Kontrarioa
Kontrarioa
2010, nobela
208 orrialde
978-84-92468-19-5
azala: Arrate Rodriguez
Lander Garro
1975, Orereta
 
2014, nobela
 

 

18

 

Egunkaria-n irakurria zuen Internet izeneko zerbait bazela, mundu osoko jendearekin harremanetan jartzeko balio zuena. Mundu guztiaren ahotan zebilen Internet: etorkizuna zen. Noizbait Internetik ez izatea, etxean «argindarrik ez izatea bezalakoa izango zen» artikuluaren arabera; apenas ordenagailu aurretik mugitu gabe egingo genuen lan urte gutxiren buruan mendebaldarrok; egunkaria ere Internetez irakurriko zuen mundu guztiak, erosketak ere halaxe egingo ziren, munduko edozein herrialdetako lagunekin harremanetan jarri... Baina Oliveirak ez zeukan ez ordenagailurik ez (noski) Internetik. Olivetti elektrikoa erabiltzen zuen idazteko. Gela osoa orri soltez beteta zeukan, ez baitzeukan idazten zuena nolabait ordenatzeko gaitasunik. Halako batean idatziren bat aurkitzen zuen eta, irakurtzen zuenean, ez zuen jakiten egiaz berak idatzia ote zen. Batzuetan onegia iruditzen zitzaion (harrigarria), beste batzuetan txarregia (lotsagarria). Orria hausten zuen penarik gabe.

        Bazegoen, ordea, Iztieta auzoan toki bat ordenagailuak erabiltzeko. Ez zen ezer ordaindu behar, Aldundiak edo halakoren batek jarria baitzen. Ez zen jende asko joaten; ikasleak eta informatika zaleak, asko jota. Atez-ateko liburuan eta plastiko injektatuaren bidea uzteko atea ikusten zuen Oliveirak ordenagailuen mundu hartan. Piztu, idatzi, gorde, itzali: ez zirudien horren zaila. Interneten trabatuz gero aitzindaria izango zen, edo behintzat aitzindarietako bat. Ibainet izena zuen ordenagailuz hornitutako tokiak. Ezker-eskuin zeuden konputagailuak, denak errenkan jarrita.

        Pastadun betaurrekoak zituen neska batek atenditu zuen. Internet zer zen jakin nahi zuela esan zion Oliveirak.

        — Eser zaitez nahi duzun tokian. Berehala naiz zurekin. Azalduko dizut nola konektatu behar zaren.

        Ordenagailu aurrean eseri eta zain geratu zen Oliveira. Egoitzan beste neska bat zegoen, ordenagailu aurrean eserita hura ere, aurpegia urdinez argituta. Oliveirari zeharka begiratu zion, bere ondorioak ateratzeko, seguruenik. Bai, berekin larrutan egiteko mutila dirudi; edo ez, ez nuke makila batekin ere ukituko. Interesgarria dirudi; edo, bestela, kirten puska ikaragarria. Ero neurotikoen kastakoa dirudi, kontuz berarekin; edo poeta ameslaria dirudi, ea sarritan ikusten dudan eta lagun onak egiten garen. Ikusi orduko aterako zituen ondorioak, ondorioak ateratzen ditugun abiaduran, errukirako tarterik gabe. Gauza bera egin zuen Oliveirak ere: ordenagailuz betetako egoitzan zegoenez, neska jakintsua izango zela pentsatu zuen; edo ordenagailuak hortz eskuila erabiltzen den erraztasunaz erabiltzen zituela. Kikilduta sentitu zen eta, halako aldartean zegoenez, munduko gauzarik ziztrinena iruditzen zitzaion bere burua. Pasa beharreko trantzea zen lotsa hura guztia.

        Oliveirak bizpahiru minutu eman zituen zain. Pastazko betaurrekoak zituen neska gela txiki batean zegoen, egoitzaren beste muturrean, norbaitekin solasean. Bere tokitik Oliveirak argia baino ez zuen ikusten. Ate txikia zuen gelak, biltegia izan zitekeena. Esaldi bakan batzuk entzuten ziren, eta barreak. Berarekin ahaztuta zegoen agian. Baina ez, agertu zuen burua halako batean.

