6
Andde arrastatu zutenean, bizia gaizki bihurtzen hasi zitzaiola pentsatu zuen Ttottek. Oraindik ere Santaklara deituriko eroetxean zegoen ohe zuriari estekaturik, erremedioz galkatua eta atorra zurbailaren azpian biluz. Gogoeta terrentak zeramatzan: Zergatik herriko lagunek baztertu zuten, Andderen askatzeko sustengu taldera hurbildu ez zelako? Ez zena hautatzeaz libre? Nolaz bildu behar zuten ardi bailiran, Poliziak terroristatzat zeukan mutiko haren kartzelatik libratzea eskatzeko? Ttottek ez zuen ulertzen orduan gertatu zitzaiona. Jakin izan balu, ekaitza iragan artean, xume-xumea lerroan kokatuko zen. Baina ez. Segur aski Peter amerikar osabarengandik harrapaturiko burua erakusteko jaidura txarra zuen; egunak joan egunak etorri, amak ez zion besterik errepikatzen, deabruen bisaia!
Fama txarreko Santaklara ospitale psikiatrikoan giltzatu zuten.
Otsabideko laborari gazteetan Andde ez zen nornahi, eta horregarik Ttotte damu zen egoera argiari kasu gehixeago ez egina. Herritarren miresmena zeukan. Euskal Herrian erreusitzen zuen gaztearen arketipa zela ere erran zitekeen: alabaina, aitak baserri aberats eta hedatuenaren ondorengo izendatu zuen Andde, nekazari eskolako BTS diploma erdietsi bezain laster. Instalatze primak erabiliz, etxaldea handitzeko zein barruki eta arditegiak berritzeko asmoa zuen. Aldi berean, euskal mugimendua zeritzonean parte hartzen zuen, batez ere laborantza alorrean. SAFEReko eskualdeko buruzagiaren bulegoa setiatzen, esnetegi industrialak gogorki okupatzen, Baionan antolaturiko manifestaldi eta preso politiko zein errefuxiatuen aldeko ekintzetan ikusten zen. Etxekoek, lurraren gustua eman baldin bazioten, ez zioten arbasoen mintzoa irakatsi. Lizeoan, baxoko euskara orduetan hitz apurrak ikasten eta gaineratikoak, herriko nekazariekin arto eta belar ensilatzeen karietara bereganatzen zituen. Halako batean, garai hartan ardura gertatzen zen eran, Poliziak Andde arrastatu zuen Iparretarrak mugimendu armatuarekiko zeuzkan balizko harremanak susmatuz.
Arankiloa mirazkatu zuten, xeheki. Ez zuten gauza handirik atzeman, salbu kagula beltz bi, ordulari zaharkitua, lau detonatzaile eta metroak metroari hari elektriko. Iparretarrak erakundearen propaganda paper zenbait kausitu zizkioten halaber, etxearen goian zeukan lo-gelan, Penthouse eta Rugby 15 aldizkarien artean gorderik.
Atxilotze-egun hartan bertan montatu zen bilkuran Pierra Andderen lehen auzoak erran zuen:
Denek baditugu horrelako gauzak gure hangar eta selauruetan. Ez dira nahikoak Andderen hobentasunaren zurkaizteko. Badakigu guk, haren eskola eta besta lagunek, ez dela terrorista horiekin nehondik ere lotua: errugabea da...
Aski dituzte halaz, euskaldunak oro geldiaraztea eta preso sartzea, soilik euskaldun direlako aitzakiaz! sutan oihukatu zuen Anari izeneko neska gazte batek Herriko Etxeko eztei-gelaren zoko batetik
Bere ikusmoldearen eskaintzera gonbidatua izan zen Ttotte, batasun berri baten sortzeko bat zeuden beste anitzen ondotik. Pierrak galdatu zion:
Eta hik zer diok?
Nik? Batetik zuzen irudi zait Andderen libratzea eskatzea. Baina bestetik Poliziak gure adiskidea kartzelaratzen baldin badu, zerbaitengatik daiteke. Ez dituk hire eta neure baserrira etorri. Anarik dioen bezain itsuak balira gu ere preso gintukean ordu honetan.
Bat-batean inguruan hedatu zen hormatze-aireaz ohartzean isildu zen. Manera ezaxola horretan hitz egina jada deitoratzen zuen. Taldearekin ados izaten ahal zen, bakearen amoreagatik, eta gero askiko zuen bilkuretara edo manifestaldietara ez azaltzea, ahantzi zuela edo lanpetua zelako aitzakia aurreratuz. Erraz egin zitekeena zen alabaina.
Ttotteren iritzia erabat baztertuz, gelan tinkatu gazteen odola irakiten nabaritzen zen. Anari mintzatu zen, ausart:
Andde gure arteko hoberena da. Euskaldunena. Jakin dudanaz Arbideko posta-bulegoaren jautzaraztean parte hartzea leporatzen diote. Bai eta Arrietako zerga-etxearen kontrako ekintza.
Hori da terrorismoa deitzen dutena? Gure zapaltzaileen aurkako erasoak kondenatzen dituzte?
