Aurkibidea
Gizon portatu
Markos Zapiain
SEI IPUIN AMODIOZKO
BESTE SEI PERBERTSIO
Demagun sexua komunikatzeko beste era bat baino ez dela
Telebistarik ez, inkomunikazioa dakar-eta
Ene dama maite horri azken gutuna
PASTITXE BAT
ETA HIRU VOYEUR ISTORIO
Aurkibidea
Gizon portatu
Markos Zapiain
SEI IPUIN AMODIOZKO
BESTE SEI PERBERTSIO
Demagun sexua komunikatzeko beste era bat baino ez dela
Telebistarik ez, inkomunikazioa dakar-eta
Ene dama maite horri azken gutuna
PASTITXE BAT
ETA HIRU VOYEUR ISTORIO
Perla beltza
Herbert Raas, Iparreko itsaso hotza eta Nederlandeko ubide lasaietako ur bareak utzita Timorreko irlara etorri zenean, Sawu, Timor eta Sondako itsaso epel eta tiburoiez betetakoetan perlak bilatzera bultzatu zuena ez zen izan diruzaletasun edo aberasgogoa, inondik ere, bizitzaren ikuspegi erromantikoa eta abenturarako joera ezin neurtuzkoa baizik; eta hargatik hain zuzen, abenduaren zortziko eguerdi sargori hartan eskumutur itxia bezain handia zen perla beltz ikaragarri hura aurkitzean ez zitzaion bururatu ere zenbaterainoko dirutza irabaz zezakeen perlaren salmentarekin. Begi-niniak ezohiko argiaz piztu zitzaizkion eta behatz artean jira eta bira zerabilen bere aurkikuntza miragarria, koska eta kamer guztiak laztanduz, haren azalaren orografia osoa buruz ikasi nahi balu bezala.
Yatean bertan atontzen zituen Herbertek orduak gehiegi errespetatzen ez zituzten janari legeak, berak harrapatu ezean inguruko arrantzaleei erosten zizkien arrainez eta inguruko ortuetako barazkiez osatuak; izan ere, itsasontzia zuen etxe bakarra Timorrera iritsi zen egunaz geroztik, eta oskol hartan bertan egiten zituen Kupang eta Dilirako noizbehinkako bidaiak, non aurreko aste edo hilabeteetan lortutako perlak gaizki saldu eta ontziarentzako gasolina eta beharrezko zituen beste hainbat gauza erosten baitzituen, bidenabar mahaian eserita bazkaldu eta itsasoaren kulunkaren arabera mugitzen ez zen ohe batean lo egiteko aprobetxatzen zuela. Jakarta hiriburu urrunera ere joana zen inoiz, Javako itsaso luzea osorik zeharkatuz, Mendebaldean utzitako lagun eta ahaideekiko tratuari eusten zioneko garaian, baina aspaldi etena zuen harreman hura eta ahaztua haienganako ardura, itsasgainean zanbuluka zebilen ontzi huraxe baitzuen aberri eta errealitatearekiko lotune bakarra. Itsas hegiko etxola mixerableetan bizi ziren arrantzaleekiko erlazio estuegirik ere ez zuen, aipatu erlazio komertzialak salbu, eta horientzat ere arrotza zen atzerritar larruzuri perla-bilatzaile bakarti hura, hizkuntza estrainio batez mintzo zena.
