15
Uztailaren 31 hartan ekiak zuzen jotzen zuen.
Kamera numerikoaren begiaren bestaldean zegoen Agatak ez zuen argi borobil jazarkoia baizik ikusten. Bakarrik zetorrela, hau da gizongai izendaturik gabe, andere-esposak galdegin zion ospakizunaren filmatzea, horrelako eguna ez baitzen ahanzten ahal; horretarako itxura mugikorrak argazkiak baino politagoak ziren. Agatak manua betetzen zuen soil bezain fermuki.
Jessicak biziko laguntzat hartuko zuen Theo hara eta hona zebilen, hurbiltzen zitzaizkion azkaziak agurtzen. Jessica bere aldetik ibiltzen zen pinpirin, lilitik lilira, izeba zahar eta lehengusu gazteei ongi-etorriak banatzen. Goizaldeko antsiak, dudak, beldurrak eta zalantzak oro ahantziak zituen. Alabaina ile-apaindegian mutu geratu zen eta Sybele edertze-institutuan doi-doia hitz egin zuen, Maritxuk begitarte berria marrazten ziola.
Egun handia zuretzat ez?
Ez dakit. Berdin bai.
Zer duzu ilundura hori? Ezteiak ederrak dira beti.
...Batez ere Euskal Herrian, kantuak dioenez! hitza jalgi zitzaion ziztuka, hortz artetik.
Maritxuk bere ohizko irri erraldoia libratu zuen, ezko arrosa peza bat betazalen gainetik brist-brast ilkitzen ziola, behatza gune xifrituan pausatuz, neskak gehiegi sufri ez zezan. Garrasia auhen bururatu zitzaiola gogoratu zen Jessica, bat-batean Theo osasuntsuaren soa gurutzatu zuenean, tximistaren pare.
Nakoren semea zen Theo, Otsabideko eihera zokoan martxoko eurite batez sortua. Harritzen zen ezkonduko zen arratsaldean oraino, herriko etxe handieneko alabatxia bereganatzeko gai zelako. Harrondoko fama zabala zen. Ardiak, behiak eta Munhotarreko patarretan hazten ziren bi zaldi ere bazituzten. Arraroa zen garai hauetan zaldiak edukitzea. Ardurenean, Patsanean nola astoak atxikitzen ziren, edo bazterren garbitzeko pazoin bati sokaz estekaturiko ahuntzak. Gertatzen zen, udak idorregiak zirenean, belarra eskas eta pittikek korda ausikika hausten zutela. Desagertzen ziren ondikotz. Baina hau beste istorio bat zen.
Zena zela, Theo ez zen laborantzako gauzei biziki interesatzen, ofizioz irakasle baitzen Baionako lehen mailako eskola batean. Umeak maite zituen eta partikulazki bakantzak. Oporretan zakua bizkarrera hupatzen zuen eta, haurtzaroko urteetan bezala, bidez bide abiatzen zen. Ateraldi horietarik baten karietara ezagutu zuen Jessica, eta erran genezake tanpez maitemindu zirela. Anitzen gustuko lasterxka. Halatan, ondoko astean berean, apartamentu amankomuna alokatu zuten Baionan eta geroztik, mundu osoa lekuko, bikotea osatzen zuten. Arropa zuritan apaindu neskaren soa harrapatu zuenean, sabela inarrosi eta ihalozka hasi zitzaion.
Agatak Beinat ikusi zuen solaskide bila. Azkenean honek xanpaina zerbitzatzen zen mahaian Sebas kausitu zuen, mutur, bestan ziren lotsabako haboroxienek burlatzen zutena lana galduz geroztik auhertzat kontsideratuz.
Parisen ninduan iragan uztailaren 14an. Desfilean. Eta ez ditek CGTko zorritsuek ikuskizuna den-medrenik ere nahasi. Telebistak alta iragarria zian!
Zergatik aipatzen didak desfilea? Eni berdin zaidak Parisen ala zakurraren ipurzuloan izan hizan!
Ederra zian, izugarri! Musika militarra, Chirac pasatzen ikusi diat buru-has, bere autoan jendetzari agurka, zaldizko guardia errepublikarrak babestua. Hiru oren iraun dik eta zoratu nauk.
Zoratzekoa bazukean bai! Sebasek ihardetsi zion bakea emak gizon murdukatzen bailuan.
Baina Beinatek segitu zuen:
Beldurra bazian CGTko mandoek desfilea trabatzea lortuko zutela, badakik erretretaren erreforma dela kausa! Badakik zer pentsatzen dudan?
Ez jauna!
Langile puta andana horiek merezi luketela lanean arinaraztea, ez hogeita hamabost orenez astean, baina bai berrogeita hamarrez, gu laborariak ari garen maneran, soldata emendaketarik eta erretreta esperantzarik gabe! Eta hire gisa langabezian direnak behar litezkek bortxatu edozein lanetara makurtzera, auher higatzea baino hobe litekek ez?
Sebasek, haserre, lepotik tinkatu zuen salbaiki Parisko desfilean egon, Chiracen Eliseoko garden-partyan horditu eta MEDEFen katixima bete-betean errezitatzen zion Beinat harroa. Ardurenean, Aljeriako gerlan mihia galdu zuela zerasaten gizona ez zen entzuten. Jessicaren ezteietan hargatik ahoak eman ahala ari zen, atzeman zuen lehenbiziko arroka Sebas zuela. Sebasek ez zezakeen pati: kexu gorrian sartu eta Beinat lurretik hogeita zazpi zentimetrotara altxatu zuen, kolpe motzaz erortzera utzi aitzin. Gorputzeko hezur eta haragi malatsak klaska eta glup ozenkari, gerlari ohia txiki-txiki egin zen Sebasen aurrean.
