5
Emazte ederra zen Janina. Santa Izpirituko auzoan kokaturiko etxebizitzako hirugarren estaiko lo-gela hertsian zeukan mirailean bere buruaren mirestea maite zuen. Ileak hori zituen, lepoa luze eta papoa oparo. Otsabidetik etorri zenean beltzarana zen, ekiak eta lanak ilundu baserriko neskatxen pare. Goizargi baserritik partitu zenean, herriko ohiturei uko egin zien. Bekan baizik ez zen hara itzultzen, salbaiki sangreaturiko Pierraren arreba zen eta paralesiak malgortu ama gaixoaren bisitatzeko demagun.
Orduan autobusa hartzen zuen San Andres plazan eta gau bat amaren ondoan iraganik, Baionara lehiatzen zen, hatsa eskas bailuan. Otsabiden ez zuten erraz patitzen hainbeste urguilu eta urreria zekartzan anderea: mezatik landako ahapezko oharrak itxura zitzakeen Janinak eta goiti egiteko gutizia hazten zitzaion. Hargatik, ezer entzuten ez bailuan, ele ona eta irri beroa eskaintzen zien.
Denak ahanzten zituen, ordea, lo-gelako mirailaren aitzinean zutun plantatzen zenean: bertan eta berehala inguruan zebilzkion gizonei atsegingarri agertzeko mila arrazoi finkatzen zituen. Herrian putaxka gisa zebilela zerasaten jeloskor andanei ihardesten zien, ezpainak bihotz, lan finko eta ohoragarria bazuela:
Eta ongi ordaindua.
Seroretan jostun-ikasketetan elkarrekin egon ziren adinekoei espantu pixka bat egiten zien. Ordukoz neskatxa haietarik anitz ezkonduak ziren eta jadaneko familiatuak, haurrak eta emazteak besainka hezten zituzten gizonekin. Goizargiko etxekandere xahar ezinduak alabarekiko laudorio baino ez zuen. Janina beratzen zen ama ez-jakinaren sustenguzko hitzak aditzean.
Mirailaren aurreko egonaldi biluzietan, Janinak bere papo handi eta astuna astiro begiratzen zuen. Eskuak bularren azpian jartzen zituen, libre eta titi punta ubel zehatzekin jostatzen zen. Fereka bat. Fereka bi. Gustatzen zitzaion, bularralde hunkigarrian Wernerren ezpainak ibiltari nabaritzea. Soa apaltzen zuen gero zilborraren gunera eta, han, azpien juntan hedatzen zitzaion oihan beltzari miratzen zion, amultsuki. Ahur bat titietan kilikari utzi eta bestea zangartera ekartzen zuen, bustitzen zihoakion gunean pausatzeko: hatsanka sakon eta intziri motz hautematen zen lo-gela hertsi hartan, goizeko tenore zurbailetan. Aluaren gainaldeko kukurusta gogortua torratzen zuen, Wernerren pitilia berme eta nahikeriaz gorri asmatuz.
Izugarrizko arra zen Werner. Kapitain galtzak kitatzen zituenean Janinaren begiak ez ziren haren ipurdi mazela zainart eta ilezuetarik kantitzen. Werner inguratzen zenean, mizpira egurra bezain zut zeukan makila begiz jaten zion. Murruaren kontra zaplastatzen zen, arropak tarrapataka kendu ondoan, gurutzefikatua izateko gertu. Aleman armadako uniformea soinean, Wernerrek lukainka barna landatu eta larrua blitz jotzen zuten. Apaina hurrentzean, gizonak danke schön xuxurlatzen zion, belarria ausikiz eta sabelpean billetez hanpatu bere soldadu kasketa pausatuz. Janinak Wernerren txapela kaskoan zetxikan luzekiro, zangartea garbitzen eta maitia nun zira abesten zuela.
Baionara heltzean Janinak atzeman zuen lehen lana Pannecau karrikako Hot-Bar hartakoa izan zen. Emeki-emeki ostatuko bezeroak arimaz bezainbat gorputzez zerbitzatzen hasi zen, nagusiaren gomendioz. Urte bat eman zuen Hot-Barren, bizitzaz aldatzea erabaki zuen arte; herriko jendeak erran zezaketenaz beldur baitzen! Famaren salbatzeko, katedralean eliza-laguntzaile zen Arbidetar baten aholkuak jarraituz Rachel eta Jacob oihal-saltzaileen etxeko sehi bilakatu zen, Santa Izpiritu auzoan.
