Blackout
Blackout
2004, nobela
184 orrialde
84-95511-61-4
azala: Jeanne Mannen
Xabier Montoia
1955, Gasteiz
 
2021, narrazioak
2017, nobela
2013, nobela
2004, nobela
2000, poesia
1999, nobela
1998, kronika
1997, narrazioak
1992, ipuinak
1991, nobela
1988, poesia
1985, poesia
1983, poesia
Blackout
2004, nobela
184 orrialde
84-95511-61-4
aurkibidea
 

 

—6—

 

Etxegoienen egunak elkarren antzekoak dira. Eguerdian heltzen da lanera. Luc agurtu, haren begitarte hits eta mututasunari ez ikusia egin, bere mahaira jarri eta hurrengo artikulua idazteari lotzen zaio. Rapereaurengana joaten da ondotik, eta harekin solasean aritzen da luzaz, biharamunekoen artatzeko. Bortzetan alde egiten du. Chez Marcelera gehienetan, edo zuzenki Beauleten Les Hallesko ostatura bertzela.

        Emekiagotu egin da Parisko bizimodua hondar asteetan, emekiagotu ez hainbertze alemanen kariaz, uda beteko beroarenaz baizik. Ibilera astuna du orok hirian. Monumentuz monumentu eta museoz museo ibiltzen diren soldadu alemanek erakusten dute bizkortasun apurra. Anitz dira, gazteak. Taldeka joaten dira eta argazkiak egiten dituzte. Jeder einmal in Paris. Oporrak guztientzat Hitlerren kontura.

        Bizia, benetako bizia (Etxegoieni dagokionez behintzat) eguzkiaren apaltzearekin batean hasten da. Boulogneko oihanera jotzen dute paristarrek, Luxembourg eta Champs Élyséesera, edatera, dantzatzera, mintzatzera. Bederatzietatik hamaiketara gibeleratu berri dute alemanek karrikan ibiltzeko debekua. Ordura arte irauten du metroak. Hortik goiti, barneratu egiten da bizia, gau osoz zabalik egoten diren klub eta kabaretetan gerizatu. Mukuru egoten dira, salbuespenik gabe. Egun argiz Louvren izan soldadu eta aitzindari berek betetzen dituzte. Frantsesak ere badira, eta ez guti, poliziak eman baimenaren jabe guztiak. Etxegoien eta Beaulet adibidez, horregatik egon daitezke ostatuan nahi arte eleketan.

        Atea hetsi eta, edalontzi bana eskuetan, aitzin-gibel egiten du bien solasak oroimenaren edo gutiziaren meneko. Beren gaztetako gerla aipatu dute maiz, hartan ikusi eta ikasia. Oraingoa ere bai. Ezin inork Wehrmachten oldar izugarria geldiarazi. Hitlerrena izanen da laster Europa osoa. Londres hartuko omen dute, Moskuraino joanen omen dira.

        Batzuetan, Forest eta Debré ere azaltzen dira, gimnasioa hetsi eta gero. Aferez mintzatu ohi dira halakoetan. Denda gehienak irekiak diren arren, hainbat gairen urritasuna jadanik nabari da hirian. Gauza tipiak, aise gordetzekoak: zigarretak, bizarraren egiteko xaboia, oinetakoak, pila elektrikoak...

        Alemanek borrokaldiak kudeatuko zituztela, boxa bulkatuko zutela, hala erran higun, Etxegoieni bere hitzak oroitarazi dizkio Debrék.

        Pazientzia pitin bat behar duk, goizegi duk, entseatu da konpreniaraztera.

        Pazientzia badiagu, sekulakoa, liberarik ez haatik.

        Helduko dituk horiek ere noizbait.

        Noiz baina?

        Flocardek erranen ziguk, argitu die ostalariak.

        Goazemak Flocardekin mintzatzera, atera zaio boxeolari gazteari.

        Itxura horrekin?

        Airean itzuli da Forest Etxegoienengana. Bai, itxura honekin, ihardetsi dio kopetilun.

        Ez hintzateke atetik iraganen. Hara ezin duk zernahi moldetan azaldu.

        Nola hobetuko diat nire itxura sosik gabe?