Jessicaren ezteiak dituk! Lasai mutikoa! Ez gaituk araiz hain gauza gutxirentzat asalduko ez?
Nor da hasi?
Ez palpita mutikoa! Ez dea egia erraten dudana ala? Soik hantxe Peter, gure amerikanoa: jin duk hura ere hain urrundik...
Bake-lehiaz eta amen batean ohartu zen Peterren presentziaz, izualdi gaitza eragin zion Sebasen mamua saihetsetik kantitzen zarraikala.
Jessicaren osaba zen Peter. Seinanen ehortzeten karietara zeukan mercedes animale berdina alokatu zuen Miarritzeko aireportuan hegazkinetik jaistean. Giltza astunekin jostatzen zen. Sakelaratzen zituen, handik jalgitzen, haiekin goiti eta beheiti ari zen, denek ikusteko moduan. Jessicarengana jo zuen, zanpa-zanpa.
Oixu neure oparia xuretako darlin'!
Zer duxu? Afruntatua nuxu! Eztixit horrelakorik mehexi!
Mehexi? Zafraldi ona zinuke mehexi egiazki buhame-ondo batekin ezkontzen baitxira; baina, paso. Ireki ezaxu paketa!
Amerikanoa begiak zulo geratu zen, neskaren eskuek oparia gerizatzen zuen papera eta hari urdin meharra nola ebakiko zuten aiduru. Noiztenka bihurtzen zen eta taberna barnean taldean eleka zirenak hurbiltzera deitzen zituen: Beinatekiko eztabaida antzuan beroturiko Sebas eta Martina, Pierra eta Graxi anai-arrebak, kamera eskuan Agata, Maiana eta emazte blonda bulartsuz beztitua zen Frantxua Artoiz, Gaxton, Jeanne eta Xarles berrogei urteren buruan Paristik herrira bilduak, Ttotte eta zurrunga kimikotik bekan baizik iratzartzen ez zen bere ama gaixoa, Jakes eta Antonetta ezteietako espreski Marseillatik jinak, irudiz mozkorra zen Beinati ihes zebilkion Edmea, Baionako Poternako baratzeetan aterpetzen ziren Kastela eta Thierry eskaleak, urrin txarragatik ostatutik kanpo atxikitzen zirenak, aulki batean malinki estekaturiko alzheimer eritasunak aspaldian ezabatu Maddi Jessicaren amatxia, multzoari juntatu ziren paketearen irekitzen zinpurtzen zen esposaren aldamenean borobil zehatza marraztuz.
Peterrek, herrian eta partikulazki familian, aberats okituaren fama zeukan. Zirudienez, Jessica opariaren agertzen ari zela, zaintsuki, izugarria jaukiko zitzaiela pentsatzen zuten gehienek: Ameriketan gauzak ez ziren erdizka egiten gero! Halaz, urre puska gotor bat emango zion. Edo munduaren itzulia haizearen lau norabideetara egiteko eztei-bidaia baterako hegazkin billeteak. Edo cadillac beilegiaren erosteko elastikaz baturik dolar orlegi metak. Edo berinazko ontzi batean zerratu uranio horaila purruskan.
Hatsa ezpain hegian dilinda zuten eta etsipena zein ustegabe hutsa irakurri zen haien begietan, Jessicak irririk gabe kaxa handitik mila paperetan troxaturiko oihalezko buruko soila atera zuenean. Tristezia mota batek zeharkaturiko begien aurrean, barre bat plegatzen saiatuz, oihala hedatu zuen Jessicak eta ikusi ahal izan zen Kaliforniaren kolorezko karta: beti alerta gorrian zen Malibu iparrean, San Frantzisko, Los Angeles, Hollywood, Santa Barbara eta han, hegoaldeko puntan, Mexikorekiko mugan zegoen Tijuana in Blue. L.A. hizkiak agertzen ziren gunean pausatu zuen behatza Peterrek:
I live in that fuckin' area!
Mila esker osaba. Thanks.
Jessicak buruko anekdotikoa mantalinaren ordez lepoan zintzilikatu zuen. Ama ahuntz-jauzika ondoratu zitzaion, afruntatua:
Ken ezan itsuskeria hori. Mentsa hiza?
Herbail-aulki baten erroten zirri-zarra isila hauteman zuen Agatak, eta Maddi amatxia hor zeukan ondoan, eni, eni, eni kukumixa-oihuka.
Peter Theorengana lehiatu zen:
Haugi mutikoa! Badiat hiretako ere fuckin' zerbait...
Irriz ari zen, gonbidatuak lehen xanpaina godalet meharrak hurrupatzen hasiak zirela. Mokanes brodatuaren gerizan sakelatik jalgi zuena erakutsi zion jendeari.
Ene LAPDko poliziaburu plaka ematen deat boy!
Ez dut ez horren beharrik osaba. Irakaslea naiz ni. Baina hartuko dizut atseginekin ene girgilen gordetzeko.
Ez duk ez gordetzeko, baina papoan zintzilikatzeko.