Eguzki galdatan perla beltzak eragiten zituen distira zuri-zurien mirespenaz hordi eta kontzentraturik zegoela, harribitxiaren dir-dir hori kostaldeko bizilagunen batek ikusiko ote zuen kezka barruntatzen hasi zen, eta, horrekin batera, patrikatik ateratako musuzapi zurian bil-bil eginda bere gelatxora sartu zuen eta ohe azpian gorde, aztoraturik. Atzera kubiertara irtetean alkandora eta oinetakoak erantzi eta argi-errainuek trabeskaturik bere azpi geldo eta nabarra ikusten uzten zuten uretan murgildu zen, igeri ari zela hobeto funtzionatzen baitzuten bere burmuinek eta edozein egoeraren ikuspuntu zabalago eta argiagoa eskaintzen: une hartatik aurrera bere bizimodua sustraitik eta erabat aldatuko zela sentitu zuen, nahiz eta berak ezingo zuen esplikatu zergatik edo nondik zetorkion zehazki susmo hori, ezta zertan gauzatuko zen aurreikusitako biraje behin betiko hori ere, antzeman ezinezko sentsazioa baitzen berak beti bezala segitu nahi izan arren bizitza halabeharrez kanbiatuko zitzaiola ziotson hori. Beste alde batetik, bere buruari lur zabaleko eta ozeano mugagabeetako gizonik zoriontsuena irizteko arrazoi aski bazuela iruditzen zitzaion, asturuak bera baitzuen aukeratua gizakume hilkor gaixoen artean, ezein begik ikusi gabeko, gizaldi eta gizaldietan sekula santan izandako harri puska harrigarrienaren jabe izateko. Tunika purpura besterik falta ez zuen jainko olinpiarren pareko senti zitekeen, adurraren esku aldakor eta haizeen menekoak seinalatua, bere bide noraezekoan mugarri izango zen hura agerrarazteaz batera. Badaezpadako zorion hari eutsiko bazion, nahitaezko zuen, zernahi gertatzen zelarik ere, perla beltza bere mendean gorde eta mantentzea behin betiko, handik edo hemendik azal zekizkiokeen arerio posible eta etsai ikusezinen aurkako borroka meniarik gabean.
Haragi fresko eta odoltsuaren usainaren presentzia hurbila aditzen duten tiburoien gisa, ontziaren inguruan aritzen zen igerian gero eta zirkulu estuagoetan, harik eta zangoez edo besoez metalezko kasko gogorra jo eta berriro kubiertaren gainera igotzen zen arte. Igerialdi labur eta kontrolatu haiek ziren bere buruari zilegitzen zizkion atseden une ia bakarrak, gainerakoan, lurpean gorde duen hezurraren zaintzan dabilen zakur amorratuaren gisa, bueltaka aritzen baitzen ontziaren barruti estuaren ertz batetik bestera, gosearen zimikoak sabelean kosk egiten zionean kanabera hartu eta bertatik eginez ahal zuen arrantza, zeina ozta-ozta iristen baitzen bizitzeko beharrezkoa zuena osatzera. Arrantzale ilun eta hits haien etxola mixerableetara ere ez zen geroztik hurreratu zeren, haiek erotzat bazeukaten ere, zitekeena iruditzen baitzitzaion susmo arraro batek hartuta, edo inbidiak, goseak nahiz jakin-minak jota, bere barkura etortzea ahal zezaketenaren lapurreta zekena burutzeko, eta beldur horren kariaz ia loak hartu gabe iragaten zituen gauak oro, begiak erdi hertsirik, edozein zaratots edo marruma entzun bezain pronto itzarririk, erne, ohoinak zitezkeelakoan gaueko mamuen zelatan, inoiz erabili gabeko errebolber herdoildua magalean eta ontziko labana eta ganibet guztien aho zorrotz biluziak eskura. Yatea ere ainguraturik zeukan lekutik apenas eta oso noizean behin mugiarazten zuenez, ez zuen Dili eta Kupangera gasolina bila joan beharrik izango, bidaia hura arriskuz beterik ikusten baitzuen orain; zer esanik ez negoziante zuri, gaizkile makur eta abenturazale lapurrez mukurutu eta kutsatutako hiri zatar beldurgarri haiek.
