Aurkibidea
Gizon portatu
Markos Zapiain
SEI IPUIN AMODIOZKO
BESTE SEI PERBERTSIO
Demagun sexua komunikatzeko beste era bat baino ez dela
Telebistarik ez, inkomunikazioa dakar-eta
Ene dama maite horri azken gutuna
PASTITXE BAT
ETA HIRU VOYEUR ISTORIO
Aurkibidea
Gizon portatu
Markos Zapiain
SEI IPUIN AMODIOZKO
BESTE SEI PERBERTSIO
Demagun sexua komunikatzeko beste era bat baino ez dela
Telebistarik ez, inkomunikazioa dakar-eta
Ene dama maite horri azken gutuna
PASTITXE BAT
ETA HIRU VOYEUR ISTORIO
Melodrama
Ezkerretara, gugandik hiru mahai harantzago eserita zegoen bikoteari begiratu nionean, neskaren azal morenoari, kaobazko adatsari baino ez nion erreparatu. Berriro so jarri nintzaienean isilik zeudela konturatu nintzen, eta oso serio gainera: haserrezko espresioz, bakoitza bazter batera begira; aurrean baso bana hutsik, pentsatzekoa zen denbora franko zeramatela hor.
Ez zuten ezer esaten baina, bien artean zerbait gertatu berria zela nabaria zen bezala, beste zer edo zer ere bazetorrela asma zitekeen. Zeharka behatzen zioten elkarri aldizka, baina, inoiz begiez topo egiten bazuten, azkarki erretiratzen zuten burua.
Luze iraun zuten horrela. Halako batean, ez batak ez besteak begirada urrundu ez zutelarik, neskak, kopeta ilun eta serioz, pena apur batez ere bai, zerbait esan zion mutilari:
— Ezin dut horrela segi, ezin dugu horrela segi. Gureak egin du... aspaldian egin zuen —horixe esan ziola pasatu zitzaidan burutik, beharbada zerbait oso diferentea esan zion baina.
Mutilaren erreakzioa zeharo histrionikoa izan zen, deskarga elektriko batek astindu berri zuela pentsatzeko modukoa: bere aulkitik ia-ia saltatuz, neskaren besoari heldu eta, ezezka eginez, haren errua adierazi nahi zion nonbait:
— Ez, ez duzu arrazoirik! —esango zion.
Gauza bera behin eta berriro esanez, neskari eragiten zion, urjentziazko larritasun batean dagoenaren imintzioak aurpegi eta soinean. Honen aurrean neskak besoa askatu zuen zakarki, zer edo zer esanez:
— Utzi nazazu bakean! —eta, burua beste aldera itzuliz, norbaitek begiratzen ote zien konprobatu nahi izan zuen, lotsagatik-edo.
Mutilaren kuraia burbuila baten antzo ezabatu zen eta burua makurtu zuen, lur jota. Isiltasuna nagusitu zen beste behin: bata serbilleta-ontziarekin jostalari, bestea azazkalez mahaian joka, elkarrekiko mututasun eta ihesketan tematsu. Mutila pixkanaka madalena-itxura hartuz zihoan: lehenxeagoko furia ahazturik, begiak lausotu egin zitzaizkion erabat, malkoak ere bazetozkiola aise antzeman zitekeen. Arrautzaren zuringoa ziruditen kolore argiko begi haiek.
— Badakizu herra diedala melodrama merkeei —bota ziezaiokeen neskak, bera ere aurki zotinka hasteko beldurrez.
Mutilak goiko hortzez beheko ezpainari kosk egiten zion, itxura pairakorraz, aldi berean ukabilak estutuz, handik pixka batera uholdeka etorriko zitzaion agresibitateari eusteko edo. Neskak, orduan, burua jiratu zuen eta paretetako irudiei beha jarri zen. Parisko kabaretetan Toulouse-Lautrec-ek egiten zituen dibujoek bat-bateko interesa sorrarazi baliote bezala. Sudurra pittin bat gorritu ez balitzaio edonork pentsa zezakeen koadroetan murgildurik zegoela, halako arretaz begiratzen baitzien.
