Bueno, da igual, otra que he oído en radio exterior del coñolavela es que la moza del vídeo de pedrojota era en realidad Kepa, pero no puedo creérmelo, no?, o es verdad, era Kepa? eso si que iba a ser lo que faltaba. De lo que no hablaron los muy hijos de puta fue de la mani de Senideak, que me tuve que enterar por Jose, pero que banda de mamones hijos de puta. Ahora, eso sí, de españoles astronautas, españoles campeones del mundo de tenis, españoles solidarios con centroamérica y españoles que me comen todos la polla, de eso a todas horas...
Jonik "Sukarrietako hondartza"
arrantzontzitik Bilboko
Unai tabernara igorritako faxa
"Los aviadores alemanes al servicio de los rebeldes españoles han bombardeado Gernika, quemando la ciudad histórica venerada por todos los vascos. Han intentado herirnos en lo más sensible de nuestros sentimientos patrióticos, mostrando una vez más que Euzkadi no puede esperar nada de quienes no vacilan en destruir el país, hasta el umbral del santuario de nuestros siglos de libertad y de democracia. Ante este ultraje todos los vascos deben actuar con violencia...".
Hau gutarra dok, esan zuen Josek bere baitarako hitzak entzun eta berehala. Hura ez zen Goicoechea bezain zitala, Murga bezain txepela, Arbex bezain zuria, Wakonigg bezain bihozgabea, Aznar bezain azeria. Bihotz-bihotzez eskertu zituen berbak. Ez zuen bestelakorik espero. Ez zuen bestelakorik desio. Edo beharbada bai. Hura ez zen mendekurako benetako deia, borrokan metro bakar bat ere amore ez emateko erregu negargarria baino. Chamberlain lehen ministroa eta Churchill akabauko nebazan nik, sumintzen zen Jose Galderrekin mintzatzen zen bakoitzean. Faxisten ankerkeria ez zen nahi eta ezin dabilenarena. Beranduegi.
Irakurri duzue Agirre Lehendakariaren adierazpena?
Capon Madner Hume Maria Gorozika Bilbon zeuden atzera ere. Emakumeak argi utzi zuen ez zela hotelera sartuko. Madame Lil izateko gogo gutxi zeukan, nonbait. Kazetariak musu bat eman zion masailean. Ezpainek azala ukitzean, artean hoztu gabe zegoela begitandu zitzaion. Ondoren, deus erran gabe aldendu zen. Capone barik, Capon gura zuen hark ere. Ikusitakoa ahaztu gura zuen lipar batez. Ibili. Bazekien, dena den, guztiz ezinezkoa izango zela. Abertzaleen aldeko kanpai-hotsak entzuten ziren han eta hemen. Nuestra Señora de Begoña La Cruz San Felicisimo San Jose Obrero. Londres gogora ekarriz saiatu zen. Ez zuen desiratutako emaitzarik lortu. Londres egunkaria zen Londres brigadistak ziren Londres Chamberlain zen Londres Westminster abadia zen. London Marriot zen.
Entzun dituk atzoko aguirrekeriak? galdetu zion biharamunean kazetari italiar batek Caponen lankideari.
Ez zebilen oso urrun Gernikatik.
Gaur goizean ikusi diat Bolin prentsa-arduradun nagusia. Gozoa jarri duk.
Bere aurpegia ikus zezakeat.
Italiarrak irri egin zuen. Baita Madnerrek ere Bilbon. Agirrek egindako deiaren larriak nahia eta ezina besterik ez zuen erakusten haren ustez. Bilbo matxinatuen mende geratuko zen luze gabe. Nortzuk sartuko ziren lehenengo: errekete nafarrak italiarrak mairuak nazionalak. Eta nola menderatuko zuten, hiria birrinduz, Gernikan bezalaxe, ala Gran Vian gora etsai bakar bat topatu barik? Seguru asko beste erakustaldi bat egingo zuten alemaniarrek. Pena handia hartuko zuela Junker eta Heinkelek San Francisco txikitzen bazuten. Caponek zurtuta begiratu zion. Aurreko gauaren ikuskizunak ez zion txantxetarako zirrikiturik irekitzen. Harritu egiten zuen Madner bezalako jendeak. Marriot bezalako jendeak. Onartu beharra zeukan hura bere gerra ere bazela.
