Blackout
Blackout
2004, nobela
184 orrialde
84-95511-61-4
azala: Jeanne Mannen
Xabier Montoia
1955, Gasteiz
 
2021, narrazioak
2017, nobela
2013, nobela
2004, nobela
2000, poesia
1999, nobela
1998, kronika
1997, narrazioak
1992, ipuinak
1991, nobela
1988, poesia
1985, poesia
1983, poesia
Blackout
2004, nobela
184 orrialde
84-95511-61-4
aurkibidea
 

 

—1—

 

Arribatu da trena. Bidaiariek kanpora behatu dute. Bere baitan dena biltzen duen laino itsuarekin topo egin dute haien begiek. Nahasirik, elkarri so dira. Lokomotibari darion keak geltokiko estalki kristalezkora egin edo hura goizeko haizeak pitin bat zirtzikatu arte iguriki behar izan dute Austerlitz-en lehen zantzuen hautemateko. Trenetik jaitsi eta balizak eta zorroak eramanki karrikarako bidean, ohartzen hasi dira inguruan dutenaz. Uniforme berdexka edo urdin-nabar horiek ez dagozkie trenbideetako langileei. Eta uniformedunek eskuetan dauzkatenak mitrailetak eta fusilak dira, ez gako, bandera gorri edo zernahi argi suerte. Bandera gorriak paretetan daude. Gaitzak, osoki gorriak beren erdiguneetan ageri den borobil zuriagatik ez balitz. Eta borobil bakoitzaren barnean: Esbastika.

        Bi trenek zedarritu pasabidean barna doaz bidaiariak irteera aldera: honaino ekarri dituena beren eskuinean, Hendaye dioten afixak dituena ezkerrean. Gainean daramaten zamaren kariaz poliki eta izerditan batzuk, bertze bakan batzuk aski zaluki, ongi neurtu urratsez gehienak, guztiak ezinbertzean ate aldera ari. Alemanek begiratu ate aldera.

        Belaunetaraino luze eta urtaroari ez dagokion larruzko beroki beltzaz jantzi buruzagi batek erraten die soldaduei paperak nori galdatu. Guti dira geldiarazitakoak. Urduri diruditenak batik bat. Heldu berriak alemanen paretik iragan dira, poxi bat apaldua behakoa haietarik anitz, ibilera oharkabean bizituz. Badira oso bertzela egin dutenak ere: soldaduengana joan, haien aitzinean kasik gelditu eta irriñoa eskaini dietenak. Buruan kapela, lepoan floka, soinean kolore arreko jaka aski higatua eta eskuan zurezko baliza daraman gizona, kasu. Galdatu baino lehenago eskaini dizkie paperak.

        Nola duzu izena? soldaduetarik batek frantsesera orbangabeaz.

        Jean Etxegoien.

        Agiriko argazki eta izen-abizenei so egin die alemanak eta galde: Non eta noiz sortua zara?

        Senperen, Pirinio Atlantikoetan, 1895ean.

        Soldaduak mila esker erranez paperak itzuli eta aitzina jarraitzera utzi du Jean Etxegoien deritzana.

        Oskarbia da ekaineko goiza, giro gardenekoa, isila. Geltoki inguruko zuhaitzak pausaleku dituzten txorien kantak aditzen dira, Frantziako hiriburuan egon ordez, departamendu urrun bateko herriño batean egonen bailitzan Austerlitz.

        Ate ondoan baratu da Etxegoien. Baliza lurrean utzi, zigarretak atera, bat sutu eta ezker-eskuin behatu du. Taxi geltokia hutsik dago. Armada alemanarenak dira inguruko ibilgailuak. Orobat karriketan dabiltzan gainerakoak. Wehrmachten kamioi, auto eta motorrak hiriaren jaun eta jabe.

        Zigarreta esku batean, baliza bertzean, zubiari buruz egin du. Ibaiak kolore begetala du tenore honetan, orbela eta zafiroak nahas-mahasean, aski nabarra baina ez uherra. Boulevard de la Bastille hutsik dago eta dabiltzan jende bakanak bizi-bizi, etxeratzeko irrikan nonbait. Haiek baino emekiago doa Etxegoien, ez hainbeste eskuan daramanaren kariaz, guztiari beha eta ohartua doalako baizik, irudiz eta eskualde ilun batetik Pariseratu berri den norbait dela, errepublikako hiriburura lehendabizikoz jina. Denda franko hetsirik, jatetxe eta ostatuak ere bai, astegun zuria izan beharrean, igandea dela dirudi. Are beti jendetsua izan den Bastille plaza hits ageri da. Taxirik gabe, ibiltari eta saltzailerik gabe, usoak dituzte ibilgailu alemanek beren joan-etorrien lekuko bakarrak.

        Richard Lenoir bulebarrean beheiti jarraitu du Boulle karrikaraino. Eskuinera egin du han. Hemeretzigarren mendeko hondar aldiko etxe batean sartu da. Korralean dago: bizikletak pareten kontra, metalezko ontzi batzuk bazterrean, lixiba usaina. Kantari ari den ahots bat entzuten da. Eskailerara jo du zuzenki.

        Etxegoien jauna!

        Baratu, itzuli eta etxeko atezaina dakusa, Desai anderea.

        Ongi joan dea?

        Biarritzen utzi dut familia osoa.

        Lasaiago egonen zara horrela. Nork daki zer ez ote dugun ikusiko oraino! Pobreok baizik ez gara hemen gelditu.

        Baietz erran eta, bertzerik gabe, goiti doa, atezainaren solasari gor.