Rachelena zen egoitzaren hirugarren estaian lo-gela bat alokatu zuen, eta han berean errezibitzen zituen boterearen eta sosaren arabera hautaturiko gizonak, ar izugarriak zioen eran. Isil-isilik heltzen ziren Maubec karrikatik kasik ikusezina zen atearen maldara. Janinak igurikatzen zituen azotea eskuan, irri egiteko batzuetan eta besteetan hala nahi zutelako. Goizetan ordea, Rachelen sukaldera lanera abiatu aurretik, gaueko gizon-hazi txortolak xahatzen zituen eta mirailaren aitzinean bermatzen zen, plazer-tresnatzat zeuzkan urrezko ilairea zein itsasoko uhinen kulunka mamitsuzko bularren astuna preziatzeko. Baina joan beharra zeukan: Eva iratzartuko zen.
Eva, Rachel eta Jacoben zazpi urteko alaba bakarra zen. Altxorra nola zaintzen zuten. Eva polita eta ongi ikasia zen. Janinak asko maite zuen. Egunean lau irakasle zetozkion. Janinak ezagutzen ez zituen Mozarten edo Bachen musika zatiak jotzen zituen Evak pianoan. Sehia negarrez urtzen zen melodiak entzutean. Hala aitortzen zuen behintzat, urguilu zizta batez. Alabaina gerla garaia zen. Azpiak irekiz bere moldean zerbitzatu zituen anitz herritar soldadu gozatu zituen. Haietarik franko ez ziren nehoiz ez itzuliko, batzuek beren zaldi ustelduen aixolbean 1940ko deboilan hilotz zeudelako eta gainerakoak oro Alemania iparreko kontzentrazio zelaietan preso. Giro horretan Eva eguzki-arraio eztia zela zirudion Janinari. Eva eta Werner, nahiz eta hau aleman okupazio armadako kapitaina zen. Baten samurtasuna ederresten zuen, bestearen indar basatia.
Eva, sekula munduratuko ez zuen alaba bezainbat maite zuen. Bi urte lehenago Baionara iritsi zenean esperantzetan suertatu zen. Hot-Barreko nagusiak Aturri ibaiaz bestaldeko ertz hezean ohaturiko aingeru-urkatzaile batengana joatea aholkatu zion, lana galdu nahi ez baldin bazuen behintzat. Gerla ez zen oraino hasia eta gauak gauari, Maggy ostatuko bigarren zerbitzari adiskidearekin, zaldiz tiratu karro batean aterpetu ziren hilorginarenganatzeko. Ilunki bezti eta lur hiro usaina zebilkion andereari, hilekoak hirugarren aldikoz agor geratu zitzaizkiola salatu zion eta haurraren galaraztera nagusiaren manuz zetorrela.
Ketan irakiten zegoen edaria ezpainetara eman zion emazteak. Segidan halako loeria eroak gatibatu zuen Janina. Ohe baten gainean etzan zen. Sunpur arteketan zintzilikatzen zitzaizkion begiak belar idor eta tartaina sareetan finka zitzakeen. Sabeleko fruitua errautsiko ziona oihuka hurbiltzen entzun zuen:
Ireki itzazu ixter horiek, hazia erein dizunari ireki dizkiozun maneran! Arren erna! Ez dut astirik!
Ez minik egin otoi...
Erreguz ari zen Janina, Maggyk gorputza lauzean mantentzen ziola, bortizki.
Plazeraren ondotik desplazera duzu...
Atsoak, akotea ozkan jarriz, kanta herrikoia aireratu zuen. Esku hutsaz alua zirikatu zion, zulokari. Janinak uste zuen nabala edo puñal bat sartzen ziola. Garrasika hasi zen. Sabelpea inarrosten zuen dolorez. Maggyk ahoa ahurraz tapatzen zion. Trenputxartu zen sufrikario ikaragarrien men. Handik ordu baten buruan bereratu zenean eta ohe kantoian odol putzu batean ito haragi puska gorriz erditara bete berontzia ikusi zuenean, konturatu zen egiazki hilortegin zuela. Menturaz ez zuen nehoiz gehiago bizia inori emango.
Arrapixkolatu arte egon ziren Maggy eta Janina atsotzar kurkuilatuaren txabolan. Odolez eta umeki zitzikatuz hanpatu pertza ondoan antzematen zuen, begiak bihurdikatzen zituen aldi oroz. Oraindik ere, egun parrasta pasatu eta, kontzientzia latz apurrez kontsideratzen zuen orduko nahitarako haur-galtzea, partikulazki sabeletik sorgin larderiatsuak erauziriko zitzi puskak uhin karminetan ihalozka, ume itxuratzen zituenean.