Patzikuk, orroaz, aulkitik jauki eta ezkerreko eria luzatu zuen:
Zuzentasuna baizik ez da. Bestela ahamen batez janen gaituzte eta gure hizkuntza suntsituko dute. Administrazioko egoitzak baizik ez dira Iparretarraken ekintzen jo-mugan; gehiagokorik ez. Ekintza garbiak eta sinbolikoak burutzen dituzteno herriaren askatzaileak dirateke. Guk ez dugu horrelako gauzetara plegatzeko ez kopeta ez eta kuraiarik!
Kalte material handiak badira eta zerga-etxeko zein postako langileek ez dute jasaten dugun zapalkuntza horretan errurik...
Ttotteri errana tanpez dolutu zitzaion, ezen taldearen ihardespena multzokorra suertatu baitzen:
Etsaiaren ikurrak dituk eta bake adina askatasun uzten ez diguteno ez dituk ez libre ez eta bakean egongo.
Langile xeheak... auhenkatu zuen Ttottek, gelatik buru-makur jalgi aitzin, Anarik belarrira mailukatzen ziola:
Etsaiak.
Denak etsaiak ziren beraz. Bera ere etsai sentitu zen bilkura herrikoian. Bitxiki ezen orduraino arraposki jarraitu baitzion gazteen taldeari. Gogoetak hegal utzi zituen: ez zuen astirik ondoko larunbatean Baionara manifestatzera joateko, bakarrik baitzen aita eta ama adinduekin baserriko lanen eramateko, eta gainera arratsalde hartan laugarren kusi zeukan Manez zaharraren ehortzetara beharra zen. Batzarreko giro nahasiaren ondorioen mendratzeko, Ttale Manezen ilobaren hitzak oroitzen zituen:
Oihuka sartu ninduan Manezen etxean askari tenorean. Ez nian nehon ere kausitzen eta ganerrean oiloak hazkabozka hauteman nituenez, hara igotzea deliberatu nian, Manez han zitekeela, arto-buru bihikatzen...
Ttalek misterioa iraunarazten bazekiela baimendu zuen Ttottek eta ezustekoaren zigilua zekarten haren eleak errepikatu zituen:
Hara non han aulki bat lurrean uzkailia ikusi nian! Kuskurtu ninduan haren zutik jartzeko eta, belauniko nintzen unean, sunpurretik dilindan zegoen zerbait latzek burua handizki jo zidaan. Ez ninduan den-mendrenik ere kezkatu, badakik, osaba Manezek urteko zingar-azpiak ganerrean zatxizkalako idortzen. Oihuka segitzen nian eta erantzunik ez. Sukaldera jaitsi ninduan eta Manezen itzalik nehon ez! Oiloak eta urdeak bazkaturik, etxeratu ninduan, lasai, eguneroko zerbitzua beterik.
Ttale hitz huts geratu zen. Manez, karlos errea, Arbidera joana zela ondorioztatu zuen, arrebarengana, hala baitzegien ez-ontsa zenean. Hargatik hiru egunen buruan, Ttaleren arabera, bazterrak arranguratzen hasi omen ziren:
Ez genian inon gurutzatzen, ez igandean elizan, ez eta arrats apaletan Kantueniako ostatuan. Aita eta bi auzorekin Patzarrenera jo eta han atzeman genian, bai dilindan, sunpurrari lepotik lotua, bere buruaz beste eginik! Etxe hartako ustel urrin tepoa usnatzekoa zian...
Zainengatik menturaz, Ttale irriz lehertu zen:
Segur nauk, nik zingar-azpi gottorrak zirela ustez, Manez gaizoaren zango puntek nindutela arratsalde hartan jo! Eta ez nian sorik ere altxatu: bazauka! Arrunt tetelea nauk. Manez urkatu berria hor nian eta ez diat kasurik eman!
Eri zena?
Ba, ez zuan hain ongi medikuek prostatako minbizia kausitu ziotenez geroztik. Baina ez duk suizidatzeko arrazoi bat, laurogeita sei urteetan, jinen zioan bai herioa, luze gabe, urrats mantsoan.
Ez zikean sufritu nahi? artekatu zuen Ttottek, justu Andde arrastatu zuten eguerdian, iragarritako bilkurara abiatu aurrean.
Oraiko erremedioekin ez duk sufritzeko denborarik, mutikoa. Ohartzeke hilotz bilakatzen haiz!
Gazte xifrituak hasperenka zerraikan:
Ez nauk egin dudanaz edo hobe erranik egin ez dudanaz harro: Manez salbatzen ahalko nian, gizonaren zango puntak ez banitu zingar-azpiekin nahasi!
