13
Le Pétit Cochon behiala Les Halles zeuden inguruko kalexka batean zegoen.
Iritsi nintzenean, gizon bat, nire zain zegoen gizona, hain zuzen, hezurgabeturiko zerri-hankak foiez beteak jaten ari zen, Sauternes botilaren laguntzarekin.
Nire zain zegoen gizon hori P.P. Carbayo zen. Ez zegoen hilik. Aitzitik, ongi bizirik, ongi osorik eta pioletaren arrastorik gabe. Eta, nola jaten zuen kontuan hartzera, gose hamikatuaz.
Ez ninduen gehiegi harritu. Egia esan, pentsatzen hasiz gero, halako zer edo zer espero izatekoa zen.
Ironia zerion baita listuarekin nahasiriko zerriki puska ia ikusezinak ere, esan zuelarik: bizirik nagoela eta, ez zara irudikatzen ariko, menturaz, Denboraren forma ezkutu bat, zeinean posibilitate guztiak aldi berean betetzen diren; paralelo doazen, gurutzatzen diren, elkarrengandik bereizten diren edo elkarretaratzen diren denboren serie infinitu bat?
Ahoan zuena erabat irentsi, eta sardexka beste ahamen batez kargatu zuen. Oraingoan ez zuen zerriki-puskarik jaurti, errezitatu zuelarik:
Horietako denbora batean, zu zaude, baina ni ez; beste batean, ni bai, eta ez zu; beste batean biak, baina zu hilik zaude; beste batean, ordea, neu naiz hilik datzana; baina guzti-guztietan, zerri-hanka hauek izugarri goxo daude.
Utikan! esan nion. Hori Bitan banatuz doazen bidexken jardina da. Ez ditzagun gauzak nahas. Hemen dagoen bakarra da ez zinela hil, Pioletadun Hiltzaileak ez zintuela hil, eta dena simulazio bat izan zela: eszena itxura hutsa izan zen, gorpua itxura, dena itxura. Ez ditzagun gauzak nahas. Hemen ez dago metafisikarik. Hori beste nobela bati dagokio.
Bai? Euskaraz idazten ari zaren nobelari, menturaz? ironizatu zuen. Oso ona, oso ona Ministroari abisua ematearen kontura antolatu duzun engainu hori... Gutxik egin du ez duzuela lortu zuen helburua. Baina ez gehiegi guri koskabiloak ukitu, gero! Goazen. Borgesek ezagutu nahi zaitu.
Gaur egungo baldintzetan, nobela ez zait interesatzen erantzun nion, Berlusgoñiren amarru literarioari eginiko erreferentzia aintzat hartu gabe, eta Borgesek ni ezagutu nahi izateak sorrarazten zidan emozio bortitza ezkutatuz. Genero bezala, nobela ez zait interesatzen. Nobela hil egin da.
Bai, mende bat da egunero hiltzen dela, egunero zuk bezalako euskaldunek hil dela aldarrikatzen dutela. Baina hilotzak osasun izugarria dauka. Bere heriotzaren zain zeuden gehienei, lur eman zaie, ehorztekoa berriz beti ehorztekotan. Hor dirau, kiratsa dariola, zutik, eta iraunen zain daudenenga-a-a-a-tik.
Bai noski, literatura masiboki kontsumitzen duten ergelak diren bitartean, eta haien gogo sinple eta nahikeria merkeak asetzeko prest dauden zu bezalako mertzenarioak diren bitartean. Merkataritza-kontua da, ez arte-kontua. Nik ere idatziko nuke mordo bat, bai, euskaraz, hobeak gainera, zuk bezainbat irakurle baneuka, diruz ustelduta bizi nahiko banu.
Zuk Traidorearen eta heroiaren gaia izeneko nobela bat idatziko zenuke zezenari adarretatik heltzeko potrorik bazenu. Euskal Herrian, zerbait baldin baduzue, horixe duzue: traidore, heroi, sator, salatari, azpijoko eta maltzurkeriei buruzko nobelak idazteko material itzela.