Ez zuen amets gaiztoagorik egiten. Ez. Baina kolkoaren lasaitzeko Hot-Barreko lana abandonatu zuen, Rachel eta Jacob Santa Izpiritu auzoko txokolategileen neskame bihurtzeko eta diru-trukean jokatuko zituen gizonak hautatzeko eskubidearen erdiesteko. Hala ezagutu zituen Eva zazpi urteko neskatxa ponpoxa eta Werner, okupazio armada alemaneko kapitain zainarta. Biek ongi ordaintzen zuten eta ez zuen gehiago ezeren beharrik. Noiztenka imajinatzen zuen Wernerrekin ezkontzen zela, Berlinera bizitzera joaten zirela eta, Aturri hegi misteriotsuko atsoak umeontzia masakratu zion arren, Evaren antzeko alaba bat ekartzen ahalko zutela. Baina gerla zen jadanik; Wernerrentzat ilusio handirik ez zeukan Janina, edozein ordutan galtzak apaldurik eta uniformea soinean presaka jautz zezakeen puta bat baizik ez zitekeen.
Iparraldeko fronteetara abiatu herritarrak ez ziren agertu. Eskualduna astekarian erraten zen alemanek preso zeuzkatela eta Ybarnegaray, Petainen ministro sei hilabetez izan zenak izparringi berean, preso haien bila abiatzeko bere xedea idazten zuen, noizean behin, berriki arte. Hargatik aspaldian ez zuen Janinak Garaziko diputatuaren hitzik irakurri. Baina apez euskaldunen artean mutil anitz bazeukala onar zezakeen, ez baldin baziren arras alemanen alde, bederen komunisten, judioen eta framazonen kontra oldartzen baitziren, sotanak sutan. Gerla aipatzen zuen Rachelekin, Jacob txokolate atelierreratzen zenean:
Berri txarrak dira guretzat neska, Alemania, Polonia eta Holandatik. Frantzian ere ez dira hobera ari, bozkatu dituzten Judioen Estatutuari buruzko bi legeekin.
Ez zauzue deus gertatuko hemen Euskal Herrian... Lasai Rachel! Beharrean lagunduko zaituztet. Hitza hitz.
Badakizu noizez geroz Santa Izpiritu hontan gauden?
Ez, ez dakit gauza askorik.
Espainiako Errege Katolikoek 1492an judioak kanporatu zituen eta ordutik Aturri bazter hauetan bizi gara. Sinagoga bertan dugu. Txokolateriak eta oihalgindegiak hurbil. Etxean gaude.
Baiki eta nola! Irauteko gisan ihardukiko dugu!
Rachel sehiaren besoetara erortzen zen, aldi berean izutua eta hunkitua. Janinak zotin estofatuka higatzen zen, Jacoben igandeetako paltoen papoetan izar horia arraposki eta ezer ez bailitzan josten zuela.
Behatz punta ziztatu zion orratzak. Odol ttantta batek bost besoko izar horia zikindu zuen. Janinak begiak hertsi zituen. Rachelek zenbait aste aurrerago Parisko Neguko Belodromoan agitu jende bilketa basatiaz erranak, jokaldiaren ondoko gorputzen zein arimen bakean Wernerrek salatu zionarekin uztartu zituen:
Ni ere judioa naiz jatorriz, baina inork ez du jakin behar.
Niri berdin zait.
Janina, egun batez gaur enekin izatea ordainduko duzu garratz...
Titi puntak murtxatu zizkion.
Ez, Werner, ez duket zorrik horregatik. Eta berdin zait judioa ala alemana zaren, edo biak: neure gizona zara.
Neurekin ezkontzea eskatuko nizuke, jada esposatua ez banintz.
Etengabeko musu sakonaz elkartzen ziren berriz, Janina aldion Werner hatsantuaren gainean zaldizka zihoala. Bata bestearen barnera atseginez lehertzen zireneko olde oihutsuak karrikan pasatzen zen aleman armadaren urrats kolpekatuei gehitu ziren. Izar hori hura Jacoben jantzietan josten zuenean, amodioaren estiren auhenak eta soldaduen herotsak zeramatzan gogoan, lanjer hurbil baten seinale isila bailiran.
Eva nekatto polita zen, eta abila, eta bizia, eta jostaria. Rachelen egoitza garbitzen zuen orduetan, Janinak beti ondotik zeukan txokolate ekoizleen alaba bihurria. Eskola lanak egiten zituen eta gero pianoan jartzen zen eguerdi arteko unea nota finez aberasteko. Ordularia hamabi aldiz oihar zenean, Jacob sartzen zen eta gohaina usnatzen bailuan, izar horia zekarren aterkia disgustuz dilindatzen zuen. Arratsean jestu bera zegien, disgustuz.