Senar gaiaren palto beltz distiratsuaren gainean txintxilatu zuen zilarrezko izarra irudikatzen zuen gauzatxoa. Izarraren mamian LAPD idatzia zen. Peter ezin isildua zen:
My fuckin' life... Zazpi urte iragan nizkian Coloradoko basamortuetan ardi kankaila batzuen zaintzen eta gero John Biscay herritarrak Los Angelesera deitu nindian, polizia lanetara. Ehunka gaiztagin arrastatu ditiat ikur hori erakustearekin berarekin. Hogeita hamar urtez ari izan nauk Los Angeles hirian barna autoz barranda, Mike ene lankide beltzaranarekin. Hura Watts auzoan gertatu zen tiroketa batean eho zitean droga trafikatzaile batzuek, eta bakarrik suertatu nintzenean, bulego batean higatu nitian azken urteak.
Uste duka eztei-egun bateko solasak direla horiek Pierra? Kastela zaharra asaldatu zitzaion, eskale zen arren jendetasun apurra zaintzen zuela.
Karkaila amerikano batez lehertu zen:
Ya son of a bich... Eta badakizue zein den ene balentriarik gogoragarriena? Ez, bistan dena. Begira, duela hamarkada bat, James Ellroy zerbitzura hurbildu zitzaigun, El Monte aldean 1958an erail zioten amaren inguruko txostenaren arakatzera.
James Ellroy? xanpaina basoa mahaian utzi eta interesatzen zela zirudien Graxik erran zuen, miresmena ezin irentsiz: Neure Itzal Zatia nobelaren izkiriatzeko xehetasunak zuregandik erdietsi zituen beraz?
Yea... Right. Ya know Ellroy? Alta ez da Etxeko Oilakian sortua! Peterrek trufa zuen lehia, erantsi aitzin: Uste nuen ez zenutela mundua ezagutzen.
Zu joanez geroztik, Euskal Herria anitz aldatu da, ez guk nahi bezainbat, baina aldatu da kamera ezkelduz mintzatu zen Agata. Handik denbora labur barne, mututu zen neska, ortzaizeari beha.
Beinat arrailtzear zen, Graxi Theok eta Peterrek osatzen zuten taldean sartu zenean. Euskal Herriak, nola eta nondik ikusi, bizi edo jasan kanbiamendu erraldoien harkaitzetan lehertzen zihoan eztabaida:
And this fuckin' violence?
Aipatzeak ere ez du balio Graxik motz artekatu zuen, baso bila eta kopetan behera, kanpoko beroa zein ezkaratzeko tepoagatik, isurtzen zitzaion izerdia lehortzen saiatzen zela.
James Ellroy Errioxako ardoaren pare klika-klika irakurtzen zela agertu zion, Star Academy telebistako sariketako lehenetan suertatutako Patxi saratarrak Paul Auster ikaragarri maite zuela, eta zineman Mikel Mooreren Farenheit 9/11 frankok estimatu zutela. Zerrenda luzatuko zuen neskak gehituz demagun berari, eta ez zen norma, Tom Cruise aktorea ikaragarri gustatzen zitzaiola, partikulazki Eyes Wide Shut eta Minority Report filmetan. Ahantziko zuen Susan Sarandon aipatzea. Baina ez zuen ezeren argitzeko astirik ukan hiru arrazoirengatik: batetik Farenheit hitza entzun baiko, haserre gorriak lauhazkatu zuelakoan Peter, bushean higatu urteak gogoan agian, sutsuki Bushen aldekoa baitzen eta Bush leinukoek obratzen zutena errotik begiko zuen, izan Irakeko gerla edo abortuaren legearen ezabatzeko xedea. Hainbeste amodio eta umiltasunen aurrean isildu zen Graxi: ez adiorik Tom Cruise eta Susan Sarandon!
Bigarrenik, Beinat eta Xarles bi auzoak, pataska larrian antzeman zituen, koloreak gorri eta mihiak zintzilik:
Hago isilik, hire uztailaren 14ko desfilearen istorioez axolarik ez diat. Bakea emadak.
Behar hituen soldaduak lerroan ibiltzen ikusi, zinez eder zian, eta ondotik armada motorizatuak, buruen gainetik pasatzen zitzaizkigun airekoen burrunbez lagundurik. Zoragarria zian...
Habil, hoa hemendik.
Iheserako keinua egin zuen Xarlesek, baina Beinatek zerraikan, lelo:
Arratsaldean Arbideko UMPko diputatuaren eskuinaldean nintzela Jacques Chirac lehendakariarekin hitz egin diat. Bihotza pil-pil nian. Hauxe gizona. Jainkoak zain dezala luzerako Frantziako presidentea.
Haize parpaila hori?
Bazauka? Nola mintzo hizan gure presidenteaz? Blasfematzen ari haiz.
Ukabilka elkorra eman zion sabelean. Xarles dolorez plegatzen zela, lasterka lekutu zen Edmearen magalean gerizatzeko. Edmea aldiz Yvonne eta Maianarekin eleka ari zen, Iker semearen egoeraz dudarik gabe, ondorioztatu zuen besteagorik gabe Graxik. Hirugarrenik, ezkaratzeko ahots eta irri burbuila plazara! oihuaz urratu zen.
Jessicak azken soa bota zion aitatxiren lo-gelako mirail handiari. Biloak pixka bat nahas zeuzkan eta gerriko zinta laxo. Theok paltoa estekatu zuen, papoan dilindan zerabilen LAPDko sherif plaka, oihal zuri zatiaz kukutzen entseatu zela. Marisantz auzo lehenak bikotearen irudia ozkan jarri zuen: eskuilaz mutikoaren jantzia xahatu zuen, usain onez perdukatu eta neskatxaren matelan malinki haztuak ziren ile marrak zuzendu zituen. Aperitifa ez zen, ez, bake-unea izan. Jendakiak, ahaideak, azkaziak eta auzoak traputzen zihoazen, zangalatrabatzen edanaren ondorioz. Jaun-andere esposak egiazki arrangura ziren mezaren zabalkundearekiko.