Eta nork ederretsiko du gure kausa? Zuk, agian?
Gosekila berak.
Karka nik.
Burges txiki.
Inperialista.
Fanatiko.
Sikario.
Sasikume.
Zerri.
Irain trukaketa eta gero, biok serio geunden. Serio eta bare. Eta orain, gainera, isil. Bisigu pare ederra ginen; akuariumeko arrainontziko bisigua, eta bisigu horri, arrainontzitik kanpotik, begira dagoen bisigua. Nor zegoen barruan eta nor kanpoan, hori zen eztabaida posible bakarra.
Nik eten nuen isilunea: Goazen, beraz. Non dago Borges?
Zu berarengana eramateko agindua daukat.
Antiojo beltz pare, kapelu, gabardina eta egunkari banarekin atera ginen Le Pétit Cochon-etik.
* * *
Gure atzetik etor litekeenik nahasteko joko edotarikoak egin eta gero (adibidez, aurrez aurreko kale kantoietan gelditu eta egunkaria irakurtzen ari ginelakoa egin, ordu erdiz), Carbayok seguru jakin zuenean inor ez zetorrela atzetik, edo jarraitzaileak gure arrastoa galdu zuela, auto batean igoarazi eta begiak estali zizkidan.
Autotik jaitsi nintzenean, parke zaharraren aurrean nengoen, sarreran. Talka-autoetako pista abandonatua ikusten zen, sarreratik hurbilen. Pistan, auto bakar bat. Autoaren barruan, gizonezko baten irudia. Hor daukazu Borges, esan zidan Carbayok. Hemen bukatu da nire lana. Agur.
Beraz, iritsia zitzaidan Borges terrorista izugarrien burua, munduan kondenatu ororen defendatzailea ezagutzeko unea. Beraz, azkenean jakin ahalko nuen nor zen Borges delako hura, benetan, nahiz eta kontuz ibili behar nuen, zeren, Harrisoni abisua ematen saiatu eta gero, agian akabatu nahiko baininduen.
Hurbildu ahala, auto barruko irudiak, pertsonak, bere antiojo beltz parea, bere kapelua, bere gabardina eta bere egunkaria zituela ikusi nuen. Pixka bat gehiago hurbiltzean, irudia ezagun egiten zitzaidala konturatu nintzen. Laster jakingo nuen Borges, benetan, nor zen.
Hiru metrora hurbildu nintzenean, ez nuen zalantzarik. ...!! Zu!! Zu, Borges!! egin nuen oihu.
Borges zen... Jules Tribuno, Agentzia Dermoestetikoko nire ugazaba!
Halakorik! Bera bezalako gizon justu bat, bizitza oso bat krimenaren aurkako borrokan pasatutakoa, Borges!!??
Tribunok kapelua eta antiojoak kendu zituen. Aise irakurri bide zuen burutik pasatzen ari zitzaidana, eta esan: Eeeez niri azalpenak emateak sekulako eramana eskatuko lukeen zerbait zela iradokiz, eeez, Bazofias, ez, ni ez nauk Borges. Nik Borgesengana eraman behar haut. Hau segurtasuna bermatzeko ezartzen dugun kontrol bat baino ez duk, galbahe bat. Baina, aprobetxatu egingo diat. Hik ez al huen kasu bat argitu behar, Mendizalearena, hain zuzen?
Nagusiak beti nagusi. Argitu ez nuen beste kasu horregatik kontu eske, oraingoan. Zertan egin nuen huts, zer nolako alferra nintzen, zenbat diru errearazten nion Agentziari ezerezen truke, nork agintzen zidan behar ez nuen tokian sudurra sartzea, hala segituz gero kasutik apartatu ez ezik, espioi-karneta ere kenaraziko zidala... Alegia, generoaren topikoaren arabera, ikertzaile heterodoxoari esaten zaizkion guztiak aletu zizkidan, haserre plantan.