Gainerako lagunak Baionan zeudela Andde askatu deiadarka eta Txikiko ostatuetan mozkortzen, Ttotte Manezen ehortzetan zen, etxeko norbait ager zedin amoreagatik. Hilkutxa elizan sartu zenean, gerlari ohien bandera gorarik eta medailak putzuka gorri hertsi batean xintxo, jendalde bilduarekin, ahoak eman ahala betiereko zoriona hil huni eman otoi jauna kantatzen zuen, bizkitartean bezperagoko bilkuraren harat-honatekiko hausnar tematsuan zebilela. Barne-burrunba dorpeari ihes egiteko nolabait, ebanjelio denboran beren buruaz beste ziren herritar adinduen zerrenda osatu zuen: Mananek negu minean Uharane handi zela zubitik jautz egin zuen, Kaietek ere ura eduki zuen azken egoitzatzat Nazaren aldean, Manezen moldean Periku selauruko sunpurretan zintzilikatu zen, Augustek ihiziko fusilarekin kokotxa zitzifrikatu zuen, eta Maijanek hirurogeita zazpi bedatsetan satorkako pozoia irentsi zuen. Ez zen inkesta berezirik, zaharren suizidio tasa beti hein bat azkar zegoen herrialde horietan.
Bistan dena Ttottek gazte zenbaiten adibidea aipa zezakeen, fededunek sinesten dut marmaratzen zuten unean: Beinatek hogeita hiru urte zeuzkan, emaztegai polita, etxea eraikitzen, lan ongi ordaindua SMSak barreiatuz adiskideei agurrak banatu zizkien goizean, Harpeko Zilo sakonera gorputza aurtiki aitzin. Sokorriek lau egun eraman zituzten hilotza argira ekartzen. Hautsia zen.
Andde arrastatu aurreko urteetan Ttottek ez zuen jendearen hil-gutizia ulertzen, baina orain ospitalean zegoela, ohe-burdinei estekatua eta pildorez kunkurino emokatua konprenitzen zuen, bera ere hortik pasatua zelako. Ezen Manezen ehortzetatik landa, Andderen sustengu komiteko kideek mutikoa erabat baztertu zuten, beti arre-alde zebilen astoa bailitzan.
Medikua gelan sartzen segitu zuen, begia motel. Auhenka ari zen. Mekanikoki, kateztatua izateko asmorik ez zuela eta bere borondatez ipurdi mazela presentatu zion, pikura egin ziezaion. Bat-batean, odolak garraiatzen zion lasaitasun uhina zainetan hedatzen nabaritu zuen. Herriko hilak ahantzi zituen, biziak berdinki. Izpiritua itxura bitxiz hantzen zitzaion: oraindik martxan zeuden telefono mugikorrak metatzen zituen lurrean, ihardesgailuetako ahotsak ezagutzen zituen, lagun hurbilenak, gero ibaiertz batean bazebilen, hegiek ustelaren eta altzairuaren usain mikatza zekartela, adiskide min bikotea galdezka zebilen, buruxkando eta xatarretan urkatzen ari zen ume bat salbatzen saiatu zen, debalde, Andde jazarri zitzaion jaun eta jabe: ez hoa ongi motel mailukatzen zion kontzientziaren balizko eleak bailiran, Lilarekin amodioa egiten zuen amets-gaizto eta iratzartzen zen orenak orentegi ahitu ondoan.
Bakartasunaren zamak purruskatua bukatzen zuen. Erokeria bat. Azken urtea arras isolaturik higatua zuen, besta eta neskarik gabe, Lila ezagutu zueneraino. Andde sustengatzen zutenekiko menskeria eta basakeria zenbait obratu zituen, heskualdunen kontra ziren izenik gabeko mukizu batzuekin:
Baakika zer den ETA?
Nola nakike?
Inoxent-aire zebilen Ttotte. Panpilik, usaiako arraileria baitzuen, urguiluz eta herraz xerrent segitzen zuen:
Eskualdun Tipula Andana...
Karkara gurintsuak gatibatzen zuen Le Routier taberna zokoan bildu saldoa. Panpilik bierrak manatu zituen, ostalariak Johnny Hallydayren zinta azkarrago jar zezan garrasitzen zuen artean.
Lilaren ezagutzeak eta urte oso batez, haren etxean zerraturik bizitzeak arras moztu zuen Ttotte herriko gazteriarengandik. Hala ere ez zuen ahanztekoa eta inguma hitsak iratzarrarazten zizkion horrek, neskaren altzo beroan amildu aitzineko hilabeteetan, Panpili eta Le Routier ostatuko ohiko zuztarriekin euskal bestaz besta ibilia zen, pataska eta aharra xerkatzen: Panpili lodi bezain indartsua jende baketsuen artean bortitz sartzen eta gerla pizten zen. Andderen lagunak asaldatzen zitzaizkion eta ardura Ttottek berak, herri zenbaitetako plazen arrosa sudur puntatik edo matela azpitik zerion odolaz tindatzen zuen.
Ukabilak gorarik zebiltzan, barrak airean, botilak zapartaka, neskak elizen aterpean dardaraka izutuak eta kantonamenduko jendarmeak nahasmendu haietara hurbiltzen ziren bakanetan, larriki zaurituak kontatzen ziren. Biharamunetan Panpili, Ttotte eta lagunak aldizka komisariatik zein ospitaletik ilkitzen ziren, elurra bezain sendo eta garbi, arrazoi on bat bazutelako otsoen aztaparretarik libratzeko. Ez zen hala agitzen ordea, Andderen sustengu komitekoentzat. Gertatzen zen, hil-biziko aharra partida sutsuetarik landa, baten bat kartzelatua izatea, polizia-gizon trebeek harengan terrorismoarekiko aztarna zerbait kausitzea lortzen zutelako, pegatina bat, aldizkari bat, kirol jantzi bat.