Etxe aitzinean landatu ziren metan, bilintza-balantzaka beha, espantu baizik ez baitzen, Peter amerikanoak nola ilkiko zuen bere mercedes handiegia, herritarren 4L eta R5 herdoildu eta makatuen artetik. Auto erraldoiaren muturra, loiroko asunaldearen maldan zegoen ahe zaharkituaren gainera aurtiki zuen oharkabean.
Need five strong fuckin' men... Zatozte ene laguntzera!
Kaskoan zeraman stetson txapelaz hornitu begitartea leihotik jazarri zuen, suge gaizto gisa bihurdikatuz, orroaz. Ezteiak bertan zirela burutik kendurik, sei gizon azkar plantatu ziren mercedesaren sudur aurrean, eta a-ha, eta a-hi, bultzatu zuten, beribil gaixoaren motorra marraka antzutan akitzen zela. Erraiak eta tripakiak botako zituzten alajainkoa! Hondarrean, garraiogailu astun eta zabalegia asunetarik salbatu zuketen. Ahearen giderrak hegiak marrazkatu zizkion.
Irri bortxatua aireratuz, txoferraren umore beltza eragin zuen gertakari horrek. Baina denborarekin mercedesa berbideratu zen, elizarantz, esposena zetorrela ondotik eta segidan ezkaratzeko atarian, ehun bat burlari muturenak, tipula-kordela melenga antzera, emeki.
Atsean hartu zuketen esposek Herriko Etxekoa eta elizakoa arazorik gabe iragan zelako. Gaxton eta Jeannerentzat salbu. Halaz, Harrondotik plazarako bihurguneek ez zieten on anitzik eragin. Baina bihurguneek baino gehiago atzean zekarzkiten Kastela eta Thierry eskaleen urrinak zituzkeen trabatu eta trenputxartzeko puntura eroan: senar-emazte plaxenten hertzeak korapiloz kordokatu ziren lauzpabost kilometro baino irauten ez zuen bidaian zehar. Thierry oihuka ari zen, Gaxton ttattarratuaren belarriak larrutuz:
Etxe gabeak izanagatik ez gara teteleak!
Ekiak soa nabartzen zion. Kastelak besoa tinkatzen zion, isil zedin amoreagatik. Debaldetan. Ez ziren geriza ofizialetan aterpetzera atrebitu: zeremoniek zirauteno etxekoek kanpoan egotera deitu zituzten. Berdin zitzaien funtsean, herriko etxe zein elizetan baitzen eskean dirurik gehiena erdiesten. Hala egitea deliberatu zuten. Jendea ez zen gogoratzen Kastela eta Thierry, biak, ezteietara gonbidatuak zirela, sozialki menturaz arras ezberdinak zirelako; herritarrek, egun bereziaren haroa aitzaki, euro bat edo biko txanpon mardulak iraizten zituzten herresten buneta zolak perdukatuz.
Auzapezaren aitzinean Jessicak eta Theok bai-a xuxurlatu zuten. Ele bera, eskerrak zeruetako jaun maiteari, errepikatu zuten apezaren bozkariorako urrezko eraztunak trukatzean, Agatak galerietarik unea kameraz bizihazten zuela. Bi momentu handiosetan Harrondoko amatxi xerkatzen zuen begiz Jessicak, jendearengana bizkarrez erdi-tolesturik. Oroitu zen orduan Santsaneneko Marikaren gomendiopean etxean abandonatua zela Maddi, elizan eskandalarik sor ez zezan. Alabaina, Maria Birjinaren tailua zuri-urdinaren aurrean aurkitzen zenean, kalapita, irain eta sakre ugariren uhinetik, eritasunak jo emazte adindua arras biluzten zen eta zahartzeak gorputza nola astintzen, higatzen, zimurtzen eta oroz bat husten zuen begimen zezaketen fededunek, harriturik.
Egiaz, zahartzea besteen soinetan baizik ez zitekeen suma, bakoitzak bere burua beti gazte irudikatzen baitzuen. Marikarekin ongi date Maddi pentsatu zuen Jessicak, artean apezak seinalea eman ondoan, musu arina pausatzen zuela Theoren aho-izkinan. Ongi date eta irri egin zuen, Marikak aspaldiko etxekandereen laneko nilonezko dabantale koloretsua itxuratuz: zerrailu meharraz hersten zen goitik beheiti zen eta horiz azpatu lore arrosa xumeak urdinezko gibeldian irekitzen zitzaizkion.
Jendetza gaitzak airoski kantatzen zuen anjelusa oihar, bikotea kalostraperatu zen familiaz setiaturik. Herriko adiskideak elizaren maldan zeuden irris pikorrak aurtikitzen, oraiko moldean. Theok ez zuen segitzailerik. Ama ez zitzaion azaldu. Hala uste zuen behintzat, Nako Mikelekin Santoineko hilerriaren maldan solasean kliskatu zuen arte. Autobusa hartu zukeen San Andresen eta, atzo bailitzan, oinez etorria zitekeen Arbiderateko bide juntatik Otsabideko plazaraino. Plazerez hantu zitzaion bihotza eta amarengana lasterkatu zen:
Ama?
Ezkondua haiz seme! Zenbat urterentzat?
Zer zenbat urterentzat? Bizi guztiko araiz ama!
