Paperezko hegazkinak
Paperezko hegazkinak
2002, nobela
152 orrialde
84-95511-50-9
azala: Belen Ibarrola
Lutxo Egia
1969, Santander
 
2024, antzerkia
2011, narrazioak
2007, nobela
2005, nobela
 

 

Beamish Red

 

Zure harremana, etxeko arazoekin, hutsaren hurrengo bihurtzen hasi da apurka-apurka. Berriak ez dira zahar geratzen, zaharra baita berri Londresko kazeta espainoletan. Albisteek, zeuk bilatu baino gehiago, ezustean harrapatzen zaituzte egunkari ingelesak zabaldu edo teletestua pizten duzun bakoitzean. Horri ezin diozu ihes egin. Baina dagoeneko ez zara hango informazioa lortzen ahalegintzen. Espainiako egunkari nagusien lehen orrialdeak ere ez dituzu irakurtzen. Kontzertuen gida eta txokolateak erostera bakarrik sartzen zara pakien dendetara. Zure gerra bertan behera geratu da haiekin. Jakingurarik ezak su-etena iragarri du. Dagoeneko ez dituzu haien begiak bizkarrean sumatzen.

        Fionaren ahotsa entzun duzu gelatik. Badirudi alai datorrela. Etzanda zauden besaulkira hurbildu da, saltoka dantzan jolasean. Aurpegira zabaldu ditu esku hotzak eta, ondoren, alkandoraren azpian sartzen saiatu da. Geldi egoteko eskatu diozu, osterantzean lurrera botako duzu. Ez dizu jaramonik egin. Edo ez du ulertu. Hori da betiko zalantza. Erantzunik ez badago, susmo txarrak hartzen dizkiozu.

        Borrokatzeari utzi gabe, geldirik egon dadila erregutu diozu bigarrenez. Zaila da jaramon egitea zuk zeuk ez baduzu zeure berbetan sinesten. Baina horrek bost axola zuri, ulertu dizunetz soilik arduratzen zaitu. Eta ulertu egin du. Azken asteotan bien arteko komunikazioak aurrerapauso nabarmenak eman ditu. Hobeto aditzen diozue elkarri, nahiz eta batzuetan modurik egon ez. Hizkuntza bere bidea egiten ari da astiro-astiro. Nahi baino astiroago egiten ari da, baina utzi behar zaio. Bestalde, ematen du harekiko komunikazio hobeak beste batzuen tokia hartu duela.

        Ez dakizu oso ondo herrian zer gertatzen ari den. Gurasoei telefonoz hots egiten diezun urrietan ez duzu ezer galdetu gura. Etxean gerta daitekeenarekin arduratuta bazaude ere, oporretan sentitzen zara. Egoera berriari lehorte informatiboa esatea erabaki duzu. Lehorte informatiboa baraualdia da. Uztaila ezkero pizza hanburgesa kebab larregi irentsi duzulakoan zaude. Betekadarik hartu gabe irakurtzen dituzu Londresko egunkarietako berriak. Ingelesak horretarako daude eta. Agudo ikasi duzu oso arau garrantzitsu bat: no news, good news.

        Futbola da zure bizio bakarra. Taberna espainiar batera biltzen zara larunbatetan, zazpi eta erdietan hutsik egin gabe, futbol-gose saldoen artean galduta. Hormetako kapelek erakusten dute guztiek merezi duzuela harrera ona. Hasieratik, metro erdi diametroko txapela beltza eta txapelokerren trikornioa elkarren ondoan ikusteak piztu du zure arreta. Galiziarrak dira jabeak, Deportivoren zaleak. Haizea fir-fir dabil hango kostaldetik aspaldi honetan. Norgehiagoken atsedenaldian Nazioarteko Kanalak gaueko albistegia ematen du. Zuk aldageletara sartzeko aprobetxatzen duzu orduan.

        — Zertan aritzen haiz?

        — Barra gaineko egunkari ingelesa irakurtzen dinat kaka-lekuan.

        Fionak ez dizu inoiz lagundu gura. Beharbada hormetan onddo-kapelurik ez dagoelako. Egunkari ingelesaren iritzi artikulu faltak eta agentzien sinadurek burukomin bat baino gehiago aurrezten dizute. Batzuetan ez zara idatzien tonuarekin ados egoten, partzial iruditzen baitzaizkizu, baina kazetari edo itzultzaileen jakinezari egotzi ohi diozu. Baita barkatu ere. Berriak kask-kask deitzen du, sekula ez kolpatu.

        Lau astez, gutxienez, eutsi diozu informazioa ingeles hutsean jasotzeari. Denboraldi horretan Jimi Hendrixen azalean sentitu zara, beti arineketan, zer den ondoegi ez dakizun zer edo zeren bila. Lehorte informatiboan ederto batean bizi izan zara, harik eta gaur goizean The Guardian egunkarian ezagunak egin zaizkizun laburdura batzuekin topo egin duzun arte: "ETA politicians to get jail term". Albistea Reuters berri-agentziak sinatzen du. Fiona gainetik kendu duzu berehala. Hura besteren tokia hartzen ari dela bururatu zaizu berriz ere. Eta baliteke inoren tokia hartzea zuk zeuk horixe gura duzulako, errazagoa delakoan. Zaila da galdera guztiei erantzutea. Ez dakizu benetan zerikusirik duzun berarekin, zeure erabakiak hartzen dituzun, alferrikako harremana ez ote den. Sofaulkian eserita zaudetela, lehortean zaudenetik lehenengo aldiz, zaborraz elikatzen jarraitzen duzulako zalantzak asaldatu zaitu. Zaborjale amorratua zarela pentsatzeak artegatu egin zaitu. Zer pentsatu behar dute Londresko irakurketakideek? ETAren politikoak barrura. Albisteak ez du aukera handirik ematen. Baina hura berri laburren atalean ipini izanak ekarri dizu amorraziorik handiena. Ez al du toki hoberik merezi? Tokian-tokian txakurrak ortozik. Brastakoan, baraualdi informatibotik ateratzeko premia larria nabaritu duzu.

        — Goazeman, Fiona. Kazeta-gaindosi bat behar dinat!

        — You wanna be a junkie?

        — Bai, horixe!