Gau-borroka horietarik batean, begitartea itotzen zion odol jarioa gelditzen saiatzen zela, Ttottek amets ikaragarria egin zuen: emazte baten aldamenean zegoen, Panpili motozerra piztuarekin anderearen lepoan makinaren mihiaz jostatzen zen, irriz karkailaka. Ttotte oihuz, ezbeharra ekiditen saiatzen zen, behin, bietan, eta hara non hirugarren aldian, justu Panpilik joko ankerra uztea deliberatzen zuenean, emaztearen zintzur zolan motozerraren kateak hodia ireki zion, odola tomate-saltsa adina lodi eta gorri bazeriola. Ttotte gaizoak orduan, sokorriko lehen aholkuak emanez, zauria eriaz tapatzen zuela, horman zintzilikatu telefonoan 15 zenbakia zaplastatu zuen. Esnatu zen punpan, izerdi.
Preseski, arrats hartako ekintza biolentotik at baskoi eta anti-baskoien arteko bataila goizalderaino Klentte zaharraren artadian garatu zen, neska gazte bat bazegoen etzanik, trenputxartua, hedailo eta doi-doia hatsartzen zuela. Apaldu eta mirazkatu zuen: bezperako motozerraren ametsa kolkoratu zitzaion, odol isuririk ez zitzaion susmatzen arren, nehondik. Elizaren maldara eroan zuen, bizkarrean. Eskuetan zeukan whiski botilako ttuttuna ahoan sakatu zion:
Edan ezan emaztekia!
Guruuup... Urrukkkua...
Boborimo elkorrak askatzen zituen neskatxak eta tanpez huntzaren gorotza zirudien mordoxka ilun baten antzeko zerbait bota zuen. Jarri zen ubelez perdukatu mutikoari harritua eta lotsaz so:
Nor haut hi?
Ttotte, Otsabidekoa...
Besoak besoetan, neska ipularrean berme mantentzen zuen. Neskatxak bortxatuko zuela uste zuen eta alde orotara higitzen zen, eskapatzear. Baina laster konturatu zen mutikoak ez ziola ohorea tatxatuko.
Zer nahi duk orduan?
Hor hintzen lurrean, irudiz hila ihardetsi eta segitu zuen: Sobera edanik ala gure borrokaren karietara kuskako bat bildurik?
Gaitzekoa harrapatu diat gaurkoan. Ez diaguk iraunen, kaguensos!
Ttotte ez zela gizon libidinos ustel horietarik segurtatzean, etxera eroateko otoiztu zion eta biak mutikoaren autoan sartu ziren, trinkili-trankalaka. Jendarmeak zetozela, Ttotte eta kaguensos me salbatu nauk intzirikatzen zion neska bidean zeuden jada. Neskaren etxea Otsabideko muinoetan landatua zen. Bakarrik bizi eta Ttotteren presentziaz baliatu zen, biluz eta ohean etzan zezan eskatzeko. Mutikoa emazte larruhasari begira egon zen; zangarteko ileek osatzen zuten oihantxoak fazinatzen zuen. Gizontzen sentitzen zen eta neskak Ttotteren zakilaren jazarria irakurri zuen.
Nahi nauka jokatu?
Orai? Ama etxean aiduru dinat. Gainera ez dakinat nor haizen ere.
Lila... Haugi Ttotte, joka nezak...
Neskak galtzak askatu zizkion, aberetxo lekedatsuak hondarrean, bitsez emokatu burua agertzen zuela.
Hori diat gustuko: hire sugegorriaren trenpua. Joka nezak arren!
Ttotte ez zen den-mendrenik ohartu Lilaren aluaren sakona zirrikatzen ari zela, hortik aurrera baserri hartarik kantitu gabe, anitzetan egingo zuen eran, neskaren joka nezak arren manu lizunari erantzunez, ama eta jeztekoak zeuzkan ardiak erabat ahantziz.
Amodioaren sareetan preso zegoen garaian, Mikel eta Panpili bi kusiek Ttotteren guraso eri eta ahulak hertsatzen zituzten, etxaldea salbu, funtsak bederen alokatzeagatik. Saldu ere, zergatik ez; semea Lila izeneko emaztearen besoetan zegoen eta irudiz ez zen etxaldeari biziki interesatzen, bi kusiak aldiz bai, errotik:
Urriza harekin dela lurraz bost axola du, errazu!
Eta guk bizitzeko hanbat behar...
Mikelen ildotik Panpili auhen lehertzen zen. Ttotteren ama aulkitik zutitzen zen, aitaren besoetako zainetik lerratu perfusio orratza lekuan ezartzeko. Isilik zeharkatzen zuen sukalde iluna, auzoko bi gizonen zinkurinak oihar:
Lau hektarea horiekin eginen zenuketen sosarekin, hirian plantatzeko diru nahikoa bazenukete, klinikatik bi urratsetara, Maneren kimioagatik diot hori.
