Zeruetako erresuma
Zeruetako erresuma
2005, nobela
344 orrialde
84-95511-71-1
azala: Marcelo Díaz
Itxaro Borda
1959, Baiona
 
2024, poesia
2021, nobela
2012, nobela
2009, nobela
2007, nobela
2001, nobela
2000, poesia
1998, poesia
1996, nobela
1996, nobela
1994, nobela
1991, poesia
1986, poesia
1984, nobela
Zeruetako erresuma
2005, nobela
344 orrialde
84-95511-71-1
aurkibidea
 

 

13

 

Ostiral gaua. Baionako geltokia. Kaiertzera goiz etorri zen Edmea, ezen oraino jende gutxi baitzen ageri trenaren zain. Apurrak baziren ordea, aiduru-gelako aulkietan irakurtzen jarriak. Zenbaitetan hauetarik batek burua altxatu eta begirada borobilaz geltokiko mugimenduak aztertu, haztatu eta baloratu ostean soa berriro paperera plegatzen zuen. Guneko isiltasun hotzean egunkari hostoen inguratzea ozen bilakatzen zen, halaber edonork askatu zintzur karraka edo eztula. Altzairuz eta bitraz eraikitako aterpean gaitzeko oihartzuna hautematen zela gogozkatu zuen Edmeak.

        Mila urrats eraman ondoan, hondarrean adineko emaztea ttottotzera joan zen, Le Monde zaharkitua leitzen ari zen gazte baten saihetsera. Gizon hark ez zuen bidaia-zakurik eta, agian, arratsaren parte bat geltokian pasatzen zuten eskaleetarik bat zela iritzi zuen andereak, alkohol eta pixa urrina usnatzen ziolako gehienbat. Hasieran ikusia ez zuen zakurra bazeukan gazteak aulkiaren azpian gorderik, ukaraian sokaz lotu eta muturretakoz hornituriko alimaleko zakur beltza. Abereak barne-zurrunga argia laxatu zuenean, Edmeak punpa egin zuen, harritua.

        Geltokiko bozgorailutik trena zetorrelako abisua aditu zuen, emekiro isuria: le train en provenance d'Hendaye et en direction de Paris-Austerlitz va entrer en gare dans quelques instants, veuillez vous éloignez de la bordure du quai s'il vous plaît! Edmeak hilabetean bietan entzuten zituen marmara sintetikoak ziren; alabaina ahots sintetikoz hegaldatzen zirela, bere baitako kanta doloretsuaren errepika ematen zuten.

        Deia aditu eta oren erdi bateko tartean azaltzen zen Palombe Bleue-a. Emaztea zutitu zen eta bagoietaratzeko SNCFak plantan jartzen zuen ttattolara hurbildu zen. Langile akituari billetea erakutsi zion, eta honek arkatzaz kuxetaren zenbakia gurutze grisez markatu zuen. Billetea itzuli ziolarik, ezagunen arteko seinalea beharbada, gizonak irri bat eskaini zion. Edmeak, alegrantzia zimizta batez, molde berdinean bihurtu zizkion eskerrak.

        Edmea kairantz zuzendu zen berriz; aldion izaki gehiago bazuen niniken jo-mugan. Iruditu zitzaion oporretara ez zihoan bakarra zela. Aldamenean ama-alaba bikote bat euskaraz mintzo zen, ondoko goizean Parisen bisitatuko zutena planteatzen:

        — Italiako plazara joanen gara eta han non bizi izan ginen erakutsiko dautxut. Eguerditan Massena etorbideko Patou txinatarraren jatetxean bazkaldu eta arratsaldean Ivryko neure bulego ohiko lankideen agurtzera lehiatuko gara.

        — Eta ukanen dugu shopping egiteko astia? —edertasuna lore fresko zeukan neskatxak.

        — Bai, bistan dena. Metroko Marie-Curie ahoan sar eta Rivoli karrikako HM magasinetara erraz helduko gara.

        — Ni ez noa Parisera pelerinajez xu bezala, baizik eta arropak erostera.

        Neskaren karba-zinkurinak hautematean, Edmeak bereber haur guastatua musurikatu zuen, ama ahula erantsi aitzin. Orduan zintzurrean negar gogoa hazi zitzaion, hitz horiekin, kaiertzeko emazte xoila baino xoilago, bere burua agertzen bailuan. Ilunpeak troxatzen zion soa geltokiaren eremuan urtzen saiatu zen, tristura bultaren ezabatzeko. Argi zurbailek itzal bilakarazten zuten ertzean metatzen hasia zen jendetza. Bozgorailuak suge-gorria iragarri zuen. Baionako geltokiaren puntako tunelera bermatzen zituen begiak. Trenak, dena pindar berde eta urdin, geltokiratzen segitu zuen, eremua erroten arrastatze azantzek bizidun oihu eta garrasiz mukurutzen zutela.

        Tren astun bezain itsuak aldiro bihotza lehertzen ziola itxuratzen zuen Edmeak. Bagoira hupatzen zenean bazterrak odolez eta haragi puska zizkolatsuz emokatzen imajinatzen zituen. Trena abiatzen zen eta, Akizeraino kasik, leihotik beha geratzen zen, Baiona aldeko Aturri ibaiaren azal beltza eta ortzi iluna zurkaizten zuten docks zirelakoak bistatik desagertzeraino. Gero kuxetara igotzen zen. Adina kontuan edukiz azpikoa aukeratzen zuen ardurenean.