        Sosak egiteko sosak behar. Beha juduei. Hala ere, ez gaituk arranguratzen ahal. Noiz bizi izan haiz hi, noiz bizi izan nauk ni orain baino hobeki?

        Pentsakor utzi du Etxegoienen galderak. Egundo ez, ihardetsi dute bertzeek Foresten partez.

        Horra, jarraitu du Etxegoienek, boxeolariari so. Irudiz hi haiz kontent ez dagoen bakarra.

        Ez duk hori, agudo ezeztatu du Forestek bere nahigabe itxurakoa.

        Bazakiat ez dela hori. Nik ere, hik bezala, auto bat izan nahiko nikek eta, gainera, ziur nauk berandu baino lehen erdietsiko dudala.

        Bentley bat nahiko nikek nik, amestu du Beauletek. Auto dotoreak dituk, benetan.

        Biltoki bat nahitaez izan beharko genikek. Jai diagu bertzela, apalki ibiliko gaituk beti aferen munduan.

        Bere gimnasioa eskaini du Debrék. Ezetz erran dio Beauletek, hobe dutela nehork ezagutzen ez duen lekuren bat kausitzea. Bat etorri dira bertzeak.

        Baina nola kausituko dugu? jakin nahi izan du Forestek.

        Elkarri so gelditu dira.

        Flocardek jakinen dik, dio azkenean Beauletek. Etxegoienek eta biok eginen zioagu bisita.

 

 

Norbait eskailerak jaisten entzun, eta bere bizitokitik irten da Desai anderea. Etxegoien jauna, ongi zara?

        Ongi naiz, eta zu?

        Ni ere bai, mila esker. Azken aldian ikusi ez zaitudalako egin dizut galde. Familiaren ikustera joan zarea?

        Ez naiz Paristik aldaratu. Biarritz sobera urrun dago eta ezin da zernahi gisatan joan.

        Parisen, beraz.

        Lanpeturik ibili naiz. Bertze lanpostu batean ezarri naute egunkarian.

        Hobea?

        Bai, baina berandu arte egon behar izan dut kontu guztien eguneratzeko.

        Zorionak.

        Mila esker.

        Nabari zaizu aitzinamendua. Oso dotore zatoz. Pena ez zaituela andereak ikusten ahal.

        Soinean daraman tweed jaka erosi berriari beha du emaztekia.

        Bon, Desai anderea, presaturik nabil, lagun bat dut iguriki, desenkusatu da, atezain konkortua zerbaiten erratera doalarik.

        Urrats gutitan korralean dago, pitin bat geroago karrikan. Gelditu eta montra atera du sakelatik. Haren estalkia jaso du eta zer oren den behatu. Montra gorde duen patxada beraz piztu du Lucky Strike kaxatik atera zigarreta. Karrikan beheiti abiatu da ibilera lasaiaz, Les Halles aldera. Aroa epela da eta bere joan-jinetan dabil makina bat jende.

        Nondik hator? Beaulet-ek zinkezko barraz bertze aldetik.

        Etxetik, ihardetsi Etxegoienek.

        Gaizki galde egin diat orduan. Nora hoa?

        Orain zerbaiten edatera hirekin, antzerkira gero Gabirekin. Gure atezain sudurluzearen antzera hasi haiz hi ere: galde eta galde.

        Zer nahi duk? Ez gaudek hi itxura horrekin ikustera usatuak.

        Usatu egin beharko duk, bada, honela ikusiko nauk-eta hemendik aitzina. Fini behardun nintzen aldia.

        Sekula ez haiz behardun izan.

        Pobre ez, baina herstura handiak jasan ditiat. Hik ez bezala, familia diat nik, jatera eta janztera eman beharrekoa. Donado haiz eta hori zer den ez dakik.

        Donado hire emaztea bezalako baten kausitzeko zoriona izan ez dudalako.

        Zoriona!

        Ez huen ba zalantza handirik izan harekin ezkontzeko tenorean: ezagutu orduko ezkondu zineten eta.

        Bizkarrak harrotu ditu Etxegoienek.

