Blackout
Blackout
2004, nobela
184 orrialde
84-95511-61-4
azala: Jeanne Mannen
Xabier Montoia
1955, Gasteiz
 
2021, narrazioak
2017, nobela
2013, nobela
2004, nobela
2000, poesia
1999, nobela
1998, kronika
1997, narrazioak
1992, ipuinak
1991, nobela
1988, poesia
1985, poesia
1983, poesia
Blackout
2004, nobela
184 orrialde
84-95511-61-4
aurkibidea
 

 

—2—

 

Beroak iratzarri du. Izerditan dago. Jaiki eta leihora hurbildu da. Errezel gorrimin astunak bildu ditu amiñi bat, ohea, haren ondoko mahaiñoa eta bezperako jantziak ageri dituen aulkiaren hautemateko bertze. Begietaraino jaso du mahaiño gaineko ordularia. Hartu duen leku berean utzi eta bainugelara jarraitu du.

        Komunekoak bururaturik, ispilu aitzinean da, bere buruari beha. Bisaiatik iragan du eskua. Bizarra torratzean sortu hotsa entzun du. Sukaldean, sua piztu, lapiko bat urez bete eta berotzera ezarri du.

        Bainugelako konketan isuri du lapiko ketsuaren edukia. Zapi zuri bat sartu du ur beroan. Hartaz busti aurpegia xaboitu du, bizarra egiten hasi baino lehen. Bezperako galtzak, atorra eta jaka jantzi ditu. Karrikan da geroxeago.

        Atzo baino jende gehiago dabil. Gaur ere soldadu alemanak daude Bastille plazan. Hiriko norabideak argitzen dituzten frantsesezko afixen ondoan, alemaneraz idatziak ezartzen ari dira: Krankenverteilungs.u. Unfallmeldestelle... Hango kafetegi batean gosaldu du. Kafesnea galdatu du, Gauloises ere bai.

        Ez metro, ez taxi, ez autobusik ez dabilenez, oinez joan behar lanera. Kopetan beheiti izerdi tantak darizkiola dator. Egunkariaren ale zaharren piloetan barrena eta oraino isilik dauden makinen artetik iraganez, idazgela eta metalezko eskaileretan goiti egin du bulegoetara, egunonka eskaini zaizkion eskuak tinkatuz.

        Jean! Ongi etorria, besoa luzatu du Etxegoiengana ozta-ozta hogei urte izanen dituen gazte ilehori batek.

        Bakunin!

        Ilundu egin zaio gazteari betartea.

        Barka, berehala Etxegoienek. Ahantzi egiten zaidak ez duala nik eman goitizen hori maite.

        Orain batik bat. Ez duk pitokerietarako tenorea.

        Ez arrangura, aski lan baditek alemanek gorri eta juduekin, hi bezalako anarkista gizagaixo batez axolatzeko.

        Ikusiko.

        Horixe. Orain konta egidak azken egunetan zer gertatu den hemen.

        Etxegoienek eskaini zigarreta piztu arte iguriki du gazteak solasean hasteko: Deus guti. Wieviorkak alde egin dik eta hurrengo zuzendariaren beha gaituk. Bihar edo etzi itzuliko gaituk karrikara, alemanen baimena eskuratu orduko. Horretan ari omen duk Fazon. Batek zakik nor ekarriko diguten hurrengo.

        Oro aldatuko duk. Zuzenak dituk alemanak, jakinen ditek hemengo bazterrak ere garbitzen.

        Ez bagaitiztek gu garbitzen eta kalitzen.

        Haiek etorri behar izan ditek, Wieviorkaren gisako arratoien uxatzeko. Frantzia onezik izan duk hondar urteetan, alemanek ezarriko gaitiztek sendabidean. Oro kakaztu duten politikoez libratuko gaitiztek, herria engainaturik izan dutenak kartzelaratu eta ordena berri bat ezarriko ditek, ordena berri bat. Konprenitzen? Uros egon beharko huke. Utikan mundu zaharra, Luc!

        Ikusiko.

        Sobera mesfidatia naizela leporatu didak beti. Baina nor duk gutarik mesfidatiena orain? Utz dezagun hori eta profita gaitezen begi parean suertatu zaigun edertasunaz. Beha nor den hor.

        Gona berde eta atorra zuriz jantzi emazte bat iragan da biak dauden bulegoaren aitzinetik. Bilo luze, kizkur eta gaztainkararen jabe, garai eta zardai, korridorean barna aienatu da, eskuak bete paper.

        Gero eta ederrago gure Juliette, gero eta Joan Crawforden antzekoago. Nork atxikiko luke!

        Aspaldi atxiki zian Miller jaunak.

        Miller jauna! Judu bat.

        Hiri sinestera, bederen, horiexek dituk urre, zilar eta harri preziatu guztien jabeak.

        Bistan duk. Baina hori ere alda daitekek alemanekin.

        Oso maiteminduak zeudek, aski duk elkarrekin ikustea.

        Nork zakik!

        Argia duk.

        Bitartean zerbait pentsatu beharko diagu egunkaria berriz karrikaratzen denerako.

        Gaitza izanen zaiguk zer idatziaren kausitzea. Gaur egun, Parisen nahiz Frantzia osoan, lasterketa duk egiten den kirol bakarra.

        Bai, baina horretarako egunkariko bertze sailak zaudek.

        Agertuko duk zerbait.

        Hala izan ohi duk. Debréren gimnasiotik pasatuko nauk. Han zer edo zer aditzen duk beti.

 

 

 

Irteerarik gabeko karrikaño batean dago gimnasioa, soto ilun batean. Izerdiaren eta linimentuaren usaina nagusi giroan. Pushing-balla jo eta haren oihartzuna hedatu da bazterretara. Ringera hurbildu da. Dena hutsik.