Ez dik kimio eta zimio beharrik gaizoak!
Ama haserre zen.
Medikuak lau asterena iragarria ziok!
Lekuak huts itzazue etxe hontarik...
Zahar eiharrak, gorputzean zeuzkan indar muskilak oro bilduz, deiadarkatzen zuen. Eritasun barkagaitzaren hurrengo erasoaldiraino halako lo-koma batean amiltzen zen gero. Ezintasunez itoa, emazte konkortuak erratza eskuratzen zuen eta auzo hamikatuak haizatzen zituen.
Ttotte mukizu hura non dugu orain?
Ama galdezka ari zen, ezkaratzeko atea klaskaraziz. Nehork ez zion ihardesten. Bidenabar sentitzen zuen lur-gose ziren mutiko lotsagabeei amore eman beharko zietela noizbait, etorkizun hurbilean menturaz.
Ttotte Lila-zulo bilakatu zen. Neskaren ganbaratik gutxitan baizik ez ziren erosketen egiteko kanpora ausartzen zirenean, bikotearen era ikusgarria zen: Lila, baba-cool moldean apaindua zen, arropa koloretsu eta anbre usaina zeriola; Ttottek aldiz bizpahiru hilabeteko bizar nahasia zeukan, zapel zabala buruan eta zilarrezko gurutze saindu erraldoia papoan dil-dil. Herrian, ahapeka erraten zenaren arabera, Lila Ekiaren Semeak sektako kidea zen eta Ttotte bakartua, bere sareetan harrapatu zuen, arrain soil baten gisara.
Jadanik Otsabideko Zarteia baserria sektaren mende zen, Lilaren antzeko beste andere batek horko jaun adindua amainatu ondoren: gaurkoan bista laburreko Zarteiako nagusiaz burla ausarki zegiten herritarrek, asunetan ahantzi ahe herdoildua ez zuelako gehiago kausitzen; halaber ments bulta batean, komunione egunean, aitaren aitak oparitu zion golde nabarra errekara aurtiki zuen. Sektako arduradunek behitegiko otalakoetan, korbeen maldan, ohantze moldeko bat antolatu zioten, Zarteia bilkura eta egitate lizunetarako baliatzen zutela. Gertakari horiek ez ziren aspaldikoak. Otsabidetar frankok Zarteiakikoa, Ttotterekin ere pasatuko zela iragartzen zuten. Halatan, auzapeza arranguratu zen eta jendarmeak abisatu zituen.
Bikotea ohean atzeman zuten Lilaren etxean sartu zirenean. Lila arrastatu zuten, baina handik laster libratu. Otsabideko hegietarik behin betiko desagertu zen. Ttotte zain-beheraldi latzak eroan zuen. Bisitaz zetozkion ezagunei, ez beti intentzio onekin ordea, hala nola aldizka Mikel eta Panpili, Lilari hitz emana laburbiltzen zien:
Ezkonduko gintuan, auzapez nazkagarri horrek ez baldin bazituen jendarmeak deitu! Pentsatzen duka? Ezkonduko ninduan!
Zeren trukean? eskatzen zion trufari Mikelek.
Errak, ezkonduko ninduan. Etxea Ekiaren Semeei utziko niean eta hirira joanen gintuan bizitzera Lila eta biok.
Funtsak sekta bati abandonatuko hituen? Hobe guri saltzea...
Panpilik ezkel segitzen zuen. Mutiko ezinduak, ahurra begietara lerrarazten zuen eta hizketa motelean zerraikan:
Bakarrik nauk berriz. Non da Lila? Haren bila abiatu behar diat lehenbailehen.
Artean, lurrak aloka iezazkiguk...
Lila non da?
Egun oroz zazpi pastila kimiko irenstearen erruz, ezpainen zirrikituetarik tu malgua isurtzen zitzaion.
Kalma hadi gizona ahapekatzen zion Mikelek, egoeraren larria neurtzen zuela.
Bihar edo etzi jinen gaituk. Senda hadi eta pausa: baduk naski beharra.
Lila non da?
Berean zegoen Ttotte eta lagunen agurtzeko kemenik ere ez zeukan.
Triste paketa halakoxea!
Bi gauza zeuzkan gogoan biribilkari ospitale psikiatrikoko gela beilegiaren ilunpean, aulkian loturik zegoela: batetik, harritzen zen oraindik, etxeko sukaldean normalean elkarren etsai erreak ziren Mikel eta Panpili bere lurren lehian ahots batez bermatzen ikusteaz; alabaina Mikel, Andde preso herritarraren sustengu komiteko zutabeetarik bat zen eta Panpili guztiz kontrakoa. Bestetik ezintasuna irakurtzen zuen amaren begitartean, gaztigu dorpe; minbiziak zurgatu senarra eta erokeriak desorekatu semea biak artatzen zituen, olde bakarraz, sekula auhen edo zinkurinik entzunarazi gabe. Irudi zitzaion eiki auzoak arraiki trufatzen zitzaizkiola. Baina lurraz jabetzea helburu argitzat zeukatenen bisitak, nehoiz loratu ez edo nekez garatu zen adiskidantzaren seinale zeuzkan, hain baitzen isolatua. Lilaren galtzeaz horrela kontsolatzen zen. Bederen inguratua zein sosegatua sentitzen zen.