Ilunabarretan, sotoan biltzen ziren denak, auzo zenbait barne, Londresko Irratitik munduko berriak entzuteko. Batzuetan Frantzia Librearen jeneral zuzendariaren ahots dardaratia hautematen zuten. Baina amerikarrak gerlari lotuko zitzaizkiolako berririk ez zen aditzen, alta hori zuten gehienik espero.
Sarraski honek ez duke azkenik! Jacob etsirik zen.
Rachelek eransten zion:
Joan behar genuke New Yorkeko kusiengana.
Ez dugu txokolategia abandonatzen ahal, Rachel. Ez zaigu ezer gertatuko hemen.
Alemanez beteak dira bazterrak... emaztea oldartzen zitzaion, sotoaren argi ahularen azpian, gorputza itzal eta hausten zitzaiola irudikatzen zuela. Segitzen zuen: Badakizu Janina kapitain aleman batekin dabilela?
Otsoa bertan daukagu beraz gizona irriz lehertu zen; irratia hil zuen eta solasaldiaren bururatzeko erran zuen: Baina otso honek ez gaitu janen gure premia gorria daukalako, preseski jateko!
Otsabideratzen zen noiztenka Janina, baserrira, puska bila. Hor ikasi zuen bidenabar Otsabide ez bezala, 1942ko azaroaren 11 arte gunalde askean zegoen Arbide ere okupatu zuela aleman armadak. Arbideko Tartas oihanean biltzen ziren jada Alemaniako kontzentrazio zelai eta hango laborantza zein lantegietarik ihes zetozen herritar gazteak. Janinari amak jakinarazi zion Gerard, bere lehen maitalea, arbola eta sasi nahasi haietan ezkutatzen zela. Ez bat ez bi, gizonarengana lehiatu zen, aitak alemanen begirada eta gutizia bekaitzetarik salbu atxikitzen zituen baserriko mozkinez zareak hanpaturik. Gogoa alai zihoan. Eta ez zen gutxi harritu Gerardek erasiatu zuenean:
Hi alemanen putaxka haiz. Alde hemendik.
Baina?
Ez ditzakeen bi nagusi zerbitza!
Nola dakik hori?
Dena jakiten dun mundu txiki eta hertsi honetan. Habil, hoa berehala eta ez hadila nehoiz Otsabidera itzul!
Gerard azkenekoz ikusten zuela iruditu zitzaion orduan. Antsiak kiribilkatzen zuen. Goizargiko sukaldean, alemanek pairarazten zioten egunerokotasun dorpea kontatzen ahizpa txikia behatzen zuen:
Zaldiz badabiltza bideetan eta nik arroila lohitsu zikinetarik ibili behar dut eskolara joateko.
Arren Teexa, laster bukatuko da gerla.
Aise mintzo haiz hi.
Ama negarrez asaldatu zitzaion:
Kafea, txokoleta eta sukrea eskas ditinagu.
Ama ekarri dizkizut. Rachel eta Jacoben partetik opari. Eta aitarentzat Wernerrek eman didan tabako grisa. Arrautzik baduxia?
Ez dinagu deus ere.
Andere zohituak buruzagi aleman bati nola erantzun zion. Aldion esku hutsik Baionaratuko zen: noren erruz? Hargatik ama hurbildu zitzaion, xamango biluzia ahurrean:
No, horrela ez hau goseak hilko.
Mila esker.
Ez adiorik. Hobe dun Goizargira gehiago ez agertzea...
Etxekanderearen oharra ordrea zen.
Ongi da ama. Konprenitzen dut.
Otsabideko ateak zerratu zitzaizkion.
Etxekoek eta Gerardek haren bisitak ukatzen zituzten. Bihotzean mina ziztaka senti zezakeen. Jasandako dolorea errepikatzen zien bai Racheli eta Jacobi, eta bai oraino ere salbaiki laztantzen zuen Wernerri. Mirailean bere burua miresten zerraikan goizetan, ahalkerik gabe funtsean.
Ez dut gaizkirik egiten, bizi baizik ez naiz...
Berekiko marmarrean kulunkatzen zen, ahotsean ireki zauriaren nabardurak ozen. Isiltzen zen. Ahurrak papoan behera lerrarazten zituen, larruaren beroak jabalduko bailuan. Beztitzen zen eta zortzietan Racheleneko txirrina jotzen zuen. Egunak egunen ondotik bazihoazen, gerla giro zail horretan nahikoa elkar irudi.
Hargatik, okupazio armadek arrastatze handiak obratzen zituzten barnealdeko sasi eta xaretan. Makiak bake orokorra onartzen ez zuten gazte buru-beroz betetzen ari zirela erraten zion Wernerrek, Janinaren aluaren zolan zakila esku-bristaz landatzen ziola. Frantzia mailan Lan Behartu Zerbitzuari eskapatu mutikoz osatu banda terroristak antolatzen ari omen ziren:
Suntsituko ditugu banan-banan eta Londresen duten parpaila hura armada itsu eta huts baten jenerala izango da.