        Mauka ederra kausitu huen, hik erran hidan orduan. Ahantzi zaika? Ez zela polita, herrena ere bazela, baina bere aitak sekulako libera piloa zuela eta haren lepotik biziko zinetela.

        Haren lepotik bizi! Atsegin handiz biziko nindukek. Orain bazakiat nola bildu duen hainbertze sos: egundo ez duelako eskua sakelatik atera.

        Erneak dituk aberatsak, bizkorrak. Bertzela pobreak lituzkek. Ez duk uste?

        Hura baliatuko nian nire gorabidean, agian, baina hark baliatu ni azkenean, bere alaba elbarriaz libratzeko.

        Bat baino gehiago ibiliko zitzaioan gibeletik.

        Nire moldekorik ez, bistan duk, irri egin du algaraka Etxegoienek. Kulturaz ni bezain jantzia. Boxaz eta bertze zenbait kirolez hain era epikoan idazten duena.

        Ezusteko gaitza hartuko zian hire andere onberak, esposatu zuen ustezko intelektuala kazetari kaskar, hurrupazalea zela ohartutakoan.

        Hurrupazalea eta putazalea.

        Bai. Putazale mota makurrenekoa, gainera. Puta batez maitemindu zozo alaena.

        Maitemindua ez, maitemindu behin bakarrik maitemindu nauk, alimaleko puta batez, baina gaztetan, gu biok elkar ezagutu baino poxi bat lehenago.

        Orduan ez huen puta bat maite, putakume bat baizik: Mandel judu hura.

        Emadak bakea.

        Ez zineten deusetarako bereizten, elkarrekin beti.

        Hi eta Flocard ere bai.

        Juduen aurkakoa omen haiz, baina maitemindu juduez salbuespenik gabe. Nola dik izena bihotza ebatsi dian egunkariko horrek?

        Senarra duk judua, ez bera, izoztu zaio Etxegoieni irria.

        Karkaraka ari da Beaulet.

        Benetako emakumeak maite ditiat nik, amorruz jarraitu du Etxegoienek.

        Zulo bat izanez gero hi kontent.

        Hi bezalaxe.

        Au Petit Coineko atea ireki, baina azokako langile egarrituren bat sartu beharrean, ostatuan daudenen buruak birarazi dituen norbait sartu da.

        Gabi!

        Bere soineko gorriaren antzeko margoa ezpainetan, Beaulet eta Etxegoieni buruz doa zuzenki, mahaietakoen eleei ezaxola, kopeta goiti, ibilera kulunkariaz. Prest?

        Ez dun zer edo zer edan nahi?

        Ihardesteko astia hartu du Gabik. Ardoa, ebatzi du.

        Airean klikatu du emakumeak Beauletek eskaini godaleta.

        Noiztik laket zain antzerkia?

        Puta guztiak zuntzunak garela uste duk hik.

        Ez horixe, Beauletek adar-jotzaile. Sobera argiak ere bazaretela uste dinat nik.

        Paris osoaren ahoan duk Barrault hori. Gaztea omen duk, gizon izugarri ederra.

        Hara, orain konprenitzen dinat hire bat-bateko antzerki zaletasuna. Eskuan daukan edalontzia hustu eta emazteari jakinarazi dio: Ni prest nagon.

        Barazki eta fruituak batetik bertzera garraiatzen dituzten orgak eta haragi puska gaitzak bizkarrean daramatzatenak saihestuz, Pont Neuf aldera abiatu dira. Etxeen itzala luzatu eta ur uherra dakarren Senaren azala ziliporta mingarriz bete du ilunabarrak.

        Anitz jende bildu da La Comédie Françaiseko arkupeetara. Elkar agurtu eta elkarri muin egiten diote mateletan. Txartelen bila batzuk, txartela engoitik eskuan bertze batzuk, oro solas biziz. Bigarren molde horretakoen lerrora jo dute. Sarrera eta korridoreetan pilatu jendeei kasu eman gabe, zutabe neoklasiko, belus gorriko jarleku eta Racine, Moliere, Casimir, Delavique eta bertze hainbat antzerkigile frantses ospetsuren irudiei behatu gabe, zaluki joan dira beren jarlekuen xerka. Behe aldeko aitzinaldean dituzte.