        Denbora ematen zuen etzaten, SNCFko ohe hertsien mihise bereziak desplegatzen eta kotoi arruntezko estalia ez hozteko moduan hedatzen. Txikitako ohituraren arabera bost Agur Maria eta Gure Aita bat osorik errezitatzen zituen, kuxetaren gainaldeko zaiolatxoa eho aurretik. Loa luze zitzaion etortzen eta, gehienetan, trena gelditzen zen toki bederetan iratzartzen zen, batzuetan jaikitzen, bostak aldera demagun Saint Pierre Des Corps-eko geltoki erraldoian: orduan desordenatu antzaz gurutzatzen ziren burdin-bidez, katenerrak airean atxikitzeko zutoin gorakoiez eta kontrol-postu arruntez osatutako paisaia desolatua mirets zezakeen, beltz eta karroindua. Arima izpirik ez zen.

        Hargatik, ez zen berriz lotaratzen, ezen Tours-etik Orleans-Les Aubrais-en zehar, ordu bat eta erdi baizik ez baitzen eskas Austerlitz-ko terminusera goizeko zazpiak eta laurdenetan heltzeko: assurez-vous de n'avoir rien oublié dans le train, la compagnie des wagon-lits vous souhaite une agréable journée...

        Edmea haizeek erraztatu kaiertzean kausitu zen. Bezperan Baionan antzemanak puskaz eta zakuz kargaturik segitu zituen, panpina edo automata hutsak bailiran. Behialako ama-alabak ttaka-ttaka bazihoazen eguneko lehen kafe azkarraren hurrupatzera Austerlitzeko ostatura. Alaba gaizki iratzarria zen, baina ama zaintsuki bazebilen aitzinean. Bihotza beratu zitzaion bikotea ikustean eta aitatxiren aitak astokatzen omen zuena marmazikatu zuen: hara kuraios bat ihardets diezazuten, aski duzue Austerlitzen nintzen erratea... Alabaina arbasoak, Otsabideko anitzen gisa, Harispe marexalaren armadetan sartu ziren, Napoleon enperadorearen amets europarrak egiaztatzearren. Edmeak ez zuen bestelako gerla-ipuinik aditu, salbu geroago, ohe kantoian jarririk larrua jo ondoan, Beinat senarraren Aljeriako gertakariena. Gainerakoetan arras mutu zegoen arren Beinat orduan ez zen isiltzen.

        Halaz Edmea Austerlitzeratzen zen oroz, hilabetean bietan beraz, Napoleonen deklarazioa arrapasatzen zuen. Baina maizenean bere erraietako dolorearen oihukatzeko gutizia errea zeukan. Hil-hurran lebilkeen otso-uhuruz aritzea ez zen hargatik Edmearen trakako emazte baten egin-moldea, bost haurrak munduratu zituenean ez baitzuen intziri edo minduri bakar bat ere ozenarazi. Pentsa!

        Kafea hartu zuen ostatu berotuan. Miraila jalgi zuen esku-poltsatik eta ileak ozkan ezarri zituen, ezpainak gorritu, koloniako urarekin begitartea ikuzi eta freskatu ostean. Hara-honaka presatuan zinpurtzen ziren gazte talde bati beha geratu zen eta Iker auhenkatu zuen. Gauzak ezberdin izan balira Ikerrek, edo berarentzat betiko Laurendik, hauen bizipena eroan zezakeen: goizean goiz jaiki, gosaldu, lanera jo, bazkaldu eta arratsaldean lanetik landa, pilota partida bat egin adineko lagunekin, besta zein mozkor zenbait, Nouba dantzatokira ilkaldi batzuk auzoko Menanek kontatzen zuen eran semea aipatzen zuenean:

        — Jeremy? Lo dun oraino. Barda Nouban zunan. Argi-zirrintan sartu dun, erdi-edana.

        — Gaztetasuna ez dea bada higatu behar?

        Elizako kalostrape hormatuan biltzen ziren, baina Edmeak bere baitan mina zeukan, min erraldoia. Menanek ez zion nehoiz Ikerren berririk eskatzen. Funtsean nehor ez zen bere azken haurraren destinuaz axolatzen. Austerlitzeko aire-jauzietan Edmea etsirik zen. Mokanesa hartu eta begi-izkinan loratu malko-muskila idortu zuen.

        Ametsez zebilen jarraian: Iker ezkonduko zen menturaz. Hogeita lau urte baizik ez zituen. Arrahaur ederrak eskainiko zizkion segur aski, baina Edmearen xede horiek ezabatzen zituen seme gaizoaren behin-behineko egoerak. Ez zuen ez, bestalde, penaz lehertzeko aitzakiarik: eiki, Andderen bi umeak ardura ekartzen zizkioten zaintzeko, halaber Maiteren mutikoa eta Gilenena, astezkenetan. Halatan, Uharteko ezkaratz eta loiroek ikastola edo haurtzaindegi ematen zutela loriatzen zen Edmea.