Zena zela, erremedio likits urrina zuen sukalde hartarik ihes egin behar zuela erabaki zuen goiz batez. Amaren urratsen zirrizarra etsitua eta aitaren zintzur korrokak ez zitzakeen gehiago jasan. Lilaren larruaren gozotasuna falta zuela, haren xerka partitu zen. Ez zuen ez jantzirik, ez lo-zakurik, ez paperik, ez eta dirurik hartu. Zainen jabaltzeko pilulak eta haien arraberritzeko medikuaren ordenantzak ez zituen ordea ahantzi. Lekuak husteko arrazoi bat bazuen, ez nolanahikakoa; hain zuzen ere bezperan Mikel, Panpili eta Arbideko notarioaren bisita ukan zuen: lurrak saldu aurretik auzoei alokatzen zizkielako agiria ekarri zioten, izenpe zezan. Presio ikaragarriarekiko denbora pixka bat irabazi zuen, ahoskatu zuelarik, irudiz trenpuan:
Zatozte bihar eguerdi aldera, gogoetatu eta paperak sinatuko dizkizuet.
Erran bezala beraz...
Aurpegi alegera zuen notarioak, mahaitik zutitzera zihoala, aulkiak kurruskaraziz. Ttottek hirukotea pozarren agurtu eta arratsaldea gastatu zuen MTVri iltzaturik.
Hiru gizonak itzuli ziren eta izenpetu gabeko paperak eskuratu zituzten. Amak bortxaren bortxaz, Mikel eta Panpiliri, etxeko alorren lantzeko baimena eman zien: egun hartan, elgeak udalatu zituzten eta handik laster nork bere artadia hazten mirets zezakeen, Ttotteren berririk ez zegoela. Bitxiki nehork ez zuen jendarmerian bilatzeko manurik pausatu. Herriko apeza salbu, inor ez zen Ttotteren balizko egoeraz kezkatzen. Funtsean eratorri bereziaren lehen hiru egunak apezetxean higatu zituen. Ausarki jan zuen. Zainek gatibatzen ez zizkioten une lasaienetan konfesatzen zen, apez zaharkituaren belaunetara gorputz-enborra aurtikiz:
Bekatorosa naiz aita! Barkamendua nahi dut.
Zuti hadi seme... Hi baino bekatorosagorik baduk hemen gaindi.
Hitz eztigarriak aditzean begiak idortzen zituen. Errealitatera itzultzen zela ematen zuen orduan:
Ene etxaldea irentsi asmoz Mikel eta Panpili elkartzea bitxi zait.
Indar antagonistak batzuetan helburuen arabera juntatzen dituk!
Apeza isiltzen zen berak ahoskaturiko zuhurtzia zamaz jabetzeko. Bazterrak jabaltzen zirenean, segitzen zuen:
Gogoeta ezak, Ttotte: baduka laborantzan jarraitzeko zinezko xederik?
Ez dute gure baserria ukanen, edo hil beharko naute!
Arren, ez zakela astakeriarik erran: pentsa ezak ontsa. Aita lazki eri duk, ama xahartuxea eta hi ez haiz momentuan zainetarik ongi; hobe huke etxaldea, landak bederen, lanean aritzeko tirria dutenei alokatzea eta alokairuarekin hire sendiaren sendatzeko sosa sakelaratzea.
Madarikatua! Zu ere otso hamikatu horien alde zara ala?
Apezetxeko borta karrankarazi zuen eta hor zen egiazki, Angeluko hondartza batean bururatu zen Ttotteren gurutze bidea hasi. Egon-gelako mahaian pausatua zen igandeko eskeko dirua ostu zion hiru gauez bihotz zabalki aterpea eman zion Jainkoaren Zerbitzari suharrari. Gauaren erdian kanpo hotzean aurkitu zenean, ideia zehatz bakuna zeukan kolkoan: Lilaren atzematea. Hura gabe ezin zen bizi. Edo hilen zen. Bizkarreko zakuan zeramatzan erremedioak ferekatu zituen, sosegu bila. Hatsa hartu zuen oparo eta Baionarako norabidean galdu zen.
Goizaldera Sastretegiko bere lurretan Mikel eta Panpili, alimaleko traturretan hupatuak, udalean begimendu eta madarikatu zituen: afruntu hori noizbait ordainduko zioten! Zanpa-zanpa urrundu zen ordea mendekua jaki hotza baino ez zitekeela murmuzikatuz.
