Aurkibidea
Gizon portatu
Markos Zapiain
SEI IPUIN AMODIOZKO
BESTE SEI PERBERTSIO
Demagun sexua komunikatzeko beste era bat baino ez dela
Telebistarik ez, inkomunikazioa dakar-eta
Ene dama maite horri azken gutuna
PASTITXE BAT
ETA HIRU VOYEUR ISTORIO
Aurkibidea
Gizon portatu
Markos Zapiain
SEI IPUIN AMODIOZKO
BESTE SEI PERBERTSIO
Demagun sexua komunikatzeko beste era bat baino ez dela
Telebistarik ez, inkomunikazioa dakar-eta
Ene dama maite horri azken gutuna
PASTITXE BAT
ETA HIRU VOYEUR ISTORIO
Un petit cadeau
pour madame
korte askotako pelikula
— Madame, pakete hau heldu berri da zuretzat.
— Niretzat? Aber, ekar ezazu.
Letizia andrearen esku artegak lore koloredunetako papera bihurritzen hasi ziren, ez baitzuen lazoa askatzeko behar hainbateko patxadarik. Blasen presentziaz ohartzean geldirik geratu zen, dignitatez, eta hotzean geratu zitzaion begira.
— Zerbait esan behar diot edo...?
— A! Tori, emaiozu propina.
Urrats txiki eta arinez bere gelara itzuli zen. Atearen danbatekoaz bat, esertzeko astirik hartu gabe, xorroa apurtu, lurrera bota eta kaxa zapal bat aurkitu zuen. Hura ezin eskuez hautsi; belarri ondoan astinduz, zer ote zitekeen pentsatu eta berehala joan zen sukaldera, kutxillo baten bila. Harriturik begiratu zion Josefinak, inolako esplikaziorik gabe harakinaren antzera atea bere atzean ixten ikusi zuenean.
(KORTEA)
Taxia hartu beharrean berak gidatuz joatea erabaki zuen egun hartan. Atea irekitzean eskularruak atera zituen guanteratik, rubio bat piztu, eta azeleradorea indarrez eta azpiraino sakatuz arrankatu zuen.
Arma museoaren aurreko parkean zuen orduko zita. Garaiz zihoan baina ez zuen goizegi iritsi nahi eta, gogorrarena egitearren-edo, hamabost minutu berandu ailegatu zen, inguruko kaleetan bueltaka eta zigarroak erretzen aritu ondoren.
Hantxe zegoen Jean Claude, deskapotablearen kapota estalian apoiatuta, lerden, garai, dotore. Espigazko traje gris perla sobrioa zeraman, eta ile gominaztatuan tangero itxura ematen zioten onda batzuk zituen eginak.
— Asko itxoin al duzu, maitea?
— Ez.
Jean Clauderen kotxea hartu beharrean Letiziarena hartu zuten, baina Jean Claude jarri zen gidariaren lekuan. Gizonki gidatzen zuen, oso, eta ez zuen hizketa gehiegirik egiten bolantean zihoala. Bestela ere ez, baina orduan gutxiago. Letizia, ordea, berritsu zegoen, eta Blasen mozolokeria, Josefinaren baldarkeriak, pelukeriako azken berriak, Clubeko atsoen esamesak eta antzekoak kontatzen zizkion. Jean Claudek moztu egin zion bere jario alferra.
— Zer egingo dugu gaur?
— Zuk nahi duzuna, maitea. Pentsatu al duzu zeozer?
— Chez Martin-en egin dezakegu bazkaria. Ez da jende askorik izaten.
— Konforme.
Iritsi zirenean Jean Claudek beti asmatzen zuela pentsatu zuen Letiziak. Dotorea zen baina diskretua. Han ez zuten ezagunik ikusiko. Erreserbatura pasatu ziren eta, kartako aukera zabalean galdu ondoren, maîtreak gomendatu ziena eskatu.
Jostalari zebilen Letizia, eta mahai azpitik belauna ukitzen zion Jean Clauderi. Honek irribarre serio samarra egiten zuen. Gero, takoidun sandalia bat kendu eta hankarteraino eraman zion oina, maleziazko irriño batez. Jean Claudek ere beste irri batez erantzun zion, eskuaz harrapatu zion oina eta min pittin bat egin arte estutu; behatzak bihurritzen zizkiola, beste eskuaz ardo kopatik xurrutada laburra edan eta hala esan zion:
— Gero ere izango dugu nahiko denbora eta leku egokiagoa.