        — Piztu al duzu ordenagailua? —galdetu zion beste puntatik.

        — Piztu? —esan zuen Oliveirak, ordenagailua zen kaxa zurian start edo on botoiaren bila.

        Beste neskaren atentzioa piztu zuen, ez ordenagailua. Oliveirak urduritasuna ezkutatzeko ahalegina egin zuen:

        — Non dauka honek botoia? —galdetu zuen, honek hitza nabarmenduz, esanez bezala nik ere badaukat halako tramankulu bat etxean, baina botoia beste nonbait duenez, hau ez dakit pizten.

        Ibaineteko arduradunak burua gelatxoan sartu zuen, barruan zegoenari zerbait esan zion, eta orduan beste neska bat irten zen, aurrekoa baino txikiagoa.

        Paula zen! Segituan ezagutu zuen.

        Ikusten zuen hirugarren aldia zen. Patua hizketan ari zitzaiola pentsatu zuen. Umetan halako izkinaraino autoa baino lehen iritsita Nagore edo Dorleta berarekin maiteminduko zirela pentsatzen zuenean bezala.

        Kortesiaz agurtu zuen Paulak Oliveira. Ordenagailua pizteko kaxa zuriaren atzean sartu zuen eskua. Argi batzuk azaldu ziren pantailan, eta gero letra eta zenbaki batzuk. Une batez itxaron zuten. Letren eta zenbakien joan-etorria geratu zenean, ikono batzuk agertu ziren hondo urdin baten gainean. Neskak xagua hartu zuen, besoarekin Oliveiraren gorputza inguratuz.

        — Aitonaren txanoa al da buruan daukazuna?

        — Gabrielak oparitutakoa.

        — Ez al duzu kendu behar?

        Zergatik tematzen zen mundu guztia txanoa burutik kentzen; horra urtea hasteko beste galdera apropos bat.

        — Explorer-en laburdura da e hau; hau da, Windowsen nabigatzailearena —esan zuen astiro Paulak.

        Oliveira ez zegoen ez adi ez erne. Txanoa kendu zuen, ilea nahasi zuen eskuaz.

        — Ordenagailu guztietan ikono hau aurkituko duzu —jarraitu zuen Paulak—. Ikonoari bitan sakatu eta Interneteko sarbidean izango zara. Pasahitza eskatuko dizu seguruenik. Ea asmatzen duzun hemengo pasahitza.

        Oliveirari ez zitzaion ezer bururatu.

        — Ez dut asmatuko.

        — Ibainet —esan zuen Paulak—. Ez da zaila, ezta?

        — Lapur batentzat oso erraza.

        — Guk, adibidez, Google izeneko bilatzailea erabiltzen dugu. Berria da, baina oso erabilgarria. Googlen hitz bat idatzi eta Interneten hitz hori bilatzen lagunduko dizu. Galderarik?

        Oliveirak ez zuen ezer ere ulertu.

        — Ez, argi geratu da —esan zuen.

        Paula gelatxora joan zen aldakak mugitzen. Ordenagailu aurrean geratu zen Oliveira. Ez zekien, egiaz, zer bila zezakeen Google horretan. Ez zitzaion ezer galdu. Egunkaria-ko artikuluan posta elektronikoaz zerbait irakurri zuen: erabiltzaileek elkarri bidaltzen zizkioten gutunak omen ziren. Baina berak ez zekien gutunak idazteko zer bilatu behar zuen. Gutun bat idaztekotan, hartzailerik ere ez zeukan.

        Umetako M hura gogoratu zuen. Oskar falta zuen, ordea. Laguna madarikatu zuen; gehien behar zuenean, orduan desagertzen zen. Jaka kendu gabe zegoen. Sartu, eseri, zain egon. Ez zuen besterik egin. Beste puntatik ahotsak entzuten zituen. Betaurrekodunari zer edo zer kontatzen ariko zitzaion Paula. «Nire laguna, badakizu, Laura, komunera eraman zuen, eta berarekin larrutan egin ondoren ba al dakizu zer egin zuen? Ilea erre zion! Zoro putaseme horrek!». Ez, neskek ez dute horrela hitz egiten; nazkagarri edo urde erabiliko zuen. Urde horrek.