Hori mutikoa ez baitakik. Bahaki, ez hintzateke sekula ezkonduko.
Nako hitz gabetu zen. Burua apaldu zuen. Malko baten jaukia iragarri zuen Theok amaren matelak ureztatzen. Tristura bulta batek inarrosi zion barnea.
Jessicaren bila banoa.
Ez, utz ezak den lekuan. Handikiekin ez nauk ontsa. Errak, bakar eta ametsetarik dagoen hura ez dea Graxi?
Bai, naski.
Haren amak eman arrautz eta xamango hondarrekin aseak izan zarete. Eskerrak bihurtu behar hizkioke.
Nik?
Bai. Baina bego. Banoak. Deit nezak haur bat ukanen duzuenean, zuen ezkontzak orduraino irauten baldin badu.
Ama, otoi!
Ekiek, euriek, haizeek, ihortziriek eta ilunpeek beltzatu larruarekiko Nako buhame ohia Otsabidetik partitzen begimendu zuten jende anitzek. Agataren so-numerikoa emaztearen siluetari itsatsirik geratu zen. Graxik, herritar gehienek nola, itzal luzea ezagutu zuen. Sute, ke, lur heze eta mihimen busti hatsaren oroitzak zirikatu zizkion erraiak. Theo begiratu zuen, hormatua: bederatzi udaberri zituela sortzen kukuxkatu zuen mutikoa Jessica bere lehengusu txikienarekin esposatzen zen Theo hura balitz?
Munduaren bildutasunaz harritu zen, halaber harri batetik besterako xendaren laburtasunaz. Ikuskizun eta sentimendu doloretsuak ziren, Graxik uste zuelako hobi baten maneran, iragana, oraina eta geroa irensteko destinua bereganatzen ari zela, ahantzezinezko urrin arraroa bazterretan txertatuz ihesean, zanpa-zanpa zebilen Nakoren urratsetarik. Ahurrak tinkatu zituen. Jendetzak zoriontzen zuen bikotearen norabidean galdu zituen begiak. Uda mineko haritz hostoen murmurua, eguerdiko sasien usain oparoen eskaintza, txori xeheen txio-txio baketsua eta martxo bukaerako kukuaren kanta uztartzen zitzaizkion sabelaren ganbara beltzetik ilki umearen garrasien oroitzarekin. Itxura meta opakoa zeukan buruan. Agerinde suntsigarria. Betazalak apaldu eta hasperenkatu zuen:
Non dira ene egunak?
Ordura arte mendeak jaten eta zorionez lan egiten higatu zituela gogoetatzen zuen unean, ezteiliarren harramantza sumatu zuen, ez baitzen bakarra, fazinaturik Nako segitu zutenen artean: marmara tai gabea zen. Bizidunak, guztia ongi zebilkionean ere, suge-zilar eztenaren pareko mihia zeukan, errabia bat bihotzean, funtsik gabeko herrari plegatzen zitzaion jeloskeria. Harrondo peko errekara zihoakeela itxuratzen zuten batzuek, besteek gertakaria buhameen ezkontza izendatzen zutela arraiki, eri puntaz zeru gorenak erakutsiz:
Gaineko hura duk mendekatuko!
Pentsa! Badik aspaldi ez dugula haren berririk...
Beinatek solasa mozkor-karkara gordinez troxatu zuen.
Jendeak jendeekin, beti hala izan duk gure Euskal Herri maitagarri hontan, ustegabea ekidinez eta sanoki.
Arrazoi duk...
Edmeak erran eta erantsi zuen:
Maiana, so egizan nor den hor pasatzen?
Kakueneko astaina bilo luze hura, zakur trapatua ondotik, hiritarra bezala lasterka. Ageri din ez dela lanean akitzen! Hobe liken horrek ere ezkondurik, hezteko amiñi bat!
Erran Maiana, artekatu zion Edmeak erromantikoago zelako agian, ez dea amodioz ezkontzen?
Amodioa, ezkondu aitzin badun eta, ezkontza ahitzean, bikotekide batek edo besteak bere gustuko ohaidea harrapatzea lortzea duenean, bestela bizi osoa amodiorik gabe higatzeko arriskatzen dun!
Hara! Entzun behar nuena! Ez haiz biziki baikor hi!
Kakueneko astaina bilo luzea, hala deitzen zuten apalestea airean, herri hartan emazteek ez baitzuten ez irakurtzen ez eta kiroletan betarik galtzen, jendetza bilduan ezagutzen zituenak agurtuz iragan zen; eskua altxatuz Jessica eskolako lagun ohia zoriondu zuen. Ez zen gelditu aldion ahurrean zeraman ur botilaren betetzeko. Egarriak hilen zuen engoitik etxerainoko bide neketsuan. Patzarreneko bihurgunean urtu ziren inguma izerditsua eta zakurraren tu lerroaren aztarnak.
Behatzaileen karra ezteien minera itzuli zen. Beinatek oraino, Parisko uztailaren 14ko desfilea kontatzeko solaskideren bat xerkatzen zuen. Edmea Maianarekin ari zen. Peterrek andere panpoxez apaindu Frantxua zeukan lagun. Ttotte Sebasekin eta Martinarekin ari zen, hirurek sufritu berri baitzuten gontz-karrankatze egoera berdina; klikatzen zituzten erremedioen on-gaitzak aztertzen zituztela, aita borobilean sartu zen.
Nik egun oroz hogeita hamasei pilula irensten ditiat, denak kolore eta ekai ezberdinekoak! Bazauzue?