        Familia aipatzean zama dorpe bakarra susmatzen zuen: sortu zenetik senarrak soporta ez zezakeen Germena alaba gehiena mutxurdin geratu zen eta horrek Ikerren egoerak bezainbat kezkatzen zuen; Edmeak ezin izan zuen Beinaten neska txikiarenganako mespretxu hotz eta bortitza ekidin: esklabo hezia izan zen. Edmeak garai batean pentsatu zuen, Germena etxeko eta beraren barne-bakeagatik seroratuko zela; ez alta, pobreki bizitzen zerraikan Parisen, mundua eta munduaren libertatea biak ukatuak bailitzaizkion.

        Eta Iker preso zen. Bi urte jadanik eta auzia ez zen oraino iragarria. Presoen komitekoek erraten zuten hamarkada bat gaztigu bil zezakeela, ETA erakundea iparraldean laguntzeagatik. Beinatek ez zuen Laurendi ere maite, hazikoa ez zeukala ustez. Edmeak bazekien senarra auzoan ezker eta eskuin zebilkiola, baina berak ez zuen nehoiz nehorekin beste apainarik gozatu. Halaz, ontsa oroit baldin bazen, jokaldi labur eta presatu baten emaitza zen Laurendi. Mutikotxo eder, pottolo eta arrosa jazarri zitzaion sabeletik.

        Ikusten zuenean Beinatek Germena eta Laurendi zein hiski erabiltzen zituen, gizonaren bihurdikatzeko, haurren urkatzeko edo sangreatzeko gutiziaren inhaziak larranzten zion kolkoa. Dolorez plegatzen zen. Itxura ikaragarriaren meneko belaunikatzen zen presaka, ume zenean nola, hala deabruak buruan erein pentsamendu txarrentzat barkamendu eskatzeko Jainko Jaun Onari. Zerukoa eskertzen zuen Iker hargatik ikasle abila zelako, Germena bezala, besteak baino abilago naski. Eskolan hasten zuena arrakastaz bukatzen zuen.

        Baxoa iragan eta estudioen ordaintzeko gasolindegi batean lanean ziharduela, irakasle bilakatzeko sailari lotu zitzaion; hondar urtera heldua zen bi udaberri zuela Miarritzen arrastatu zutenean. Orduan mutiko txikiaren bizitza hautsi zela zioen Edmeak. Aitak, Germenak salbu anai-arrebek, azkaziek, herriko adiskide haboroxenek Iker deituz ohoraturiko Laurendi kaiola baten ilunpearen aztaparretan mutxitzera utzi zuten.

        Edmea akitua sentitzen zen. Kanpoko aireak matelak urratu zizkion geltokitik jalgitzean. Eskua begitartera altxatu zuen, odolaren berotasuna zeukan jario imajinarioaren lehortzeko. Keinu horretan josten bide zen Edmearen bizitza osoko dolorea; hala zirudion behintzat, aterpean sartu eta eskaileretan gora, metroko tiketak saltzen ziren gune jendetsura hurreratzearekin. Hamabostero etortzen zenez eta, Fleury-Merogiseraino bidaiaren egiteko ohituraz, karta-lanjarekiko txartela erosten zuen; halatan, arazorik gabe iragan zen kontrol-makinen artetik, zaku astunek ibilera mendratzen zioten arren.

        RER C seinalatzen zuten iragarkiak segitzen zituen. Bercy ageri zen. Kaiertzearen puntan jaitsi eta lurpeko hodietan itsumandoka zihoan: karrelaje zuri-urdinez perdukatu hegiak zorrotzak ziren, hain hurbil zeukaten lohiaren izerdia arteketan perlatzen baldin bazitzaien ere. Saint Martin D'Etampes norabidea begiztatu zuen. RERa sei minuturen buruan etorriko zela zioen geltokiko eme-ahots sintetikoak.

        Kalkulu antzuetan zinpurtu zen emaztea: sei minutu, hiru oren laurden eta gero autobusezko zati bat, kartzelako atean bi ordu aiduru, oren bateko bisean-bisekoarentzat. Bazter batean jarririk zegoen Edmearen izaera absurdua zen, batez ere denbora kontuetan. Denetarik abandonatua zen semearen maita-saria zena? Norbaitek behar zuen Laurendi maitagarri hura goxatu ez? Ez zena halaber haurraren sufrikarioa arindu aitzakiaz, etxetik eta Otsabide seguru, urguilutsu zein hertsi hartarik eskapatzen? Orozbat pozik zegoen nehor ez zuelako eskuinaldean gisa horretako pentsu agorrak jazartzen zitzaizkionean; bidaiaren bakardadea gustatzen zitzaion, gizarteari ebatsiriko intimitatea, beste jendeak ikustea eta Fleuryko bortan herrokan gertatzen zirenean, zazpi semeetarik lau paristar banlieuko presondegi ezberdinetan barreiatuak zituen Fadilarekin mintzatzea. Aljeriar jatorrizko Fadilak zapi iluna zeraman buruan eta zenbaitetan, ez marrantatzeko, Edmeak ere buruko lilizua zekarren: ohituraren erruz adiskidetu zirela erran zitekeen, hainbat non Edmeak ardi-gasna zatiak oparitzen zizkion Fadilari, honek bideko eskaintzen zion couscous puskaren trukean.