Lasai Werner. Zurekin jokatzea maite dut. Arren zirika nazazu.
Bihi bat ez da zutik geratuko...
Goiti eta beheiti ari zen, izerdia kopetan perla eta hatsa ezpainetan labain.
Zeren lotsa zara Werner? Ez dutea alemanek gerla betirako irabazia?
Baiki.
Gizonaren ipurdi eta gerri mugimenduak eten ziren bat-batean. Janinaren soa galdezkatzaile jauki zitzaion:
Zer pasatzen zaizu Werner?
Judio batzuen etxean ari zara lanean ez?
Bai. Rachel eta Jacobenean. Eva deituriko alaba maitagarri bat badaukate.
Horixe. Abisa itzazu judioen artean sarekada obratuko duela frantses poliziak bihar. Salba itzazu.
Ez zuen huts egin, jendarmeak eta zibilez beztitu gizon talde bat agertu zen argi-zirrintan bertan Rachel eta Jacoben etxera, Wernerrek jakinarazi eran. Janina garbiketan zinpurtzen zen. Ez zien nagusiei aleman kapitainak iragarritako gertakariez deus ere erran. Ez zen alabaina politikan sartuko, hain nekez zurkaizten zitzaion bizia galtzeko arriskuan. Zapia eskuan, burua makur eta bihotza lotsa hilkorrez handi zeukan.
Evaren gelan zegoen, polizia frantsesak sartu zirenean. Neskatoa armairu batean giltzatu zuen tarrapataka:
Ixo orain!
Zergatik?
Izu berria begietan zintzilik zeukan zazpi urteko txokolate ontzaileen alabak. Arropa astunen azpian gorde zen, dardaraka. Janinak, ezer ez bailitzan, gela xahatzen segitzen zuen; horrela atzeman zuten poliziek, oihal zarpaila ahurrean trinko eta erratza aldamenean. Bortizki mintzatu zitzaizkion:
Nor zara zu?
Etxe honetako sehia. Janina.
Arrastatzen ote dugu hau ere?
Zibilezko hedexuri batek kezka agertu zuen. Buruzagia zirudienak gogoetatu eta ezezkoa eman zion.
Apartamentu honetan beste nehor ba al da? bazterrak miazkatzen zituen, oihuka.
Ez dugu uste bi gizon ilunen ihardespena eskaileretan oihartu zen.
Arren, goazen! Arrain ederrak erori dira gure sareetara egun. Segur aski komandanturreko arduradunak zorionduko gaitu.
Brauki atera ziren ganbaratik.
Leihotik, Rachel eta Jacob maitagarriak polizien artean auto beltz batera igotzen begimendu zituen Janinak. Negarrez ari zen. Arrastatzearen hobendun sentitzen zen, Wernerren abisuari elkor egon zelako, berekoiz. Alta, asti aski edukiko zuen jende gaixo horien herioaren mehatxutik saihesteko! Bazekien alta, Rachelek anitzetan azaldurik, itzulerarik gabeko bidaiara eroaten zituztela! Janinak, norbaitek jakitekotan, Wernerren bezain Rachelen ahotik ezagutzen zuen Alemanian irekiriko esterminazio zelaien existentzia! Zergatik ez zuen haien salbatzeko eri ttittilik ere mugitu?
Gaizki-izate oldea gainditu zuen eta Eva armairutik jalgi. Neska alde orotara beha zegoen. Non da ama oihukatzen zuen. Janinak eraman dituzte baizik ez zion errepikatzen. Eva beztitu zuen eta puskilaz bete zaku bat hartu eta presaka jalgi zen. Santa Izpiritu zubiaren gainean lerro beltz zeuden polizien erditik pasatu ziren biak, zanpa-zanpa. Pannecau karrikako Txabola ostatura lehiatu ziren. Janinak han, Chadefaud jauna elaire zuen. Berrogei mila libera luzatu zizkion Eva Atharratzeko bere azkazien baserrira laguntzeko, berehala.
Chadefaud tratulari ile zuridunak Janinari hitza eman zion Eva sano eta salbo Arbidera eta handik Zuberoara lagunduko zuela gau hartan berean. Ostatuko sotoetara gidatu zuen eta erran zion, egun hauetan bazterrak gizon lanjerosez mukuru zirela. Janinaren matela kilikatu zuen, irri maltzur eta lizunak kokotxa zimurtzen ziola:
Gero, potxola, bokata-latsean elkarrekin ariko gara!
Evak bizirik iraun behar du, ene alaba bezala da...