Eskua altxatu nuen, isil zedin eskatzeko. Isildu zenean, aldarrikapen solemne bat egin nuen: badakit nor den Mendizalea, edo, bestizenez, Pioletadun Hiltzailea.
Tribunok bizitzan gezur asko entzundakoa zela adierazi nahi zuen keinua egin zuen, galdetu zuelarik, Bai? Nor?
Popescu Popafrescu!!
Hatzak erabili nituen arrazoiak zenbatzeko: bat, adin ertaineko gizon indartsua zen, ez altuegia ez baxuegia zena. Bi, bera zen «hiltzailea ikusi» zuen bakarra. Nola ez zuen ikusiko ba, bera zen eta!? Hiru, arrazoia, zioa, hilketa-eragingarria: idazle bat garbitu zuen bere arrakastaren bekaitz zegoelako, eta gainerakoak ikertzaileen lana nahasteko...
Tribuno ez zen ja ere sinesten ari, bistan zen. Gauzak okerrago jartzen ari nintzela iritzirik, isildu egin nintzen.
Eta Carbayorena? Zertara dator Carbayoren gezurrezko heriotza? Nola arrazoi dezakek horrelakorik?
Carbayoren heriotza gezurrezkoa zela segituan atzeman nuen, erantzun nuen bizkor, eta esan orduko mihian kosk egin nuen, hain bizkor, hain arin erantzun izanaz damuturik.
A, bai? jakin nahi izan zuen Tribunok, interesaturik. Zergatik atzeman huen, bada?
Aho barruko porruak ezpainekin osatzen zuen angelua ez zelako batere naturala, horra zergatik, esan nuen. Ustezko hilotzari aho barruan sartu zioten porruaz ari nintzen, jakina.
Dedukzio interesgarria, esan zuen Tribunok, nire bizkortasunak laketurik, antza. Hala ere, datuak zeuzkaagu susmatzeko Mendizaleak, egiatan, asmoak eduki zituela Carbayo akabatzeko; zehatzago esateko, Mendizalea Carbayoren gelara hurbildu huen, pioleta eskuan. Mendizalearentzat kalte, justu une hartan Carbayo bere pantomima prestatzen ari huen. Noski, eszena prestatzeko laguntza behar zuenez, ez zegoan bakarrik, eta horrek atzerarazi zian Mendizalea...
Hori Tribunoren farol bat zela ulertu nuen; zeren, egia izatera, horrek esan nahi baitzuen bazekiela Mendizalea nor zen; eta, baldin bazekien, zergatik ez zion eskua eransten? Hortaz, tonto-aurpegia jarri nuen, eta baietz egin nuen buruaz.
Orain goazemak Borgesengana, esan zuen Tribunok. Ustekabe ederra hartuko duk.
* * *
Karrusel abandonaturiko zaldiko baten gainean zegoen. Tribunok adin ertaineko gizon indartsu baina ez baxuegi eta ez altuegi baten irudia ikusteko moduan utzi ninduenean, bizkarrez baizik ezin izan nuen ikusi. Bere gabardina, bere kapelua, antiojo beltzak eta egunkaria zituen. Hala ere, bazegoen zerbait ezagun irudi hartan. Ongi ebakiriko jantzia zeraman soinean.
Sumatu ninduenean niregana itzuli zen. Gabardina, antiojoak, kapelua kendu zituen; egunkaria «Furia» deitzen zen zaldiko baten gainean utzi zuen. Maskara azpian zeraman ongi ebakiriko Armaniren jantziaren xehetasunak ikusteko moduan gelditu ziren.
Hotzikara batek astindu ninduen egunkarietako argazkiez, sare telematikoen iragarki kuantikoez baizik ezagutzen ez, baina horrelakoetan mila bider ikusita nuen gizon hura, nire aurrean eduki nuenean.
