Blackout
Blackout
2004, nobela
184 orrialde
84-95511-61-4
azala: Jeanne Mannen
Xabier Montoia
1955, Gasteiz
 
2021, narrazioak
2017, nobela
2013, nobela
2004, nobela
2000, poesia
1999, nobela
1998, kronika
1997, narrazioak
1992, ipuinak
1991, nobela
1988, poesia
1985, poesia
1983, poesia
Blackout
2004, nobela
184 orrialde
84-95511-61-4
aurkibidea
 

 

—7—

 

Porte des Ternestik hurbil dago etxea, iragan mendeko bukaeran eraiki hotel pribatuetarik bat. Burdinazko hesi batek gordetzen du ibiltarien behakoetatik. Haren parean auto bat gelditu eta lau lagun irten dira: Debré, Etxegoien, Forest eta Didi, Debréren mutiletarik bertze bat. Kate gotor batez hetsirik dago atea.

        Forest, dio Debrék.

        Boxeolariak, atorra altxa, pistola bat gerritik atera eta giltzarrapoan bermatu du. Astun erori da etxera daraman bideñoko harri txintxarretara. Hango atea ere hetsirik ediren dute. Pistola atera du, berriz ere, Forestek.

        Zer ari haiz astakirten hori? haserretu zaio Etxegoien. Kasu, nire etxea izanen duk hau hemendik aitzina.

        Errazena duk.

        Ez diagu presa berezirik. Behar bezala eginen diagu.

        Hoa autora eta ekar lanabesen kutxa, manatu dio Debrék bere mutilari.

        Metalezko kutxa beltz bat dakarrela itzuli da Forest. Haren barnea arakatu, eta hainbat tresna hautatu du Debrék. Haiekin ekin dio sarraila erauzteari. Fite erdietsi du.

        Goiko solairurako bidean bitan bereizten den marmolezko eskailera ikusi dute bertze ezeren aitzin. Miretsirik daude laurak, hango luxu eta dotorezia sinetsi ezinik: zura distiratsuzko altzariak, ekialdeko tapiz gotorrak lurrean, paisaiak eta potretak paretetan, beira finezkoak lanparak, bolizko nahiz portzelanazko irudiak, lakaz margotu kutxa tipiak...

        Txunditurik oraino, beren eskuineko atea ireki dute. Haztamuka, elektrikaren etenkaria bilatu dute, Debrék pospolo bat piztu duen arte. Leihoak non dauden ikusi ahal izan dute. Pospoloa pospoloaren ondotik, errezela lehenik eta leihoak gero ireki dituzte. Egurasteko premia du etxeak.

        Hara zer dugun hemen, alaitu da Didi, botilak kukutzen dituen armairua kausiturik.

        Berehala elkartu zaizkio bertze hirurak. Molde anitzeko botilak dituzte aukeran. Liluraturik aztertu dituzte, umeak jostailu denda batean bezala, zein hauta ezin ebatziz. Hainbertze eta hain eite askotakoak dira, hain kolore ezberdinekoak beren barneko alkoholak: gorrixkak, berdeak, zuriak, horiak, nabarrak, gardenak.

        Bizitzen bazakitek judu urde horiek, alafede!

        Kopa zapal edo edalontzi luze bana eskuan, berriz lotu zaizkio salaz salako ibilaldiari.

        Liburutegira arribatu dira hurrengo. Paretak goiti-beheiti estali apaletan milaka liburu dago lerro-lerro, gehienak larruzko azalekoak. Beha gelditu zaie Etxegoien. Aitzina segitu dute bertze hirurek. Voltaireren Candide ezagunaren ale urtetsu bat hartu duelarik, hots bat entzun du, norbaitek zerbait puskatu izan balu bezala. Liburua utzi eta urrats luzeetan joan da bertzeak diren aldera. Eskuan daukate pistola.

        Zer izan duk hori?

        Isilik daude laurak, etxeko isiltasun zaharrari erne. Berriz entzun dute. Pistola atera du Etxegoienek ere. Ate baten parean daude. Elkarri behatu eta bulka egin dute batean. Ezker-eskuin higitu dituzte pistolak xede baten bila. Sukaldean daude. Marmolezko gaina duen alimaleko mahai bat ageri da erdian, haratago sutegia. Sukaldea hutsik dago. Hotsa aditu da ostera, eta ostera mugitu dituzte urduriki pistolak. Tiro batek dardaraka ezarri ditu baxera eta leihoetako kristalak.

        Zeri egin diok tiro? galdetu diote Didiri zer gertatu den ulertu nahian.

        Ez zakiat, zer edo zer higitu eta...

        Non?

        Hor.