Gaztelu garaiezin eta are gotorleku bihurtutako barkutik mugitzeke, Damaskoko Kalifak bere emazteen harema gordeko zukeen mesfidantza eta maltzurkeria berberaz begiratzen zuen bere altxor preziatua, nahiz eta bere buruari eskaini ez marabilla hura une oroz ikusi, dastatu eta miresteko egokierarik, zeren, agerian utziz gero, nonahi ezkutaturik egon zitekeen izterbegiren baten begi-bistan geratuko baitzen bere sekretua, eta haizearekin berarekin, eguzkiaren ñir-ñir kiskalgarriekin eta itsasoaren ur tanto gaziekin bere ondasunaren kontenplazioa konpartitu behar hutsak ernegarazi egiten baitzuen senarrik jeloskorrena baino are jeloskorrago bihurtutako Herbert marinel perla-bilatzailea. Inoiz edo behin beste perla batzuen bila abiatzeko ideia tximistaren gisa burutik pasatzen bazitzaion, bere zaintza-lan astunak buruari zekarkion zama nekagarria apur batean arintzearren batik bat, halako alferlan batean ahalegintzea hutsal eta antzutzat joaz urruntzen zuen azkarki bere garunetik asmo inozo hori, zeren eta, itsasoan zen perlarik eder eta handiena bere eskumenean baldin bazeukan, ez zuen ezertarako behar berearen aldean bideetako harri-txintxarren gisakoak ziren horietako alerik, are gutxiago horren ondorioz bere barkua eta batez ere perla beltza hutsik, abandonaturik eta ager zitekeen zeinahi gaiztaginen menpean utzi behar bazituen.
Ontziaren alde batetik bestera mila buelta eman ondoren eta bere gelatxoko ohe meharrean hamaika jira eta biratan aritu ostean egunaren tentsio eta unaduraren poderioz loak azkenik bere menean hartzea lortzen zuenean berehala hasten zitzaizkion bere lokamuts torturatzaileak, non behin eta berriz azaltzen baitzitzaizkion lapur multzoak eta ebasle andana, denak ere bere perla beltza ostu nahian, eta zeinetan, batarekin eta bestearekin gatazka gogor eta amaigabeetan odolusteraino borrokatu eta gero, azken finean beti eramaten baitzioten perla gutiziatua begien aurretik, bera eginahalean saiatu arren ezin zitekeelarik higi, ez ezertxo ere egin. Bere desesperazio eta oihu aldi berean ozen eta entzunezinen artean izkina eta bazter guztietatik aditzen ziren barre algara zalapartari eta tematiez amaitzen ziren amesgaizto izugarri eta errepikakor hauen ostean, loaldi llabur bat besterik egin gabe baina izerdi patsetan itzartzen zen Herbert, lehen baino askozaz artega eta urduriago, eta, sukarrak hartuta bailegoen zangoak zanbuluka, perla beltza gorderik zuen lekura amiltzen zen, bizia bera arriskupean balu bezala, eta, behin perla eskuetan zuela, adi-adi geratzen zitzaion begira, ahoa zabalik eta begiak zabalduago, zeharo liluraturik.
Kutuna edo talismana baino areago bere bizitzaren estigma bilakatua zen perla hura aldamenean eduki ezean ezin zitekeen harrezkero momentutxo batez ere lasai egon gure gizona, eta hargatik eramaten zuen beti aldean, zela patrika zuloan, zela altzoan edo esku ahurretan. Horrela ematen zuen egun osoa, zeren, gero eta gutxiagotan mugiarazten zuten soinaren premia ezinbestekoek besterik eskatzen ziotenean izan ezik, gainerakoan itsasoak egunak aurrera egin ahala jasaten zituen aldaketa nabariezinei erreparaka eta beha egoten baitzen: goizean goiz, zeru sabaian izarrak ezkutatzen ari zirela, mendebaldean more koloretik urdin ilunera eginez eta ekialdean argi mehe batek hodei bakan meharrak zeharkatuz eta gorritasunez beteaz eguzkia irten orduko, itzalen erresumatik jaio eta bere mugak zedarritzen ari zen itsasoaren ur azal berdeari zer kresal usain gozoa zerion!; eguerdiko labe gorietan, ekia bere jaurgoaren gailurrean eta ponperiaz horniturik meneko guztiei bere nagusitasuna krudelki ezagutarazten eta betiereko umiltasunari zin eragiten ari zitzaiela, irakiten ziruditen uretan arrainak berak ere kasik sabel gora jartzen zituela, hura itsasoaren gardena!; arrastirian, landareak oro ernarazi eta gizon-emakumeak oro lastozko teilatuetako etxola mixerableetan ezkutarazten zituen zaparrada jausi eta urgaina arreagotu ostean, ur beltzen misterio erakargarria belarrira xuxurlatzen zuen murmurio iluna aditzen nolako lanak!