Mutilak zerbait esateko keinua egin zuen, baina, hobeto pentsatuz edo, atzera jo eta hasperen sakon bat besterik ez zuen bota. Hasperen honek bere kontenplaziotik atera zuen neska. Begira jarri zitzaion, hasieran gupidazkoa zen baina gero gogortu zuen espresioz:
— Zer, hasi al zara hasperenekin? Badakizu horrela ez nauzula konbentzituko; gehiegitan engainatu nauzu modu horretan —edota antzeko zerbait esan ziola imajinatu nuen.
Mutilari begiak ireki egin zitzaizkion, are gehiago, amorraturik balego bezalako eskukada bat eman zion mahaiari eta atzaparrak oldarkor erakutsi, basapiztien antzo, baina istant batez besterik ez zuen iraun bere horretan, hitz gotorren bat jaurtitzeko saio antzu bat egin eta gero burua bularrean erortzen utzi baitzuen, etsipenez. Bost minuturen buruan neskaren eskurantz luzatu zuen berea, maitekiro; honek, erretiratu; geroxeago, berriro luzatu zuen mutilak, eta neskak oraingoan, nekaturik, baldarki errefusatu zion. Horregatik-edo, aurpegia altxatu zuen mutilak, bere begi gorritu eta negartiak ikus zitzan besteak. Itxura barregarria zuen benetan, baina neska hark oso bihozbera izan behar zuen, ilundu egin baitzitzaion begitartea.
Mutilak, ahultasun une horri probetxu atera nahian, hitz bat esan zion neskari, izena besterik ez nire iritziz:
— ...
Ima, Marian, Ane, Bego edo antzeko zerbait. «Maitea» ere izan zitekeen.
Neskak mutu zirauen oraingoan.
— ... —izen bera errepikatu zuen mutilak.
Erantzunik ez.
— ... —hirugarrenez.
Aski duenaren jestu gogaitua egin zion neskak. Bestea, berriz, bere estakurua entzunarazteko indarberritua nonbait, hitz goxoz mintzatzen hasi zitzaion, konbentzimendua begitartean grabaturik:
— ... —izenaz hasi zen, ziur—, ez, ez didazu ulertu, gaizki ulertu dituzu gauzak eta okertu egin dituzu, edo okertu egin zaizkigu, ez dakit... Nik ez nuen... —aldizka pausaldiak egiten zituen diskurtsoan—. Ai, ez zaizkit hitzak ateratzen... Nik inolako asmo txarrik gabe egin nuen, gaizki jokatzen ari nintzen kontzientziarik gabe... Eta oraindik ere ez dut uste gaizki egin nuenik... —beste eten bat—. Beste hori, berriz, nik ez nuen halakorik esan nahi, baina zerorrek bultzatu nauzu.
— A, bai e? —argudioa ez zen hain biribila izan, itxura denez; haserre jiratu zuen burua, jauzika—. Mutil gaixoak ez zuen halakorik esan nahi, baina esan egin zenuen! Ez zuen deus txarrik egiteko asmorik, beti asmo onak ditu, baina izorratua ni izan naiz, beti bezala!
— Ez duzu horrela hitz egiteko eskubiderik —aurreko lasaitasuna galdurik eta zotinka hasiz, hitz egiten zuen heinean negarralditik gero eta gertuago—. Ni naiz beti kabroia, betiko alua, eta ez da egia; zuk ere min ematen didazu askotan zure hitzekin —zotinaren etena, malkoak libro—, eta niri agoantatzea tokatzen zait.
— Gizajoa halakoa, mutiko mindua! Dialektikarako ahalmena ez zaizu kamusten behintzat; beti daukazu hitz aproposen bat zeure burua zuritzeko.
— Ez esan halakorik...
Eta mutilaren arrantza berri batekin amaitutzat jo zen elkarrizketa adiskidetsu horren beste kapitulu bat.
Esaldien neurriagatik eta haiei laguntzen zieten keinuengatik halako zerbait esan bide zuten, politikaz edo angulen prezioaz ez zen solasa behintzat.