        Edmearena ez zen hirurogei urte hurbileko emazte baten bizimoldea. Ostiral gauean Baionatik abiatzen eta larunbatean Fleuryrako joan-jina egiten zuen, igande goizean Palombe-Bleuearekin herriratzen zela. Parisen bertan egoten ahalko zen bistan dena, Saint Michel eskualdean ostatua eta apartamentua zeukan ahizpak ongi-etorria egiten bazion. Baina ahizpak ez zuen legearekin arazorik nahi, terrorismo akusaziopean arrastatu semearen ama bera terrorista bailitzan. Destinu zakarra horrela baieztatzen zuen, ezinbestez: hondarrean, ezkaratzaren abagunea ukatzen ziotela, Ikerrenganako ibilaldiak askatasun uneak ziren Edmearentzat, batez ere Presoen Elkarteko kide politizatuegiekin ez bidaiatzea erabaki zuenetik. Hiri arrotz etsaian galtzeko lotsaz agian, zioen emazteak irrinoa ezpainetan, hauek talde trinkotan bazebiltzan: lo, jan eta edan, guztia elkarrekin obratzen zuten. Garai onetako haietariko batzuen agerpenez oroitzen zen:

        — Gure haurrak ez dira gaiztaginak, frantses eta espainol botereen kontrako borrokan eroritako gudariak baino: euskara salbatzea eta herriaren independentzia zurkaitzak dituzte indartzen!

        — Ez horixe, ez dira hiltzaileak: boterearen ikurrak baizik ez dituzte errausten. Gureak bezain gazte suhar eta argirik ez dago...

        Orduan baten batek aupa eta gora oihu artean, alaba ala semearen argazkia jalgitzen zuen sakelatik, treneko bagoian tinkatu lagunei errondan erakusteko.

        — Iparraldeko anaiei!

        Errioxako ardo zehargiz arradaz bete godaleta altxatzen zuen batek. Edmeak basoa ahoratzen zuen Iker itxuratuz eta ezin-erranak udalatzen zion gogoeta-saila isilduz: bai-bai diozuenak dira gure umeak baina ez dute ongi egin, euskaldun zintzoak izanagatik, gaixtaginak eta hiltzaileak laguntzean edo hiltzaile eta gaixtagin bilakatzean. Bazekien horrelako eleak hortz artetik ihes joan balitzaizkion, orok berdin pentsatzen zutela jakinez, ez ziola nehork gehiago hitzik egingo. Baztertuko zuten. Oharrez ohar gutxietsiko. Herriak ez baitzuen barkatzen.

        Hargatik behin, Amaiaren amarekin bagoian bakarrik zegoela erran zion, hauts-zorian:

        — Haur terroristen gurasoak gara. Nik behintzat ez dut Ikerrek egin duena sustengatzen; baina halarik ere, semea dudanez, ama gisa ikustera banoakio. Uste dut Ikerrek hori argi daukala.

        — Ez, Edmea, gureak ez dira terroristak, sartu ezazu hori zeure kasko-zokoan. Herriaren alderako ekintzaileak dira. Zureak bezalako arrazonamendu motelekin mutilok ez dute herriaren askapen prozesua bururaino eramaten ahalko, eta betiko etsaien aztaparretan gatibu egongo gara. Edmea kasu egizu erraten duzunari!

        — Sentitzen eta bizitzen dudana azaldu dizut. Ez naiz zuek bezain euskalduna! Jende arruntetarik naiz eta nahikoa dut gurutze hau bizkarrean eramatearekin, balizko beste sufrikariorik erantsi gabe.

        Egiaz, seme terrorista baten ama izatea egiazki barnetik pairatzen zuen Edmeak, Amaiaren aitetamek harroki alderantzizkoa irizten zuten arren. Pentsa bezate nahi dutena pentsatzen dudana pentsatzeagatik, are gehiago gaizki pentsatzen dudala: zer egin? Izena presoen laguntzeko zerrendetarik kentzea eskatzear egon zen orduan, bere gain hartuko zituela semearen behar afektibo eta ekonomikoak aitzinatuz.

        Gaueko treneko solasa aipatu zuen Ikerrekin aldi hartan: borrokaren gaia aireratzen zela, Edmeak berretsi zuen:

        — Ez nauk hiltzaile-laguntzaile baten ikustera heldu, baizik eta hi neure semearen bisitatzera, inork ez baitu jada zeregin horretaz axolatzeko kalipurik...

        — Baina ama, zer derasazu?

        Berinaren atzealdeko mutiko gaztea harritu zen. Amak zerraikan apalki:

        — Gaizki egin duana ez diat nik ez baieztatzen, ez eta sustengatzen —isildu zen Edmea, hatsa hartzeko—. ETAkoak hiltzaileak dituk. Ez nezakala bortxa, haurrenganako urrikiaren izenean, eneak ez diren ideiak gogoaren kontra plazaratzera!

        — Ama, nork aipatzen du ETA?

