16 ipuin amodiozko
16 ipuin amodiozko
2002, narrazioak
240 orrialde
84-95511-53-3
azala: Garbiņe Ubeda
Xabier Mendiguren
1964, Beasain
 
2008, narrazioak
1992, ipuinak
1987, antzerkia
 

 

Porroia

 

snuff-movie

 

— Kontaidazu ipuin bat.

        — Ez.

        — Ipuin zerri bat.

        — Nahiko zerria ez al da, nire egoera hau?

        — Ipuin lizun bat, ni berotzeko.

        — Ez dakit zer kontatu. Nire postura hau ez da aproposena ipuinak asmatzen hasteko.

        — Ez al zaude gustura, maitea?

        — Zure desirak gero eta konplikazio handiagoak behar ditu kilikatzeko. Aurrena bideoak ziren; gero, haiekin aspertuta-edo, bibragailuekin ibili behar izan genuen jolasean; ondoren, hauek nahiko ez nonbait eta larruzko uhalak hasi ginen erabiltzen. Eta orain, lehenaz gainera, jarrera xelebre honetan naukazu loturik.

        — Nahi al duzu jarrera aldatzea?

        — Ez: nahi dudana da behingoz bukatu eta askatzea.

        — Horretarako ipuin bat kontatu behar didazu. Ipuin likits bat, nire libidoa kitzikatzeko.

        — Hau absurdoa da.

        — Absurdoa ipuintxo berde bat kontatzea?

        — Absurdoa da sexuan gero eta sofistikazio gehiago behar izatea, berez gauza naturala izanda. Lehen aski izaten zen izter bat ikustea, edo bizkar bat, norbait berotzeko. Ondoren gehiago ikusi behar izaten da; eta biluztasun osoa erakusten denean ere beste zerbait nahi da gero: konbinazio diferenteak, tresna arraroak, osagai harrigarriak...

        — Segi hizketan, maitea, berotzen ari naiz eta.

        — Bide horretan lortzen den bakarra, perbertsioaren maldan behera erortzea da, eta azkenean frustrazioa besterik ez da gelditzen.

        — Ni ez nago frustratuta, laztana, oso gustura nago.

        — Baina iritsiko da. Perbertsioen katalogoa ere mugatua da. Gero eta zerrikeria handiagoak eginda ere, azkenean topea jotzen duzu eta aspertu egiten zara.

        — Nik ez dut oraindik topea jo.

        — Oraindik ez, baina zer etorriko da gero? Film pornoetan bezala da hau, berdin-berdin.

        — Zer da film pornoen kontu hori?

        — Aurrena erotismo xamurra izaten da. Gero erotismo esplizitua eta larru jotzeak. Ondoren zupaketak eta bariazio tipikoak, eta horiekin aspertutakoan hasten dira gauzak bihurritzen, animaliekin zerrikeriak egiten, edo snuff-movie zikin horietakoak egiten.

        — Zergatik dira zikinak snuff-movieak? Ez al dira ba «naturalak», zuk nahi duzun bezala?

        — Egiazko bortxaketak eta hilketak filmatzea? Hori ez da naturala; hori, hori... erokeriaren eta nazkagarrikeriaren zuloan sartzea da hori.

        — Zelako atsegina ematen didazun horrela haserretzen zarenean...

        — Bizioaren amildegian erortzea.

        — Segi, segi...

        — Baina azkenean, horiek ere aspertu egiten dira.

        — Ez izan gogaikarria, zure aspertze kontu horrekin.

        — Egia da eta. Hilketak, bortxaketak... dena asmatuta dago.

        — Dena?

        — Den-dena. Errepikatu besterik ez dute egiten.

        — Ez nago ba konforme. Hilketak edo bortxaketak egiteko ere, beti asma litezke modu berriak.

        — Ezinezkoa da dagoeneko ezer berririk asmatzea. Arma mota guztiak probatu dira: mailuak, labanak, pioletak, pistolak, guraizeak... Zein baino zein bortitzago eta nazkagarriago.