(KORTEA)
Hoteleko habitaziora heldu bezain laster toilettera joan beharra zeukala esan zuen Letiziak. Ximurrak ezkutatzen, ilea ondo txukuntzen, ezpainen gorria retokatzen, begietako pintura berrezartzen eta perfume gehixeago botatzen aritu ondoren irten zenean, arrosa sorta bat eta xanpain botila hotza ikusi zituen.
— O!, Jean Claude, zoragarria zara! —atera zitzaion bihotzetik.
— Zu bezalako dama batek merezi duena baino ez da hau —erantzun zion Jean Claudek, bi esku gihartsuez gerritik heltzen ziola.
Kopa bana xanpain hartzen ari zirela disko bat jarri zuen Jean Claudek, eta dantzan hastean berak ez bestek zekien bezala egiten zion koska lepoan, belarri ondoan, eta soinekoaren hebilla askatuz eskua beherantz labaintzen utzi.
(KORTEA)
Jean Claude dutxatzen ari zen kanilaren hotsak adierazten zuenez. Letiziak poltsikotik zigarro paketea eta kartera atera zituen. Paketetik azazkal gorriez zigarro bat hartu eta piztu zuen, eta karteratik billete mordoxka bat zenbatu zuen. Larru bizitan komunera abiatu zen. Dutxatik atera berria zen Jean Claude, eta prakak jantzita zituela kolonia botatzen ari zen. Letiziak bizkarretik heldu eta, bi besoez bular zabala inguratuz, muxu eman zion lepondoan.
— Tori, maitea. Propina eta guzti jarri dizut, horren ondo portatzeagatik.
Jean Claudek esku trebez kontatu zituen, eta orrazten hasi zen ondoren bere kopetako ondak.
— Ez da nahikoa.
Letiziak lasaitasunezkoa nahiko zukeen keinu baldar samarra egin zuen besoak askatzean.
— Gastu asko daukat eta gehiago behar dut —erantsi zuen Jean Claudek, bere ahotsean aitzaki doinu apurrik nabari ez zela.
— Barka. Ustekabean harrapatu nauzu eta momentu honetan ez dut beste dirurik hemen.
Urduri antzean, Letizia eskuak bihurritzen hasi zen eta logelan bertan jantzi zen, Jean Claude toilettetik atera baino lehen. Berriz ere kotxean, umore onera itzuli zen eta bromak egiten zizkion Jean Clauderi, berarekin ez zenean zer andre klaserekin ibiltzen ote zen eta abar. Deskapotablea utzi zuten lekura itzuli ziren zuzenean.
— Hemendik egun batzuetara deituko dizut, maitea.
— Nahi duzun arte.
(KORTEA)
Gauean, afaltzerakoan, senarra egun hartako negozioen gorabehera ari zitzaion kontatzen kasu askorik egiten ez zuen Letiziari.
— Diru gehiago eman behar didazu, Arturo.
— Gehiago? Eta zer egin duzu bada herenegun emandakoarekin?
Letiziari ezusteko argia piztu zitzaion burmuinean.
— Picassoren litografia bat erosi dut. Begira, oraintxe erakutsiko dizut.
Arturok baietz esan zuen, oso polita zela, baina ezagun zuen gauza haiek ez zitzaizkiola gehiegi gustatzen. Ohera aurretik, krema garbitzailea ematen ari zela, erregaliak nork bidaltzen ote zizkion hasi zen pentsatzen; ezin asmatu ordea: senarraren negozio lagunen batek?, Club Marítimoko kideren batek?, urrunetik baizik ezagutzen ez zuen miresle ezkuturen batek? Zena zela, gogoko opariak egiten asmatzen zuen, eta beti zen pozgarria berrogei urte paseak zituen bera bezalako emakume batentzat, oraindik zaharkitua ez egonik ere, halako maitale sekretu bat izatea, aurrena esmeralda eta rubiekiko eraztuna eta ondoren Picassoren zera hura erregalatu zizkiona.