        Ez dea nehor hemen?

        Hots bat entzun da, ring-az haratago. Hari buruz joan da Etxegoien.

        Hemen hago beraz!

        Habanako itzalia hortz artean, parean dituen paperetatik goititu behakoa Debrék eta bekain sarrien azpitik so egin dio heldu berriari, kapela gibelerantz eraman ondotik.

        Hauxe bakea hemen duzuena.

        Bakea! Jar hadi, gonbidatu du Debrék, bera altxatu den bitartean. Ate ondoko armairu tipia ireki, botila bat eta bi edalontzi atera, mahai gainean ezarri eta bere aulkira itzuli da. Orain arte agertu den bakarra haiz, erran dio Etxegoieni. Ospatu beharra zagok.

        Edalontzia edalontziaren kontra, gerlaren bukaeraren alde topa egin nahi izan du Debrék.

        Ez izan horrenbertze presa gerlaren finitzeko, hasi bertzerik ez duk egin eta. Baina ez, gaizki erran diat: finitu egin duk, egundo ez duk hain gerla laburrik izan.

        Zerbait ikasi zitean Fritzek gerla handia galdurik. Gai izan dituk Frantzia osoa menpean hartzeko.

        Hura amerikanoengatik galdu zitean, gugatik balitz duela hogeitaka urte egonen zituan Parisen.

        KOz irabazi ditek.

        KOz irabazi baina zutitzera lagunduko gaitiztek bederen.

        Ikusiko diagu.

        Baina Debré, hi ere ikusikoka?

        Hogeita bortz urte eman ditiat hemen eta orotarik ikusi behar izan diat aldi horretan: mundua kolpeka zangopean hartu behar zutenak hil zorian erotzen ikusi ditiat, bizitza osorako elbarri gelditu direnak.

        Baita aitzitik ere. Oroit Johny Malet. Elbarri zirudien eta ia Frantziako txapelduna izatera arribatu zuan. Non izanen ote da orain?

        Alemanian omen zagok, preso.

        Askatuko ditek.

        Eta zer, nor joanen duk boxera?

        Laster etorriko duk oro bere onera. Kirolzaleak dituk alemanak. Boxa maite ditek. Alemanen eta frantsesen arteko borrokaldiak apailatuko ditiztek uste baino lehenago.

        Gimnasioa hetsi beharko diat bertzela.

        Flocard higituko duk hori ez gertatzeko.

        Baliteke. Baina ez ahantz alemanak azkarrak direla.

        Ez gutiets.

        Flocard gutietsi? Nehola ere ez. Horrek eginen eta erdietsiko ez duenik ez zagok, nahi duena eskuratzeko deabruarekin mintzatu behar arren.

        Deabruarekin solastatu beharko diat nihaurek halaber, kirol sailerako albisteren bat emanen ote didanetz. Bertzela ez zakiat zeren gainean idatziko dudan egunkaria berriz karrikaratzean.

        Beharbada biok bilatu beharko diagu bertze egitekoren bat. Kirola, prentsa: bereak egin dik.

        Gure onerako ere izan litekek hau dena. Hala omen dio Flocardek, arranda ederra erdiesten ahal zaiola honi. Beharbada hik hire zoko heze hau eta nik nirea utzi ahal izanen diagu betiko.

        Nora joanen gaituk?

        Aberatsak joan ohi diren lekuetara.

        Nizara, Biarritzera.

        Biarritzera ez. Ni ez bederen, familia han diat eta.

        Aitaginarreba aberatsa omen duk. Ez diat konprenitzen zer dela eta ez haizen han gelditu.

        Askatasuna maite dudalako bertze ezeren gainetik.

        Sosek ematen ditek askatasuna.

        Norberarenak, ez bertzeenak.

        Hire anderearenak ere badituk.

        Anderea! Bi anaia baditik.

        Hala eta guztiz ere...

        Premuak hartuko dik aitaren segida.

        Zarata entzun dute, dauden bulego gisako hartara hurbiltzen ari den norbaiten urratsen hotsa. Ezpainak, belarriak, eskuak handi dituen gazte bat azaldu da atean. Eskua eman die, aldean dakarren zorroa lurrean ezarri ondotik. Gaztea da, baina nabarmen daramatza bisaian boxeolarien ezaugarrietarik batzuk, sudur okertua bereziki.

        Hona hemen benetako kirolari bat, irri aire bat du Etxegoienek Debréri beha.

        Mesfidantzaz so egin dio gazteak.

        Ez aintzat jo honen erranak, Forest. Kazetaria duk, badakik.

        Zinez erran diat, dio Etxegoienek. Jende guti oroitzen duk boxaz gaur egun.

        Duela urte batzuk nituen mutiletarik Forest duk gelditu zaizkidan bakarrenetarikoa, argitu dio Debrék. Urrun helduko duk, orain arte bezala segituz gero.

        Berriz piztu zaizkio boxeolariari begiak.

        Frantziako txapelketara eramanen diat, halakorik egiten bada behintzat.

        Eginen duk. Arestian erran diat, boxa maite ditek alemanek. Oroit Max Schmeling.

        Aditu duk? zuzendu zaio Debré ate ondoan dirauen boxeolariari. Hire burua prestatzeari jarraitu beharko diok. Txapelketa izanen dela baldin badio honek, horrela izanen duk, kazetaria duk eta. Oro jakin ohi ditek gisa horretako zorriek.

        Ongi.

        Forestek alde egin eta berriz bakarrik daude biak.

        Txapelduna!

        Iseka egiok, baina hala izanez gero ez harri. Ihesi edo preso zaudek Frantziako boxeolari anitz.

        Pushing-ballaren hots errepikatua heldu zaie, larru ihetxetua. Edalontzia bete dio Debrék bigarrenez.