Ospitale psikiatrikoko ganbarako aulkian egunak loturik pasatzen zituenean, bizitzaz jada zimiztaka baizik ez zen oroitzen. Lasaigailu txertoak egiten zizkioten orduetan bereziki memoria inarrosaldiak pairatzen zituen eta beti itxura berdinak zetozkion buru-zokoaren lardaskatzera. Halaz, behin goseak hilik etxe batera hurbildu zen gordeka eta zakurtegian agerian zeuden kroketak ahurtaraka ahoratu zituen. Berandaren maldan bizpahiru abere-bazka poltsatto zeuden eta bizkar-zakuan sakatu zituen. Etxe hartarik aldendu zen punpan, erokeriak biderkatzen zion bere zangoen, oinen, besoen, gorputzaren kalipuaz harriturik. Zainetako gaixotasunak alabaina jendea flakatzen zuen, normalitatetik bereizten baina errealitatearen ukimen doloretsua ere eskain ziezaiokeen, jendetasunaren geruzaren azpian ttattit aiduru zegoen kabalatasunaren antzeko zerbait.
Hiriko karrikan amil zegoela, ardo botila aldamenean, ez arras amoinaka baina kasik, bikote zuhur baten erasiak jasan zituen. Hauek ez zutela biziari deus ulertzen iritzi eta laidoztatzera utzi zituen: jende izugarri onak, alaina txapelaren hondoan euro bat pausatu zioten, hogeita hamazazpi urte eta erdi lanean ari izanik, ederki merezitako erretretara helduak ziren sekula, eta mailukatzen zuten hori, sekula beraz, greba egun bakar bat ez herrokaturik, nagusiaren ez kexarazteko, eta sindikatuetako adiskideei esplikatuz etxe berrirako hilabetesari garratzen ordaintzeko ez zutela lanaren uzteko ahalbiderik: greba ere aberatsentzat zen.
Ari hadi lanean kiskila, gu ari izan garen eran! Deabru auherra!
Lila xerkatzen dut.
Bistan dena gaurko mundu ezaxola deitoratuz eta beraien artean marmaraka, gobernua are gogorkeria gehiagora deituz, so urrikaltsua botaz joan zen behialako bikotea, Ttottek zegoeneko konpreni ez zitzakeen oharrez umezurtz abandonatuz. Handik laster eliza batean sartu zen eta orotan barreiaturiko intsentsu usainak haurtzarora eroan zuen: negar gutizia piztu zitzaion; maitetsuki nehoiz ez artaturik, asun eta sasi arteko lore salbaia zela zirudion. Ilunpean jarri zen. Apeza eta berreterrak irten ziren meza emateko. Ttotte akitua zen, baina oraindik ere gogoa urratzen zion apezaren predikuaren ildo nabarrak:
Ez ditugu diruz eta ontasunez gose direnak lehiatu behar. Aberatsak halaber Jainkoaren haur izanki, agian pobre larru-hasak baino anitzez gehiago pleinitzekoak dira, gaurko mendean hedatzen ari den pikarraitzea garatzen ikustean, sekula ukan ez duten kontzientzia txarra jasaten dutelako, aberats izateagatik. Onartuko duzue horrelako bazterketa bidegabekoa dela! Ez dira etsitzen, aberastasun materiala, ongi-izatea eta dirua metatzea Jainkoak asmatu ekintzak direlako. Jainkoak ez du erran ez zaitela aberats, baizik eta dohatsu pobreak! Ez da batere berdin. Mundu honetan tokia denentzat baldin bada, aberastasunaren arroskiloaren izaria aldaezina da eta banaketa merituen arabera eginen da, Jainkoa goretsiz. Alabaina, anai-arrebok, herrestek ukanen dute zeruetako erresuman doakien lekua: izkinarik pobreena eta han ez dute RMArik edukiko, zinez diotsuet! Eta hain mespretxatuak, hain irainduak, hain gutxietsiak diren aberatsak Jainkoaren eskuin aldean jarriko dira, betiereko bakean! Amen!
Zakur-bazkaz eta itsu-mandoka irensten zituen erremedioz hanpatutako Ttotte ez zen baitezpada aberats sentitzen, are gutxiago pobre baina apezaren mintzaldia harrigarria kausitu zuen, hiriko apeza zelako eta fededunak hein bateko egoera material satisfosean aurkitzen zirelako. Agian. Zena zela, meza bururatu aitzin eliza-zainak Ttotte eskalea kanporatu zuen. Nora jo ez zekiela, sugar baten pare bizia ez aurrera ez gibelera maneia ez zezakeela usteak burumuina zitzikatu zion:
Orain hiltzeko tenorea etorri zait. Auteferafutro lurra, aberastasuna, borrokak, Andde, Mikel eta Panpili. Bihoaz deabruetan hara! Gaizo ama, beharbada aste berdinean ehortziko dituxu senarra eta semea! Barkatu amatxo...
Hitzak martzilikatu zituen, borobil erraldoi ireki ahoaren zokora, eskuetan zatxizkan pilula ugariak aurtikiz. Itsas aldera zuzendu zen. Azken ibilaldia zukeen.
