Paperezko hegazkinak
Paperezko hegazkinak
2002, nobela
152 orrialde
84-95511-50-9
azala: Belen Ibarrola
Lutxo Egia
1969, Santander
 
2011, narrazioak
2007, nobela
2005, nobela
 

 

 

Las noticias pretenden traer novedad

Pero siempre son las mismas

Guerras y desastres

Y esa crisis que nos hacen creer pasará

Y que nunca dobla la esquina.

                                      Eneko Herran

 

 

Neuk ere baditinat argazkiak, azaldu zion Galderrek Emmari. Bouak, Punta Galeako bateria bat, Galdames baporea, ertzañak Durangoko Santa Susana elizako hondarren aurrean, Donostiako Hotel Continental eta Jaizkibelgo baserri bat errauts eginik. Beste bik Gernikara zeramaten: batean, Ocho de Enero kalea eta San Juan elizaren aldamena; bestean, Union ibilbideko tiloak Adolfo de Urioste birrinduaren ondoan. Bilboko Euskalduna frontoia ere bazen, erabat kiskalita.

        Ben Capon Bilboko Torrontegi hotelean zegoen. Arratsaldean Kursaal Novedades kabaretera joan zen Luisa Porcel eta Madame Lil ikusteko asmoz. Terencek aurkeztu zion Lil, gustuko ei zituen kanpoko kazetariak. Egia zen. Hoteleratu zirenerako UGT-8ko batzuk eta Telesforo Monzon Gobernazio sailburuaren gizonak baino ez zebiltzan kaleetan. Las Columnas kafetegian geratu zen Terence. Gonzales Byass gustukoago zuen Peinado baino. Egoera gero eta larriagoa zen. Sarri ez zen garagardorik, eta kafea esne eta azukrerik gabe hartzera behartzen zituzten. Hura guztia gutxi balitz, tabernariek Salsamendi batailoia zuten osaturik.

        Madame Lil nagusiagoa zen, agian hamabost urte, artean gaztaroko zantzu nabarmenak gordetzen zituen baina. Haren gorpuzkerak neska nerabe batena ematen zuen, ipurdia eta bularrak bere tokian. Izter sendoak nabaritzen zitzaizkion gonaren azpian. Aurpegian bakarrik zen bistakoa denboraren zigor errukigabea. Begipe ubelak zeuzkan gaueko ibileren salatari. Eta makillajeak nekez ezkuta zitzakeen zimurrak.

        Jantziak emeki-emeki eranzten hasi zen. Capon ohean zetzan, pixka bat mozkortuta, baina andreari begirik kendu gabe. Kabaretekoa baino ikuskizun gozagarriagoa zeritzon. Kabaretekoa negargarria iruditu zitzaion, Terenceri ez bezala. Ez zituen tabernazuloak eta kabaretak maite, are gutxiago Bilbokoak. Ba al daukak preserbatiborik?, itaundu zion Terenceri kafetegian. Lagunak zakurraren salara bidali zuen. Espainiako koñak higuingarri bat hartzera behartu gura zuen. Errua berak zeukan, jakina. Berak eta ez beste inork. Tori, La Discreta. Madrildik ekarri nitian. Abertzaleek jakingo balute...

        Madame Lil ez zen osorik erantzi. Takoi luzeko zapata gorriak eta titizorroa soinean laga eta mozorro beltz bat jantzi zuen begietan. Emakume helduen xarma zeukan eta heldutasun hark denborak ostu nahi zion edertasuna itzultzen zion. Kopa bat xanpain eskuetan hartuta, oso pauso ttipiez Caponengana hurreratzen hasi zen, haztamuka, ikusiko ez balu bezala. Kazetaria ahuspez jarrita zegoen, begi irritsuak harenganantz. Ez zekien zertan zebilen. Bazirudien olgetarako gogoa zuela. Astiro hurbiltzen zelarik, Caponek alkoholak epeldutako odolaren beroa sumatu zuen zakilerako bidean. Ez zekien oso ongi zertan zebilen eta jakiteko desira bizia zuen.

        Soa kazetariarengandik aldendu gabe, Madame Lilek hurrupa bat eman zion kopari. Edari apartsua gorputz zurixkan behera labaindu zitzaion. Kopa askatu gabe, haren aurre-aurrean jarri zen zutunik, hanka bat ohe gainean. Aluaren hatsa kazetariaren sudurtzuloetara zabaldu zen. Gora begiratu zuen, baimen eske.

        — Ben, etorri agudo! —bonba batek sabaia txikitu balu bezalaxe entzun zen Madnerrek atean emandako danbada—. Sute ikaragarri bat omen zagok Gernikan!