        Didik adierazi tokira hurbildu dira emeki. Katu beltz bat azaldu da pilatu kutxa batzuen gibeletik.

        Katu alua, goititu du pistola Didik.

        Emaiok bakea, galdatu dio Etxegoienek. Laguntza pitin bat ongi etorria izanen duk etxe gaitz honetan.

        Kokorikatu, katua lurretik jaso eta laztandu egin du. Onartu dizkio animaliak ferekak.

        Gaixoa gose duk. Juduek ez ditek bihotzik. Lasterka ihes egin katua hemen utzirik, den mendreneko jatekorik gabe. Sukaldeko bazterrak miatu ditu Etxegoienek, harik eta pote bete atun oliotan kausitu eta handik jatera eman dion arte. Ia amorruz oldartu zaio arrainari, felino gosetuaren bizar luzeak koipetsu. Hondar apurrik gabe utzi du azpila.

        Besoetan daramalarik, etxea ikertzeari darraizkio. Marmolezko eskailera igan eta logelak behatu dituzte bedera-bedera, katuak nola beldurtu dituen denak irrigai.

        Etxeko jabearena iruditu zaiena hautatu du Etxegoienek berarentzat. Ekainak hamahiruko France-Soir ale bat ediren dute mahai batean: Wehrmachtek Paris hartu zuen egunaren bezperakoa.

        Ohe handiaren gainean etzanik, eleketan hasi zaio katuari, bertze hirurek gelako gauzei arreta emanak izan direlarik. Zorioneko hago, adiskidea, ongi begiratuko hauenaren eskuetan hago orain. Ez duk deus eskas izanen, erran dio gozoki.

        Hire puta guztiak batera ekartzen ahal dituk hona, ohe horretan seguru izanen duala aski lekurik, dio Debrék.

        Nihaurenak eta hihaurenak. Le Panier Fleuriko andereñoek oro liketek hemen tokia, areago ausartu da Etxegoien.

        Hau bezalako bertze jauregi bat nahi diat nik ere, zer egin behar duk horren erdiesteko, nori galdatu behar zaiok? Erraiguk, ez izan hainbertze laidotzen dituan juduak bezain zikoitza.

        Nik baino lagun gehiago dituzue Greffulhe karrikan.

        Gehiago beharbada bai, hik bezain onak ez. Bistan duk, eskuinera higitu du Debrék besoa ingurukoa Etxegoieni erakutsiz.

        Zuek baino hobeak? Nekez.

        Intelektualak ezagutzen dituk hik, pentsatu eta oro zuzentzen dutenak.

        Bakar bat ezagutzen diat nik bulego horietan, eta ez ongi. Zenbait alditan baizik ez nauk harekin egon. Nire artikuluak maite izan ditik.

        Hor zagok koska, goititu ditu bekain sarriak Debrék. Besoak eta ukabilak soilik maite ditiztek gugan. Ez gaitiztek behar bezain aintzat hartzen. Ukabilak, ordea, aise ordezkatzen dituk, guk egiten duguna gutiziatuko duenik izanen duk beti. Ostikoak eta muturrekoak banatu, nork ez ote dik hori maite? Pentsatzea baina...

        Hobe muturrekoak partitzen jakitea, nire irudiko, pentsatzeak burukomina eragiten dik eta, gogoetatu du Etxegoienek.

        Burua kapelaren janzteko baizik ez, beraz.

        Bai. Ahal izanez gero, bederen. Baina ahantz dezagun filosofia eta ekin diezaiogun lanari. Autoa lehenbailehen husten badiagu hobe.

        Non utziko ditugu kutxak?

        Sukaldean, beharbada, oraingoz. Handia duk eta ez diat ezertarako erabiliko. Bai, sukaldera.

        Hamar bat kartoizko kutxa atera dituzte autoaren gibelaldetik.

        Astunak dituk gero, pittin bat kexatu da Didi. Zer ditek barruan?

        Horrek axolarik ez hiri, erasiatu du Debrék. Ez haiz esku-hutsik hemendik joanen, eta hori beharko huke kezka bakar.

        Misterio guti zagok hemen, dio Etxegoienek Didiri beha. Hik sukaldera eraman eta, denak han egonen direlarik, ikusiko duk zer duten horren astun.

        Kutxak sukalderatuak, Etxegoienek labanaz haietarik bat zabaldu, eta zerbait jaurtiki dio Didiri.

        Hara, dio hark, eskuan daukan Lucky Strike kaxaz miretsirik.

        Har nahi adina. Zigarreta beltzen tenorea bukatu duk, zigarreta gorrienean gaituk orain, oparotasunarenean. Eta muturrekorik jaso gabe. Kontent izan beharko huke, nire aburuz.

