Kontrarioa
Kontrarioa
2010, nobela
208 orrialde
978-84-92468-19-5
azala: Arrate Rodriguez
Lander Garro
1975, Orereta
 
2014, nobela
 

 

14

 

Afaria bakean amaitu zuten behintzat. Gutizia haiek ipurdiarekin konparatu izanak Pepelu isilarazi ondoren, Maitek ironiaz esan zuen Oliveirak idazle izateko ametsa zuela, eta barkatzeko zatarkeria hura. Oliveirak ez zuen barkamenik eskatu, irri modukoa zintzilikatu zuen ezpainetatik, cavaz topa egin arte kendu ez zuena. Pepeluk zerbitzatu zituen hiru kopak, hatz lodia botilaren ipurdian sartuz: «Hala zerbitzatzen dute jatetxe onetan». Eta gero botila osoa hustu zuen amen batean. Maitek bonboi kaxa bat atera zuen, erreparo apur batekin begiratu zion Oliveirari, etxe hartan txokolatea beretzat erosten baitzuen; kanpoko gonbidatua zegoenez eta denek jango zutenez, akaso «Zuk ere jan dezakezu» esan beharko ziokeen semeari, baina ez zion esango, gauza horiek euren artekoak ziren eta. Maitek ale bat ahoratu zuen, balio handiko gauza txiki bat hartzen ariko balitz bezala, leuntasun noble bat antzeztuz. Oliveirak ez zuen okasioa alferrik galdu: mordoxka bat atzeman zituen eta jakaren patrikan sartu.

        Oskarrengana abiatu zen Beraunerantz. Dotore zihoala iruditu zitzaion Gabrielaren txanoaz estalita. Pentsatu zuen banitatea sentimendu txoroa dela, baina aldartea bestelakotzen duela benetan. Itsusi sentitzen zenean konkortu egiten zen, gorputzaren barruan ezkutatu nahiko balu bezala, eta ongi ikusten zenean, aldiz, kanpaien moduan ibiltzen zen dinbili-danbala, zeruko zerari begira.

        Etxetik irten aurretik paper batean idatzi zuen: «Xakea ez da joko bat». Soka bat lotu zion orriari, Oskarrenera ailegatzean paparrean zintzilikatzeko.

        — Urteberri on! —oihukatu zuen Albertok atea zabaltzean.

        — Ba al dakik zenbat bider ikusi dudan etxetik hona 1999 zenbakia? —esan zion Oliveirak.

        — Ez zakiat. Ehun?

        — Berrogeita hiru!

        — Eta paparrean daramaan hori?

        — Urte honetarako leloa: «Xakea ez da joko bat».

        — Zer ostia da ba?

        — Oskarri galdetu.

        Sukaldean Oskarrek eskuz eta Aliziak musuz agurtu zuten. Rakel, Oskarren ama musika jogailuaren aurrean makurtuta zegoen, betaurrekoak sudur puntan, botoiari sakatzear, tentuz, mapa batean herrialde txiki-txiki bat seinalatzen dugunean bezala. Hankaz gora zegoen sukaldea: xanpain kopak, txokolatezko turroia, plater erabiliak, ogi papurrak, polboroien estalkiak, zapiak meta bat eginda. Eta mahaiaren bazter batean: karta jokorako tapetea, kartak eta harriak. Zoriona.

        — Zer daramazu paparrean? —galdetu zion Aliziak.

        — Mundua aldatzeko leloa: «Xakea ez da jokoa».

        — Niri adarra jotzeko jarri du, Alizia. Ongi Raul, primeran hasi duk urtea.

        — Halaxe aterako nauk kalera!

        — Ez nirekin.

        — Ba orduan Albertoren lagunekin.

        Buddy Hollyren ahotsa entzun zen, dantzan hasi zen Rakel, eskuak pistola bilakatuta, airera balak jaurtiz. Every day it's a-gettin' closer, goin' faster than a roller coaster, love like yours will surely come my way, a hey, a hey-hey abestu zuen. Eta denek segitu zioten, mahaiari itzuliak ematen, Oliveira besotik heldu eta zutitzera beharturik, Every day, it's a-gettin' faster, everyone says go ahead and ask her, love like yours will surely come my way, a hey, a hey-hey kantuan denak. Oliveirak Every day besterik ez zuen esaten, eta amaierako a hey, a hey-hey. Oskarrek eta Aliziak ez zekiten askoz gehiago. Rakelek oso-osorik, ingeles negargarrian baina grazia xarmangarriaz.

