Blackout
Blackout
2004, nobela
184 orrialde
84-95511-61-4
azala: Jeanne Mannen
Xabier Montoia
1955, Gasteiz
 
2021, narrazioak
2017, nobela
2013, nobela
2004, nobela
2000, poesia
1999, nobela
1998, kronika
1997, narrazioak
1992, ipuinak
1991, nobela
1988, poesia
1985, poesia
1983, poesia
Blackout
2004, nobela
184 orrialde
84-95511-61-4
aurkibidea
 

 

—5—

 

Chez Marcelen elkartu dira, bulebar handietan kokatu egunkarietako kazetariak bildu ohi diren ostatuan. Dagoen mahaitik ikusi du sartzen. Eskua altxatu eta hurbiltzeko keinua egin dio. Nehongo agurrik gabe hasi zaio Luc eresian, samurturik: Orain konprenitzen diat zerendako izendatu hauten zuzendariorde.

        Egunkaria ezarri dio begi parean. Bere izena ikusi du Etxegoienek.

        Hauxe duk ordaina beraz, jarraitu du Lucek. Zabor hau idaztearen truke eman ditek lanpostu berria.

        Zer duk horren kontra?

        Alemanen aldekoa duk, bistan da.

        Alemanen aldekoa ez, juduen kontrakoa.

        Utz ele-jolasak hire idatzietarako.

        Erakuts gezurra den zerbait.

        Oro duk gezurra, lerro bakoitza.

        Juduak Frantziaren jabeak direla gezurra?

        Botxeak dituk orain Frantziaren jabeak, ez bertze nehor.

        Beharrik.

        Beharrik?

        Haiek libratuko gaitiztek juduez. Kito lukurreruak, kito lapurrak, kito iruzurgileak. Stavinski eta Dreyfus gehiagorik ez.

        Hara! Eta ni ohartu gabe: ez dituk zapalduak beren burua askatuko dutenak, ez langileria. Jakin izan banu, mundu libre baten alde borroka egin ordez, etxeko zokoan geldituko nindukean lasaiki, hire adiskide Hitler azaldu arte.

        Ez huke horren ozenki mintzatu behar. Batez ere ostatuan.

        Ingurura behatu du Lucek. Egia, erran du. Ergela ni.

        Denok egiten diagu huts noiz edo behin. So egidak niri. Makurreko bidetik beti, deusetan ez diat asmatu. Parnasoko larre gozoetan egon nahi, eta zulo ketsu honetan finitu. Porrota porrotaren gainean. Hauxe diat parada, izanen dudan azkena, ziur aski. Profitatu beharrean nagok.

        Irudiz, bederen, profitatzen ari haiz bete-betean.

        Hi bezain gaztea banintz, hik bezala pentsatuko nikek. Zaharra nauk, haatik. Gelditzen zaidan bilo gutia urdindurik zaukaat, andere eta seme-alabak. Hori zer den ez dakik.

        Zinikoa hintzela uste nian, orain ez nauk hain seguru. Menturaz nazi ere bahaiz.

        Nik ez diat neholako teoriatan, utopiatan edo paradisutan sinesten, berdin jainko eta jaberik gabeko mundu batean edo arraza arioak kudeatu batean.

        Baina alemanen aldekoa haiz, ez uka.

        Ez diat ukatuko. Duela ia hogeita hamar urte ezagutu nitian eta diziplina alimaleko jendeak dituk, ez gure moldekoak. Horiek zerbait zuzena egin zezaketek, guk deus ez.

        Zerbait zuzena? Bertzeen lurrak eta hiriak menpean atxiki, jendeak ihesi ezarri, preso hartu, hil.

        Ez duk gozoa, baina norbaitek egin behar dik. Frantziak aspaldi jo dik erreka, eta hori ezin alemanei lepora, Jaurés eta bertze gorri zoro horiei baizik. Horiexek ekarri gaitiztek gauden leku hitsera, beren lapurkeriek ekarri gaitiztek ataka larri honetara. Konprenitzen? Umeen gisakoak dituk frantsesak, umeak bezain mainati eta gutiziatsu. Debaldekoak dituk eleak eta solasak horiekin.