        — Errefinamendu pixka bat ere badago bilaketa horretan...

        — Bai zera! Basakeria da baliabide bakarra: tortura-mahaiak, dentistaren aulkia, ginekologoen ohe hau...

        — Ez al da erosoa?

        — Bisturiak ez direnean aizkorak. Iltzeak ez badira daratuluak. Motozerra izan zen garai batean azken asmakizuna, baina hori ere agortuta dago eta dagoeneko ez da ezer berririk sortzen.

        — Ba, oker zaudela esango nuke nik.

        — A bai?

        — Oso oker gainera. Irudimena uste ez den bidetik irteten da, eta beti sortzen du zerbait berria; berria, diferentea eta, hortaz, kilikagarria.

        — Izango duzu orain ere, Interneteko pitokeriaren bat edo.

        — Ez, ez. Ez da behar azken puntako teknologiarik. Aski da tresna xume bat, etxeko sukaldean ahazturik dagoena.

        — Bai: danbolina, kanpaia jotzen ikasteko.

        — Ez, ez. Oso hotz zabiltza. Eta ni gero eta beroago. Ireki itzazu hankak gehiago. Gehixeago. Horrela, oso ondo.

        — Ai.

        — Min eman dizut? Lasai, ohitu arte izango da. Ikusiko duzu zein ongi, prestatu dizudan sorpresarekin.

        — Ze sorpresa?

        — Etxeko tresna arrunt bat, esan dizut.

        — Benetan ari al zinen?

        — Jakina. Bene-benetan.

        — Ze tresna?

        — Begira nola jartzen nauzun, begira.

        — Ze tresna?

        — Ez zaitez horrela ikaratu, lasai.

        — Ze tresna?

        — Esaten badizut ez da sorpresa izango.

        — Mesedez, ez etorri orain sega edo igitaiekin, mesedez.

        — Lasai. Ez da ez sardea, ez aihotza, ez ebakitzen duen beste ezer ere. Baina ez itxi hankak.

        — Zer da?

        — Jakin nahi duzu?

        — Bai!

        — Tira. Esango dizut. Edo erakutsi egingo dizut bestela. Hara.

        — Porroia?

        — Bai: porroia.

        — Tresna erotikoa?

        — Ikaragarrizko posibilitateak dituena gainera. Begira.

        — Ai.

        — Erlaxatu. Ez uzkurtu giharrak. Goxo-goxo sartuko zaizu.

        — Ez dut nahi. Askatu.

        — Ezin dut. Jolas bakoitzak bere legeak ditu.

        — Ez dut gehiago jolastu nahi.

        — Alferrik duzu orain protestatzea. Loturik zaude.

        — Ai!

        — Ikusten? Txulo txikia bada ere, zabalduz-zabalduz doa pixkanaka, porroiaren muturra ondo sartu arte.

        — Kendu zikinkeria hori hortik. Honek ez du ez graziarik, ez ezer...

        — Nola ezetz? Ni oso ondo ari naiz pasatzen. Eta hau hasi besterik ez da egin.

        — Ez didazu mutur osoa sartu nahiko, ezta?

        — Ez. Oso jolas basatia litzateke hori. Gainera, bideo pornoetan-eta askotan ikusi ditugu horrelakoak: gero eta zera handiagoak sartzen, gero eta barrurago, azkenean dena lehertu eta odoletan gelditu arte... Isilik zaude. Beldurtu egin al zara? Esan dizut ez ditudala pelikula zaharrak berritu nahi. Zerbait desberdina bilatzen nuen, eta porroiak eskaini dit.

        — Mesedez...

        — Begira: porroiaren txulo txikia zure barruan sartuta daukazu. Zulo handia, berriz, hemen kanpoan, nire aurrean. Nik orain likidoren bat botako banu hemendik, dena zure hesteetan barrena sartuko litzateke. Zer iruditzen zaizu?