Auhen eta hipaka amildu zen Janina. Gizonaren arima-hondoa hunki zukeen emaztearen intziri desesperatuek eta bai zintzoaz despeditu zen.
Janinak ez zuen Chadefaud hanpurusa begiko, nahiz eta gerla aitzineko urteetan, Rachel eta Jacobenean sehi lanetan hasi baino lehen, harekin oheratzen zen erregularki. Wernerrekin partikulazki larru-tratu finkoetan abiatuz geroztik, ez zuen gizon trunkiloaren berri zehatzik. Harengana zuzentzen zen Otsabideko herritarrekin harremanetan jarri behar zuenean.
Halaz, gaueko ibilaldiz ibilaldi, Chadefaudek kafea, sukrea, tabakoa eta txokolatea helarazten zizkien Goizargitarrei, eta haiek ordainez baserriko ontasun parrasta baten jabe bidaltzen zuten Baionara, izan xingar ala barazki fresko. Paper eta arrazionamendu txartel faltsuak marrazteko lehena zen Chadefaud: bazuen zenbait eta zenbait jende Espainiara iraganarazirik, judioak, komunista iheslariak, erresistenteak eta ingeles aireko gidatzaileak. Pagatzen zuten ber gizonak ez zuen oztoporik ikusten. Erratekoa zen komandanturrarekin ere tratu onak bazituela, bestela ez zuen bere afera neholaz aitzina eramaten ahalko. Bistakoa zenez, Janinaren eta Wernerren amodioaren zatikako garapenak bazekizkien. Chadefaud ontzia urperatzen zihoaneko arratoi likitsa zen, eta hilotzez ase aurretik, gerla urteak herrokatzen, edozer saltzen eta komertzioa errentabilizatzen zituen. Haren beharra zeukaten.
Arratsalde hura Sanandres elizan pasatu zuen Janinak, xifriturik. Rachelek mehatxu hurbil gisa aipatzen zituen esterminazio zelaietarik Eva salbatu zuen maneran, guraso bikotea halaber salba zezakeela errepikatzen zuen etengabeko damu, bezperatik sarekadaren jakinean zegoelako. Aturri ibaira jauzi egiteko gutizia piztu zitzaion: hiltzea baizik ez zuen merezi. Ordez, Wernerren ikustera joan zen. Wernerrek hozki errezibitu zuen:
Orain ezer ez dezaket...
Zure esku zegoen jende horien heriotik salbatzea.
Marmarika gaiztoan zebilen alemana. Janinak eskuz kukutu zuen begitartea. Ile hori nahasiak zeuzkan. Werner aulkitik zutitu zen. Ondoratu zitzaion.
Bihar arratsean zurera etorriko naiz.
Zatoz Werner. Oso galdua sentitzen naiz. Hargatik Eva alaba salbatu dut.
Badakit Chadefauden meneko utzi duzula. Badakit ere gizonak neskatoa Arbideraino arazorik gabe eraman duela. Lasai Janina.
Eta ene nagusi-etxekandere onak? Ez dira hilen arauz?
Judioak izanez ez dute eskapurik, zorigaitzez.
Janina marrakaz hautsi zen, urkatzen edo sangreatzen zen abere. Oihu basatiak barreiatuz eta ateak klaskaraziz Wernerren bulegotik kanporatu zen. Komandanturreko marmolezko eskaileretan aditzen ziren bere oski aztaldunen oiharrak. Iruditzen zitzaion ttaka-ttaka bakoitzak bihotza eta burumuina urratzen ziola. Herriko plazatik Santa Izpiritu zubian zehar apartamentura itzuli zen, hinki-hanka, trenputxartzear. Doluaren sareak bihotza tinkatzen zion. Sarraski erraldoiaz esperantzetan zegoen. Ustela zen funtsean.
Egunak kuxkur-etsiturik higatu zituen. Werner baizik ez zuen ikusten. Herioaren tentaldia zeukan anitzetan, ibaiertzean paseatzean edo zubitik iragatean: jautz egin eta kito. Baina ez zen ausartzen. Ideia zoroak bazeralbilzkion kasko zokoaren iraul eta nahasle. Wernerrek sarekadaren berri ematean bere hobenkeria Janinaren bizkar jarri zuenean nola, hala emazteak zerbait obratu behar zukeen kulparen zamaz arintzeko; errazena Wernerren hiltzea zatekeelako ondorioetara heltzen zen gehienetan. Pentsuaren borobilak bizkarrezurrean gorako ikara hotza eragiten zion.
