Aurkibidea
Gizon portatu
Markos Zapiain
SEI IPUIN AMODIOZKO
BESTE SEI PERBERTSIO
Demagun sexua komunikatzeko beste era bat baino ez dela
Telebistarik ez, inkomunikazioa dakar-eta
Ene dama maite horri azken gutuna
PASTITXE BAT
ETA HIRU VOYEUR ISTORIO
Aurkibidea
Gizon portatu
Markos Zapiain
SEI IPUIN AMODIOZKO
BESTE SEI PERBERTSIO
Demagun sexua komunikatzeko beste era bat baino ez dela
Telebistarik ez, inkomunikazioa dakar-eta
Ene dama maite horri azken gutuna
PASTITXE BAT
ETA HIRU VOYEUR ISTORIO
22 ebaki
Dionisio eta Helena ezkondu zirenean gazteak ziren oraindik eta herriko bikoterik preziatuena. Biek, ostera, nahiago izan zuten basora bizitzera joan, lanean eta maitasunean aritzearen egunerokotasuna. Udaberriak ere agurtzen zituen urtero berotasunezko lehen printzez. Haurrak ere jaio zitzaizkien. Haien etxeak lasaitasun eta bakezko postal bat zirudien.
Behin batean, Dionisio egurra moztetik bazkaltzera zetorrela, emaztea negarretan aurkitu zuen atarian. Dionisio oso larritu zen eta laztankiro galdetu zion:
— Zer duzu?
Helenak ez zion erantzunik eman nahi izan. Gaitzen bat-edo izanen zuela pentsatzen hasi zen senarra eta biziago itaundu zion besotik eraginez; bazitekeen ezbeharren bat gertatu izatea ere, zerbait egin beharra zegoen, jakin beharra zuen, ez baitzen normala emaztea negarrak itoa egotea. Malkoak eskuez sikatuz eman zion erantzuna Helenak, oraindik zotinka:
— Ez nauzu maite.
Dionisiok hasieran ez zuen ulertu. Ez zuen horrelakorik espero. Deus txarrik ez zegoelako alaitu edo zoraturik ote zegoen pentsatu behar zuen ez zekien. Ondo asko entzuten denean galdetu ohi den bezalaxe «zer?» esan zuen eta erantzun bera jaso, bortitzago. Seriotan esaten ziola ikusi ahal izan zuen eta, nondik norakoak eta nola zitekeen konprenitu gabe, berak maite zuela sinetsarazten saiatu zen; alferrik: emazteak arrantzaka ziharduen. Ahal izan zituen arrazoi eta argibide guztiak eskaini zizkion, baina Helenak gogor eusten zion bere temari. Etsirik, esan zion:
— Behatza moztuko banu sinetsiko al zenidake?
Emazteak harrituta begiratu zion baina ez zuen ezer ihardetsi. Dionisiok aizkora hartu eta, ezkaratzetik aldenduz, mendian sartu zen berriro. Jaitsi zenean, ezker eskuko behatz txikiaren lekuan odola besterik ez zegoen. Emazteak laztanez hartu zuen eta barka ziezaiola eskatuz.
Zauria laster sendatu zen eta etxean poza berriro nagusi. Hala ere, handik zenbait hilabetetara, elizatik itzultzean, Helena negarrez sumatu zuen senarrak. Beldurrez eta errukiz heldu zion eskua eta galdetu:
— Zer duzu, Helena?
Helenaren negarra areagotu egin zen. Oraingo honetan gehiago kosta zitzaion tristuraren zergatia azaltzea, ez zuen ezer esan nahi eta. Azkenik, burua makurtuz:
— Ez nauzu maite.
Dionisiok mendiak gainera zetozkiola sentitu zuen eta oineko lurra behera. Ez zuen deus esan nahi izan. Hala egon ziren ordu pare batean: bata mutu eta bestea negarka. Amorraturik, isiltasuna apurtuz, hala bota zuen senarrak:
— Beste behatza moztu beharko al dut sinets diezadazun?
Emaztea isilik gelditu zen.
Txikerraren hurrengoan behatzondo odoldua zekarrela ikusi orduko Helena oinak musukatzera jausi zitzaion bat-batean Dionisiori.
Denbora iragan eta gertaturikoa ahantzia zen, noiz eta, ilunabarreko eguzki motelarekin batera, Helenaren begietatik argia ezkutatu eta distira itzali baitzen. Senarra ohartu zenean, goitik behera astindu zion hotzikarak bizkarrezurra.
— Eta oraingoan zer?