        — Nahikoa da...

        — Ez jarri aurpegi triste hori. Kamera bat dago nire atzean. Hor: ikusten? Eta dena ari da grabatzen.

        — Ez da egia izango.

        — Zuk aipatu dituzun snuff-movie horietan bezala.

        — Erotu egin zara.

        — Jolas bat besterik ez da, baina jolas guztiak azkeneraino jolastu behar dira. Begira: ikusten dituzu hiru botila hauek? Zilar-paperean bildu ditut eta kanpotik berdin-berdinak ematen dute, baina barrukoa diferentea dute hirurek. Jakin nahi duzu zer daukaten barruan?

        — Mesedez, joan egin nahi dut...

        — Gogaikarria zara gero! Ni ondoen pasatzen ari naizenean... Hara, esan egingo dizut. Botiletako batean ura dago, ur naturala besterik ez. Hori barruan sartu, eta bera bakarrik aterako da gero. Barrenalde hori garbitzeko ere balioko dizu igual. Beste botila batean, ez dakit hiruretako zeinetan, olioa dago. Oliba-olio birjina gainera, dendako onena erosi dut. Honek ere garbitzeko balioko dizu, baina gehiegi agian: kakabeherako ederra etorriko zaizu botila osoa porroian husten baldin badut. Eta hirugarren botila, nik ez dakit zein den baina, hirugarrenean garbitzeko beste gauza bat dago, atzealdearekin zerikusia duena baina diferentea: komun zuloak garbitzeko likidoa da, eta ontzian jartzen zuenez arriskutsua, azidoa duelako, eta erre egiten omen du.

        — Zu... Zu... Utzi! Utzi! Askatu, utzi joaten!

        — Alferrik ari zara. Lokarriak sendo jarrita dauzkazu, eta porroi muturra ondo sartuta.

        — Mesedez, nahikoa da, utzidazu joaten.

        — Oraintxe. Baina aurrena jolasa bukatu behar dugu. Zuk botila bat aukeratu, nik porroian hustu, eta kitto.

        — Erotuta zaude. Erotuta! Erotuta!

        — Alferrik ari zara oihuka. Hemen ezin digu inork entzun.

        — Mesedez, aska nazazu.

        — Botila bat aukeratu ondoren. Begira: hementxe dauzkazu hirurak. Bat, bi eta hiru. Zure eskubikoa bat, erdikoa bi, eta ezkerrekoa hiru. Bat, bi eta hiru. Nik ere ez dakit zein den zein; hortaz, joko garbia da.

        — Psikopata bat zara. Hiltzaile nazkagarria!

        — Ez da egia. Posibilitate asko dauzkazu onik ateratzeko. Hirutik bi. Eta komun zuloko likidoa botata ere, ez da segurua heriotza; beharbada ospitale batera garaiz joanez gero... Dena dela, ez dezagun txarrena pentsa. Aukera gehienak dauzkazu salbu gelditzeko, edo beherako txiki batekin. Baina zer da ba hori, egiazko snuff-movie batean atera eta gero? Ea: zer diozu? Zein botila nahi duzu?

        — Ez dut ezer nahi. Ez dut bat bera ere aukeratuko.

        — Jo! Horrela bere xarma guztia kentzen diozu jokoari. Zuk zeuk izan beharko zenuke zeure patuaren erabakitzaile. Bestela zer egin behar dut nik? Aliritzira aukeratu edozein botila? Ala hirurak hustu banan-banan...? Ez, hori krudelegia litzateke, noski. Baina... zertan ari zara? Negarrez? Gaixo hori, polit hori, zer egin dizut ba nik negarrez hasteko? Lasai, maitea... Ai! Koska egin didazu! Orain bai hustuko dizkizudala hiru botilak...

        — Ez, ez, ez... Eeeeeeeez!!!

 

* * *

 

        — Hirurak ziren ur botilak. Baina ondo egon da trukua, ez?

 

[1999]