Kazetari ingelesak alde faxistan baino lasaiago zebiltzanan Errepublikako eremuan. Aurrenekoan zentsura estuagoa zegonan. Egunkari kontserbadoreek eta, zer esanik ez, matxinadaren aldekoek errazago zeukatenan. Erreportari batzuk atxilotuak izan zitunan eta gero eremutik bidaliak, edota heriotzara zigortuak...
Galderrek ez zekien Emma entzuten ari zen. Aspaldi hartan gero eta helduezinago iruditzen zitzaion, gero eta urrunago, gero eta neguago. Londresi so zegoen burua bagoiko leihatilan bermaturik. Ordu horretan kanpoan oro zen metro autobus auto tren estres. Barruan oro zen kontrako. Geroko laga beharko ziren zentsurak eta zentsura-ondoak.
Marriotek askotan gezurtatu zinan Caponen informazioa.
Sanzetti, Fabrizio eta Verinirekin zegoen hura. Lehenak Radio Requetetik jasotako adierazpen bat irakurtzeari ekin zion: "Son completamente falsas las noticias transmitidas por el ridículo presidente de la República de Euzkadi, relativas al incendio provocado por las bombas de nuestros aviones en Guernica...". Marriot kafea edaten ari zen oso hurrupa ttipietan. Espainiaratzeak ekarri zion kafearekiko zaletasuna. Espainia oso txikia zen bere aburuz. Aguirre barne Mola barne Largo Caballero barne. Ez zitzaizkion espainiarrak gustatzen. Ez zitzaion espainiarren arteko gerra madarikatua gustatzen. Adierazpenaren arabera, ez zen Alemaniako hegazkinik Espainian; bai, ordea, Frantzia eta Errusiakoak. Erreportari italiarrek itsu-itsuan sinesten zuten Estatuburuak Gernikakoaz kaleratutakoa, baina ongi aski zekiten Alemaniako eta Italiako hegazkinak zeudela; hegazkinak pilotuak soldaduak. Denek zekiten.
Aulki azpian jarri zuen hustutako katilua. Gogoratu zitzaion lotinant batek narratu ziola euskaldunek Alemaniako armadaren lau kide harrapatu zituztela Otxandio aldean egun batzuk lehenago. Ez zegoen halako informazioaren beharrean. Sarri Matias Bauer Berliner Tageblatt-eko kazetariarekin biltzen zen. Alemaniarra izatea zen alkohola lortzeko bermerik onena. Bauer bat zetorren Marriotekin. Espainiarrak ezdeusak ziren. Sagutxoak. Gerra txikia gerra handi baten aurrekaria baino ez zela. Alemania zela handia. Erresuma Batua, bere bistako gainbeheran, zela handia.
Ondoko italiarrei begiratu zien Marriotek. Aspergarriak zirela ebatzi zuen. Espainiarren antza hartzen zien, nolabaitekoa behinik behin. Ez zekien zer pentsatu Gernikan jazotakoaz. Bateko dinamitero asturiarrak, besteko pilotu germaniarrak. Batean baieztatzen zutena bestean gezurtatzen zuten. Hori zen, azken batean, gerra bat. Eta bera faxisten lur-eremuan zebilen. Ez zegokion erabakitzea Alemaniako hegazkinik zegoenetz Espainian, eta are gutxiago bonbardaketaren gaineko iritzi larregi ematea. Ez zuen harrituko Gernika errepublikarrek erraustu balute. Estatuburuaren adierazpenak zioenez, hortxe zeuden Irun eta Eibar.
Barruan oro zen Emma. Kanpora begiratzen ari zen, Londresera. Galder ere begira zegoen, derrigorrean begira egon ere. Zegoeneko eraikinek esangura bat zuten berarentzat, Southwark Cannon kalea The Borough Dorrearen zubia Jamaica kaleko geltokia Bermondsey eta Bermondsey (hegoaldea) Peckham. Bere baitan galdetzen zuen, nola gogoratuko zuen paisaia joan ostean. Litekeena zen letra larri guztiak galtzea. Alde egiteak grafia aldaraziko zuen. Bilbo galtzeak desoreka ekarri zien hizki batzuei. Galderri Tomas Urkiza txikia etorri zitzaion gogora. Gudaria beteranoetako bat zen Santoñan, lehenago Burgosen egondakoa, hango moldiztegian grafiari eusten jarduna. Prisionero abertzaleek izkiriatzen zuten kazetatxoa inprimatzen zuen, ideologia guztietako kideek lagunduta. Kazeta hainbat emakumeren artean eroaten omen zuten Iparraldera.