Noizean behin, patrika zulotik mukizapi bildua atera, fardelaren korapiloa askatu eta perla beltzari aldi batez so geldi geratzen zitzaion, mugimendu sumagaitzen bat antzeman nahiko balio bezala, lurraren sabel zulatuetatik meatzari esklabizatuek lanaren izerdiaz erauzitako ikatzarena zirudien belztasuna eta eguzkipean adats hori joria orrazten ari den neskatxaren ispiluarena ematen zuen argiaren islatzea erlijiosoki eta debozioz miresteko. Perla basa haren koskor ximurren ukimenak zemaion sentsazio atsegina asetzeko asmoz, lurralde jelatuetako hartz zuri handien larruaren leuntasuna zuen gainazal zakarra ferekatzen zuen neurrian belarriaren ondo-ondora eramaten zuen eta haren kontra jarri, adi-adi entzuteko keinuaz, haren barreneko kantu apala, musika isila edo soinu emeren bat banaro nabari eta entzun nahirik-edo, baina, halere, egunez egun entzutearen poderioz isiltasun nagusiaren pareko bilakaturiko itsasoaren zurrumurru taigabearen oskola apurtu eta gero bereiz zitzakeen soinu bakarrak lehorreko abere gautarrek beren harrapaketa eta ehiza saioetan egindakoak ziren, damurik.
Egunak zeramatzanez horrela, bai itsasoari bai perla beltzari begira, jatea ere ahantzia zuen, eta, horrek gorputz osoaren ahuldade eta makalaldia ekarri bazion ere, okerragoa izan zen urik ez edatearen ondorioa, zeina, gesalak sortutako egarriarekin eta egun osoa eguzkipean higitzeke ematearekin elkartuz gero, hilzorira eramateko modukoa baitzen. Haluzinaturik zegoen erabat Herbert, itsasoa eta ortzia hodeiertzaren ardatzaren inguruan jiraturik eta alderantziz sumatzen zituela, eta gogoeta estrainioek betetzen zuten haren buru nahasia, hala nola perla hura hezur eta haragizko emakume bilakatua zitzaiola uste zuenekoa. Konturatzen zen horratio, argitasunezko une batzuetan, heriotza eta akabua zetorkiola laster bide horretatik, eta gurtu beharreko idolo ohoragarri hura madarikatu egin beharko zukeela, erlikia agurgarri eta sakratu hura bere aldetik bota, baina argi eta garbiago zekusan behin perla beltza norberaren eskuetan eduki eta gero ezin zaiola itzuri patuari, ezin zela haren sorginkeria exorzizatu, zeren, perla beltza itsasora jaurtikiko balu, berriz ere uretan sartzean ez bailuke beste pentsamendu eta ardurarik izango hura berreskuratzea baino; izan ere, zer ziren, zer balio zuten, zertarako nahi zituen beste perlak oro, galdetzen zion bere buruari etsipen argitsuzko irribarre batez.
Horizontearen atzean ezkutatu aurretik eguzkiak eskaintzen duen azken errainuaren gisa ari zitzaion bukatzen, ahitzen bizitza, bereak egina zuen, eta ez zuen damutzeko arrazoirik ez beharrik, baina bere zorion eta eromena izan zen perla beltza berarekin batean eramango zuen, heriotzakoan ere lagun izan zekion, eta altxor magiko hori jende zatarraren eskuetan eror ez zedin. Geratzen zitzaizkion indar apurrez yatearen motorra martxan jarri eta gasolina bukatu zitzaion arte utzi zuen joaten, ozeanoan barrena, eta han, ontzia urperarazteaz batera, burdinazko pisu bati loturik eta perla beltza kolkoan, salto egin zuen uretara, tiburoien bazka eginik, bai bere burua, bai zoriak berari ez besteri emandakoa inork aurkituko ez zituelako esperantzan.
[1985]