        Ukaldika beraz?

        Ukaldika, ez zagok bertze biderik. Ez duk gozoa, ez duk erosoa, baina norbaitek egin behar. Eta horretarako nor fritzak baino egokiago?

        Hoa pikutara.

        Pentsa ezak poxi bat pitokeriak errateari segitu aitzin.

        Isildu dira. Isilik beren ingurukoak ere, biei zeharka beha. Lau zangoetatik bat labur, pittin bat kordoka dago beren mahaia.

        Marcel hurbildu zaie: Zoazte bertze ostatu batera politikaz solastatzera.

Marais aldeko denda batean alokatu du soinean daraman esmokina. Berdin jantzirik dira Le Bon Diablera heldu gizon guztiak, aitzindari alemanak salbu. Molde berekoak emazteen soinekoak ere: luze eta bizkar erdia agerian uzten dutenak. Sarreran, ate ondoan hartu ditu gonbidatuak Flocardek: Mila esker etortzeagatik. Besta berezia duzue gaurkoa enetzat.

        Kabareteko nagusiaren urtebetetze besta izan eta nabari da giroan. Orkestra java bat jotzen ari da. Olga deritzan zerbitzariak eskaini kopa eskuan abiatu da sortu diren taldeñoen artetik. Mahaietako lanpara tipien argitzalean jende arras ospetsuak ezagutu ditu: artistak, antzezleak, afera-gizon aberatsak, abokatuak, kirolariak... Sacha Guitry ikusi du, emazteez inguraturik beti bezala.

        Dantzarien edertasuna luzaz miretsi du Etxegoienek bere zokotik, bertze batzuen bizkarren gibeletik, harik eta kopa hustu eta bar aldera hurbildu den arte.

        Koñak bat, otoi, aspertu egin naiz xanpaina edaten.

        Bakarrik?

        Flocard du aldamenean.

        Ez guztiz, ekarri berri dioten koñakari buruz behatu du Etxegoienek.

        Erran nian ba, emazteren batekin etortzeko.

        Norekin etorriko nauk!

        Gabirekin.

        Hau ez duk haren gisako besta.

        Gabi baino arrunt puta merkeagoak dituk hemen.

        Gure egunkariko musika kritikaria egonen lukek ongi hemen, judu baten anderea.

        Ekar hurrengora eta bila bertze norbait bitartean, erran eta urrundu zaio Flocard.

        Rumba bat jotzen ari da orkestra. Alkohola hasia da bere lana egiten, eta bikoteak ez dira ahalke zernahi moldez dantzatzeko. Bero. Izerdi-tantek ziliportatzen dituzte musikarien kopetak. Jendeak egarri dira. Whiskia galdatzen dute, Gin-Fizz, Curaçao eta anisa emazteek. Etxegoienek koñaka beti.

        Oraino nehor kausitu gabe? galde egin dio Flocardek, berriz ere bere ondoan.

        Ez dator bakarrik, mustatxa mehea eta metalezko lunetak dituen gizona dakar aldean.

        Jean, lagun bat aurkeztu nahi diat, erran dio Flocardek ezezaguna erakutsiz. Kazetaria, hi bezala.

        Michel Besson, aurkeztu du hark bere burua. Je Suis Partoutekoa.

        Eskua tinkatu diote elkarri.

        Pozten nau zu ezagutzeak, Etxegoien, zure artikuluen jarraitzailea nauzu.

        Box-zalea zarea?

        Box-zalea? Ez, nik futbola maite dut.

        A bon, konprenitzen dut, azken aldiko artikulu politikoaz ari zara.

        Guretzat ere idatzi beharko zenuke.

        Ez dakit gure zuzendaria ez ote litzaidakeen haserretuko. Zer edan nahi duzu?