        Beste kazetari guztiak afaltzen ari ziren. Torrontegi hotela kanpoko erreportarien bilgunea zen eta asko, gainera, bertan bizi ziren. Ondoko mahaietan betiko bezeroak zeuden, aspaldian han aterpetutako faxista bizkaitar gipuzkoar asturiar santandertarrak. Berba larregi trukatu gabe afaltzen ari ziren. Hoteleko jantokian ozen mintzatzen ziren bakarrak kazetariak baitziren. Ez zuen luze hartuko Bilbo erori aurretik. Hori bazekiten Caponek Humek Madnerrek. Bilboko faxistak ere baziren horren jakitun, eta beharbada horregatik ez zuten deus ere esaten. Astelehen hartako isiltasuna Euzkadiko Jaurlaritzako funtzionario batek apurtu zuen.

        — Sutan dago Gernika!

        Lasai zedila erregutu zioten, ez zuten deus ulertzen.

        — Oraindino ez dakigu zer jazo dan. Faxistek bonbardau ei dabe.

        — Hara! Lehen Durango eta orain Gernika! Zenbat lagun hil dira?

        — Ez dakit, hobe dozue zeuok ikusi. Ez dozue trabarik eukiko ailegateko. Bidea ederto baten ei dago eta etsaiak kilometro askotara dagoz oraindino.

        Berriak aitzurra kendu zion Caponi. Maria Gorozika zen Madame Lil. Argi utzi zien bera ere joango zela Gernikara. Madner eta Caponek elkarri behatu zioten. Madnerrek Caponen zalantza fusilatu gura zuen. Aterako bidean, ordea, Madame Lilek fusilatu zuen. Errazagoa zitekeen Madnerrekin berba egitea. Lil duk, Madner, Gorozika.

        — Junker 52 eta Heinkel 111 bonbaketariak, eta Heinkel 51 hegazkin arinak ikusi dituzte Gernika inguruan. Abioi alemaniarrek bonbardatu dutela hiria diote herritarrek.

        — Hori naziak salatzea da —erantzun zioten Caponi Londrestik.

        Egunkariak, azken batean, ez zuen begi txarrez ikusten gorrien akabatzea. Jarrera hura mingarria egiten zitzaion Caponi, egunean baino egunean lazgarriagoa. Franco ere ez zuten begi onez ikusten, baina faxismoa bezain arriskutsua zen komunismoa.

        Emmak adi entzuten zuen.

        — Gure aitonak bazekian ez zela horren sinplea. Abisinian ikasi zian.

        Galderrek baiezko keinua egin zuen.

        — Gernikako bonbardaketa Blitz-a dun, Londresko bonbardaketa amaigabea.

        Atoan ulertu zion, bonbardaketez ari zirenetan hizkuntza berean mintzo baitziren. Maiz berbarik ere ez zuten zertan ezpainetaratu.

        Ordu hartan kalean dena zen maitemina herrimina udamina jazz. Saxo-jolea John Coltranen musika imitatu nahian zebilen. Emma sarri joaten bide zen hura entzutera, horregatik hartaratu ziren. Musikak berak baino gehiago, giroak erakartzen zuen. Ez zen gauza saxo tenor bat eta saxo altu baten artean bereizteko, baina ez zuen uste bereizi beharra zegoenik. Galder bat zetorren horrekin. Alboratu nahi zituen Bonbardaketa eta bonbardaketak une batez, eguneroko bizitzaren -keta guztiak, baina ez zekien zelan. Caponen gainean edo Gernikaren gainean edo Fernandoren beraren gainean ari zirenean lasaiago sentitzen zuen bere burua.

        — Polizia bat hil ditek hire herrian —esan zion Karl adiskide alemaniarrak Galderri.

        — Polizia bat hil ditek Euskadin —itzuli zion Emmak.

        — Bazakinat.

        Emmaren ahotsa Karlena baino hurbilago sentitu zuen Galderrek. Zurruna zen Karlen ahotsa. Gernikaren berri zeukan batek argi eduki behar zuen zer zen polizia bat hiltzea. Zer zen policeman bat hiltzea. Galdetzeko gogoa igarri zion, galdetu gura, jakingura. Gernikaren berri zeukan batek eskubidea zuen eztabaidatzeko hilketaren arrazoiez. Ez zen ausartu hala eta guztiz. Zentzugabea zela baizik ez zion adierazi. Horrelakoa zela, arrazoiak arrazoi. Karl horretara ere ez zen heldu. Ez zuen heldu nahi. Albisteak irakurri egiten zituen, kontatu egiten zituen. Ez zekien zentzugabea zenetz, ez baitzekien arrazoirik zegoen.