        — Inork ez, bistan dena! Zorigaitzez! Hobe lukek denen ahotan balitz eztabadagai. Baina hor duk beti pentsamenduaren gibelean, isilean, sekula garbiki agertu gabe, herensuge mehatxatzaile!

        — Ama, zer gertatzen zaizu?

        Ikerrek Edmearen matelan malko bi lerratzen segitu zituen. Emazteak akotea orekatu zuen, sudur hipako bat irentsi eta mokanesaz betezpalak torratuz gehitu:

        — Nahiago diat bakarrik bidaiatu, hemendik hara.

        Kartzelatuak burua apaldu zuen. Ordulariari behatuz ohartu zen zilegitzen zitzaien ordu eta erdiko jardunaldia bukatzen zihoakiela. Atariko zaindarietarik batek Ikerren besoa tinkatu zuen:

        — Allez! Terminé pour aujourd'hui!

        — Ama, etorri arren datorren hamabostaldian, ez huts egin otoi!

        Gizonak oihukatu zion gontz erraldoiekiko borta astun eta beilegiaren atzealdean desagertu baino lehen. Eta klask... zinominokatu zuen mentalki Edmeak: bukatu da! Klask ozen bakunean halaber bururatu ziren Parisera taldean egindako bidaiak, penak, zorigaitzak eta makurrak treneko bagoiaren borobilean bata besteari azalduz elkar sustatzen zutela, etsai erraldoi eta komunaren aurka.

        Hilabete hartan Ikerrek ez zuen Hator presoen etxekoen batasunetik ukan ohi zuen mandata eskuratu: zetorrenean jateko, arropa zenbait, liburuak eta kartzelako idazkariari uzten zion dirua ekartzen zizkion amak. Erran behar zen ondorioz, Fleuryko beste euskaldunen partetik halako saiheste aieru bat nabaritu zuela mutikoak: edo munduarekiko bere familiako kontaktu bakarra edo preso abertzale kideak zituen galtzen; zaila suertatu arren, amaren alde egin zuen.

        Edmeak biek pasatu zituzten une gogorrak zeuzkan burumen RERaren sabelean Nike kaxketa gibelera zeraman alimaleko beltz baten ondoan ttattit ttotto zegoela. Bidealdiak markatuz, herrokatzen ziren Ivry, Vitry, Choisy, Villeneuve-le-Roi, Ablon, Athis-Mons, Juvisy, Savigny eta Epinay hiri-izenetarik haren esku-gain ilunetara iragaten zuen soa Edmeak, fazinaturik: huntz itxuraz zizelkatu zilarrezko eraztunez hornitu auzoaren behatz sotilak eder kausitzen zituen eta, telebistan anitzetan ikusiaren ildotik, jazz aire bat pianoan jotzen irudikatzen zituen.

        Gogoeta pinpirinka zerabilkion, arin eta astun aldizka: Sainte-Geneviève-des-Boisko geltoki hits eta pobrean jaistean oroitu zen Hator elkartetik nola kanporatu zuten, urte saria orduz pagatzea ahantzi zuelako estakuruaz balia; alabaina ez zen gehiagokorik aipatu, baina Edmeak erabaki horren oinarrian politikarekiko bere ezadostasuna zela bazekien. Euskal Herrian ardura gertatzen zen zenbaitetan funtsik gabeko arrazoi txepel eta umiliagarri batengatik edonor batasun batetik botatzea. Bere baitako nahaspulo desesperatuan honenbestez, galdez, ahalkez eta dudaz urraturik, zergatiak bilatzen zituen, hausten zen, zergatiak hain zuzen argiki ideologikoak baizik ez zirenean, baina agertu-ezinak, kanporatuari ohorerik ez egiteko. Duintasuna lehen.

        Edmea xifritzen zen Poliziak ETA erakundea laguntzeagatik gazteak arrastatzen zituenean zein auhen, negar eta deitoratze gutxi aditzen zen euskaldunen munduaren zurrunbiloetan: banda armatuak, muga etikoaren axolarik ez bailuan, ekintza gero eta bortitzagoak obratzen zituela, diskurtsoa ez zen loeriatik kantitzen.

        — Gazte sutsu horiek ez dira gaiztaginak: gure haurrak dira.

        — ETAren biolentzia deitoratzen dugu, baina ezin dugu kondena...

        Kontzientziak lasaitzen zituen teoriak ontzeko eta bermatzeko trebe ziren, edo ginen, zioen Edmeak. Etsidura oiharrik ez zen sumatzen, den-mendreneko dolorezko intziria aditzera emanez, euskalduntasuna eta abertzaletasun suharra kolpatuko edo indargetuko bailiran: mamua ez zen mindu behar, bestela agian, are tzarragoa iratzar zitekeen edo intziri egileen kontra bihur zitzakeen pistolak eta fusilak. Egiaren errateko Iker erori zen egunean, Edmeak ere ez zion barneko zauriari iradokipenik zilegitu: hortzak trinko eta zintzurra lehor zeukan, FR3ko sei minutuko emankizunean semea ETAko organigramako hirugarrenaren konpainian Miarritzeko ostatu batean bazkariten zegoela gelditu zutela ikasi zuenean.