Kontzertu baten antza hartuz zihoan hura: gaia beti bera izaki, bazituen bariazioak, eta baita fortissimi eta pianissimi zatiak ere. Oraingoan mutilak, bi eskuekin tximetatik helduta, mahaia blaitzen ziharduen, pixkanaka soseguzkoa egin zen negar erritmiko batean, noizbehinka buruari alde batera eta bestera eraginez, ezer konprenituko ez balu bezala. Neska ere, lagunaren arrangurak indartu ahala, urduriago jartzen ari zen, gogoz kontrako egoera hartan trankiltasuna mantentzen saiatu arren.
Impasse berriari irtenbide orijinala eman nahian-edo, neskaren izena errepikatzen hasi zen mutila beste behin, erantzuna jasotzeko baino gehiago terapia katartiko gisa, begiak neskagana zuzentzeke, edalontziari eusten zioten bere eskuetan finko, etengabe esaten baitzion:
— ... —bi silabatakoa zirudien izenak— ..., ..., ..., ..., ...
Neskak, halako errekerimendu nekagarriari ihardetsiz, zerbait galdetu zion:
— Zer? —aspertuxea.
Mutila, zozo moduan, isilik geratu zen; gero, zer esan ez zekiela erakutsiz, lelo bera ahoratu zuen berriro.
— ...
Isilik geratu ziren. Neskak mahai gainetik kendu zituen eskuak eta, apenas sumatzen zen mugimenduagatik, ahopetik zerbait kantatzen ari zela pentsatu nuen, infernu horretatik alde egitearren-edo. Mutilak, efektistago, beso bat bestearen kontra estutzen zuen, azazkalak haragian sartu nahian bezala, sabaira begira; seguruenik martiri sentitzen zen une horretantxe.
Laster, jertsearen manga ukitu zion mutilak emeki, besteak mahai azpian baitzeuzkan eskuak, eta, larruazala bezain goxoa ez zen arren, mahukaren ehunean korapilatu zituen bere hatzak. Hala egon zen luzaz, kotoiari xera eta xera, laztan antzuetan, begi argiak hainbatgarren aldiz anpuluen distiraz edertzen zitzaizkion bitartean.
Laranja erdi konplexua edo elkar islatzeko joeraren bat zuten nonbait, bataren malkoei bestearenek erantzuten baitzieten, oboe eta pikoloaren arteko joko musikalaren antzekoa osatuz.
Mutilak, bere arranguren oihartzuna ikusirik, arrantzen arteko irribarre herabetia egin zuen, baina ez zuen ematen neskari negarrontzien sinfonia gehiegi gustatzen zitzaionik, painelua eskatu baitzion mutilari nahiko haserre.
— Utzidazu sikatzeko zerbait.
Hori pentsatu nuen esan ziola, besteak ezezkoa eginez paperezko serbilleta bat luzatu zion eta.
— Negar eginarazten didazu eta beti bukatzen dugu berdin.
Nahiko interpretazio librea da baina horixe otu zitzaidan esango zuela neskak.
Mutila baretu zen, lagun hurkoaren penak eman ohi duen arinduraz beharbada, eta, aurreko serbilleta mela-mela eginda zuenez, beste bat eskaini zion neskari; atzamarrak ere endredatu zizkion ilaje naroan; oraino negarrez zegoena kontsolatu nahian zebilen:
— Ez ezazu negarrik egin, polit horrek, nire neskato kuttun horrek...
Halako zerak esaten zizkiola irakurri nuen eite maitakorrean. Gauza gehiago ere bai gero, adiskidetzeko asmotan itxura denez:
— ... —izena—, maitea, ez egon horrela —besarkatu egin zuen—. Elkar maite dugu, ezta? —azken hau esatean begietara begiratu zion, eta ondoren berriro sorbalda gainean jarri zion bere kokotsa—. Nire azukre koxkorra, zergatik haserretzen gara egunero?