        Jaiki eta korrika alde egitekotan zela, Paula hurreratu zitzaion berriro. Oliveira lehen urratsean geratu zela deskubritu zuen.

        — Lagun bati mezu bat idatzi nahi diot —esan zuen azkar, guztiz galduta zegoela ezkutatzeko asmoz.

        — Ongi da. Zein da bere helbidea?

        — Osorik esan behar dizut? —galdetu zuen Oliveirak harrituta.

        — Bai, noski —esan zuen Paulak, irri eginez.

        Irri atsegina izan zen, gaiztakeriarik gabea. Lehen aldia zen Paularen irria ozpinik gabe ikusten zuena.

        — Aita Donostia kalea, 16 zenbakia, 3.C —bota zuen Oliveirak.

        Eskuaz aurpegia estali zuen Paulak, barreka. Beste puntako neska ere berdin. Betaurrekoduna gelatik irten zen, gertatzen ari zena asmatu nahian. Amesgaizto batean zegoela pentsatu zuen une batez Oliveirak. Baina barreak egiazkoak ziren.

        Esandako helbidea buruz errepasatu zuen: Aita Donostia 16, 3.C. Ongi esana zegoen: Aita Donostia 16, 3.C; Aita Donostia 16, 3.C.

        — Helbide elektronikoa, motel!

        Oliveirak ia xuxurlaka esan zion Paulari:

        — Bidali lasai helbide horretara, iritsiko zaio.

        Barreak algara bilakatu ziren.

        — Txistea zein den jakingo banu —haserretzen hasi zen Oliveira—, zuekin egingo nuke barre.

        Ziztuan alde egin zuen Ibainetetik, neskek halako malezia izan zezaketenik ezin sinetsita. Zer egin zezakeen? Txipez eta kableez betetako zerritoki hura erre, Lancrek sorginak erre zituen bezalaxe. Makila batekin hara sartu eta konputagailuak banaka txikitu. Bizitza osoa bizi beharko zuen arantza horrekin. Zahartzaroan ere gogoratuko zen, eta Oskarri kontatuko zion, gurpildun aulkitik gurpildun aulkira, xake partida amaiezin horietako batean. Orduan Oskarrek pardela bustitzeraino barre egingo zuen, alprojak.

        Kalearen amaierara iritsi zenean, ordea, esku bat sentitu zuen sorbaldan.

        Paulak ez zuen askorik erregutu behar izan. Barkamena eskatu zion. Larruzko jaka, jeans urdinak, antezko bota motzak; han zegoen, bere aurrean, aspaldi ikusitako neskarik ederrena, beragatik lasterka ehun edo berrehun metro eginda. «Gorroto dut kirola» esango zukeen galdetuz gero. Ahots sendoa zeukan, edo sendo hitz egiten zuen behintzat (fedea zeukan esaten zuen horretan, amonaren leinukoa zen).

        — Zerk eragin dizue barre egiteko gogo txoro hori?

        — Goazen kafe bat hartzera.

        — Zuk pagatzen baduzu, bai.

        — Zure gabezia teknologikoak ikusita —esan zion Jaizkibel tabernan—, hobe izango dugu esertzea.

        «Gabezia teknologikoak», pentsatu zuen Oliveirak, «filmetan bezala hitz egiten du». Zalantza une bat antzeztu zuen, modu duinean bere iritziz. Ez zuen antsiarik agertu nahi.

        Hasteko azaldu zion Interneten ez zegoela postaririk, dena birtuala zela. Internetez bidaltzen zena Internetez jasotzen zela, alegia. Horixe zela Interneten berrikuntza, horixe zela Internet jendearen artean ezinbesteko bilakatuko zuena.

        — Zure lagunak helbide bat izango du, baina Interneteko zerbitzariren batek emandakoa, helbide fikziozko bat, alegia, informazio hutsa dena, ez adreiluzkoa —esan zuen.

