16 ipuin amodiozko
16 ipuin amodiozko
2002, narrazioak
240 orrialde
84-95511-53-3
azala: Garbiņe Ubeda
Xabier Mendiguren
1964, Beasain
 
2008, narrazioak
1992, ipuinak
1987, antzerkia
 

 

Istorio bakoitzak
du bere historia

 

(hitzatzea)

 

Sei ipuin amodiozko 1986 hasieran argitaratu zen lehenengoz, Susa bilduma zaharraren 29. zenbakiarekin, Alvaro Matxinbarrenaren azal eta marrazkiez horniturik. Sei urte geroago, 92an kaleratu zen berriro, Susa narratiba bilduma berriko 7. zenbakiaz, testuak apur bat orraztuta eta azala aldatuta (Aurelio Artetaren «Maitasuna kirol zelaietan»), barruko irudiak gorde ziren arren. Matxinbarrena eta Artetaren segida Ubedak hartu du orain, hamar urteren buruan hamar ipuin berri eransten dituen edizio honetan. Lehen ediziotik 16 urte pasata, 16 ipuin.

        «22 ebaki» da nire ipuin zaharrenetako bat, 83an idatzia eta urte bereko Susa aldizkariaren 9. alean kaleratua. Bere makabrotasun horretan badu, nonbait, erakarpenen bat, lagun askok azaldu izan baitit begiko duela. Seinale, eite biribilduaz gain, badela hor zoro-punturen bat jende franko harrapatzen duena; idazlearentzat ez ezik, katartikoa izan zela irakurlearentzat ere.

        Liburuko gainerako bost ipuinak 1985ean idatzi nituen: lau udan, eta azkena udazkenean. Sariketaren bat edo beste eskuratu nuen haietako batzuei esker, baina, liburua osatzeko asmoarekin sortu nituelako edo neure lehen liburua plazaratzeko presa nuelako, ez zuten izan liburuaz kanpoko argitarapenik.

        «Udak dakarrena udak daroa» delako istorioak parodia edo omenaldia egiten dio subkultura espainolaren agerpen jakin bati: udako abestiei alegia; gustatu edo ez, gure erreferentzietako bat izan baita (eta da, beste kantu eta kontu batzuekin, gaur egungoentzat). Aitorpenekin hasita, kutrerako zaletasun hau azaldu da geroztik ere nire beste obra batzuetan.

        «Nenufare zuria (edo Ishmir eta Guzmuden ipuin zorigaiztoko eta moralexa mingotsa)»: neure buruari galdetzen diot, zer dela-eta orientalismorako joera hau. Sarrionandiaren hasierako exotismoak euskal literaturan utzitako arrastoa izan liteke. Dena dela, ipuin tradizionalekin jolas egiteko hautatu nuen molde hori, eta oraindik ere kezkatzen nauen arazo moral bat dago sakonean, hots, naturaren berezko injustizia, konpondu ezineko diskriminazioa.

        «Perla beltza», maitasun fou edo zoroaren inguruko alegoria bat izateaz gainera, ariketa linguistiko bat izan zen: neure buruari —eta besteei— erakutsi nahi nien, nonbait, zenbaterainoko esaldi luze eta korapilatsuak egin nitzakeen. Gaur egun lotsatzen nauen nabarmenkeria, eta gorroto dudan estiloa. Hala ere, halaxe egin nuen bere garaian, eta koma batzuk eranstera eta hitzen ordena txukuntzera mugatu naiz orain, irensgarriago egiteko.

        «Un petit cadeau pour madame (korte askotako pelikula)» zinema-kutsu agerikoz ez ezik, topikoekin jolasteko asmoz ere jaio zen; idatzi nuenean ezin asmatuko nuen kamera aurrean izango zuen segida bitxia, bilduma honetako beste ipuin batean azaldua dudana.

        «Amuña Margarita» ipuinak ez ninduen ase egin nuen garaian; hala ere, badu ezaugarri bat geroztik ere landu izan dudana: ahozko hizkeratik abiatzea testu literario bat sortzeko.

 

 

Beste sei perbertsio atalean bildu ditudan ipuinak garaitsu hartan idatziak dira gehienbat, lehentxeago edo geroxeago, eta aurrekoekin nahiko bat datoz gai, giro eta idazkeraz.

        «Sudurraren dardara» da nire ipuin guztietan zaharrena, argitaratu dudan zaharrena behinik, honen aurretik armairuan gelditutako dozena bat folio izango bainituen. 1983ko udaberri aldean idatzi nuen, karrerako lehen urtean nengoela, eta Susa aldizkariaren 8. alean kaleratu zen. Dibertimendu bat da beste ezer baino gehiago, baina, aurrekariei erreparatzen ari naizen une honetan, bitxia da ikustea baserriaren munduak —karikaturarako besterik ez bada ere— aspaldidanik erakartzen ninduela.