Iraunen duzu bai horrela gizon!
Sebasen arraileria orduz kanpokoa zen. Aitak igandeetako begitarte serios eta larderiatsua aitzinatu zuen:
Zahartasuna zuek bederen ez didazue ordainduko! Bata zainetarik eri, bestea langabezian, azkena estatuak lagundu enplegu batean! Egia erran, dena estakuru, laneko gutizia duzue eskas zuek!
Alu zikina.
Sebasen haserre-muskila susmatu eta aitak taldea utzi zuen, eguraldi ona ihortzirira bideratzen ari zela iruditzen zitzaiolako. Sua piztu eta eskuetarik eskapatzen zenean, jakin behar zen gar eta itxindietarik ordu zeno ihes egiten.
Herriko plaza zabalean barreiatutako gonbidatuen artean hara-honaka zebilen Peter bere self made man istorio erakargarria aditu nahi zuenari azaltzen:
Han, Ameriketan, ez duk fuckin' seguritate sozialik, are gutxiago fuckin' erretretarik, edo fuckin' SMICik. Han dena libre duk. Eta pobreak pobre gelditzen dituk alfer hutsak direlako. Ez hemen erraten den moldean, lanik edo nik dakita zerik ez delako. Funtsean, lelo bera duk mundu osoan: pobrezia auherreziaren eta bizioaren umea duk! Eta langileak orotan umezurtz... merezi baitute! Estatuak ez dik muturrik sartzen nagusien eta handikien aferetan! Nik lanaren izerdiaz gaitzeko sos zionea metatu diat eta Wattsen bizi nuk, ederki. Mikel, ikusi duka ene mercedesa? Segur nuk horrelako beribil baten jabe izatea hiretako ametsa dela; enetako errealitatea duk, ya know...
Baiki.
Zer egin duk hik azken urteotan aberatsago izaten saiatzeko?
Sastretegiko lurrak eneganatu ditiat eta laster Murtutsenekoak.
Biba hi!
Murtutsenekoak enetako zituan ez bazinituzte, zuek euskaldunek, bazterrak harrotu! saihetseko multzoan abere eta emazte solas ari zen Frantxis mehakoilak karakatu zuen talderantz inguratuz.
Egia baieztatu zuen ausarki edaten hasi zen Mikelek, adiskideak deitu eta ikurrinaz airostu bizpahiru manifestaldi SAFERaren egoitzaren aitzinean, prefeturalat igorri mila izenez hornitu petizionea eta desmasiarik eragin ez zuen zartagailu baten laguntzaz lortu nuela Murtutsenea!
Hainbeste lur eremuren premiarik baduka? Eta guk nola behar dugu iharduki?
Zoazte deabruetan hara! Zuzentasuna ene alde dago!
Bortxak, mehatxuak eta apalesteak zurkaiztu zuzentasunaz ari baldin bahaiz, nik ez diat hire lurrik nahi...
Motz eta hotz, Frantxis bat-batean desagertu zen, buru-gainean errautsez emokatu txapela ozkan jartzen zuela. Gizonak geldirik gabe erretzen zuen caporal tabako usaina hedatu zen herriko plazaren lau izkinetara. Agataren manuz, alabaina jendetzaren bozkarioa filmatzen zarraikala noiztenka pixagaletzen zen hura ere, kamera numerikoa aharratu berri zirenengan finkatu zuen Graxik, diskretuki.
Ez zekien Graxik, arratsaldean zeharreko gertakarietarik zer irentsi zuen Agatak zetxikan kameraren ahoak; filmaren gibelatzeko gogoa piztu zitzaion. Baina ez zuen ezer egin eta ikusten zuena bizihazten segitzen zuen, xume-xumea. Begia kameraren atzean zeukan lehen uneko irudipena areagotu zitzaion: ez zen ordura arte konturatua, baina bi edo hiru auzo biltzen ziren ber, Jessicaren ezteietan gatazka eta aharra pizten zen, eleen burbuila egoskorra isurtzen zen zokorik ezkutuenetara. Ez pataska hilgarririk, ez, euskaldunak bake itxura eta neurriak zaintzen bazekielako; norbait hitzez eta aditzez suntsitzen eta lurra baino apalago ehortz zitekeen behin betirako irri osasuntsua ezpainetan ixkilim.
Presiopean konkortzen eta mututzen zen herria zen gurea, zioen Graxik. Kameraren ninia Maianarekin, Yvonnerekin eta Jessicarekin ahapez ari zen Edmearengana zuzendu zuen.
Ikerren bisitatzen izan naiz iragan larunbatean.
Eta nola da? Morala badu? Yvonne zinez interesatua zen.
Maianak burua inarrosi zuen:
Ez dugu suerterik gure semeekin, Edmea!
Enea bederen ez da emazte gisa apaintzen...
Errazu, otoi!
Zer? Ez da egia ala? Herriaren alde biziaren ematea ez dea ederrago?
Baina?
Maiana uzkurra harritu bezain gaitzitu zen. Segitu zuen:
Gainera badakit Edmea, Iker terroristekin nahasten dizutenean zenbat sufritzen duzun. Ez du balio minaren ezkutatzea.
Ene aferak dira. Ez duzu ene jujatzeko eskubiderik.
Ez zaitut jujatzen Edmea. Ez zaitut gaitzesten. Sortzen eta hazten garenean ez dakigu egunak zerekin beteko zaizkigun: bakoitzak bere gurutzea badu ekartzeko eta eramateko. Ez duxu xuk, Jessica, horrelako gogo-hausterik! Iraun bekixu!