(KORTEA)
Gosariko tostada bukatu eta laranja zumoa edaten ari zela erabaki zuen Martari deitzea. Marítimon elkartuko ziren edo bestela tenisean jokatzera joango ziren, segun eta zer nahi zuen Martak. Lehen opariarekin beldur zen inori kontatzeko, batez ere edonoren senarra izan zitekeelako, eta lehen-lehenik amorante ezkutuaren nortasuna ezagutu nahi zuelako. Bigarrena jaso ondoren, ordea, bazirudien emaileak ez zuela agerian azaltzeko asmorik, eta joko bat zela hura guztia. Martari, lagun ezkongai bakarrari kontatuko zion dena, eta bien artean saiatuko ziren misterio ilun hura argitzen. Seguru zegoen Martari ikaragarri gustatuko zitzaiola abentura moduko hau, jolas guztiz berri eta nobedosoa baitzen.
Telefonoa hartu behar zuen momentuan, beti bezala katu baten antzera, Blas sartu zen.
— Madame, mutiko batek zuretzako pakete bat ekarri du.
— Itxoin ezazu, esaiozu mutiko horri... edo, hobe neroni joaten banaiz.
Blas betiereko aurpegi inpertsonalaz atzean utzita, atera joan zen. Hamasei urteko mutikoak larrutegi ezagun bateko txaketa zeraman jantzita, eta etxe bereko pakete handi bat eskuetan.
— Ba al dakik nork erosi duen hau?
— Ez dakit, andrea. Mandataria besterik ez naiz.
(KORTEA)
Tennis Clubeko saunan, toalla zurietan bilduta eta izerdia kopetatik behera ibaika zeriela, erregaluen asunto guztia kontatu zion Letiziak. Martak, begietan txinparta bi, pozik begiratzen zion, eta mihia ezpainen ertz batetik bestera eramaten zuen etengabe, entzuten ari zen bitartean. Batzuetan xehetasunak eskatzen zizkion, baina ez zegoen ezer askorik kontatzerik, informazioa berez baitzen laburra.
— Hau morboa! —esan zuen Martak, listua eta sudurretik behera zetorkion izerdia irentsiz.
Martak esan zion bere eskuetan uzteko. Enkargatuko zela bera, enteratuko zela nola edo hala nor zebilen haren atzetik. Eta, ezer berririk gertatuz gero, deitzeko lehenbailehen, bestela ez ziola sekula barkatuko. Bere inbestigazioen berri emateko, gauean bertan edo bestela biharamun goizean telefonatuko zuela sinfalta.
Berriro etxean, Letiziak barre egiten zuen Martaren emozio adoleszentea gogoratzean, baina bera ere eszitatua sentitzen zen, urduri, azken hogei urteetan ez bezala hunkitua, buruan mila amets, suposizio, burutazio txoro... haien ezintasunaz oharturik momentuan bertan baztertzen zituenak segidan antzekoak asmatzeko berriz ere. Aztoraturik zegoen, etxean ere ez zuen egitekorik aurkitzen: libururik irakurtzeko ezin kontzentratu, telebisioa gogaikarri zitzaion, zeramika egiten hastea rollo bat zen eta puntua berriz, Jesus, puntua!
Telefonoa hartu eta Jean Clauderi deitu zion; ordura arte ez zuen sekula horrelakorik egin: aste berean bi aldiz; baina beharra sentitzen zuen, bere emakume grinak, sentimenduak norbaiten altzoan ase beharra, eta Jean Claude baino ez zuen ezagutzen horretarako. Bazuen halako zera bat beste inork ez zuena —gogortasuna? seguritatea?—, bere katramilak ordu batzuez zeharo ahantzarazten zizkiona eta abere apasionatu edo printzesa maitale sentitzea posible egiten ziona.
Atea ondo itxi eta atzean inor ez zegoela ziurtatu ondoren altxatu zuen aparailuaren aurikularra eta zenbakia markatu.
— Allo!
— Jean Claude? Letizia naiz. Behar zaitut.
— Zertarako?
— Oi, Jean Claude...! Ez zaitez gaiztoa izan. Ikusiko gara?
— Konforme. Zer ordutan?
— Seietan?
— Bale. Non?
— Zeuk esan.
— Independentziaren plazan?
— Han egongo naiz. Gero arte, maitea.
— Agur.
(KORTEA)
Hotel aurreko kafetegian, Jean Claudek kafe hutsa hartzen du, azukrerik gabe. Letiziak tea limoiarekin, koilaratxoaz kikara hutsaren kantoietan konturatu gabe joka.