        Zenbait minutu lehenago hargatik, ezagutzen ez zuen Maider izeneko batek berria jakinarazi zion telefonoz. Egur eskailatzen ari zen Beinatengana lehiatu zen, oihuka:

        — Iker! Iker duk! Preso hartu ditek!

        — Bakea eman emaztekia, ez duna ikusten lanean nizala!

        — Iker dela, preso datxikatek...

        Aljeriako gerlaz geroztik itxuraz elkortua zeukan senarra, aitzur eta gaztainondo puskekin teman abandonatu zuen. Maider hark Baionako komisariaren aitzinean bilduak zirela erran zion. Haietara abiatzeko xedea zeukan.

        — Jantziak ekar iezaizkiozu! Segur da Parisera eroanen dutela gaur edo bihar.

        Arbideko Yvonne deitu zuen. Herstura horietarik iragana zen hura jadanik, Mikel hondarrean libre eta herrian erlegintza ogibideaz ohaturik zeukala, hein bat normalki. Alabaina hamabost urte lehenago IKren inguruko terrorismo afera baten karietara giltzaperatu zuten Mikel. Adiskide minak ziren bestalde: seroretako dendari-eskolatik pasatuak ziren eta irri algara mozkor artean, beraien senarrak, biak Aljeriatik itzultzen zirela, batera frekantatu zituzten. Segur aski Edmea Yvonneren gizonarekin ezkonduko zen sentimenduz, tipus-tapasean Yvonne ez balitz Renez haurdun geratu, eta alderantziz.

        Zena zela bizitza osoko urrats garrantzitsuenak oro elkarrekin eraman zituzten: umeak adinekoak zituzten, urtero Iratira ateraldi bat egiten zuten, eskualdeko jaietan dantza bat edo beste eskaintzen eta Lourdeserako larrazkeneko beilara joaten. Mikel Yvonneren seme gehiena zen, etxeko pentsatua eta bistakoa zenaz, preso egon zen denbora etengabearengatik, Thierry bigarrena, hautatu zuten Larrondoko segidarako.

        Yvonnek Edmearen deiari baietz ihardetsi zion. Adiskidearen beribil handi eta erosoan Baionara heldu zirenean, komisariaren aurrean jende multzoa begimendu zuten, Iker eta Txupas askatu idatzirik zeraman banderolaren gibelean zutik, ikurrinak gora zatxizkatela.

        Sainte Geneviève-ko geltokitik kanpora jo zuen Edmeak. Kartzelara zihoan autobusaren atean plantatu zen, jada hor metatzen ziren ama, ahizpa eta emazte beltz, arabe, asiar eta pobreak ziruditen zurien herrokan. Usain onak, izerdiak eta jatekoen baporeak nahasten ziren, Edmearen burua itzulipurdikatuz. Argi zen aldion Ikerri zekarkion ardi gasnak urrin bortitzegia zuela. Urrinek airea zirikatu arren, izpiritua iraganaren pentzeetan alha bazebilkion; halaz bazen bi urte Iker eta Txupas izengoitia zekarren Josean arrastatuak izan zirela eta ez zituzten oraino jujatu, bi urte, Edmeak hamabostero kasik bide hau egiten zuela.

        Kasik zioen, ezen bularreko mamografiaren ondotik, harrapatu zioten minbiziaren kausaz artatu zuten hiru hilabeteetan ez baitzen tren eta autobusen itzaletara hurbildu, mutikoaren bisitatzeko. Ahal zuen neurrian Germenak zukeen amaren lekukoa hartu. Artean Yvonnek bizpahiru gutunez Ikerri etxeko eta amaren berriak helarazi zizkion.

        Iker arrastatua izan zenetik, Edmeak bi pentsa-ildo zeramatzan: batetik gauez, amets egiten zuen makur-ekarleak zitezkeelakoan haurrak urkatzen zituela sortu arau eta tanpez iratzartzen zen, izerdi eta hatsanka; bestetik zoritxarreko egun hartarik Hator elkartetik kanporatu zuteneraino, iruditu zitzaion uhin batek bultzaturik aurreratzen zela, ez zuela bereberetik ezer obratzen. Beinat izugarriko egoera apatikoan behera zihoan, biziarekiko interes jada ahula erabat itotzen bailihoakion.

        Presoen batasuna denez axolatzen zen, diru bilketaz barne. Emaztea beraz Euskal Herriko eskualde ezberdinetan agertu zen, presoak etxera zapi beltz zein gorria lepoan zintzilik. Behin edo bietan mikroaren parera hupatu zuten, semeak jasaten zituen bortizkeriak eta askatasun murrizketak aipatzeko, haustear zebilen malkoen korroka ahotsean. Jendeak ikaragarriko ama bailitzan txalotzen zuen, biba zu, aupa, oihukatuz eta ausartzen zen:

        — Iragan bisitaldian parluarrera heltzeko bidean bost aldiz biluzi dute. Ez du egunkari eta gutunik ukan azken aldian: umiliatzen dute. Baina morala dauka: kontzientzia lasai duela erran dit anitzetan eta sinesten dut, nahiz eta...

        — Preso-ak Etxe-ra!