        Atea ireki eta pareta haztatu du ilunpean. Urrats batzuk egin ditu. Kaka zaharra, atera zaio zerbaitekin behaztopa egindakoan. Ostikoa jo dio ia argia piztearekin batean. Zurezko jostailu bat, lokomotiba koloretsu bat. Lurretik jaso du eta bi ohe tipi dituen ganberan utzi. Ohe handi eta bakarra duen aldamenekora segitu du. Jaka erantzi, ohe gainean utzi, atorraren mahukak goititu, eta aulki batean ezarri ondotik ireki du baliza. Ireki, ez hustu. Sukaldetik iragan eta salara jo du. Oinetakoak erantzi ditu. Irratia piztu du. Zigarreta eta edalontzi bete ardo esku banatan, besaulki gorrixkan jarririk, zangoak luze, edateari eta pipatzeari lotu zaio.

        Eguzkiak sartalderako bidea hartu duelarik, etxetik irten eta abiatu da Etxegoien udako argi bortitzak egun osoan menderatu ez dituen karriketan barna. Zakurrak eta katuak, bazterretan ez da bertzerik. Maraisko jostun poloniarren lantoki eta dendak gibelean utzirik, Les Halles azokaren ingurura heldu arte ez du lagunik kausitu. Guti, bertze zernahi egunen aldean. Haragiaren, arrainaren, fruituen garraioan egunero ibiltzen den jendeketa zalapartatsua arras murrizturik ageri da. Ostatu anitz hetsirik daude, baita saltokietarik asko ere, irudiz eta okin, harakin eta Paris osoko tratugile eta dendariak etxean gelditu direla. Orgek eta kamioiek harrapatua izateko den mendreneko arriskurik gabe ibil daiteke aspaldiko partez. Hala heldu da Au Petit Coin-era.

        Zer Etxegoien, hemengo aldi? deitu du zink gibeletik berrogeitaka urte izanen dituen ostalariak. Hi ere ihesi joan hintzela uste nian.

        Ni ihesi? Emadak edateko zerbait ezeren aitzin. Zintzurra freskatu behar diat mintzatzeko.

        Ardo beltzez mukuru bete edalontzi bat ezarri dio parean. Zangada bakar batean hustu Etxegoienek eta bertze bat zerbitzatu dio gizonkote mustatxadunak.

        Ez diok ihesari eman, beraz. Aitzinamendu ederra hiretzat. Oraino oroitzen zaizkidak Gerla Handiko hire balentriak. Hi eta hire laguna, iheslari gaitzak.

        Koldar gaitzak.

        Paris erdiak alde egin dik.

        Guk ez.

        Guk ongi zekiagu gerla zer den. Sobera agudo izutzen dituk emazteak.

        Beharrik!

        Kontent haiz, bistan duk.

        Baditiat honela izateko arrazoiak: Jaurés eta komunistak kartzelan edo ihesi, anderea hemendik urrun, zer gehiago gutizia zezakeat?

        Orain egunero joaten ahal haiz Gabirengana.

        Lehen ere bai. Etxeko nagusia ni izan nauk beti. Maizago joan ez banauk sosa eskas izateagatik izan duk soilik.

        Gerlak egokiak dituk sosen egiteko. Flocardek hala ziok bederen. Eta berari behatuz gero, ez duk zalantzarik.

        Noiz izan haiz harekin?

        Atzo berean.

        Nihaurek ere bisita egin beharko zioat laster.

        Ostatuan egon ohi den agure konkordunaz eta bazterrean kartetan ari diren azokako langile batzuez landa —odolez zikindu mantalak gerri inguruan estekaturik— nehor ez ostatuan. Etxegoienek zigarreta bat piztu eta zink gainean utzi du Gauloises pakete urdina, nahi izatekotan hartzeko keinua Beauleti eginez.

        Mila esker. Baina badakik nik tabako gorria baizik ez dudala pipatzen, azaldu dio, Lucky Strike kaxa bat ateraz.

        Aspaldian ikasi huen hik ongi bizitzen.

        Hik, haatik, arrangura anitz, baina bertzelakorik guti. Ezkontzan asmatu huen bakar-bakarrik.

        Guti dea hori?

        Ez, jauna. Nik zigarreta amerikarrak pipatu bai, baina emazteekin sekula ez diat zorte onik izan.

        Nahi bezainbat izan dezakek, sosak izanez gero.

        Ez duk kontu bera.

        Ez. Hobea duk. Zeinahi emaztez maitemindu, ezkondu eta fini ordura arteko zoriona. Urte guti batzuk lehenago esposatu neska eder hura ez dela hurran duan emazte itsusi-zakarra ohartzerako berantegi duk, ez zagok deus egiterik. Horixe duk hik horrenbertze gutiziatua, hori eta ez bertzerik.

        Baliteke, horretaz hik jakinen duk nik baino gehiago.

        Honetaz eta hartaz aritu dira, harik eta ostatuan gelditzen diren langile bakan eta jadanik aski hordituei Beauletek hetsi behar duela ohartarazi dien arte.

        Behar baino gehiago edan du Etxegoienek. Horregatik egin du bat odolez goitik behetik zikindu harakinen protestarekin: Oren laurden bat eskas diagu hesteko tenorerako, ohartzen haiza? Gutienik bertze ardo bana edan zezakeagu oraino.

        Etxeratzeko behar dudan oren laurdena, hain justu. Zuek ez duzue etxerik?

        Badute. Joan dira, balantzaka bat baino gehiago. Joan egin da Etxegoien ere. Egunabarra Paris gainean abailtzen hasia da.