Paperezko hegazkinak
Paperezko hegazkinak
2002, nobela
152 orrialde
84-95511-50-9
azala: Belen Ibarrola
Lutxo Egia
1969, Santander
 
2011, narrazioak
2007, nobela
2005, nobela
 

 

Kilkenny

 

Sekula ez zenuen sinetsiko gaurkoa bezalako egunsenti ederra ikusiko zenuenik. Edgware Road Kennington Warren Street Embankment Tower Hill Green Park. Mingaina ateratzen diezu metro-bagoietako bidaiariei. Gaur ez duela Espainiako egunkaririk ikusten komentatu dio saltzaile pakistandarrari bezero espainiar batek.

        — Gaur Egunkaria, Egin eta Deia dauzkagu —erantzun dio pakiak.

        Erosleak Deia eraman du. Ohiko egunkari espainiarrei baino pisu gutxiagokoa iritzi dio. Gainaldean Diario de Euskadi argigarria darama, irakurleei gaztigu edo. Gogoratu du lehendik El Correo Español zeukala irakurrita, eta hark ere argitzen omen zuen El Pueblo Vasco zela. Ondorioztatu du hango egunkariek basapiztien antzera jokatzen dutela lurraldea zehaztu beharrean. Begiradatxo bat eman dio tolestu aurretik: "Fallece Luis Iturri". Nor ote da Luis Iturri?

        Eremu abertzaleko egunkariak bakarrik iristen dira Londresera. Harrigarria, komunikazio esparruan ez baita sekula santan lotu gabeko lokarririk izaten, komunikazio bideak goitik beherakoak baitira, zerutik lurrerakoak, infernutik lapikorakoak, eta eremu horretakoak ez daude goialdean, batez ere Egunkaria. Batzuek ez dute harridura ezkutatzen "Sarrionandiaren poema bat, musika eta literatura biltzen dituen ikuskizun baten ardatz" eta antzekoak ikustean, baina gehienek, egia aitortzera, ez diote egunkari alemaniar bati edo indiar bati baino arreta handiagoa eskaintzen. Zuk eskertu egiten duzu informazioa bi hizkuntzatan jasotzea. Nolako hizkuntza halako informazioa ez, baizik eta halako plazera halako zirrara halako goxotasuna. Fionari kontatu behar diozu lehenbailehen.

        Fionak hotz erantzun du. Ez zaizu batere gustatu, baina ez duzu haserretzeko inolako arrazoirik. Azken batean, Bill Blass eta Guernica-rekin dago arduraturik. Ez du eremu bateko edo besteko egunkarien artean zertan aukeratu. Eremuena ez baitago oso argi. Hala ere, azaldu diozu zein zoragarria den ohiko bezero eta noizbehinkako erosleen arteko muga puskatuta ikustea. Beharra ohituren nagusia izaki, batzuek eutsi behar izan diote egunkaria erosteari, eguneroko zereginarekin jarraitu, denek ez baitaukate sare informatikoa eskura. Beste asko, berriz, titularrak zelatatzera pasa izan dira aukera egin baino lehen, zeuk lehenago igarotako gurutzetakoa. "Tres de los cuatro detenidos por la Guardia Civil el lunes en Hondarribia manifestaron haber sido torturados y continuamente amenazados de muerte durante los largos interrogatorios a los que fueron sometidos encapuchados sin que estuviera delante un abogado".

        Ezer besterik gura duzun itaundu du Fionak. Ez duzu berehalakoan erantzuten jakin. Duda-mudan ibili zara harik eta baietz esan diozun arte, gero eta egunkari gutxiago saltzen dela, askoren ustez azken aldian Londresera iristen diren egunkariek hamaika gezur, ikuspegi murritz ugari eta albiste interesgarri gutxi dakartzatelako. Eta hala da neurri batean behinik behin. Espainiako enbaxadako nekezaleek nahikoa buruko min dute ikasleekin, eta berri bat gehitu zaie. Nola sinetsarazi beraiek ere ez dakitela zer gertatzen ari den prentsarekin? Arazoa uste baino larriagoa baita, nazio arazoa. Heldu dira kexak jatetxe espainiarretara ETB bakarrik azaltzen delako. Zer arraio axola zaie bezeroei Goñik eta Tabernak Bergarako frontoian irabazi badute? Funtzionario batek ezkutuka irakurri du Deia: "Athletic, grande de Europa. Somos únicos en el mundo". Bilboko kaleak gainezka omen daude maiatzaren erdialde bero zoro honetan.

        Ahotsik goratu ez dutenak, bakarrenetarikoak, saltzaile pakistandarrak. Ingalaterrako egunkariek eta, neurri txikiago batean Amerikako Estatu Batuak India Pakistan Irlandakoek bakarrik ematen dute dirua. Espainiakoek zein Italiakoek kezka franko. Espainiako egunkari berriak datozenetik jende gehiago dabil doaneko miaketan. Ulergarria da. Fionaren jarrera ere bada ulergarria. Osteratxo bat emateko eskatu dizu, baina egunkaririk gabe, mesedez, egunkaririk gabe. Ez dakizu. Udak haginka egin dio udaberriari bosgarren hilabetean. Sekula baino gusturago irakurri ahal da Green parkeko belar gainean. Batek baino gehiagok bere baitarako galdetzen du non ote dauden Farmacia de Guardia Ortega Cano Mar Flores Hierro Luis del Olmo Ansón. Horien hutsa sumatzen dute benetan. Haien ordez, Goenkale Harkaitz Cano Gloria Urtiaga Lizaso Eugi Kike Amonarriz Pepe Rei azaltzen dira. Baita Jon Idigoras ere. "El veterano dirigente abertzale agradeció al pueblo vasco su excarcelación e instó a luchar por los presos, labor a la que se comprometió en la medida de sus fuerzas".

        Espainiako hedabideen hutsa nabaritzen hasia zara zeu ere. Non ote daude beste egunkariak eta Espainiako telebista eta irrati publikoak? Eta Fiona? "La ciudad condal se convierte hoy en la capital del Reino con motivo del enlace matrimonial de Su Alteza Real la Infanta Doña Cristina con Iñaki Urdangarin". Ni Crouch End-en bizi nauk. Autobus bera hartuko diagu. Oheratu haiz nire lehengusinarekin? "El dirigente de Unidad Alavesa Pablo Mosquera aseguró ayer que en los carteles de hospitales y centros sanitarios de Alava priman en color y tamaño las frases en euskera, lo que produce 'una frecuente y grave desorientación' a la mayoría de los alaveses". Inoiz ez duk Ei Bi Si erosten, Galder. ABC dun. "¡A la cárcel!".

        Bueltan nahi dituzu.