Guinness
Hattongoak Perivalgoak Twickenhamgoak... hiriko tabernak egarrituen gozagarri. Zuk zeuk ez deritzozu gaizki, baina aspergarri samarra da, ezta? Hiriak anitzagoa behar du, ezinbestez. Goizeko egunkariak triku baten antzera kiribildu zaizkizu jakaren poltsikoan. Etxerantz zoaz oinez, geroago irakurriko dituzu. Gogoan duzu bi egun lehenagokoa: "Boda Real en Barcelona: la ciudad revive el ambiente festivo de los Juegos". Badira hilabete batzuk Barnako akuariuma bisitatu nahi duzula. Londresen badago beste bat, metroko iragarkietan ikusi duzu. Hobea ei da Brightongoa eta hara joango zara Bartzelonakora baino lehen. Bartzelonakoa gainez egina dago ezkontzarekin. "En la víspera de su boda, Cataluña y Barcelona rindieron homenaje a los novios".
Loak hartu zaitu etxera iritsitakoan. Gutxi iraun du. Fionak esnatu egin zaitu: Begira ezak honako hau. Begi erneak ditu, larri begiratzen dizute. Eguerdi honetan zuri xuxurlatutako lehen hitz karratuak dira. Urriak eta berobakoak izaten dira larunbatetako bere egunonak. Egunez odola poliki-poliki burmuinera punpatu eta gaua heltzean braust zabaltzen zaio gorputz osora. Gaur, ordea, inoiz baino arinago igo zaio. Fionarengana hurbildu zara, eskuineko zutabeko albiste txikia hobeto irakurtzeko asmotan. "Policeman dies foiling bomb attack by ETA guerrillas on royal opening of Bilbao museum". Juan Carlos I erregeak Guggenheim museoa bisitatzeko asmoari eutsiko omen dio. Musu bat eman diozu ezpainetan. Fionak zain dagoenaren begiratu urduriaz erantzun du. Bistan da ez dagoela une honetan zure musuekin arduraturik. ETA guerrillas eta King Juan Carlosen premia handiagoa bide da haiena baino. Zu iratzartzeko adinako garrantzia dauka gutxienez. Bi ordu lehenago erositako egunkari ingelesak dauka errua.
"Se confirma la certeza que todos tenemos: ETA es HB". Fionak "larri zauriturik" leitzen duen tokian, zuk "zaharrak berri" irakurtzen duzu. Atentatuaren gorria ikus dezakezu bere masailetan, albisteak norainoko bidea egin duen. Masail zurixkak ditu, ingeles tipikoen antzekoak. Hire Gernika eta nirea ez ditun berdinak, murmurikatu diozu. Burua jaso du egunkaritik: Zer esan gura duk? Picasso...? Fionaren ganbaran Guernica ederra dago. Policeman diote kazeta ingelesean. Juan Carlos ETA guerrillas museum policeman. Nola hain egunkari luze eta zabal batek ekar dezake hain informazio eskasa? Aukeran erdia kenduko zenuke. The Guardian-en orritzarrei buelta erdia eman eta irakurtzeari ekin dio ostera ere Fionak. Larrugorri dago ohe gainean, beautiful. Zuk harri eta belarri behatzen diozu. Egunkari ingelesari begiratzen diozu aho eta birao. Fionak ez daki Guernica eta Gernikaren artean bereizten. Eta ez da harrigarria. Ba al dakizu zuk nola ahoskatzen diren Hatton, Perival eta Twickenham? Ulertu ere nekez ulertzen diozu.
Arratsaldean Fionaren pisura etorri dira Steve eta Helen. Londresko hamaika pizza-egilek izan ezik, inork ez du dudatan jartzen Ingalaterrak Italia birrinduko duela. Espainiak, aldiz, malkarrik gabeko bidea dauka. "España-Islas Feroe. Con José María García. El sábado 11. A partir de las 7 de la tarde. En Gijón. ¡Ya estamos en París!". Fionak gorroto dio futbolari, aukeran nahiago ditu petak eta -ketak. Bere iritziz errazago dauka Espainiak. Faroetarrek larrutik ordainduko dute beren atrebentzia. Larrutik ordainduko dute irlandaratuek. Larrutik ordainduko dute euskaldunek. "Vecinos de Rascafría indignados por la presencia de la mesa de HB en el pueblo". Lancaster Gate-ko lehen orrialde batek jakinarazi dizu burukideak juzkatuko dituztela. Badirudi epaiketak luzaro joko duela. Zu zeu ez zaude sosak irakurtzen xahutzeko prest. Kanpin-dendak jarri behar dituztela Madrilgo zubi baten azpian. Zer leitu berri duzun azalduko zenieke ingelesei, baina merezi ez duelakoan zaude. Hobe larregi ez gogaitzea. Ahapean gorde duzu. Italia txiki-txiki egitear ei dago Ingalaterra.
Bigarren zatian, Helen eta Fiona bezain asperturik zaude. Harritu zaitu pixka bat Bilboko horrenbeste argazki Londresko prentsan ikusteak. Afrikako herri bateko edozein auzunek aukera gehiago du, bai horixe, arreta handiagoa. Baina hor dago Bilbao, garbi eta distiratsu zeru urdinaren pean, titaniozkoa. "Sus Majestades los Reyes llegaron a las ocho de la tarde a la explanada del Guggenheim, entre el calor del pueblo vasco, que se volcó con su visita". Inork "Guernica" eskatu die bolada batez, museoari eta Bilbori etekin handiak ekarriko dizkielakoan. Bilbo titanizatuta dago goitik behera, tiranizatuta.