Kontrarioa
Kontrarioa
2010, nobela
208 orrialde
978-84-92468-19-5
azala: Arrate Rodriguez
Lander Garro
1975, Orereta
 
2014, nobela
 

 

23

 

Ibaineteko atariaren parean itxaron zion Paulari. Ilea mototsean bildua, jaka motz bat, galtza estuak (ipurmasailen aldarri). Eskuaz keinu egin zion Oliveirak. Paulak errepidea gurutzatu zuen, burua bufandan ezkutatuta.

        — Kafe bat hartuko dugu? Grabagailua lortu dut. Elkarrizketa egiteko prest nago.

        Txiki tabernara joan ziren. Bidean sentitu zuen Paularen lasaitasuna. Ez zen segituan defentsiban jartzen diren horietakoa, kafe bat hartzeko gonbita egin eta harekin ezkondu nahi zenukeela uste dutenetakoa. Inurritegia zirudien tabernak poteo orduan, baina hondoan bazen mahai bat.

        — Oso arraroa da nire amonaren eta zure artekoa —esan zuen Paulak.

        — Zer ba?

        — Zu baino mende erdi bat zaharragoa delako, adibidez.

        — Horrek egiten du interesgarri.

        — Nire amonak jendea enamoratzen du. Beti izan du jendea inguruan. Baina abilezia galduta zeukala pentsatzen hasia nengoen. Gertuko jendearekin beti gertatzen da hori: kanpokoen lilura behar izaten dugula zenbat balio duten ohartzeko.

        Txanoak azkura ematen zion Oliveirari, toki beroetan batik bat. Baina ezin zuen kendu, txanoaren forma izango baitzuen buruan. Eskua txanopean sartu zuen, hura kendu gabe azkura baretzeko.

        — Egi-egia esatea nahi baduzu, esango dizut.

        — Ez dakit egi-egia jakin nahi dudan —ikaratu egin zen Paula.

        — Zaude —esan zuen Oliveirak, enigma bat deskubritzeko moduan—. Beti izan dut nire zilborrari begira ibiltzeko joera. Halakoa naiz: ez naiz harrotzen. Lepoko mina ere sentitzen hasia nintzen, nire buruaz gogaitzen hasia nintzen, badakizu; eta, halako batean, beste norabait begiratzeko keinua irakatsi zidan zure amonak. Ez nuke esoteriko jarri nahi, Coelho eta halako ustelen pare, baina... Ezingo dut ukatu aurkikuntza izan denik.

        — Zure burua ez daukazu tipo interesgarritzat?

        — Horixe da arazoa, badaukadala, baina ez naizela. Irakaspen gogorra da hori, zin egiten dizut.

        Eskuaz sudurra estali zuen Paulak. Zerbait intimoa esatera zihoan:

        — Dudatan ibiltzen naiz ni beti: izango naiz, ez naiz izango; interesgarria esan nahi dut. Arazoak sortzen dizkit duda madarikatu horrek.

        — Axola al zaizu txanoa kentzen badut? Esan nahi dut, zera, ileak katilu formarekin izango ditudala...

        — Kendu lasai, aizu.

        — Bero handia ematen du, eta azkura ere bai —txanoa kendu zuen Oliveirak—. Zure amona bezalakoa zara, interesgarriagoa agian, etorri berbera daukazue biek.

        — Mende erdia falta zait bera bezalakoa izateko.

        — Ez, azkar ikasi duzu.

        — Berak badu alde eszeptiko hori, horren axolagabe egiten duena, denok liluratzen gaituena. Nik ez daukat.

        — Ez nuke halakorik esango.

        — Ez, badakit antzezten, baina ez da benetakoa. Gogor planta bezalaxe: dena itxura.

        Oliveirak ez zuen halako zintzotasunik espero. Ezin zuen aukera alferrik galtzen utzi. Totelka hitz egin zuen, pixka bat urdurituta:

        — Zure gogor planta hori, zera, benetan zoratzeko modukoa da... dotorea eta ikaragarria.

        Begiak kendu gabe begiratu zion Paulak, eta sudurra estali gabe. Noizbait, inoiz harremanetan hasten baziren, maiteminak nondik egingo ote zion ihes, horixe galdetzen zion Oliveirak bere buruari. Bazekien, bestalde, ez zegoela akaso ez-ik. Goiz edo berandu, amaitu egingo zen. Hasi aurretik kezkatu beharra, hura bai marka!

        Makila batez bezeroak uxatu, atea kisketaz itxi eta barra gainean larrutan egin, ez zirudien oso zaila.

        Nor da zure gelako argazkietan sarritan agertzen den morroi hori?, horixe galdetuko ziokeen Oliveirak.

        — Inor joan al zaizue gaur Internet kontuekin aspertzera?

        — Baten bat, bai. Amonak esan dit lanik gabe geratu zarela.

        — A, bai.

        — Zerbait bilatuko duzu?

        — Beharko.

        Kito: trebezia ikusgarria, Oliveirak, sua itzaltzeko.

        — Eta zer egin behar duzu lana bilatu bitartean?