        Kontent izanen haiz, nahi huen tokian hago. Begien kolorea ere ikusten ahal izanen dion Barraulti. Lagunak bekaiztuko zaizkin.

        Zein aleman piloa, harritu da Gabi.

        Corneille, klasiko frantses bat izan eta ia frantsesak baino gehiago ditun horiek hemen. Ezin uka Alemania kulturaren aberria dela.

        Gabik erran bezala, aleman franko dituzte inguruan, gehienak aitzindariak. Bota luze distiratsuak, uniformeak garbi eta zimur bakar bat ere ez dutenak, gizalegez eta jendetasunaz altxatzen dira heldu berriak beren jarlekuetara iragaitera uzteko. Orori so dago Gabi, alemanei nahiz frantsesei, emazteei eta haien soineko dotoreei batik bat.

        Hau dea hire lehen aldia antzerkian?

        ABCn egon nauk pare bat aldiz.

        Lehendabiziko aldia, beraz, hori ez baita zinezko antzerkia.

        Niri laket zaidak.

        Niri ere bai. Gaurko hau baino gehiago.

        Ekitaldiaren hasiera iragartzen duen txirrina entzun da hiru bider. Argiak itzali eta haiekin batera hondar solasak eta zurrumurruak. Oihala altxatu da. Aimé Clarion agertu da. Begirik kendu gabe jarraitu die Barraulten joan-jinei Gabik, arreta osoz hasieratik, Etxegoienek behatu dion bakoitzean ikusi duenez.

        Maite bai? jakin nahi izan du Etxegoienek karrikarako bidean.

        Baietz, Gabik. Eta hik?

        Bai.

        Gezurti halakoa, lotan egon haiz ia haste beretik.

        Horrenbertze?

        Bai.

        Zurrunga egin dinat?

        Ez. Ukalondoka iratzarriko hinduket.

        Emeki higitzen da jendeketa ateari buruz, taldeka.

        Miller jauna, Miller anderea, Etxegoien bikote ezezagun bat agurtzen ikusi du Gabik bat-batean. Gizonezkoaren eta Etxegoienen jakak elkarren antzekoak dira. Floka urdin iluna darama lepoan Millerrek haatik, eta gibelera orrazten du biloa. Garaia da, Etxegoien edo Gabi baino hamabortz zentimetro garaiagoa, gutienik. Hura bezain luzea besotik atxikitzen duen emaztea halaber.

        Harrigarria zu hemen kausitzea. Uste nuen boxa baizik ez zenuela maite, dio Millerrek.

        Eta hala da, baina antzerkia nahiz literatura, onak izanez gero, oso maite ditut, gaurko klasiko handia kasu, baina ez Sartre, Cocteau eta zabor moderno konprenigaitz hori guztia, ihardetsi dio Millerri, hari baino areago haren andereari beha.

        Antzerkia aldatzen da, gizartea bera bezala. Baina aldaketak ez dira izaten denen gustuko, irri egin du Millerrek.

        Halaxe da, hotz eta motz Etxegoienek. Ni ere harritzen nau zuek hemen ikusteak. Ez zinen, ba, estreinaldira etorri?

        Bai, baina berriz ikusi nahi nuen eta Julietteren iritzia entzun.

        Eta zer diozu zuk, Miller anderea? itzuli da emaztearengana Etxegoien.

        Bat nator senarrarekin.

        Laket zaizu, beraz?

        Ez dut uste.

        Ez duzu Jean-Louis Barrault maite.

        Ez dut harengan nehongo Cid ikusten ahal.

        Antzokiko ate nagusira heldu eta bereizi egin dira bikote biak.

        Eta horiek? jakin nahi izan du Gabik berehala.

        Entzun dun, antzerki-kritikaria. Oraingoz.

        Eta emaztea?

        Haren andere eder, sotil, argi eta dotorea. Biek idazten diten egunkarirako, antzerkiaz batek eta musikaz bertzeak.

        Sotila? Goitik beheiti aztertu naik aluak. Ez haiz ohartu nola behatu didan, zein higuinez, zein mespretxuz, Ingalaterrako erregina balitz bezala. Puta deitzea baizik ez dik eskas izan.