Nire andrearen faltea igartzen neban nik gehien kontatu zion Josek Galderri, aurkeztutako egunean. Maritxu Agirreazaldegi, -tx eta guzti.
Ikurrina, erromeriak, Begoñako Ama Birjina, Bilboko tabernazuloak, Errekaldetik Pagasarrirako bidea, kantetan ibiltea lagun artean..., dan-danak komeria hutsak! Txortaldiekaz gomutatzen nintzan ni, txortaldiekaz! erantzun besteak.
Marriotek ere buruan zerabiltzan. Txortan egin gabe zebilen Madril utzi zuenetik. Kopetaraino zegoen. Gogaikarriak ziren erreportari italiarrak. Frecce neri nora, haiek hara. La Stampa La Tribuna Corriere della Sera. Zihoazela popatik hartzera! Nahiago zuen ingelesen berbeta.
Frontetik zetozen soldaduekin egin zuen topo. Nekea zen haien begietara. Han ez zen deusetarako gogorik. Aurrera egiteak baditu penak, jakina. Kazetari espainiarrak begiztatu zituen gero. Otu zitzaion haiek ere gogaikarriak zirela. Zenbat mozolokeria eta zenbat mozorrotu gura. Batzuek hunkiturik aditzen zituzten frecce neri-en giovinezzak frontetik itzultzen ziren bakoitzean; besteek, frankisten caralsolak. Gerra bestelakoa izaki. Gerra hura ere izaki. Ez zuen maiseatzeko eskubiderik. Berak bonben eztandak soilik entzuten zituen. Metrailaren burrunba. Desolazioaren isila. Kazetari espainiarren berbaroak ez zuen soldaduen isiltasun gotorra zulatzen. Zertaz ariko ote ziren. Zer ikusi ote zuten. Berari eta kanpoko kazetari gehienei ez zieten frontera joaten uzten. Nahikoa zuten Bolinek eta gainontzeko ofizialek emandako informazioarekin. Matias Bauerrek berak pasatutakoarekin. Ongi zekien nondik ateratzen zen informazioa.
Soldaduekin zetorren ofizial batek Gonzalo Queipo de Llanoren hitz batzuk helarazi zizkien Radio Sevillatik atereak: "Las acusaciones del canalla de Aguirre no tienen fundamento, pues que por el chiribiri viento característico de la región la Aviación no pudo actuar...". Marriotek bitxi zeritzon informazioa hain urrunetik jasotzeari. Radio Requete Radio de Salamanca Radio Sevilla. Inork ez zion ofizialari azalpenik eskatu. Dena irakurri beharra zegoen.
Bolinen agindupean egozanek ederto egiten eben euren beharra, bai horixe! onartzen zuen Josek. Danok geunkan haren barri. Ematen eban geure batailoiko prentsa burua zala. Zomorro Baltza esaten geuntsan.
Londres langarra da. Londres euri-zirina da. Londres euri fina. Londres zirimiria ere bada.
Chiribiri?
Bizkaiko haizea dela ziok Jeneralak. Hara, sinistu beharko zioagu!
Bilbora ere iritsia zen albistea. Bonbardaketarena zabaldu zuen Euzkadiko Jaurlaritzako funtzionario berak ekarri zien. Estimatu egiten zuten. Busturiakoa zela komentatu zien, Axpeko elizan ezkondua. Haren ustez, barrualdeak baino hotzagoak ziren kanpoaldeak. Elizetan izan ezik. Epeltzearren eramaten zuela jendeak maitasuna haietara.
Zirimiria ez da bertoko haizea, ezpada euri fina. Ez deutsazue kasurik be egin behar faxisten guzurrei!
Madner eta Terencek ezin izan zioten barre-algarari eutsi.
Bizkaiko haizeak ukitu ziok hari ganbara!
Espainia osoan pentsatuko ditek haize-erauntsi batek txikitu duela Gernika.
Caponek ez zuen barre-zantzorik egin; ez eta Euzkadiko Jaurlaritzako Martin Zabala funtzionarioak ere. Artean hondamendia zegoen bien gogoan. Goizegi txantxetarako. Larri mintzatu zitzaien:
Astelehenekoa zelan jazo zan eskribidu behar dozue zuek. Mundu osoak jakin behar dau!