Maiana abeslari zerabilkion hurbiltzen zitzaion andere esposari, bera Frantxua semearen itzalean kausitzen zela. Begia kameraren zuloan, gogoetari lotu zitzaion Graxi: bai horixe zen, jendeek elkarrekin hitz egitea xerkatzen zuten eta aldi berean eskapatzen ziren, hitz egitea baino gehiago desiratzen bailuten, hala nola gatazka, eztabaida, erasialdia emateko aukera, belaunaldiz belaunaldi landu gorrotoa, beraien buruarekiko norbait zirela egiaztatzearren. Euskaldunak izpiritua beti alha zuen: apaldua, umiliatua, baztertua sentitzen zen, beti negar eta auhenka. Hargatik, bizitzeko era ezberdinak onartzen ez ziren bezala, pairamenak, batez ere lehen auzoarenak, ez ziren nehoiz kontuan hartzen.
Filmatzen ari zela, kameraren puntak nortasun sakonarekiko irekitzen zion lezeaz hormatua, Graxi oroitu zen Arbideko ezagun baten administrazioarekiko ohar oldartuaz:
Erran nionan: pasa ezadazu arduraduna eta agudo!
Baina ez zen sail hori langilearen egitekoa...
Graxi mutu geratu zen, mundu osoa aztalpean lehiatzen zuen arbidetar abertzale-feminista haren zinkurinak behatzean. Horixe bera zen, errepikatu zuen: euskaldunak ez zuen ezer egiten ahal botere indartsu baten hegalpetik kanpo, izan eliza, izan notableria, izan edozein alorretako buruzagi; botere indartsu horiek halaber etsai handitzat kontsideratzea maite zuen, beraren balioa biderkatzen ziotelako. Euskalduna ez zen nornahi, buruzagiekin mintzo zen, buruzagien aurka borrokatzen zen eta buruzagi zen bere herrian berean. Buruzagitza galtzen zuela iruditzen zitzaionean gaiztotzen zen, udamineko leizafin. Erakunde armatua eskumen zeukan mendekatzeko: laburpen injustuak min egin zion Graxiri.
Izuak eragin dardaraz filmatzen zuen argazkitan hartua izatera presatzen zen plazaren erdiko jendetza: bakean eta soseguan bizitzea xede baldin bazen, erantsi zuen Graxik kamera Agatari pasatuz, herria zein euskal nortasunarekiko distantziarik ez zitzaion norberak bere gogoari zilegitu behar.
Eliza ondoko sasiak higitu ziren. Graxik Agatari eriaz lurrean sigi-sagaka elkarturik lerra eta bihurdika zebiltzan bi sugegorri erakutsi zizkion, filma zitzan. Oilo larrua hazten zitzaien eta orro-emez urrundu ziren sasiaren maldatik. Bi emazteen ikarak susmatuz, Jessica eta Theo hurbildu zitzaizkien:
Zer ari zarete? Argazkiaren egiteko ordua dugu.
Bai, heldu gara Jessica. Eztena agerian zeukaten herrestariei beha ginauden.
Baia? Hauxe ikusgarria! Dena ongi pasatzen da momentuko. Theo eta biok zoriontsu gara gurekin zaudetelako, bakarrik eta kasik bakartuak etorri zareten arren.
Ahal duguna egin dugu...
Agatak deus ez bailitzan begia kameraren zurrutagailuan pausatu zuen, solasak, ele-meleak eta karkailak bazterturik, argazkiaren ontzeko petik gora herrokaturiko jendeak jargietara nola hupatzen ziren miretsiz. Gazteenak gainean zeuden, helduak erdikoetan eta zolakoetan adindu kurkuilatuak, bata bestearen kontra trinko. Hortzik gabeko ahoak erakusten zituzten irriaren ildoa urratzerakoan. Bat-batean oihu latza aditu zen: Edmea zen erori. Jendaldearen zati handia mugitu eta makurtu zen, kide gaixoaren laguntzeko. Edmea zutitu zen, arropari itsatsi belar idor ilatxak eskuz garbitu zituen eta ahurraz akotea orekatu zuen.
Jaun-andere esposak gonbidatuen artean jarri zirenerako gertakaria ahantzia zen, salbu Edmearentzat ezkerreko azpian garatzen zihoakion ubela torratzen zuela, lizun-aire? Artean gazteen mugimendu salbaiek aldamuaren antzera plantatutako eraikuntza inarrosarazten zuten, dudak eta zalantzak multiplikatuz.
Orain irrino bat denek argazkilaria presatua zen.
Une horretan Agata Peterren ondora lehiatu zen, ez baitzuen potret oroigarritik kanpo geratu nahi, bakarrik eta bakartia etorriagatik, Jessicaren arabera.
Klix-klax: eta bat. Klix-klax: eta bi. Azkena: klix-klax.
Jargietan barrez bizihaztuak oro barreiatu ziren, pika-bele saldo. Batzuk jadanik mozkor. Besteak alegera. Emazteak, gurbil, andere esposa amultsuki inguratzen. Beinat aldiz hinki-hanka Kastelaren aldamenean kausitu zen, uztailaren 14ko desfilea zeukala beti aipagai.
Bakea emak gizon!
Aise aspertzen zen Kastela. Eskalea amerikanoaren maldan gerizatu zen. Fuckin' handik eta fuckin' hemendik entzun zuenean, Sebas hautatu zuen aixolbetzat, baina hau ere bere barneko zauriez mintzo zen. Edmea eta Yvonne ahapekarien aitzinetik pasatu zen. Maianak Frantxuaren zetazko zaia orraztatzen zuen. Ttottek, amaren besoa zetxikan.