Suprefeturaren paretik Baionako Barraraino abiatu zen. Grenet zubi azpian liburu urratua irakurtzen ari zen eskalea agurtu zuen, su ahulak argitu ilunpean berotzen zela. Irudiz gizon hark, liburu berdina leitzen eta goraki komentatzen zuen tai gabe. Gogoz ere ikasia zukeela pentsatu zuen zanpa-zanpa aurrera zihoan mutikoak. Izpiritua alha zeukan: azken orduak sakon eta aberats bizi behar zituela zioen; ez, ez zuen herritar zahar eta akitu haien antzera bere buruaz beste eginen, baizik eta munduaren azala, bilakatua zen itzal herrestaz garbituko, hots osasun publikoaren alderako obra baliotsua obratuko.
Alabaina, ez zen nehoiz maitatua izan, adiskideek abandonatzen zuten, haiekiko interesa apaltzen zitzaionean, emazteekin ibiltzeko herabeegia zen, eta Andde arrastatua izan zen egunean bere ikusmoldea eman zuelarik baztertua suertatu zen. Isolatua eta bakartua. Panpiliren bandara hupatzeak ez zion kideekiko aho-sabaiko samin gustua ezabatu; alderantziz, arrunki erran zitekeen pitokeriaz pitokeria galdu zela, Lilak hartu zueneraino. Lilarekin amodiotan gastatu hilabeteak ez zitzakeen ahantz; zorion eta normalitate trukean, Ekiaren Semeak sektako partaidea izatea barkatzen zion. Samurtasuna eta maitasuna zituen eskas, kasik sortuz geroztik. Bizitzeak ez zuen gehiago balio:
Hedailoen Etorbidean bederen ez dut nehor trabatuko.
Denbora ahitzen zihoakion. Oinak oinategi, soilik loeria astunaren orratzak kaskoan ziztaka nabaritzen zituela, Angeluko Chambre d'Amour hondartzara heldu zen konturatu gabe. Bertan etzan zen, uhinek lardaskatzen ez zituzten arroketan. Eta hor zuen miratu. Begiztatu. Lila. Andere Zuria. Haizeak neskaren eleen oihartzuna garraiatzen zion. Ttottek bizkar-zakuan zeuzkan erremedioak irentsi zituen, ur gaziaren laguntzaz. Solasari eman ziren biak. Elkarrekin iragan egunak arrapasatu zituzten. Ttotte, azkenean, lorios zen:
Itzuliko ahal zara neure ondora?
Haugi...
Itsasoaren izurde marruma galkatu zen. Loaren atarian, neskaren altzoan pausatu zuen burua. Lehen aldikoz agian lasai sentitzen zen: haurtzarotik gaur arte beti kasu egin zuen, zer erran, zer pentsa, zer nabari, nola ibil, nola joka utzia ez izateko. Sektakide bezain militante izateko lur-beltza zen bera. Larderiapean jarduten zuen. Poza garatu ezinik. Gurasoak axolagabeekin. Umiliatzen zuten, mutikoak, etsamin txarpil bat edo beste erreusitu zuela harro zirela ez zezan sinets:
Has hadi lanean eta orduan gizonki mintzatuko gaituk ahoskatzen zion aitak, izebak zarraikiola:
Errient nahi dukala? Aski duk ba zizare pikatzaile... Eta ontsa kontent hortara heltzeaz ere!
Ospitalean kausitu zen bat-batean. Ez Lilaren magalean lo, baina ohe zurbailean burdinez estekatua. Ama ikusi zuenean, hainbeste minez eta dolorez hautsia, erran zuen:
Hara ama, zurea naiz orain.
Angeluko hondartzan patruilan zebilen CRS koadrila batek harrapatu hinduen hilzorian! Zer egin dugu horrelako makurra merezi izateko? Ez duka buru izpirik? Jakin ezak salbatu hautelako bozkariatzen garela: ez diaguk ahalkerik behintzat pairatuko? Zer pasatu zauk horretaratzeko? Mentsa behar dik izan!
Ama ez zen galdezkatzetik gelditzen. Bi aste koma egoeran egonik doi-doia iratzarri Ttotte isilik zegoen. Hara ama zurea naiz orain perpausa iragaten zitzaion muinetako pantailan, abisu koloretsua bezain etsigarri. Zainak korapilo zeuzkan eta monologatzen segitzen zuen itsasertza hotzean nola:
Nehoiz sortu behar ez zuen haurra naiz! Zergatik ez ninduzuen munduratu eta bi egunetara urkatu? Gurasoek lehen umeak, istripuz galtzen dituzten arren, hobesten dituzte beti. Dolu handiegia dute eta ez dituzte ordez sortzen direnak laztantzen ahal. Sortu behar ez zuen haurraren zama eroan dut denetan, eskolan, lanean, adiskideetan: aberrazio bat izan naiz. Zergatik salbatu nauzue? Alta bazenekiten ez ninduzuela maitatuko eta nehork ez ninduela maitatuko. Haurrak ekartzen dira gozatuak izateko eta ez ongarri metaren gainean goseak hilik dagoen txori erregepittittaren pare, bere buruarekiko disgustu goiztiarrekin hausnarrean abandonatzeko...
Hago isilik mutikoa! Jainkoak entzun ere...
Bai ama.