        — Ba ote da arrazoirik gizaseme bat garbitzeko? —itaundu zuen Emmak asmo gaiztorik gabe.

        Karlek ez zuen balizko arrazoiez entzun gura. Ba omen zagok arrazoi bat gauza bat egiteko eta ba omen zagok beste bat gauza bera ez egiteko. Karlek uste zuen ez zeukala eskubiderik euskaldunen mundura sartzeko. Horrela bota zion, pasiorik gabe.

        — Ba al da arrazoirik hau egiteko? —galdetu zion Maria Gorozikak Caponi.

        Madame Lil San Francisco kalean gora galdu zen; Maria, berriz, Gernikan zegoen beste kazetari guztiekin batera. Goizaldeko ordu bietan suaren bazka zen herria. Iritsi aurretik, Urdaibaiko zeruaren gorriak eta Bilborantz ihesean zihoazen gizon-emakume aldrek zentzuz bete zituzten Euzkadiko Jaurlaritzako informatzailearen hitz alarmagarriak. Aitaren egin zuen lau bider. Humeren begi zoliek erreparatu egin zioten. Ea zer uste zuten, fededuna zen. Horregatik hasia zen otoitzean. Infernua ezin zitekeen oso bestelakoa izan. Caponek gerra-hegazkinak zituen gogoan. Krask egin balute arto-sailetan, gaitz erdi. Non egongo ote ziren. Arabatik edo Burgostik etorri behar izan zuten. Batetik edo bestetik. Madnerrek arrapostu egin zion, berba egin behar zutela lehenbailehen bizirik zeudenekin. Haiek argituko zieten nongoak ziren hegazkinak eta nondik etorriak. Kazetariaren ustezko hoztasunak asaldatu egin zuen Maria Gorozika. Capon ez zetorren bat uste harekin, zer gura zuen egitea?

        Emmak elkarren aurrean jarri zituen erantzitako eskularru beltzak. Tabernan free-jazz jotzen ari ziren. Jazz mota hura burubakoa ez ote zen galdetu zion Galderrek. Emmak, ahoa zabaldu aurretik, korapilo antzeko bat egin zuen eskularruekin. Anarkiko bezain harmoniko iritzi zion gero, Fernandori galdetzeko, hura jantzia baitzen kontu haietan. Eskularruen moduan, saxo-joleak ere korapilo baten itxura hartu zuen. Emmak erantsi zuen, Fernandok ere absurdotzat joko zuela poliziaren hilketa. Haren etxean ikusitako argazkia ekarri zuen gogora Galderrek. Robert Caparen argazki bat bezain adierazgarri eta salataria zen. Estandarra. Bonbardaketa apirilaren hogeita seian izan zen. Frecce neri italiarrak eta Nafarroako IV. Brigadako erreketeak hogeita bederatziaren eguerdi aldean sartu ziren herrira. Fernandoren argazkian ez zegoen suaren arrastorik inon. Eta sua ez zen berehalakoan itzali. Capon lekuko. Maria Gorozika lekuko. Testamentu bat idaztea zen absurdoa, Galderren ustez.

        Adolfo Dominguez Romeo Gigli Gianni Versace. Bordeaux Cháteau Figeac Cháteau Palmer. Neguak berdinak dira Londresen. Fernandok gogorapen argiak ei zituen Gerra Zibileko egun haietaz. Hogei bat urte bide zituen garai hartan, Josek beste gutxi gorabehera. Saseta batailoiko aberkideek jakinarazi zioten bizkaitarrari Gernika suak harturik zegoela. Bilbon zen baina ez Torrontegiko gela batean. Egun batzuk lehenago, W. Roberts Seven Seas Spray kargaontziaren kapitaina matxinatuen blokeoa hautsi eta Bilboko portura sartu zen. Ia lau mila tona gatz ardo olio urdaiazpiko irin ezti indaba garbantzu. Hurrengo egunean Ingalaterrako beste hiru itsasontzi sartu ziren. Pikaza Polizia Motorizatuaren buruak agindu zion Joseri ardura zedila itsasontzien zaintza antolatzeaz. Gero eta errefuxiatu gehiago zegoen Bilbon, eta ez bakarrik Gipuzkoakoak eta Arabakoak. Bizkaiko herriak jausi ahala Bilboko kaleak iheslari gosetuez betetzen ziren. Larrinagako kartzela eta Angeles Custodios komentuko hilketetan bezala, goseak eta ernegazioak edozein unetan sor zezakeen ezbeharren bat.