Isilune esanguratsua egin zen. Caponek zigarreta bat isiotu zuen. Martinek arrazoia zeukan. Horretarako zeuden han. Kontatzeko. Eta lehen baino lehen kontatu behar zuten, abertzaleen lur-eremua gero eta txikerragoa baitzen. Poliki ezpainetaratu zuen zigarreta. Terencek bare zedila eskatu zion Martini. Azentu ulergaitza gazte harena. Gerrak horrelako arazoak zekartzan. Gerra bakoitzak bere suntsiketak ditu. Gerra bakoitzak bere azentuak ditu. Informazioa. Marriotekin gomutatu zen. Zertan ibiliko ote zen. Hark ere izango zuen Queipo de Llanoren hitzen berri. Agian, baten batek azalduko zion zer zen zirimiria. Agian ez. Eta inork azaldu ez bazion, duda egin barik sinetsiko zuen zirimiria Bizkaiko haizea zela. Edo agian ez. Marriot Fernando bera baino eszeptikoagoa zen. Eta inor gutxi bezain zuhurra.
Capon eta Martin Diputazioko jauregira abiatu ziren. Asteazkenean hutsik zeuden kaleak. Gernikara sartzear zeuden faxistak. Moroak Oizen. Gernikara sartzear. Guernicara sartzear. Euzko Gudarostearen soldaduak Bilbora ziren bilduak. Ezkortasuna zen hiritar askoren begietara. Batzuen ezkortasuna beste batzuen baikortasuna da gerretan. Martinen aburuz, Capon zen kazetari jator bakarra. Gustatzen zitzaion jendeak erreportari kanpotar batekin ikustea. Nori ez.
Ez deutsazu inori be kontau behar zuri kontauko deutsudana.
Josek ere usu esaten zizkion horrelakoak Galderri. Ulertzen zion albait jende gehienari kontatu behar ziola.
Behin baten Luis Bolin Zomorro Baltza ikusi neban, non eta Santoñan. Cabañas kaporal putakume harek esan eustan. Labanea euki baneu samea moztuko neutsan.
Serio begiratu ohi zioten elkarri.
Nori?
Galderrek ez zion dena sinesten. Irabazleak dira gerretan isilpean kontu gehien gorde behar dutenak. Caponek ere ez zion Martini den-dena sinetsi.
Londres metroa da. Londres trena da. Emmak hiriari begira jarraitzen zuen. Paisaiek bazeukaten ordurako izen bana Galderrentzat. Errazago uler zezakeen haren begiek ikusten zutena. Esku hartu gura zuen. Emmaren begirada paisaia londrestar hartatik harago zihoalakoan zegoen. Gero eta helduezinago. Gero eta urrunago. Gero eta neguago. Ez zuen zirkinik egiten. Gogoeta egin zuen. Kronikak eta frankisten hilketa ankerrak nahiko arrazoi argigarria ziren Ben Caponen istripuarena baztertzeko. Gainera, kazetari asko epaituak eta kanporatuak izan ziren lehenago, bai eta baten bat tirokatua ere. Istripu ofiziala. Ingalaterrak ez zuen hautsik harrotuko. Argi zegoen Capon garbitu egin zutela. Emma iritzi berekoa zen. Emma gehienetan zen bere iritzi berekoa. Hausnarrean segitu zuen. Hasiera batean elkarrengana hurbiltzeko aukera ekarri zuena ez ote zen elkarrengandik urruntzeko zioa. Ezin segurtatu, ordea, hura apurtzeko asmoz eraman zuenik Fernandorenera. Zirudienez, beste batek ere jakin behar zuen harena. Auskalo. Barruan oro zen I love you. Barrualdeak eta kanpoaldeak. Ez ote zen bera gero eta itxiago. Gero eta mendi-puntago. Gero eta negu gorriago. Tap tap tap zihoan trena. Hiru minuturo beste tren bat gurutzatzen zitzaien hegoalderantz. Ez zihoazen tap tap tap. Gehienez ere tap. Tap idor eta zurruna. Tap brastakoa. Emmak lepoa bueltatzen zuen bidaiariren bat ezagutu balu bezala. Baina ezinezkoa zen tap bakarrean inor ezagutzea. Ezagutu uste izatea ere ez. Tap gehiago behar ziren horretarako. Tap tap tap.