        Rakelek bere seme Alvaro bahitu zuen, indarrez altxarazi eta estu lotuta dantzatzen hasi. Oliveirak kopa bat xanpain hustu eta sukaldean barna zebilen trena hartu zuen, mahaiari itzuliak egiten jarraitzeko: Every day seems a little longer, every way, love's a little stronger, come what may, do you ever long for true love from me? Emakume txikia zen Rakel, kaskarin eta txinparta. Ez zuen rocka entzuteko itxurarik, baina musikaz Oliveirak baino gehiago zekien; Kenny Rogers eta Joan Baez entzuten zituen.

        Eseri eta kartak nahasi zituen Oliveirak, buruaz musika laguntzen, metronomo bihurtuta, Rakelek ez zezan goibel zebilenik susmatu. Antzemanez gero, dantzaz konpontzen saiatuko zen (askoz okerragoa izango zen sendabidea); berriz jaikiaraziko zuen, mahaiaren inguruan zanpantzarrena egiten jarri, berriz ahalketu. Kanta amaitzean txalo egiten zuten denek, eta mahaian eseri ziren kartetan hasteko. Baina Bobby Vintonen ahotsa entzun zen orduan; jaiki egin ziren atzera, txito marrantadunak bezala kantatu. Roses are re-e-ed, violets are blu-u-ue... Oskar nota guztiak banan-banan huts egiteko ahalegina egiten ari zela zirudien, baina ez zuen horregatik damurik agertzen. Hunkituta zegoen Oliveira, bazuen zerbait Vintonen ahots hegalari hark. Nahitaez jartzen zuen Oliveira aldamenekoekin batasunean, denek gozatzen baitzuten musika harekin, eta denak zeuden hunkidura berak harrapatuta, bortxatuta. Familia harekin zerbait lohia egiten ariko balitz bezala sentitu zen.

        Eseri zirenean Oliveirak beste kopa bat xanpain hustu zuen, bonboiak atera zituen, Olentzero aipatu zuen esaldia amaitu gabe, halako moduz non denak begira geratu baitziren baina zer esan zuen argi ulertu ezinik.

        — Hau hiretzat —Alvaro Mutisen nobela laga zuen Oskarren ondoan.

        — Zer demontre... Zer duk ba?

        — Raketa bat, zera!, ez al duk ikusten liburu bat dela?

        — Ireki gabe nola jakingo diat ba!

        — Nik ez zakiat besterik oparitzen. Irudimena falta zaidak.

        — Honekin nahikoa, hi. Mila esker!

        Tramp Steamer atoiontziaren istorioa —esan zuen Oliveirak esker onei muzin eginez—. Helsinki, San Petersburgo, Punta Arenas, Kingston, Orinoko... Jon Iturri kapitaina, Warda gaztea... hortxe zagok dena...

        Periodiko papera puskatu zuen Oskarrek, besarkada bat eman zion. Malko baten printza ihesi zitzaion Rakeli.

        — Hi, eskua sartu gabe! —protesta egin zuen Oliveirak.

        — Hi haiz tipoa! —esan zuen Aliziak txeratsu.

        Segundo batez isilik geratu ziren denak, eta Oliveira oparia ekarri izana madarikatzen hasi zen: gorroto zuen besteak mileskerka hastea. Ohitura falta zuen horretarako, begietara irri eginez begiratzeko eta halako kontuetarako. Zorionez kartak nahasten hasi zen Alberto:

        — Orain hasten ez bagara, kalera joango naiz. Ez dut zazpi bider esango.

        Norekin eta harekin jarri zuten Oliveira, noski: etxeko txarrenarekin. Ez zuen kexatzeko betarik izan.

        — Utzidak niri jotzen —eskatu zion Oliveirak.

        — Lasai, Oliveira —erantzun zion Albertok betaurreko okertuekin—, hauek ez zakitek jokatzen.

        Alizia zintzoegia zen musean aritzeko. Intuizioa zuen besteen purrustei antzemateko, baina ez zeukan gaiztakeriarik, aise antzematen zitzaizkion gezurrak. Jokalari segurua zen, ez zen berotzen, atzera egin behar zenean patxadaz egiten zuen, gizonkeriarik gabe. Oliveirak eta Oskarrek ez zuten Aliziaren hoztasuna izatearekin ametsik ere egiten. Urguilua eta taktika, biak nahasten zituzten.

        Oskarrek handira eta txikira bietara jotzen zuen beti, ohitura txar hori zeukan. Oliveira bere onetik ateratzea lortzen zuen. Gauza jakina da, mus jokalari bat bere onetik ateratzea dela taktikarik onena.

