16 ipuin amodiozko
16 ipuin amodiozko
2002, narrazioak
240 orrialde
84-95511-53-3
azala: Garbiņe Ubeda
Xabier Mendiguren
1964, Beasain
 
2008, narrazioak
1992, ipuinak
1987, antzerkia

 

Gizon portatu

(hitzaurrea)

 

Amodiorako Mendigurenen dohain bereziez gozatzeko zoriona izan dugunontzat, ez da ezustekoa liburu hau, batik bat «perbertsio» deituriko moldeez ari dadin: mutilazioa, voyeurismoa, fetitxismoa, intzestu orokorra, bikote-trukatzea baserrian, melodrama, masokismoa...; ipuin hauek guztiok animalien antzera maitatzeari ukoa erakusten dute, edo animaliek bezala maitatzeko ezina. Ez soilik animaliak garai jakin eta mugatuetan jartzen direlako altan, eta gizakiaren maitatzeko ahalmena berriz mugagabea bezain anomikoa delako printzipioz, baizik oroz lehen animaliaren desira berehalakoa delako, desiraren eta desiratuaren artean ezin duelako ezer tartekatu, ez bada desira indartsuago bat. Animaliek txintxo-txintxo obeditzen diote naturaren aginduari, zeinak irautea baitu helburu, eta ondorioz beren elkartzeetan ia beti gertatzen da espermatozoidea obuluan sartzea. Zuloa estali eta zuloa estali, hara arrazoibakoen maitetasuna, istripuzko taponamendurik ezean behinik behin. Animaliak ezin baitio iraganari muzin egin. Lehen begiratuan geneari muzinak irabazi diola dirudienean ere, bizi agindu gogorrago bat duzu aurretik nagusi.

        Esate baterako, zimino arra bero-bero dago zortzi metroko amildegi baten gainean. Halako batean, zimino eme bat agertzen zaio han behean, arra erakartzen saiatzen baita keinu lizunez. Arrak jauziari uko egingo dio. Baina kasu honetan ez, ohi bezala, banakoaren iraupena espeziearena baino bortitzagoa delako, hots, norbera bizirik irauteko grina ugaltzekoari gailendu zaiolako, baizik ziminoek ez dakitelako hil ostean amodioa egiten.

        Alabaina, funtsean duzu Mendiguren zimino hori ez bezalakoa, zentzu batean bederen, ziplo kokatzen baita, ezinbestean bezala, ispiluan, jolasean eta matriuskan. Beasaindarraren ikuspuntuak ere, bere pertsonaien eran, desiraren eta desiratuaren artean euskaldunontzat zabalik den zirrikituren batetik alde egiten du. Naturaz at dabil, hortaz: ukitu gabe begiratzen du, porroia lako tramankulu artifizialak erabiltzen ditu (edo amodio-tramankulu naturalak ebakitzen), espermatozoideak ondorio biologiko gabeko guneei oparitzen dizkie, bizitza konplikatzen du naturaren aginduei ixkin egitearren, guraria gauzatzeko aukera airean zintzilik uzten du («Urak dakarrena urak daroa», «Ene dama maite horri»)...; labur: gizon portatzen da beti.

        Eta, kristautasuna nagusi den gure gizartean, bitxi gertatzen da halako jokabide bat, eremu guztietan gizon portatze hori. Izan ere, kristautasunak orotan agintzen baitu animalietatik bereiztea, maite kontuetan izan ezik: maitatzeko orduan ez baitu onartzen piztiek bezala egin dezagun baino. Kontrasteagatik, bitxitasun hori morboz hornitzen du Mendiguren hartzen ari den lekaide itxura kezkagarriak, liburuaren azal hegaleko argazkian nabari.

        Edozein gisaz, Mendigurenek desiraren eta desiratuaren artekoari, oro har, begiratzen badio ere, bereziki aintzat hartzen du tarte hori gure gizartean zehazki betetzen ohi duena: irudia alegia. Gurean, maitasuna sentitzearen eta maitasuna egitearen arteko bidean, irudia dugu bitartekari edo itsumutil nagusi, eta ez, beste garai eta lekuetan legez, usaina, aberastasuna edo kokapena gizartean. Ezta, bestalde, irudimen berritzaileak lekarkeen irudigintza anitza eta nabarra ere, hedarazitako irudiak baino, telebistatik, bideotik, zinematik jasotako irudiak. Sugetzarrak erakusten digu amorosten, pornoak txortan; biziki laguntzen digu kuttuna hobeki maitatzen, Hollywoodeko izar baten antza aurki edo asma diezaiogun. Aurrena serie bateko pertsonaia batez gara maitemintzen, ondotik Institutuko edo Lizeoko haren islarekin gara jotzen entseatzen. Itzelak dira, gainera, zenbaiten depresioak Institutuetan eta Lizeoetan, nagusiarazitako irudi hori ez bezalakoegi ikusten baitute beren burua. Ikerketa eremu honi dagozkio «Nenufare zuria», «Orense bar», «Demagun sexua komunikatzeko beste era bat baino ez dela», «Informazio sexuala», «Porroia», «Pastitxe» eta «Amuña Margarita» (alderantziz, baina bueno).

        Aldiz, «Telebistarik ez, inkomunikazioa dakar eta» eta «Txinoen esperoan» ipuinek, irudiaren bitartekaritzari uko egiten dioten letralatra eta mistikoen desgaraiko egoera pintatzen digute: asperkeria frigidoa zein eldarnio paranoidea hurrenez hurren. Ordea, ez pentsa Mendigurenek liburua utzi eta ikus-entzunezkoetan murgiltzea aldarrikatzen duenik: desiraren eta desiratuaren arteko irudiaren bitartekaritza ere desastrosoa baita («Pastitxe», «Demagun sexua...», «Orense bar»...).

        Halatan, giza oinaze bat adierazten du liburu honek: desiraren eta desiratuaren arteko tartea desagerrarazteko nahia baina animalia izatera ezin itzultzea, xinplearen nostalgia, gizon jardutearen zaila. Zimino ezin portatuaren mina duzu liburuaren muina. Giza amodio zoriontsuak ez baitu nonbait literaturan balio; horregatik betetzen gaitu bekaitzaz maite kontuen gaineko Mendigurenen diskrezioak bere liburu autobiografikoetan.

 

Markos Zapiain