Alta... Amodioa egiten zutenean, gizonaren so uherrak Rachel eta Jacoben herioaren errudun seinalatzen zuela iruditzen zitzaion Janinari. Wernerren begimena bere baitako kontzientzia txarrarekin uztartzen zuen eta zena zela eransten zuen berekiko ez naiz ni judioen suntsitzearen eragile, baizik eta gure lurrak okupatzen dituzten alemanak! Nolabait kontsolatzeko bilatzen zituen hitzak murmuratzen zituen, azpiak kapitainaren errain-ukaldiei eskainirik eta gogoa hegan.
Labana sabelean sar brauki eta...
Zer derasazu liebe fraulein?
Ezer ez.
Dardarka bukatzen zuen larrualdia. Presaka beztitzen zen hankartearen xahatzeko betarik gabe. Durduzatzen zen. Evak sentituriko izu berdina zena?
Pannecau karrikako ostatura abiatu zen goiz batez, Chadefaud-i herriko eta Evaren berri eskatzeko. Gizon ile zuridun lodia harrapatu zuen, kontuarraren gibelean, Otsabideko plazan gertatu izugarrikeria behatzaileei azaltzen:
Berrogeita hiru klasekoak ari zituan elizaren maldako belardian maniobra egiten. Kapitain alemanaren ondoan frantses armadako bi lotinant ere ba omen zituan. Eta hara non hilerriaren erditik begitarteak oihal zuriz estalirik zeuzkaten bost edo sei mutilez osatu taldea jazartzen zaien, mitrailetak ozen eta su.
Hori Otsabiden agitu dela diozu?
Janinaren kezka argia zen. Irria libratu zuen Chadefaud-ek hortz ustelduxeak erakutsiz:
Bai. Alemana eta bi frantsesak hilik suertatu dira. Eta Otsabideko gazte bat larriki zauritua.
Nor zen?
Uztaberriko Seinan. Uzkinazo zozo hura. Handik laster arrastatu dituzte erasotzaileak. Ixtunen gora heldu baitzen SS batailoi bat. Ez dute denborarik ukan sasira eskapatzeko.
Nor dira giltzapetuak? hirugarrenekoz mintzatu zen Janina.
Chadefaud-ek hiltzera kondenatuen zerrenda hitsa azaldu zuen:
Pierra Mendi, Gerard Artzubi, Bettan Bilainberri eta Arno Suhats.
Gerard Artzubi?
Bai emaztekia, zer dun horrela harritzeko? Chadefaud burlari zebilen.
Hire gizongaietarik bat dudarik gabe? Aski dion Wernerri aipatzea.
Algara eta harramantza burbuilatsuak bete zuen ostatuko gela. Jende ezezagunez mukuru zen. Gehienak antzaz Espainiara eta gero Ingalaterrara joateko paperen aiduru zeuden. Janinak aditzen zuenaren arabera, gizon eta emazte horiek Lyon eskualdetik etortzen ziren, han gaitzeko sarekada egin baitzen erresistenteen artean. Alberte izenari ihardesten zuen andere akitu batek errepikatzen zuen, etsia:
Max gelditu eta torturatu dute.
Zer max eta zer sax? Mila deabru sosa emaidan eta hara hire paperak. Datorren aste hondarrean Londresen hago.
Nor zen Max? Janina Alberterengana hurbildu zen.
Andere tristeak, Frantzia trebeskatu zuela ihesean, harriturik so egin zion, eskakizun apalari ihardestea komeni zitzaion ala ez ez jakin. Azkenean ausartu zen:
Max ezizenez baino ezagutzen ez nuen gizon hark itzaleko armada antolatu zuen eta, justu eraginkorrak ginen unean, trahitze baten medioz Klaus Barbie-ren zakurrek arrastatu dute. Alemanek ez ezik, itxuraz, erresistente batzuek ere haren galera nahi zuten, buruzagitzaz jabetzeko.
Ez dut deus ulertzen anderea.
Janinak Chadefaud-engana jo zuen:
Nola da Eva?
Ongi. Gurasoak Auschwitzen dituela badakikezu leku segurretik...
Tratulanta mututu zen. Paper faltsu baten zuritasunean enkre iluna buhaka idorrarazi eta segitu zuen:
Arren Janina, zoaz Wernerren ikustera eta behingoz zure lau herritarrak salba itzazu!
Wernerrekin hitzartu zen. Larrua arraposki jo zuten. Janinak lau herritarren biziaz urrikaltzeko otoiztu zuen komandanturreko kapitaina. Baina gizonak, mirailaren aitzinean, zakilaren nabardura eri puntaz zizelkatzen eta ferekatzen zuela, Rachel eta Jacoben kasuari zegokionez argiki ihardetsi zion:
Ez dezaket ezer egin orain! Gainera zer, zuk hain emazte plaxenta, lau terrorista zikin horien aldea hartzen duzula?