        — Nire lagunak nahikoa du bere etxeko helbidea oroitzearekin.

        — Orduan ezin diozu mezu elektronikorik idatzi. Biek izan behar duzue helbidea: zuk bidaltzeko eta berak jasotzeko.

        Gero atarien kontua azaldu zion, baina Oliveira zorabiatu egin zen.

        — Ez nekien informatikaria zinenik.

        — Ez naiz informatikaria. Argentinako sendiarekin hitz egiteko hasi nintzen Internet erabiltzen. Ondoren Aldundian lana lortu nuen, baina hezitzaile modura. Ibainet sortzean hona bidali ninduten, informatikaz zer edo zer ote nekien kontuan hartu gabe. Gutxi nekien eta orain ere gutxi dakit, baina azkar ikasten dut.

        — Barkatu beste egunekoa —zintzotu zen Oliveira—, ume batek bezala jokatu nuen. Beranduegi zen, badakizu.

        — Ni hasi nintzen, zera, badakizu, irainka eta.

        — Zer moduz zure laguna?

        — Zein?

        — Zure lagun... ttattarra, ile kizkurrekoa.

        — Gasparren ezagutu nuen, ez dakit nor den ere. Itziar izena zuen. Ez dakit gehiago.

        — Hantxe geratu zen bakarrik— esan zuen Oliveirak.

        Zapata bakoitzean kolore bateko lokarriak zituen Paulak. Hankak bularreraino ekarrita esertzen zen, botak aulkian igota. Nesken malgutasuna.

        — Harrigarria egiten zait zurekin builarik egin gabe hitz egitea, uste nuen beti zinela haserre.

        — Ez daukat amonaren umore ona, ez.

        — Nire lagun Oskar dirudizu... hura beti ibiltzen da kargadorea beteta, badakizu, tiro egiteko prest.

        — Eta zu, etxeko alaitasuna al zara?

        — Keba. Ez naiz plantak egiten hasiko.

        — Bakeak orduan —esan zuen Paulak, eta mototsetik kanpo geratutako ile xerloak belarri atzera eraman zituen herabe.

        Gabrielaren begi elkartuak zituen, bere aho txikia.

        — Hezitzailea zara orduan.

        — Bai.

        — Beldurra ematen didate hezitzaileek.

        — Zergatik?

        — Oso zaila naiz hezteko. Hezkuntza garaia oso traumatikoa izan nuen. Ezin nintzen kontzentratu, asko aspertzen nintzen eskolako datu eta zenbaki horiekin guztiekin. Azterketa garaian goizeko ordu txikiak arte egoten nintzen esna, baina nobelak irakurtzen! Oraindik ikastolako usaina gogoratzen dut... amesgaiztoa izan ziren urte haiek.

        — Ez dago hezteko pertsona zailik, sistema da huts egiten duena.

        — Nahiko alferra nintzen, egia esateko.

        — Alferra?, ez dut uste.

        — Eskolan lo geratzen nintzen askotan, irakaslearen hitz jarioak kulunkatuta edo. Behin batean irakasleak, Simon izeneko batek, besotik heldu eta garrasi batean esnatu ninduen. Zer kristo? galdetu nion, eta hark esnatzeko, eskolan geundela. Denak begira, badakizu, eguneko ikuskizunaz gozatzen. Besotik helduta eraman ninduen korridorera. Komunean sartzean ubela neukan hemen goian, zerri haren indarragatik. Eta badakizu zer egin nuen?

        — Ez.

        — Eskolako barandan lotu nuen bere Citroënaren paratxokea. Autoa abian jarri zuenean paratxoke gabe joan zen. Astebeterako bota ninduten institututik. Baina hura oroitzean hartzen dudan poza ez dit inork kenduko.