— Ai, Jean Claude, ez dakizu zenbateraino behar zaitudan —isilunea—. Bete egiten nauzu, emakume osatua sentiarazi —isilune luzeagoa—. Igual pentsatuko duzu erridikulu samarra dela hau dena —isilune laburxeagoa—. Bueno, eske guk ez dugu gehiegi hitz egiten, eta hitz egiteko gogoa nuen, edo dut.
— Zertaz hitz egin nahi duzu?
— Ai, baina ez ezazu horren modu «profesionalean» esan —histeriko samar.
— Barkatu, ohitura izango da seguru asko —hoztasun lanbroak nahi gabe iragazten utzi duen tristura usain batez.
— Ez, ez —lasaitu nahiz, ileetara eramanez eskua, lotsarekiko borrokan—, zuk barkatu behar didazu, ez dakit zer esaten ari naizen, txoratuta nagoela ematen du, baina eske gauza asko ari zait gertatzen, ez dakit nola esan...
(KORTEA)
Bizkarra almohadan jarrita, Jean Claudek bi zigarro hartzen ditu Letiziaren paketetik, ahora eraman eta piztu egiten ditu, ondoren bat Letiziari emateko. Isilik daude, kea botatzean sortutako figura atzemanezinei begira.
— Zertan ari zara pentsatzen, Jean Claude?
— E? Ez, ezertan ez.
Beste kalada pare bat ematen diete beren zigarroei, lehen batak bestearen ahoa estutu eta xurgatu duten intentsitate ia-ia berberaz.
— Zer gustatzen zaizu zuri, Jean Claude?
— Niri?
— Bai: futbola, zinea, liburuak irakurtzea...?
— Pss! Denetik pixka bat.
— Horren gutxi ezagutzen zaitut...!
Letizia maindirean bildurik altxatzen da komunerako asmoz, baina bere poltsa hartzeaz batera uzten du erortzen, aurreko lotsaz damu edo efektu optikoaren bila. Dirua aurrez aurre emateak sortzen dion egonezari itzuri nahian bidet ondoan uzten ditu billete doblatuak.
(KORTEA)
Independentziaren plazan, Letiziaren kotxe barruan geldirik eta leihoak itxita.
— Zergatik eskatzen didazu berriro diru gehiago? —urduri, oso.
— Gauza asko ditut, zereginak, konpromisoak —aurreko estatuari axolagabe begira.
— Baina zuk zer uste duzu, ni diru-makina bat naizela, ala? Istiluak ditut senarrarekin diru hori dena lortzeko. Trauma bat zara nire bizitzan!
Jean Claudek ez du erantzuten, ispilu erretrobisorea okertu eta gorbataren korapiloa bere lekuan zuzen jartzen du. Atea ireki eta kanpora ateratzen da, txistuka.
— Hurren arte —gorputza aterantz eramanda.
— Jean Claude... esaidazu maite nauzula.
Jean Claude beste zerbaitetan pentsatzen ari balitz bezalako irribarre neutroaz urruntzen da, bi behatzez muxu bat bidalita.
(KORTEA)
— Arturo, diru gehiago eman behar didazu.
— Txoratuta zaude ala? Ez nizun bada atzo bertan eman azkeneko aldiz?
— Bai, baina bisoizko abrigu bat erosi dut.
— Bisoizkoa? Oraindik irailean sartzea egin dugu eta!
— Beti iruditzen zaizu gaizki nik egiten dudana —mutur beltza jarriz—. Diru putzutan itota zabiltza, eta ez dakit zertarako nahi duzun —maina bila dabilen katutxoaren trazak hartuz—. Arturo, maitea, ez al duzu zoriontsu egin nahi zure andretxoa? Oso bakarrik nago egun osoan zu gabe, eta erosketa batzuk egitera ateratzen naiz. Bekatu al da hori? Beste batzuek amoranteak eta guzti izaten dituzte, ni ordea beti txintxo-txintxo zure zain.
Senarra periodiko atzean dago ezkutatuta, haserre samar eta gogaitua, antza.
— Bale, bale, konforme, nahikoa da.
— Nahi al duzu abrigua erakustea? —begiak pizten zaizkiola eta salto txikiak ematen hasteko gogoari ozta-ozta eutsiz.
— Bueno, nahi baduzu —indiferentzia gaizki disimulatuaz.