        — Ez dakit. Xakean berandu arte ibili. Zure aitonari buruzko liburua idatzi.

        Oliveiraren oinetakoei begiratu zien Paulak.

        — Aizu, zera, ez nuke nahi zu haserretzerik, baina, tira, nire aitonarena... margolari ospetsua delako kontu hori...

        — Ez al da?

        — Ez da, ez. Hormetan ikusi zenituen koadroak amonarenak dira, berak margotuak. Apenas ikusi dituen inork. Ez ditu inoiz inon erakutsi.

        — Txantxetan ari zara.

        — Ez.

        — Nola izango da ba gezurra!

        Gezurra... ezin esan gezurra denik, gezurra hitzaren zentsu itsusian...

        — Eta zergatik esan zidan Zaraterenak zirela?

        — Lotsagatik. Eta aitonak ezin du kontrakorik esan.

        — Baina nola ezkutatzen du halako obra ederrak bereak direla?

        — Beretzat zirriborroak besterik ez direlako beharbada.

        Kaskarra igurtzi zuen Oliveirak, han erantzunen bat aurkituko zuelakoan.

        — Jose Zarate handia...

        — Handia?

        — Joder, Paula, nik hala esaten nion: Jose Zarate handia, jenioa.

        — Dena txantxa txiki bat izan zen, baina liburuaren kontu horrekin ilusionatuta ikusi zintuenean...

        — Ergel bat bezala geratu naiz.

        Buruko mina, horixe zeukan Oliveirak, eta kasko formaz orraztutako ileak.

        — Gezurrari antzematea ezinezkoa zen.

        — Berdin dio. Zure amona da. Hasi naiz ezagutzen.

        — Baina ez zaude haserre, ezta?

        — Ez, haserre ez, pixka bat jokoz kanpo. Jose Zarate niretzat garrantzitsua zen. Ez naiz plantak egiten ari. Benetan. Orain pertsonaia horren hutsunea nola bete asmatu behar dut.

        Ardoak amaitu zituzten.

        — Ezer gehiago erosi nahi badit, grabagailu bat salduko diot —esan zuen Oliveirak.

        — Erosi?

        — Amonak, badakizu...

        Barre malenkoniatsua egin zuen Paulak. Zutitu eta berokia jantzi zuen Oliveirak. Txanoa zuzen jarri zuen gero.

        — Liburua berdin idatz dezakezu. Ez da ezer aldatzen.

        — Baina nik lehengo Gabriela nuen gustuko: Zarate margolariaren emaztea, senarraren koadroak maite zituena, bere musa...

        — Zer da ba musa izatea? Koadro horiek berak egin ditu! Emakumea delako ez al du liburua merezi?

        — A, orain liburua idatz dezadan nahi al duzu?

        — Bai, noski.

        — Ba idatziko dut... baina zuk nahi duzulako —esan zuen Oliveirak, eskaintzak ezkutatzen zuena Paulak ulertuko zuelako esperantzaz—. Gasparrera noa, lagunekin lotu naiz; etorri nahi duzu?

        Jaka jantzi eta erlojuari begiratu zion Paulak. Neskek beti begiratzen diote uneren batean erlojuari. Beti daude presatuta edo joateko irrikaz.

        — Joan zaitez zu lasai.

        Ez zen ez zurrun horietakoa.

        — Tipo jatorrak dira, ikusiko duzu. Gauero biltzen gara xakean aritzeko.

        — Gauero?

        — Gasparren.

        — Eta biharamunean?

        — Kaixo andereño, zu al zara etxeko nagusia? Universal Fundaziokoa nauzu, unetxo bat besterik ez dizut lapurtuko, ez zaizu damutuko. Liburukote eder batzuk utziko dizkizut, hautsa pila dezaten.

        Sorbaldan kolpe bat eman zion Paulak. Eskua segundo batez han utzi zuen. Oliveirak lotsa irentsi zuen. Paulak bere begiradaz zer esan nahi ote zion, auskalo. Ñabardura horietaz ohartzea ez zegoen Oliveiraren bertuteen artean. Txiki tabernatik irten eta elkarri pegatuta abiatu ziren. Kalea husten hasia zegoen. Patrikan gordeta zeramatzan kaseteak atera zituen Oliveirak.

        — Etxean aurkitu ditut gaur. Duela hilabete pare bat grabatu nituen. Entzun nahi badituzu...

        — Niretzat dira?

        — Gustuko badituzu, bai.

        — Baina niretzat ekarri dituzu?

        Esanarazi egin zion:

        — Bai, oparia dira.

        — Antzerki ederra egin duzu ba: «Etxean aurkitu ditut».

        — Etxean aurkitu ditut-eta!

        Eskuak patriketan gorde zituen Oliveirak. Zer axola zion umiliazio hark? Maiteminduta zegoen.

        — Ba al zatoz Gasparrera?

        — Bai.

        Esan maiteminduta egonik lotsagarri jokatzen ez duen norbait. Ez dago. Pausoa azkartu zuen Oliveirak.

        — Benetan esan didazu koadroak Gabrielarenak direla...

        — Benetan.