        Taulako ekintzaren kudeatzaileak oihukatu zuen, Edmearen hitzaldia moztuz eta anderearen dudak guztien buruetarik at mantentzeko esloganez indartu barrakia bat eraikiz: Eskerrik asko Edmea...

        — Preso-ak Etxe-ra! Preso-ak Etxe-ra! Preso-ak Etxe-ra...

        Haurrak preso zeuzkaten familia kideek eta presoen sustengatzera bezain horditze on bat atzeman eta neska zenbait «altxatzera» gerturaturiko multzo gotorreko zintzur zabalek mailuka segitzen zuten. Edmeak orduan populua aztertzen zuen: aho bat, sabel bat eta pistolak kilikatzeko bosna behatz baizik ez zituen itxuratu. Ez zen begitarterik, ez irririk, ez eta esku-ahur irekirik. Goiti egiteko gutizia tripan gora igo zitzaion.

        Hargatik, animatzen eta ederki laguntzen zioten taldea estimatzen ikasia zuen. Ez zekien hilabete batzuk geroago, orain justuki, nahiagoko zukeela bakarrik ibili Austerlitzen arrailtzen ziren gauerdiko trenetan eta Fleuryko kartzelako burdina berdezko atearen maldan ezagunekin lerroetan, hitzorduaren aiduru.

        Yvonne ez zen besta herrikoi horietara nehoiz etortzen; ez zituen Hatorko zuzendarien ideia berdinak. Mikel IKn sartu zitzaion eta Iparraldean naski istorio ezberdina zen. Baina Edmeak sudur-pean jartzen zizkion presoak hurrera eta askatzeko izen-biltze paperak ez zituen baztertzen eta sinadura marra fin biren artean kokatzen zuen, xumeki, adiskidantza osoz segurki.

        Borrokan eta GALen estatu terrorismoaren ondorioz hil gudarien omenaldi igande batean beltzura dorpe eta arraro batek gatibatu zuen Edmea: elkartearen oinarria beti odol-berritzen zihoan. Nola iharduki ez zekiten guraso gazte batzuen parean suertatu zen. Hemezortzi urte baino ez zituen Irati erakunde armatuko baten konpainian Gers eskualdean Poliziak hartu zuen. Edmeak sentitzen zuen bikote haren tristura, eta elkartasunik ez balitz, ETA eta euskalduntasunaren kontra asaldatuko ziren, beren alaba maite bakarra ebatsi ziotelako, eta zerendako? garrasituko zuten, zerendako jauna? errepikatuko zuten elkarrizketa ozenean. Erantzunik espero gabe. Nehoiz. Baina batasuna, laguntasuna, diruzko eta moralezko sustengua nabari zen; halaz, gertakaria jasaten zuten, hiltegira eroaten ziren ardiak bailiran. Irati ez zitekeen berehalakoan kartzelaren xederatik libratuko.

        Larunbat arratsalde hartan, bisitatzaileen uholdea errezibitzeko, Fleuryko gizonen presondegiko ateak ireki ziren. Marea ilun eta koloretsua ematen zuen esperoan zeudenen lerroak. Higitzen hasi zenean, Edmeak zakuak eskuratu zituen eta jende oldeak bultzaturik abiatu zen, hinki-hanka. Gela berde handi batean kausitu zen. Bitrazko hormen atzealdean kartzela ikusten zuen, semearen eguneroko egoitza: eskailerak, zaindarien ttattolak, eta leihotik paseialeku hertsia. Bere makurrean xantza zeukala zioen, guraso frankok hainbat bide bazutelako Paris baino anitzez iparreragoko ez-tokietan ziren bahi-tokietara heltzeko. Erraz zitzaion emazteari ohituraren ohituraz Fleuryratzea eta arratsean berean Austerlitzen Madrilera zihoan Palombe Bleue haren magalean kabitzea. Auzitik landa, Bordele ondora edo agian Tarbesera ekarriko bide zioten bere Laurendi.

        Mirazkatua izateko aldia jin zitzaion. Xume-xumea eta muturik jasan zuen, umiliagarri zeritzon zaindaritzako guardien ekina. Zakuan bi liburu eta gasna puska bat zeramatzan arren pasatzera utzi zuten: ez zekien zer zitzaion zilegi eta zer ez; menturaz zaindarien umorearen arabera zela ondorioztatzen zuen, batek sakon pasa erran ziola. Bisean-biseko gela tepo beilegian plantatu ziren herrokan. Kartzelako funtzionario batek bitraz setiaturiko tartetxoan seinalatzen zion jargian pausatu zen. Orena edukiko zuen Ikerrekin herriko azken berrien trukatzeko, arakatzeko, harenak xeheki entzuteko eta hurrengo aldirako hark behar zituen arropa edo aldizkari zerrenda arraposki idazteko.

        Iker etortzearen beha zegoela, hirurogei minutu horiek zoritxarrari ebatsi zorion-uneak zirela zirudion eta bihotzaren ponpak susmatzen zituen: haragizko ponpak segundo bakoitza markatzen zion. Presoak zetozen gelako bortatik Iker gorpuzkera ederra aitzinatzen miretsi zuen zaindarien artean: osagarrian ematen zuen, zelda barnean kirola egiten eta egunaren barnean zurgintza-atelierrera joaten zela segurtatzen zion amari: zer masakrea! pentsatu zuen Edmeak.

