Paperezko hegazkinak
Paperezko hegazkinak
2002, nobela
152 orrialde
84-95511-50-9
azala: Belen Ibarrola
Lutxo Egia
1969, Santander
 
2024, antzerkia
2011, narrazioak
2007, nobela
2005, nobela
 

 

Bulmers

 

Letra mekanografiatuak garunera amiltzen zaizkizun balak dira. Biharko egunkariek zure argazkia erakutsiko dute, hil-oharra, bere arimaren alde otoitz egin eta gaur, hilak zortzi, gorpuarreango mezatara joan zaitezela eskatuten deutsuee, iloba, lehengusu eta beste senideak, bere samin-agurra bialdu eutseenei esker beroenak emoten deutsuez... gazte jatorra ematen zuen. Eta ondoan, behin eta berriro hiltzen zaituzten letra mekanografiatuak.

        Badira egun batzuk ez dakizula ezer Fionaz. Birritan deitu diozu etxera, baina ez dagoela informatu dizu pisukide batek. Ez zara ausartu non dagoen galdetzera. Gura duenean azalduko da, ohi duen moduan. Ez diozu atzera ere hots egingo, ematen du pisukidea gogaitzen ari zarela. "¿Qué os ha parecido la visita del Rey a las Hurdes, 75 años después de que lo hiciera su abuelo Alfonso XIII?". Francisco eta Maria eta Adriano eta Lourdes eta Maria del Pilar eta Maria de los Angeles eta Antonio eta Eduardo eta Kepa eta Luciano eta Emilio eta Antonia Josefak irratira deitzen badute, zeuk ere dei dezakezu. Ezustean harrapatuko dituzu solaskideak, eta aurpegiratuko dizkiezu hainbat korapilo eta jira-bira. Ez duzu dudarik egiten entzungo dizutela, Ingalaterratik dei egiteak abantaila ematen baitu. "A mí me ha gustado cuando Su Majestad les ha dicho que son un ejemplo a imitar, que son un pueblo que cree en su tierra y que la ama profundamente. Me ha parecido precioso" arrapostu egin du solaskide batek. Beharbada Rosa eta Carlos eta Alejandro eta Dolores eta Avelina eta Javier eta Marcos eta Andreu eta Penelope eta Maria Jesus eta Rodrigo eta Cristinak deitu behar dute. Zu ez zara irratigintza berriaren Simon de Bolivar.

        Kalera irten baino lehen Fionarenera azaltzeko posibilitatea aztertu duzu. Baita berehala zokoratu ere. Baliteke pisukidea soilik egotea eta ez duzu aspertu nahi, inondik ere. Egunkaria erosi duzu Fulham-en. Hiriko autobus gorri batean, Earls Court-Holborn oker ez bazabiltza, neska nerabe batek zeure egunkari berdina daroa. Ohartu zara bere lagun ingelesari ikusarazten diola zer den Jarrai. "Esta organización ha admitido que comerciantes y hosteleros de Oyarzun han empezado a pagar el dinero exigido como chantaje para sufragar labores de adiestramiento...". Bost axola ingelesei zer den Jarrai (Fionari moda eta Picasso interesatzen zaizkio). Eta harritzekoa da, behin baino gehiagotan ikusi dutelako izen beldurgarri hori paper britainiarretan. Beharbada ingelesei ez zaie kanpokoa ardura (ez al dira Bill Blass diseinadore amerikarra eta Guernica nahikoa kanpotar?), edo beharbada zuek behar ez diren tokietara zabaltzen dituzue zuen kezkak eta penak. Izan ere, besterrira baino lehen Jarrai Alde Zaharreko tabernetako aurpegi ezagunak ziren gehienbat, lagun bat edo beste, baina Londresen, ordea, egunkariak, irratia eta, orain, miretsitako autobus gorriak.

        — Jarrai es la cantera de eso.

"El ayuntamiento bilbaíno cedió a grupos del complejo ETA aulas para actos políticos", irakurri duzu nora ezean zabiltzalarik. Letra mekanografiatuak burura amildu zaizkizu. Ez duzu alkatearen izena akorduan. Oroitu beharra daukazu. Igandea urraturik, udaletxe ondoko tabernetan gosaldu ohi duzu, bertatik bertara bizi baitzara. Han irakurtzen dituzu eguneko lehen albisteak. Dena egoten da eskura. Zure auzokidea da albisteen sinatzailea. Noizean behin elkarrekin sartzen zarete Zazpi Kaleetako tabernetara, "hau gure zuzendaria duk" aurkeztu zizun behin hitzaldi baten ostean. Zuzendaria ez da zurekin gogoratuko, baina ezagun duzula esan dezakezu lasai asko. Haren egunkarikoak oso letra mekanografiatu lasaigarriak izaten dira. Londreskoek, ostera, hil egiten zaituzte behin eta berriz. "Por otro lado, el área de Cultura y Turismo de dicho ayuntamiento llegó a autorizar el pasado 17 de febrero la celebración en el barrio de Bilbao La Vieja de una fiesta con motivo del día del preso. Las actividades programadas en la solicitud eran las siguientes: trikitixa, poteo, exposiciones y concierto".

        Eta dei egingo bazenio? Honezkero etxean izango da. Pisukidea haserretzen bada ez da zure errua. Harena da, Fionaren pisukidea izateagatik eta etxean egoteagatik. Baina ez diozu deituko. Horretan pisukideak ez du ezelango errurik. Hots egin barik, egunkariaren hondarrak xurgatzeari ekin diozu. Hamar urte betetzen dira lehenengo gonaberdeak, Espainiako emakume bibotedunak, Benemeritara sartu zirenetik. Santanderko eta Xixongo alkateek, bien bitartean, harremanak apurtuko dituzte Meteorologia Institutuarekin. Apurtu beharra dago eguraldi hobea lortuko badute. Honetan alde gutxi daukazue zuen auzokideekin. Eskerrak Kantabria eta Asturias hegoaldean ez dauden! Ezin omen zarete horren urrun joan. Zuen eguraldia autonomikoa da zuen EITB bezalaxe. Eguraldiaren iragarpena ez da ez guztiz haiena ez guztiz zuena. Londresen euri-langarra ari du etengabe. "...Miles, cientos de miles... Resulta imposible precisar el número de ciudadanos que se han visto forzados a abandonar el País Vasco por las amenazas de ETA o su entramado". Taigabe. Tantaka.

        Letra mekanografiatuak burura amiltzen diren balak dira. Letra mekanografiatu madarikatuak. Letra madarigrafiatuak. Egunkariek zure argazkia erakutsi dute. Hilda zaude. Hilda. Hilda. Hilda. Gazte jatorra ematen zuen, aipatu dute ezagutzen ez zaituztenek zure aldeko hileta-elizkizunean. Emakume batek egunkari bat darama besapean. Eta barruan, behin eta berriro hiltzen zaituzten letra mekanografiatuak.