Dionisiok ikaraz espero zituen hiru hitzak entzun zituenean amesgaizto batean murgildurik ez ote zegoen otu zitzaion, ongi jakin arren errealitate eta egia hutsa zela hura dena. Malkoei eusteko, ukabilak estutu zituen min hartu arte: mina hartu kolpeka hasi ordez, eta ondoren, ironia mingotsaz, barrez edo negarrez ari zen bereizi ezinik:
— Eta hirugarrena moztuko banu...?
Horixe esatea espero zuen emazteak, eta, burua jiratuz, eguzkiaren azken errainuak bere ilean pausatzen utzi zituen.
Sendaketa garaian inoiz baino gehiago mainatu zuen Helenak senarra. Bien arteko maitasuna maila goren, gaindiezinetara iritsi zen. Dionisiok bere buruari inor baino zoriontsuago irizten zionean:
— Ez nauzu maite.
Horrela joan zen behatzak galduz, banan-banan, eta bi erortzearen tartean zoragarriki gozatzen zuen bizitzaz. Noizbehinka bururatzen zitzaion, bai, azkenengoa izanen zela hura, emaztea ez zitzaiola gehiago penatuko, eta emazteak ere horixe pentsatzen zuen, aldian behin. Gehienetan, ostera, argitasun oso-osoaz ikusten zuen Dionisiok huraxe zela zoriontasunagatik ordaindu behar zuen prezioa, eta, prezioa garestia bazen ere, lortutakoa estimazio handiagokotzat goresten zuen, zalantzarik gabe: hargatik, emaztea zapuztuta ikusten zuenean, beldur apur bat besterik ez zitzaion nabari, xuxen baitzekien egin behar zuena hitz hauek esaterakoan:
— Behatza mozten badut sinetsiko al didazu?
Eskuetakoak, bai ezker eta bai eskuin, bukatu zitzaizkion halako batean, eta oinetakoekin hasi zen orduan. Ordura arte lana egiten segitu arren, eskuen trebetasunik eskatzen ez zioten zereginetan behinik behin, handik aurrera lastozko aulkitxo batean eserita ematen zuen eguna, mendiei beha, emazteak eta seme-alabek lan egiten zuten bitartean, burua mundua baino jira-bira arinago eta errepikagarriagoan: maitasuna eta bere larrialdiak, sentimenduen oinaze eta plazer nahasiak, grinen oldar jarkiezina, bizitzaren gorabeheren jopua izatea, eta berriro larrialdien gorabeherak, grinaren oinazea, sentimenduen maitasuna, bizitzaren plazera...
Jesarlekutik oheratzeko besterik ez zen altxatzen egun osoan, eta beste inon ezin zituen indarrak han bai xahutzen zituela, Dionisio eta Helena amorante amorratuagoak ziren-eta egunetik egunera. Amoroski estutzen zuten elkar, hozkatzen, laztantzen; goizaldea arte irauten zuen beti bien amodiozko jolasak, gorputzak, leher eta blai, loak hartzen zituenean. Horren ondoan huskeria zen beste guztia: zer axola zitzaizkien behatzak, lanak, negarrak? Emaztea berriro, Jaungoikoak daki zergatik, hits eta itun zegoenean, senarrak goxo heltzen zion gerritik:
— Helenatxo, kuttuna, zer gertatzen zaizu?
Behatzek ordea, bazuten amaiera. Atzamarrak eta oinetako beste hamarrak bukatu ziren, alafede. Ezusteko egoera horren aurrean Dionisiok etorkizuna igarri nahiko zukeen, baina patuak dakarkiguna aldez aurretik jakitea galarazia zaigu gizakumeoi, eta, burutazioetan aritu eta ahitu arren, ez zezakeen ezer asma.
Zitekeena, iskanbilak betiko ahaztuak izatea. Bizkitartean, ez larritu, gerokoak gero, zer kausituko ote zuen jakin gabe eman zentzumenei nagusitasuna, bere askatasun osoa. Ezinbestekoa sukaldean gertatu zen, biak afaltzen ari zirenean: Helenari sudurra ximurtu egin zitzaion eta senarrak, kutxilloa eskuondoez hartuz, berebiziko sarraskia egin zuen, hankartean, eta odola irten zitzaion ahotik «hogeita batgarrena, azkena» ahopeka murmurikatzean.
Emaztea, ileak derrepente elektrizatuta, buruz behera joan zitzaion haragi zirpilari, garrasika. Eta senarrak orduan, geratzen zitzaizkion azken indarrez, lepoaren atzealdetik sartu zion kutxilloa, goitik behera. Odolusten ari ziren bitartean, estasian elkar besarkatuz, hitz bakarra zuten biek ezpainetan, muxuetan:
— Maite zaitut, maite zaitut.
[1983]