        Oliveirari tantoak zenbatzeak ematen zion plazera, batik bat hauek ugariak zirenean. Jilito osaba zirudien, aberats, tantoak ondasunak balira bezala. Oso arin egiten zituen batuketak, eta batzuetan susmo txarrak sortzen zituen.

        — Handiatatxikiahiru, pariabat'tadupliakhiru-sei, jokoatajokoalau-hamar.

        Orduan Oliveirak tanto metatxoa seinalatzen zuen eta Albertori bi harri hartzeko agintzen zion, hitzak garden ahoskatuz. Eta horrek bere onetik ateratzen zuen Oskar.

        Biek beren arma txikiak erabiltzen zituzten elkarri zirikatzeko.

        Baina gau hartan urria izan zen partidaren epika. Oliveira mozkortuta zegoen: kartak ganoraz kudatzeko ahalmenik ez, Albertoren harri galduak berreskuratzeko nagikeria... Amaren bikotekide berriak ere aztoratuta zeukan, burusoil harroputz iruzurgile hark. Pepelu madarikatu horrekin zer egin pentsatu beharko zuen urte hastapenarekin batera.

        — Zer moduz dabil ama? —galdetu zuen Rakelek, xanpain kopa eskuan.

        — Utzi Oliveira jokoan trankil, ama— eskatu zion Albertok.

        — Ongi. Umore arrastorik gabe, beti bezala —mikaztu zen Oliveira.

        — Gaizki pasatu du aitaren heriotzaz geroztik. Eta lehendik ere bai. Asko sufritutakoa da.

        — Ama, arren— agindu zion Oskarrek, begiak kartetatik aldendu gabe.

        — Pareak bai— Albertok.

        — Bai —Aliziak.

        — Bai —Oskarrek.

        — Ez —Oliveirak.

        — Gaizki pasatu du, bai... —Rakelek bere artean.

        Berehala amaitu zuten partida. Azkeneko jokaldian Albertok hordagoa galdu zuen Oskarren aurka: bi errege eta bi seiko, hiru zazpikoren aurka (hogeita hamaikarekin!). Handira paso eginda eta Oliveiraren txikirako enbidoari eutsita engainatu zuen anaia. Lege zaharra, muslariaren lehen araua: aurkariari baztertu ezingo duen amua jartzea, eta besteak amua irenstea.

        Minduta zutitu zen Oliveira, beti amorratzen zen porrotean. Irrikan zegoen Oskarri amaren nobioari buruzko kontuak azaltzeko, ordea, eta ezetz esan zion errebantxari.

        — Nola kristo joango haiz errebantxa eskatu gabe —haserretu zen Alberto.

        — Eguberriak dituk.

        Oliveirak jaka jantzi eta bufanda lotu zuen lepoan. Zigarreta piztu eta albo batera jarri zuen ezpainetan, detektibe gogorren tankeran, eta pentsatu zuen zaila zela dotoreago egotea. Txanoa, jaka, bufanda eta zigarreta: Belmondo bera zirudien!

        Agudo abiatu ziren zentrora, Azkena tabernan speed gramotxoa hartu eta Zumardira joateko asmoz. Han ikastola garaiko gizajoak pairatu beharko zituzten, institutuko ezagun astunak, algara faltsu haiek. Tabernaren bateko izkinan jarriko ziren, disko jartzailearen musika kritikatzen eta ertaintasun hura guztia deitoratzen.

        Azkenara bidean Pepeluren berri eman zion Oskarri. Kontatu zion zizare batzuekin erosten saiatu zela; lehen aldia zela bizitzan norbait horren argi bera erosten saiatzen zena, ez inguruan jende zuzena izan ohi zuelako, baizik eta inork ez zuelako halako lanik hartu.

        — Sosak izango ditik. Zizare horiek urrea balio ditek —esan zuen Oskarrek.

        — Beste garai bateko gizona duk, El dúo dinámico-ren eta Peugeot 505aren garaikoa. Bera ikustea denboraren makinan jauzi handia egitea duk. Badik zerbait nostalgikoa, zuri-beltzaren garaikoa. Alaia zirudik, jendezalea... baina egoskor puta bat duk, beti arrazoia duten ezjakin horietakoa. Miserable gezurti eta bizizale bat. Tipo horrek... nire aitaren ohean lo egingo duela pentsatze hutsak...

        — Nire aitaren ohea? Nire aitaren etxea esaten ariko bahintz bezala...

        — Aitaren ohea duk, joder —esan zuen Oliveirak, pixka bat oreka galduz.

        Besotik heldu zion Oskarrek:

        — Hire aita hil zuan. Nola izango da ba bere ohea? Ohea amarena duk, sar dezala bertan nahi duena!

        — Sar daitezela ohean euren zizare horiekin...