        «Melodrama»: hau ere goiztiarra da, 1984 aldekoa, eta Susa argitaletxearen liburu kolektibo batean ikusi zuen argia: Aurten ere diferente izanen da. Bolada hartan erdaraz idatzi nuen poema bat datorkit gogora (halako bekatuak ere egin nituen, bai, gero argitaratzera iritsi ez banintzen ere), horrelaxe amaitzen zena: «Yo hacía como que estaba muy triste / cuando en realidad / la verdad era que estaba muy triste».

        «Demagun sexua komunikatzeko beste era bat baino ez dela» film laburretarako gidoi moduan jaio zen: Azpeitiko Zine Klubak halako gidoientzako lehiaketa bat antolatzen zuen garai hartan, eta sarietako bat irabazi zuen honek. Nik uste parte-hartzaileak bi besterik ez zirela izaten: Juan Luis Zabala, behin baino gehiagotan, eta ni, urte hartan. Aitorpenekin hasita, sariak ere apalak zirela adierazi behar: mila duro irabazleak, edo horrelako zerbait. 1986an idatzia dela esango nuke, eta Susa aldizkariaren 19. alean kaleratu zen; Future / No Future zen ale haren izena, eta zientzi fikzioa gaia; hala ere, nire lan honek ez zuen futurista izateko inongo asmorik: ikuskizun komiko bat eskaini nahi zuen soilik, esperpento sozial bat.

        «Telebistarik ez, inkomunikazioa dakar eta»: aurrekoarekin batera sortua, asmo berberarekin: film laburretarako gidoi bat egitea eta Azpeitiko Zine Klubekoen lehiaketan parte hartzea. Topiko progre baten lepotik barre egitea beste helbururik ez zuen honek ere. Bestalde, orain arteko guztiak ez bezala, lan hau guztiz argitaragabea izan da gaur arte. Arrazoia? Erdarazko zati ugari zituela, eta beraz ez zela egokia euskal aldizkarientzat.

        «Txinoen esperoan» izango da, liburu osoan, sexu nahiz amodio gutxien duen ipuina, fraide-etxe bateko pasadizo xume eta eldarnio erraldoi bat kontatzen baitizkigu. Ze justifikazio dago, beraz, hemen sartzeko? Surrealista frantsesen bilera batean, norberaren perbertsiorik ezkutuena aitortzera jarri omen ziren halako batean, eta orduan, bere lagunak epatatu nahi zituen batek bota omen zuen, kastitatea zela bere perbertsioa; denek onartu omen zioten ez zegoela hori baino perbertsio makurragorik. Bitxikeriazale eta konspirazio-teorien maitaleentzat erantsiko dut, kontakizuneko fraideak azaltzen duen paranoia politiko-erotiko hori ez dela neuk asmatua, baizik eta Beasaingo La Salle ikastetxean anaia Martin Esnalek 77-78 inguru hartan ikasleoi botatzen ziguna, gu komunismoaren eta onanismoaren atzaparretatik babestearren. Hark kontatzen zizkigunak berriro hausnartuz konturatu naiz Bultzagilleen teoriak zirela irakatsi nahi zizkigunak; dena dela, ez da hau talde antimarxista haren perlak aletzeko plazarik egokiena. Ipuina 1987an idatzi nuen eta Susa aldizkariaren 21. alean argitaratu. Neure obraren analisi diakronikorako, hauxe izango da elizgizonak sartu nituen lehenengo testua.

        «Ene dama maite horri azken gutuna», amodio guztiz platonikoaren inguruko ipuina, perbertsioen seikotea osatzearren sartu dut hemen, izatez beste aldi batekoa den arren: 1993an idatzi nuen, ordurako ipuingintza utzi samarra nuela, eta 1996an kaleratu nuen, Enbido Txikira liburu txiki eta merkeentzako bilduma ahaztu hartan; Ene dama maite horri zeritzan liburuxka hartako hitzaurrean argitzen dut nola sortu zitzaidan ipuin hartarako ideia, bazkalondo bateko lagunarteak akuilatuta: «Berriketan hitz eta pitz ari ginela, han ere etorri zen harira perpausa, postariaren lanbidea guztiz ogibide literario eta kilikagarria zela, horretan oinarrituta hainbat ipuin asma zitezkeela, eta ea zergatik ez genuen han bildutakook bana egiten».