        — Harrigarria egiten zait eskolan huts egiten duen jendeak zein iritzi txarra izaten duen bere buruaz. Eskolaz gaizki hitz egiten dute, badakitelako eskolak bazuela arduraren bat, baina azkenean beti esaten dute eurak direla errudunak. Eskola ongi moldatzen da ikasleen buruetan erru sentimendu hori uzteko. Ia denei gertatu zaigu gaitasunik gabeko irakasleekin behin eta berriz topo egin beharra, denok dakigu han ez zegoela ezer irakasteko bokazioa zeukan ia inor, baina azkenean eskolaren izen ona edo ospea gailentzen da. Konturatu zara horretaz?

        — Ez orain arte.

        — Orain dirutza irabazten ariko bazina, eskolaz iritzi okerragoa izango zenuke eta hobea zure buruaz. Baina herrenka ibiltzeak beti uzten du kontzientzia txarra. Azkenean norberak bere buruari errua egotzi beste biderik ez du aurkitzen.

        — Eta zuk nola dakizu zein iritzi dudan nik neure buruaz?

        — Ez dakit. Nire aldamenean jende asko ikusi dut porrot egiten, baina haiek izaten ziren gelako onenak, irakasleei aurre egiten ausartenak, matxinatzen zirenak. Aurrerago haiekin hitz egitean, ordea, zera oldarkor hura ahaztuta ikusten ditut, frakaso sentimenduak irentsita. Pena da.

        — Zuk ikasketak amaitu zenituen?

        — Unibertsitatera joan nintzen, baina kafetegian ematen genuen eguna, musean.

        — Ba al dakizu musean?

        — Erraza da gezurrak esatea, ezta?

        — Ez. Artea da. Artista bat zara!

        — Gezurretan dakidalako?

        — Ez, musean!, joder, musean.

        — Ez nuen imajinatuko mutil batek nire abilidadeen artean musean jokatzen jakitea goraipatuko zuenik.

        — Musean jokatzea handia da —azpimarratu zuen Oliveirak, bere bizitzan halako egiarik esan izan ez balu bezala—. Musean eta xakean jokatzea, eta gauza ederrekiko interesa izatea: horiexek dira gizaki izateko baldintzak.

        — Gauza ederrak?

        — Bai... gauza ederrak.

        Lehen aldia zen Oliveira Jaizkibel tabernan sartzen zela. Seko itsusia zen, lurrean irrist ez egiteko zerrautsa daukaten horietakoa. Telebistan futbol partida baten marmarra entzuten zen. Partidari begira zegoen tabernaria, aho ertzean txotxa jarrita, bezero batekin jokaldirik txarrenak komentatzen.

        Ez zirudien eszenatokirik egokiena maitasunaz hitz egiteko.

        — Lotsa pixka bat ematen dit zertaz ari naizen azaltzeak, egia esan.

        — Utzi, orduan.

        — Hobe, bai.

        Pintxo gutxi batzuk zeuden barran. Denak hestekiak: txorizo mutur lodiak, saltxitxoia, urdaiazpikoa... Beste izkinan gizon mehar bat makina txanponjalean, tarteka «qué hijaputa» esaten zuena.

        Oliveira ohartu zen, Paulak hitz egitean ezkutatu egiten zuela sudurra, sudur oker hura. Agian norbaiti sudur itsusia irudituko zitzaion. Noizbait esan beharko zion sudur polita zuela, guztietan politena. Baina hori esateko garaia iritsita, agian ez zuen berdin pentsatuko, sudurraz nekatzen hasia egongo zen, eta iritsiko zen eguna sudurra bere maitasun desagertuaren aitzakia izango zena. Beti gertatzen zitzaion gauza bera. Akats txikiak erabiltzen ditugu geurea den hutsunea ezkutatzeko. Akatsak ez dira akats, maitearekin larrutan egiteko gogoa desagertzen den arte.

        — Liburuena —esan zuen Oliveirak—, zera, zure amonak erositako haiek... nire lana da.

        Neskak jakaren kremailera itxi zuen. Ileak mototsean bildu zituen gero.

        — Lan hobea merezi duzu, ez duzu uste?

        — Norbaitek ba al dauka ba merezi duena?

        Hankak luzatu zituen Paulak. Bere buruaz harro egongo zen akaso, mutilari zenbat zekien azalduta ase.

        — Hurrengo baterako pentsatuko dut horren erantzuna.