Musika oihartu zenerako Pierrak Agata gerritik hartu zuen, dantzara deituz. Agata ez zen libre eta beraz arrebarekin abiatu zen balts ero baten urratsak errautsean marraztera. Xarlesek orduan, sekula egin ez zuena, Jeanne bere lehenbiziko maitalea tinkatu zuen, Gaxtonen so sutsuaren menean. Gaineratikoak, herriko plazako harizti ederraren aterpean zeuden basoak bete ahala husten. Hargatik, aharra muskilak nabaritzen ziren, alaitasuna eta amodioa goresteko antolatu bestaren bihotzean.
Graxik hori zuen gogoan, soinu arrotza antzeman zuenean. Taldearengana lasterka eta klarinetea jotzen zuena adiskideki besarkatu zuen Kastelak.
Dragan! Jin zarete beraz!
Bistan dena Kastela, ez genezakeen horrelako ospakizuna huts egin!
DJ Katx izeneko arbidetarrak Dragan eta haren lagunei lekua abandonatu zien. Egarri hila zen. Ostatura bideratu zen. Isiltasun une laburraren ondotik, klarinetearen hots eztia altxatu zen errauts zutoin baten pare, hamabi soketako gitarrarenak izpiritu nahasiak kilikatu zituen eta akordeoia negarrez ari zela bouzouki xeheak poza bihikatu zuen, Otsabideko plazara Errumania eta Donau ibai erraldoiaren ezpondetako ahaireak ekarriz. Jendea istant batez izotz geratu zen:
Baina zer da hori?
Buhameak hemen ditugu...
Beinatek, uztailaren 14ko doinu militarren oihartzunak tanpez ezabatu behar izan zituen. Kastelak, ametsetako kadrilla eskain asmoz, Yvonne bahitu zuen; emaztea, mutur, urrin txarra zerion gizonaren urratsean ingumatu zen. Theo esku zartaka hasi zen eta hark ireki bidetik ezteiliarrak txaloka zinpurtu ziren. Peterrek stetson handia kasko-pelatuan pausatu eta haritzen freskuran handitzen ari zen dantzarien borobilera eroan zituen beso bietan zintzilik zeramatzan Edmea eta Maiana. Jessicaren ezkon-jantzi zuria errautsez beilegi zen. Theok ttattarra belarrera bota eta Graxi hartu zuen.
Mila urte bazen neskak ez zuela deabruak berak itxura ez zezakeen horrelako zaldizka hunkigarririk eskaini. Zatia bururatu zenean, Theok, eskerronez eta Jessicaren begietarik at, musu mardula pausatu zion ezpain idortuetan. Martinaren sorbaldak goseti ferekatzen ari zen Sebas. Xarlesen ahurrak Josyren azpi oparoen erronda ikaragarria haztatzen zebiltzan. Josyk laztan olde bakoitzean auhen luzea askatzen zuen. Ttottek, erremedioak hartu berria baitzen, dantzarientzat erritmoa oinaz markatzen zuen zuhaitz zaharraren enborrean bermatuz:
Arren! Arren! Arren!
Eromena hedatu zen. Dragan, Vaclav, Ilich eta Georgiuk alaiki jotzen zuten soinuak arimak urratzen zituen. Agatak ordutik hara ez zuen saihets-batzarrik filmatu: denak bat ziren, bouzoukiaren neurkadaz aharrak, jeloskeriak, tristeziak ezabatuak bailiran. Errautsa laino astun altxatzen zen. Donau usaina zerion Otsabide herriari. Bestelakotasun urakan bat. Thierryk musikariei edatera eman zien. Eta berriz tzigan kutsuko aire baten azpiltzeari ekin zioten.
Laukotearen aberasgarri, Etxepareko Jason etorri zen Arbideko musika eskolan ikasteko baliatzen zuen biolina kokospean. Handik laster Mikelen txistua erantsi zitzaion musika-taldeari, herriko xantreak bere ahots sakonaz, hitzik gabeko kanta batzuk airarazten zituela. Hamabi soketako gitarra eta biolina batzuetan aldizka ari ziren eta Draganek belarrientzat mingarri suerta zitekeen melodia eztitzen zuen klarineteaz.
Dantzan ari zen herria, dantzan ohikoan elkar ausikika bazebiltzan auzoak, jaun-andere esposak, azkaziak, dantzan sartu zen bekatu zen arren, bereterrez lagundutako apeza, dantzan halaber azkenik herri horretan zegoen giroa dastatzeko plazan ikusgarriari so kurios gelditzen zirenak oro.
Peter izerditan zen. Stetsonak aurtikiz marrakatu zuen:
Life is a miracle!
Mintza hadi euskara garbian, mutikoa Kastela zaharraren orroa zen altxatu.
Donau ur-handia hegietan hazi Draganen besoartera erori zen kalifornikatzaile arraila. Lurrean zetzan klarinetea biltzen lagundu zuen.
Eztei ederrak Euskal Herrian, isn't it?
Yea man, fuckin' the fuck hirugarren behatza zerura, Draganek filmetan hainbat aldiz entzuna errepikatu zion, ekialdeko mintza-moldea areagotuz.
Musika indartsuago aditu zen, jendea dantzatzetik geratu zen bat-batean, borobilaren erdian Jessica eta Theo elkarri musuka luzean begimendu zituztenean.
Aingerua hegaldaka iragan zen.