        Hala ere, boxa nahiago diat, dio Debrék.

        Hi haiz erromantiko funsgabea!

        Seguruena, baina bizitza osoa eman diat horretan, eta biziki maitatzera heldu nauk.

        Ez arrangura, Debré, kaskarreko anitz banatu beharko dituk oraingo lan honetan ere.

        Gaitzerdi guhaurek jasotzen ez badugu, etsi du Debrék zigarreta bat piztu ondotik.

 

 

 

Ezkondua nauzu, Etxegoien jauna, entzun du Lucek soilik. Gehiago ere ez du Miller andereak erran. Gaztearen agerpena baliatu du soineko loredun emazteak Etxegoienen bulegotik alde egiteko. Ate ondoan gelditu da Luc, hainbat paper eskuetan eta nahasirik irudiz.

        Aitzina, ez bara hor ahoa bete hortz, urduritu da Etxegoien.

        Galdatu bezala, pare bat urrats egin du fitsik erran gabe. Eskuan ekarri paperak erakutsi dizkio Etxegoieni.

        Uztak hor, idazmahaia erakutsi dio.

        Han utzi eta badoalarik, Etxegoienek deitu: Zigarreta bat?

        Ez.

        Lucky Strike duk, erakutsi dio.

        Ez.

        Silaba bakarreko eleetara murriztu du Lucek solasa.

        Ez izan horren tematsua, hau baino gehiago gutiziatzen duanik ez zagok, eta biok zakiagu. Emazteak baino bizikiago maite duk-eta tabakoa, gorria batik bat. Ni mespretxa, nahi baduk, baina ez egin memeloarena.

        Zerbait nahi duzu?

        Bizia sobera laburra duk, hasi orduko finitzen duk. Gauza konkretuei atxiki behar zaiek, gozabide posible orori, ez zernahi ideiaren sarean harrapaturik gelditu.

        Bulegotik mutu irten, eta han utzi du Etxegoien hitz eta pitz.

        Nehoiz baino lehenago irten da gaur Etxegoien lanetik, baina Chez Marcel edo Au Petit Coinera joan ordez, etxera da zuzenki noratu. Vélo-taxi deitzen duten horietarik batean sartu da, benetako taxirik ediren ezean. Bizikleta bati erantsi arrautza moldeko bat da funtsean, non bezeroa jartzen den. Halakoak dira gehienak Parisen azken aldian, baina badira orga eta zaldiak darabiltzaten ibilgailuak ere, ezantza gerlaren beharretarako gordetzen baita. Champs Élysées goiti egin, L'etoile plazara heldu, eta Garaipenaren Arkuaren inguruan ibiltzen diren ibilgailuetarik anitz bizikletak izanik, Parisen baino Shanghain dagoela pentsa lezake norbaitek.

        Salara joan da Ternes hiribideko jauregiñora heldu orduko. Kapela, jaka eta oinetakoak erantzi, floka laxatu, Hennessy botila eta kopa bat hartu, eta larruzko besaulkian jarri da. Zigarreta bat ezker eskuan, kopa bete koñak eskuinean, sakonki du Etxegoienek hats egin. Katua hurbildu zaio orduan.

        Zer lagun, nola eman duk eguna, ongi? Nik ez. Gaur kaka egin zidatek burutik beheiti. Nork egin zidak? Hire ahaide urrun batek menturaz, hire kolore bereko bertze felino batek, pantera eder, dotore, zalu eta sorgin batek. Konprenitzen? Nire albotik iragan eta behatu ere ez zidak egiten. Hor egoten naizela ere, ez duk ohartzen. Jainkosa bat duk. Horregatik erabiltzen naik molde gaizto horretan. Hala jokatzen dute jainkoek beren menpekoekin. Jainkosa ezkondua. Senarra, aitzitik, ez dik jainkoa. Ez zaukak den mendreneko botererik. Itzal handia omen dik antzerkiaren giroan, arretaz irakurtzen omen ditiztek haren kritikak, begirunez, baita beldurrez ere zenbaitek. Bereak egin dik haatik, lehenago hire jabearenak egin zuen bezala. Haize berriak zatozkiguk ekialdetik, hasia duk oro aldatzen. Are katu batentzat ere. Hire izena, erraterako. Ez zakiat zein zen lehen baina, zena zelarik ere, bertze bat izanen duk hemendik aitzina. Ea, nola bataiatuko haut? Julious, pantera zitalaren oroimenez? Ez, eginahalak behar ditiat egin hura ez oroitzeko. Sartre? Ez, ez hain itsusia ere. Hara, bazakiat: David. Da-vid. Maite duk, bai? Hobe. Izen egokia duk hiretzat. Izen judua, katu judu batentzat. David.