bizpahiru ordu Oskar ikusteko, hogeita hamar bat Paula ikusteko. Baldin eta ez bazen igandean joaten. Ongi pentsatuta, bazuen aitzakia bat: Lezoko fabrikan lanean hasiko zenez, asteburuetan egin beharko zituzten grabaketa saioak.

        Pixka bat zorabiatuta sentitu zen, azkarregi erretzeagatik akaso. Eta izualdi txiki bat ere izan zuen: ez ote zen bera ere betiko zerraldo geratuko, Istorio amaigabea liburuan ateratzen ziren harri-bizidun haien moduan? Zaraterengatik enpatia sentitzen zuen estreinako aldia zen hura. Noizbait gizaki bizia izan zen, jakina, baina arrantza kontu haiek asmatu arte ohartu gabea zen Oliveira, zinez konturatu gabea alegia. Loaldi zoriontsuan izango zen agian... Handik ateratzeko oihu egiteko gogoz beharbada... Auskalo. Medikuek osoki lokartuta edukiko zuten, dudarik ez, botiketan ezkutatutako pozoi harekin guztiarekin. Horrexegatik eskatu zion batere kezkatu gabe Gabrielak, zaintzeko zaharra farmaziarako joan-etorria egin bitartean.

        Idatzitako lerroak astiro irakurri zituen Oliveirak. Ez zitzaizkion hain txarrak iruditu. Ez, ez zen txarra, arranoa! Ongi zegoen arrantzaren kontu hura, amerikar samarra. Pepelu ustel horri eskertu beharko zion lanpernen kontua aipatu izana. Eta Victorrena eta bere ilobarena ere ez zen txarra: jokoa eman ziezaiokeen aurrerago. Gogo biziz zegoen amona-biloben ahotik istorioa oso-osorik entzuteko. Gero flashbackak erabiliz idatziko zuen Argentinako egonaldia, Paularen haurtzaroa, bere gurasoengandik aldentzeko unea...

        Ideiarekin eztitan izan beharrean, itota sentitu zen supituki, kaskarreko minez edo. Txikia zen Oliveiraren logela, hain txikia, ezen armairu barruko kanfor kiratsa logela osoan aditzen baitzen. «Logela kutrea daukak, kutxitril puta bat, ukuilu bat!» esaten zion Oskarrek, paretako Spassky eta Fischerren argazkia mirespenez aztertzen zuen bitartean. Armairuan gordetzen den horietakoa zen ohea, malguki bigunekoa (ia lurreraino iristen zena ohe purtzil hartan etzandakoan). Nahiago harri gainean lo egin, zulo hartan baino. Bazuen tokia idazmahaia zabaltzeko behintzat, bere nobelari haginka egiten hasi ahal izateko. Guztiagatik, handik ospa egiteko desiratzen zegoen. Lauzpabost soldataren ondoren alokairuan bilatuko zuen zerbait. Eneko bezala biziko zen, lastaira handi bat lurrean botata, gela diskoz eta liburuz josia, katu pixontzi bat eta txoko zabal bat bere idazmakinarentzat. Paula ekarriko zuen etxera, musuak emango zizkion sudur okerrean, berriketan jardungo zuten gaueko ordu txikiak arte.

        Noizbait amaren etxera itzuliko zen bisitan, Pontikara, auzunera. Gozodendako Mertxe hurbilduko zitzaion, Gardeli bezala, berak egindako opilak eskaintzera. «Oso atsegina zara, mila esker!», esango zion Oliveirak; «Zoragarria da barrioko mutil bat horren famatua izatea», esango zuen Mertxek; «Ez da hainbesterakoa; egunkarian ateratzen naute tarteka, besterik ez».

        Jaka eta txanoa jantzi zituen. Egongelatik pasatzean bizkarrez ikusi zituen burusoila eta ama, biak sofan eserita, futbol partida bati begira. Zergatik ote zeuden horren tente? Zer axola zien partida hark? Atepean geratu zen Oliveira: zaila zen gizon harena baina lepo aproposagorik aurkitzea aizkoraz mozteko. Ezingo zuen hutsik egin! Halako lepotzarra erauzteko motozerra bat lortu beharko zuela pentsatu zuen ondoren, eta gorputzetik askatutako buruak izango zuen pisua kalkulatu zuen azkenik: Iñaki Perurenak sorbalda gainera bildu ohi zuen harri biribil haren parekoa bai.

        Oliveirak zorabio moduko bat sentitu zuen, sukarra balu bezala. Agur esan behar ote zien jakin gabe alde egin zuen Gaspar tabernara, lagun zaharrarengana. Xakerako irrikatan zegoen.