        Zenbait hilabete lehenago presoen aldeko besta batean argazkitan begimendu Iratiren potreta irristatu zitzaion kolkotik eta muinak urratu zizkon oihua errepikatu zuen: zer masakrea! Hiltzea helburu bakartzat zeukan erakundea laguntzeagatik! Euskararen alde ari zirela zioten, euskara zen borrokaren giderrik aurkezgarriena, botere bekaitza eta bereizketa politikoa ez aipatzeko. Baina Edmea zalantzaz zegoen: baserriko solairuan Ikerrek bi astez ezkutatu zuen Ternuaren antzera, erresistentzian sarturiko gazte gehienek euskara ez zekiten eta barra-barra espainolez mintzo ziren edo frantsesez, ikaragarriko kastelar aieruarekin. Pistola hartzea erosoagoa zen nonbait euskara biziarazteko, hizkuntza berreskura eta erabiltzea baino!

        Zernahi gisaz orduan, Ikerrek aski karba eginik eman zion Edmeak Ternua ustezko mendizalea selauruan aixolbetzeko baimena. Emazteak mutikoa bere haurra bailitzan artatu, ase eta garbitu zuen. Ordea, klandestinitatean zebilenaz mesfidatzen zen etxeko anderea, baina ez zuen deus erran, ez dudarik, ez galderarik, ez oharrik. Beinat itsu zegoen, ez zen bere egitekoa eta semeak txiki-txikitatik edozer obra zezakeen: Iker ez zen berea eta gizonari berdin zitzaion.

        Iker, Ternuarekin ez, baina Txupasekin arrastatua izan zen.

        Hirurogei hamarkadako lehen abertzaleetarik zen Erramun osabak aldiz, Ikerren ekintzak, balentziak eta agerpenak oro txalotzen zituen, bereak noiznahi eta hanpurus kontatzen zituela:

        — Frankoren garaia zian, eta Mikelen 2CVaren kofrean ez diagu sekula jakin nondik heldu ziren armak kargatzen gintian. Luzaiden muga pasatzen genian Irungo abertzale batzuei martxandizaren helarazteko. Baginian guardetan berri-emaile bat, guarda lo zirela hark heiagora eta gu pasa.

        — Eta ez zineten arrastatuak izan? —Ikerrek, osaba soaz jaten zuela.

        Orduan Erramun harroki zutitzen zen, eria zut-zuta hizketan zarraikala:

        — Ez. Ni ez bederen. Baina Mikelek bai, bizpahiru hilabete higatu zitian Iruñean preso, fraide komentu batean. Aspaldiko gauzak dituk, hire aita Aljeriatik itzuli eta ezkondu zen urtea zitekean. Apezak eta jende parrasta bat mobilizatu zuan Mikelen askatzeko, apezgaia zelako. Erreusitu genian alafede!

        Osaba isiltzen zen unea gogoan zeukan Edmeak eta hamalau urteko Ikerren ordez, klandestinitatea, terroristei laguntzea eta beharbada hilak baziren ekintzetan parte hartzeagatik kartzelatutako mutiko gogor eta zainartaren bisean-bisean adi segitzen zuen.

        — Ama.

        — Etorri nauk aldi honetan ere. Hiretako gauza on zenbait utzi ditiat zaindaritzan.

        — Gasna erdi bat?

        — Bai.

        — Zeldako kideekin partekatuko dut. Eta Elena zertan da?

        — Ez zekiat.

        Edmeak isiltasuna neurtu zuen, Elena beste batekin zebilela bazekien arren.

        — Noiz ilkiko haiz, Iker?

        — Ene abokatuak egin behin-behineko askatasun galdea berriz ezeztatu du jujeak. Eta auzia bitartean libratzen baldin banaute, Parisen bizitzera behartuko naute.

        — Beha ezak Iker: nahiago haut Parisen libre bisitatu ezen ez eta zoko urrin likitsa darien lau murru hits hauen artean.

        Emaztearen begietarik behera bat-batean isuri ziren malkoak zehaztu zituen Ikerrek. Amaren pentsua iraultzen zuena erraz irakur zezakeen: semea aske izaten ahal zela ETAren laguntzeko zeregin txepel horietan zinpurtu ez balitz, familiari anitz kostatuko zitzaizkion hamar urteko presondegi zigorra emanen ziotela paper faltsu eta arma debekatuekin ibiltzeagatik eta ilunpearen su-apalean gaztaroa erreko zitzaiola. Edmeak soa semearenean iltzatu zuen.

        Ordua ahitu zitzaien. Zaindariak Ikerren gibelean zeuden, agurren zeremonia hautsi nahi ez bailuten. Amak eskuak bitraren gainean pausatu zituen. Iker zutitu zen eta, aterantz erdi-bihurturik, despeditzeko moldean ahurra doi-doia mugitu zuen. Edmeak, orduan, xuxurlatu zuen:

        — Nork erranen du aski? Nork du gazte lapurreta honi geldi deiadartzeko kemena edukiko? Nork futxo? Madarikatuak ote gara?