(KORTEA)
Club Marítimoko solariumean goxo-goxo daude eguzkipean Marta eta Letizia. Ez du gehiegi berotzen; epel dago. Martak bikinia darama eta Letiziak bainujantzi ilun samarra. Bainujantziaren tirak bularraren azpiraino jaisten ditu aurrena, eta txilborreraino geroxeago.
— Ez nagon horren gaizki, ezta? —erdi harro, erdi herabe.
— Keba, neska, oso ondo hago oraindik.
— Oraindik inori gustatzeko moduan, uste dun? —emozio apur batez.
— Ez al dun ikusten? Nolatan bestela hainbeste erregalu eta komeria?
— Ez zekinat, txororen bat... —Martak bitartean bikini argiaren goiko aldea kendu egiten du eta bazter batean utzi—. Hi, ordea, ni baino askoz argalago hago, tipo hobea dun.
— Ez pentsa!
(KORTEA)
Mandatari gazte bati propina ematen diote eta badoa bere vespan, arin, eta arinago hasten da Letizia paketetxoa askatzen bere gelarako bidean. Pasilloan barrena, eskuetatik ihesi zoruan erortzean klin klin klin amaigabea egin du perlazko idunekoak. Zaratak erakarrita Blas agertzen da pasillo bukaerako atean.
— Madame, laguntzarik behar al duzu?
— Ez, ez, ez, joan zaitez —isilune labur batean elkarri begira geratzen dira makurtu eta aztoratuta dagoen señora kiriobera, eta esfinge baten aurpegiera inperterritoa beti-bat mantentzen duen maiordomoa—. Joateko!
Blas joan eta gero perlak jasotzean hauekin batera papertxo bat ikusi zuen, nota bat. Bertan helbide bat besterik ez zegoen idatzita, apartamentu batena. Hura ezin zitekeen kasualitatea izan, hura zita bat zen, inondik ere.
Zoratzear zegoela hartu zuen kotxea eta frenoa existituko ez balitz bezala gidatu. Hura emozioa! Nor ote zen, nor, nor, nor? Semaforo gehientsuenak bere horretan pasatu zituen, berdean egon zein gorrian. Azkenik ezagutuko zuen. Istripu bat izateko zorian egon zen. Zer poza! Baina, hala ere, susmo txar bat zuen, ez zekien zergatik ezta nondik etorri zitzaion ere. «Txorakeriak» esan zion bere buruari mamu haiek uxatzearren eta bere burua lasaitzearren, helbide hartara iristen ari zela amonatxo bat ia-ia harrapatzen zuen bitartean.
Eskailerak ere korrika bizian igo zituen, azentsorea bazegoela konturatu gabe. Ateraino ailegatzean tinbrea jo bezain laster ohartu zen ez zegoela itxita. Hatz-koskoez jo ondoren inork erantzuten ez zuenez, atea pixka bat zabaldu eta dei egin zuen:
— Bai...? Ba al dago inor...? Letizia naiz...
Isiltasuna. Zerbait erostera aterako zen. Bai, seguru. Bihotz taupadak azkartuz zihoazkion. Broma bat ere izan zitekeen; baina ez, ez zuen uste. Ia etxe osoa korritu zuen badaezpada ere, eta aztarrenik ere ez zuen aurkitu. Ur jario mehe baina etengabe hartaz ohartzean komunekoa bilatu zuen ate guztien artean; zegokiona aurkitzean ikusitako espektakuluak zorabiatu egin zuen ia.
Baineran zegoen Jean Claude odol putzu zabal batean, begiak eta ahoa zabalik. Bere gainean, ur eta odolez bustitako billete mordoxka bat eta zenbait paper zituen; begiratu ondoren erreziboak zirela jakin zuen: joieriakoa, peleteriakoa... Azkenean baino ez zuen begiratu ispilu aldera. Bertan ikusi zuen, akaso odola irudikatu nahirik baina karminez idatzita, azken mezu ezkutua bide zen hura: «Puta bat bezala tratatzen ninduzun eta ezin nuen eraman».
Malko isilak, perla epel eta gaziak, iduneko berrira erortzen zitzaizkion kokotsetik behera, eta aspaldian entzundako esaera bat etorri zitzaion burura: perlak erregalatzeak beti dakar suerte txarra.
[1985]