 

 

Pastitxe bat izendatu dut beste atal bat, aparte, «Pastitxe» ipuin luze, nobela labur edo dena delakoa aparteko eta berezi samarra delako. 1988an idatzi nuen, baina inoiz ez nintzen argitaratzera animatu, nahasi antxekoa iruditzen baitzitzaidan, kaotikoegia edo. Eta zergatik orain? Tira, bere txantxa giroan umore punttua baduela onartu behar, tarteka zakar eta matxista eman dezakeen arren; bestalde, hau bezalako bilduma oparo baten barnean ez da nabarmenegi egiten, ikuspegien zabaltasunean laguntzen du; eta, azkenik, neure buruarentzat besterik ez bada ere garrantzia duen kontu bat: hementxe ageri da lehenengo aldiz azken urteotako idazlanetan oparo erabili dudan teknika bat: idazleak berak (ez pertsonaiak) lehen pertsonan idaztea eta egiazki gertatzen zaizkion gorabeherak eta sortzen zaizkion zalantzak kontatzea; kasu honetan, «Un petit cadeau pour madame» istorioa film labur bihurtzearen inguruko kontuak. Egiazko pertsonen izenak, gainera, lehen idazketan gezurretakoak baziren ere, benetakoak paratu ditut orain. Ez ahal zait inor haserretuko...

 

 

Eta hiru voyeur istorio datoz azkenik, liburua ixteko, nahiz eta hiru hauek baino gehiago diren voyeurismoarekin zerikusia dutenak.

        «Orense bar», arestian komentatu dudan postariaren istorioa bezala, 1993an idatzia da, Ene dama maite horri liburuxkan argitaratua, eta, lehenxeagoko hitzaurre berak dioenez, Santo Tomas bezperako lankideen arteko afari-ondoko giroak bultzatua: «Han, lan-kontuak behingoz ahaztuta txorakeriak esaten genbiltzala, sortu zen solasa, idatzi behar genuela denok ipuin erotiko bana. Bukatu ziren oporrak, eta bitarte horretan, itxuraz, denek izan zituzten ipuin txatxu bat asmatzea baino zeregin premiazko eta probetxuzkoagoak. Nik, berriz, idatzi nuen zer edo zer, erotikotik deus gutxi izango du baina».

        Erotismo eskasa, edo erotismorako ezina, liburu osoaren ezaugarria da, begiradaren garrantziarekin batera, konturatuko zen honezkero irakurlea; hala ere, bilduma ixten duten hurrengo bi ipuinak antologia erotiko banatan argitaratu ziren: Juan Martin Elexpuruk Txalaparta argitaletxearentzat zuzentzen duen Literotura sailean, hain zuzen.

        «Informazio sexuala» 1998an idatzi nuen, Elexpururen eskariz, sail horren abiaburuko Euskal idazleen ipuin erotikoak liburu kolektiborako. 'Ipuin antierotikoa' eman nion azpititulua, halakoxea baita izan ere. Sasoi hartan idatzi berria nuen Nerabearen biluzia liburu autobiografikoa, eta haren oroitzapen-giroan egin nuen ipuintxo hau ere.

        «Porroia», liburua ixten duen snuff-movie hori, Basauriko ipuin erotikoen lehiaketarako idatzi nuen 1999an. Ez zuen saririk eskuratu, baina irabazleekin batera argitaratzeko aukeratu zuten 2001ean kaleratu zen Bero hezeak bilduman. Zinemaren erreferentziarik jolasten da hemen ere, baina izatez juxtu kontrakoa da hau: irudiaren ukazioa, ipuinean ez baitago inongo deskribapenik ez kontalariaren hitzik, protagonista bien hitzak soilik. Film bat begiak itxita ikustea legez, edo okerrago: jokalarien sexua zein zen ere ez baitzaigu esaten. Irudimenerako bidea, hausnarrerako gonbita, jolas hutsa...

 

 

Zer besterik esan dezaket? Sentipen arraro bat sortu zait hamasei ipuinok berrirakurtzean: aspaldiko testu horien egilea ni neu nintzen, noski, baina arrotzak egiten zitzaizkidan aldi berean. Aspaldiko ezagun bat berriz ikustean bezalako errezeloarekin begiratu diet batzuetan; senide bati norberaren keinu bat antzematen diogunean bezalako harridurarekin besteetan. Eta ironiaren distantzia hori beti: igual izango da esperientzia erromantikoa barregarri suertatzen dela XXI. mendeko gizon-emakumeon begietan, edo igual izango da ironiaren makulua behar dugula maitasunezko istorio zahar-berriak kontatzen segitzeko.

 

X.M.E.

Beasainen, 2002ko irailaren 16an