Neska, oraindik bere onera etorri gabe, ez zen mutila bezain ponpox eta alai jartzen, sobrare, eta zerbait esan zion, doinu aski neutralez, ikusi ahal izan nuenez.
—Beti gauza bera egingo ez bazenu ez ginateke hola ibiliko.
Mutilak, burua sabairantz altxatu eta suspirioka ekin zion berriro, ozen. Solaskideari begiratu gabe, bere artean marmarka hasi zen; gero, marru baten antzo, neronek ere entzuteko moduan, galde esperantzagabea:
— Ez al nauzu sekula konprenituko?
Espektakuluaz bastante nekaturik, handik alde egitekotan nengoen; hala ere, ipurdiaren itsaskortasunagatik edo zerbait hobea ikusteko irrikaz, bertan geratu nintzen azken momentuan, fedea ez baita hain erraz galtzen.
Argi zegoen bietatik inork ez zuela erretzen, bestela erreak zituzten ordurako zenbait zigarro, edo, tabakorik gabe baleude, erre nahi izatearen trazak egingo zituzten behintzat.
Neska bere onera etorria zen; haatik, desesperoan zirauelako edo barrena erretzen zion guztia kanporatu gura zuelako, zer edo zer jaurtiki zion, jotzeko asmotan:
— Noiz izango ote dut bakea behingoz? Hobe elkar ezagutu ez bagenu, edo betirako joango bazina.
Showra bultzatu zuten hitzok mutila: arrenkari erakutsi zuen bularra, esaldi solemneren bat zioela:
— Bukatu nahi baduzu, hartu ganibeta eta hil nazazu!
Neskak barre egin zuen, eta mutilak, barne muinetan minduta, suplikatik bortizkeriara joz besoa altxatu zuen, kolperen bat ematekotan edo.
— Bai, orain hori —neskak, asaldaturik—, jo nazazu, aprobetxa ezazu indar gehiago duzula, hori bakarrik falta zitzaizun.
Mutilari berehalaxe damutu zitzaion laguna jo nahi izana eta barkamen eske hasi zitzaion jarraian, iruditu zitzaidanez:
— Barkaidazu, ... —izena—, barkaidazu faborez. Nik ez nuen jotzeko asmorik, baina aztoratu egin nauzu, nik guztiz seriotan esan eta barre egin didazu, pailazotzat hartu nauzu, baina nire sentimenduak benetakoak dira, nik ez dut itxurarik egiten, ... —izenaz amaitu zuen, eta halaxe segitu, eskuak airean mugituz—. Ai, ..., zergatik ibili behar ote dugu horrela beti? Nik maite zaitut —bi eskuetako behatzak elkartuz, otoi egitera balihoa bezala eta su handiagoz—, ez daukat zurekin pozik bizitzea beste asmorik; zuk ere maite nauzu, zergatik liskar hauek? Zer dela eta elkar mintzen aritu?
Makina bat minutu eman zuen era horretan, hizketa etengabean ezti, neska ere beratzen zihoan bitartean, hitz andana horrek hunkiturik nonbait, aldizka zerbait adieraziz erabat konforme ez zegoela agertzeko.
— Zerorrek duzu kulpa, ez nik.
Hala eta guztiz, notatzen zitzaion adiskidetzeko gogoa. Mutila ere amore emateko pronto zegoen:
— Ez da berriz halakorik gertatuko —burua apurtxo bat makurtuz.
Nabari zen ondo amaituko zutela afera, musutxo bat ere emango ziotela laster elkarri, beldur eta errezelo guztiak behin betiko uxatuz.
— Aurrerantzean halako gehiagorik ez —esango zuten biek, eskuak lotuz, itxaropena eta zoriona begi gorrituetan.
Aldamenekoak eta biok, kafetegi hartan egoteaz asperturik, beste tokiren batera edo paseo bat ematera joatea erabaki genuen; gu altxatzearekin batera, hiru mahai harantzago zeuden bi haiek ere aulkitik jaiki ziren, gureen antzekoak ziren abriguak jantzi zituzten, eta, gu joatean, ezkerreko ispilu handia ere hutsik geratu zen.
[1984]