        Pikaza Gernikara abiatu zen bere Riley dotorean. Faxistek jakingo dabe zer egin Pikazaren autoagaz, komentatu zuen Josek, ez jaku autorik geratuko Gernika galdutakoan. Kazetariei argi utzi zieten sartzeko debekua. Bilbotik iritsiriko suhiltzaileak ezinean zebiltzan. Hiru kamioi zenbatu zituzten. Haizea bat eginda zegoen suarekin. Herritar batzuek jauntxokeriaren aurrean makurtzea egotzi zieten komandanteei, jauretxeez baino ez zirela arduratzen. Jauretxeak faxistenak zirela. Ez, haiek ez ziren faxistenak. Bai, baziren. Abertzaleekin lerrokatutako faxistak ziren, jakin bazekiten herrian Manuel Gorostizak abertzaleak salduko zituela Bilbo jausi ondoren. Bai baitzekiten Bilbo luze gabe eroriko zela. Denek zekiten hori. Ez al zuen Gorostizak berak esan onena zela esku ez hartzea? Nafarren eta arabarren askatasuna gustatuko zitzaiola aipatua zuen batek baino gehiagok. Galderrek hausnar egin zuen. Fernandoren argazkian ez zen Gorostizarena agertzen. Otu zitzaion egongelako argazki koadro erretratuek purgatorio antzeko bat osatzen zutela.

        — Heriotza duk nire bizitzatik interesatzen zaidan bakarra...

        — Zer murmurikatu duk, Ben? —itaundu zuen Maria Gorozikak.

        Caponek lehenago entzundako berbok ekarri zituen gomutara. Ez zegoen batere ados beraiekin. Bihurriegi zeritzen. Batetik, ez zekien zehazki heriotza bizitzari lotua zegoen. Eztabaidagarria zen behintzat. Edo lotua, bai, egon zitekeen, heriotzak segatzen baitzuen bizitza edo, bestela esateko, bizitza heriotzan amaitzen baitzen, baina ez zuen uste heriotza bizitzaren parte zenik. Ez zegoen seguru. Eta hala balitz ere, bazeuden beste gauza erakargarriago batzuk. Hain zuzen ere, bizitzatik interesa ez zekiokeen bakarra heriotza zen. Heriotzak ez zekarkion deus bizitzari.

        — Ez dun ezer...

        Kanpoaldeko sarraskia miatzen hasi ziren lehenengo eta behin. Andra Mari elizaren parean neskato bat hilik zetzan. Bazirudien Euzkadiko Jaurlaritzako funtzionarioaren informazioa iturri onekoa zela. Bonbardaketariek herria txikitu ondoren, ihesari eman ziotenak metrailatzeari ekin zioten ehiza-hegazkinek. Bazeuden beste hiru gorpu ospitale bihurtutako Santa Clara komentutik hurbil. Familia berekoak zitezkeen, aita ama seme alaba. Maria Gorozikak ezin zuen ulertu kazetarien ageriko ezaxola. Gorpu bakoitza urdailean bihurritzen zitzaion nazka emateraino. Caponek, ostera, ezin zuen konprenitu nola heriotza zitekeen bizitzatik interesgarriena. Ez zuten sakabanaturiko hildakoek ikaratzen, Abisiniako egunetatik ondo ohituta baitzegoen hilak ikustera. Heriotzak baino gehiago, Heriok ikaratzen zuen. Bertan zegoen, bere aurrean, sugarretan ikusgarri, txinpartetan bizi, haizean jostari, kean itogarri, usainean errukibako. Bentzutuezina. Eta hala ere, barruko mintzoak erraten zion bentzutu beharra zegoela.

        Emmaren baitan oro zen beltz berba negu. Aretoan oro free-jazz. Azaldu zion Galderri Fernando Madrilen zebilela garai hartan. Callaon gora zihoan inorekin hitz egin gabe, Madrilen ez baitzen inorekin hitz egin behar. Gernika bonbardatu zutela informatu zuen Union Radioko esatariak. Fernandok, egon barik, bazekien zer zen Gernika. Madrilek badauzka bere Jarama bere Guadalajara bere Coruñako errepidea. Bizkaiak badauka bere Gernika. Madrilek, ordea, ez zuen Gernika, edo ez hark zuen modu bertsuan behinik behin. Fernandok ez zuen itolarririk sumatu. Kalean Antoine de Saint-Exupéry idazle frantsesa ezagutu uste izan zuen. Emmak aipatu zion, Fernandok esaten zuela argazkiek ez direna agertu gura dutela beti.

        — Pentsa ezak irratian entzundakotik egun buruan daukana osatu arte, zenbat Gernika pasatu ote diren.

        Guernica. Gernica. Guernika. Gernika.

        — Lichtensteinen zezenek ezin diten prozesua zehatzago azaldu.