Anaia lau horietan daukat.
Gezurra ahoskatu zion, anaiaren ordez alabaina, Etxegoineko belar biltzeen karietarako uda-gau zohardi batez, birjinitatea ebatsi zion Gerard baitzegoen.
Ezer ez dezaket.
Bigarren aldikoz Janinaren alua zirikatzear zihoala, erantsiz zuen Wernerrek:
Astearte goizean adibidetzat fusilatuko dituzte Otsabideko plazan. Nahi duzu neurekin etorri, kuttun?
Ez.
Janina haserre zen. Gogoa kexuaire zerabilkion. Gizonak hazia barreiatu zuen emaztearen sabelpea emokatuz. Kapitain kasketa buruan gero, aluko muskila arrosa milikakatu zion, zor zion diru kopurua bular artean pausatu aitzin.
Otsabiden zirateke beraz datorren asteartean?
Ez dut eiki ikuskizuna huts egin nahi.
Barre egin zuen Wernerrek, kezkak kutsaturiko pozez.
Hil-zeinuak danbaka urrian aditzen ziren. Alemanek Otsabideko etxe guztietako jendeen biltzera igorri zituzten bai apeza eta bai auzapeza. Berde-kaki kolorez beztitu arrotzez setiaturik zen plaza hertsia. Hiri nagusietako komandanturreko ordezkariak hor zeuden, besta-garaietan Kanttu akordeoilari eta Pitxi txistulariek hornitzen zuten tauladaren gainean. Ez zen ordea alaitasunerako tirriarik. Etsenplua eman behar zen: terrorismo mota horrek ez zuen hazi behar. Bihirik ere ez.
Londresko irratia entzuten zutenek, amerikanoak jada Ipar Afrikan plantatuak zirelako zurrumurruak hedatzen zituzten. Berrien arabera laster lehorretaratuko ziren, baina ez zekiten noiz eta non. Jendeen artean zegoen Janinak irrati bidezko kutzumutzu horiek behatzen zituen, bistan dena, Pannecau karrikako Chadefaud-en ostatuko gela handian. Bakearen alde zen Janina, baina hein bateraino.
Otsabideko estrada lilituan Werner ikusi zuen. Militarrak ez zekien emazteak herrira bidaiaz etortzeko xedea zuela. Wernerri begira geratu zen, hormaturik: gizon ederra zen gerlak iraun zuen urte beltz hauetako kasik bere maitale bakarra, etxerako premiazkoak ziren gauza materialen harrapatzaile suharra, bestela denak miseria gorria eihartuko baitziren... Janinak alta, Chadefaud-i mailegatu eta bularrarteko arroilaren beroan zetxikan pistola lizunki ferekatzen zuen.
Lau kondenatuak plazaren erdira ekarri zituzten. Murruen kolore arrosa eta presunerren atorren zuritasuna biak ezkontzen ziren, zeramatzaten galtza ilunekin kontrestan. Bazterretan auhen ukatu bezain urkatuak altxatu ziren. Adineko emazte saldo batek mantalinak buruan behera apaldu zituen. Gizonak zut bermatu ziren bunetak eskuan. Isiltasun hotza zen, eguerdi aldeko ekain-eguzkiak gogorki jo arren. Lau mutil gazteak sasiko urteetan iragan gosearen erruz mehetuak ziren arras. Soldaduz tinkatu plazaren izkinan jarrarazi zituzten, bakoitza bere tokian: Gerard ezker, erdian Pierra eta Arno, eskuinean, bikarioaren saihetsean, Bettan.
Tauladan aleman buruzagi batek fusilaketa hasteko besoa altxatu zuen, heil orroaz. Ikara larriak zeharkatu zuen plazara derrigortutako jendetza. Apezak orduan kondenatuen begiak oihal zurbailez tapatu zituen. Gurutzearen seinalea marrazten zuen bitartean, lau soldadu uhin hiru lerrotan plantatu ziren. Mutikoek eskuak eta zangoak sokaz estekaturik zeuzkaten. Janinak su! entzun zuenean zotinka lehertu zen eta pistola eskuratu zuen.
Nehoiz ez zen berataz hain segur sentitu: hiltzea erraza zen azkenean, ez zen deliberatzearen beharrik ere, aski zen herra eta urrikirik eza erraietan ohora adina sustatzea, naturaren senari itsu jarraitzea. Jendeen erditik ildoa udalatu zuen eta estradaren azpira heldu zen. Wernerren soa orduan aztertu zuen eta tanpez, bihotzaren aldean, soldaduak kondenatuei tiroka ari zirela, hiru bala sartu zizkion. Gerard eroritako istant berean amildu zen Werner.