Bat-batean Borgesek eragindako azken biktimak etorri zitzaizkidan burura: Tukumango Apezpikua, boterean zegoen alderdiko kargu publikoak, kozineroak, joteroak, kritikariak, enpresariak, epaileak, unibertsitateko irakasleak... Agonia latz baten moduan ikusi nituen denen hondakin odoltsuak nire irudimenean. Hunkidurak inarrosi zizkidan barrenak.
Zu zara Borges!!!?? atera zitzaidan, oihuz.
Besteak irribarre amultsu bat egin zidan. Bai, baieztatu zuen, ni naiz Borges.
Borges Harry Harrison berbera zen, Barne ministroa, horixe.
Beraz, Harry Harrison, ordenaren defendatzaile porrokatua, bakearen txapelduna, gizartea zafratzen zuen terrorismoaren aurkako borrokalaria, traidorea zen. Terroristen burua, zehatzago esateko. Zin egin nion neure buruari ez nuela gupidarik izango nire aurrean zegoen kanpoeder UVA izpiek beltzaranduriko manikuratik pasatako gainera jendaurreko predikuak prestatuko zizkioten, seguru eta medikuen kontrolpean hartutako droga sintetikoei esker tragorik latzenak zutik eta irribarrez iragandako putakume hartaz.
Traidore bat zara, Borges. Ahoz defenditzen zenituenak traizionatu dituzu ekintzaz, jardunaz.
Harrisonek irribarre egiteari utzi zion, eta gogor mintzatu zen, baxutik eta amorrurik gabe, itxuraz, baina gogor: ni traidorea? Zuk uste, benetan, hain erraz esan dezakezula traidorea naizela?; aitzitik, heroi bat naizela pentsatu beharko zenuke, Estatuaren eta Sistemaren etsaien lerroetan satortu bainaiz, bizitza bera ere arriskuan jarriz, gure gizartearen baloreak defenditzeko.
Eta Tukumango Apezpikua?, oldartu nintzaion. Eta gizarte bakea? Eta pozoindu zenituen zure alderdikideak? Eta zure aginduz garbitu dituzten bankariak, epaileak, joteroak, politikariak, doktoregaiak, kazetariak, bekadunak, entziklopedia-saltzaileak... Horiek ez al ziren Ministroa zaren aldetik defenditzen dituzun gizartearen eta baloreen zati? Ez al da zure erantzukizun gorena, zure ardura nagusia, zure zinpeko eginkizuna, horien bizia errespetatzea ez ezik, euren bizia salbatzen saiatzea indar, kalipu, kemen eta adimen guztiarekin? Ez al dituzu zure zin sakonenak traizionatu? Traidorea zara, Borges, Harrison edo zarena zarelako hori!
Ministroa ongi kalkulaturiko tonu aseptikoaz mintzatu zen oraingoan, ondorengo hau esateko: Zoritxarrez, gauzak ez dira hain erabaki errazak. Analisi sinple hori ongi dago jende arruntarentzat, baina zu, Bazofias, sinplekerietatik harantzago zaude. Traidorea, heroia, arketipoak dira, benetan sekula izan ez den mundu ideal bati dagozkion kategoriak. Hemen heroia dena han traidorea da, eta alderantziz. Are, gaur heroia dena bihar traidorea da, eta alderantziz. Ez dago heroirik ez dagoelako nonahi eta noiznahi erabat justu den kausarik. Eta horregatik beragatik, ez dago traidorerik... Onenean ere, une iheskor batean heroikotzat edo traiziotzat jotzen dugun ekintza bat dago. Benetan, ez dago epai moral erabatekorik ezartzerik, eta hori saltsan, jardunean gauden guztiok dakiguna da. Alabaina, bada, edo izan daiteke, bederen, sentimendu moral bihotz-eragingarri horren manipulazioa, aldebikotasun arketipiko horri probetxua ateratzeko. Gure aldetiko maneiatzea, eta, hortaz, gure aldeko probetxua, noski. Jakina, inork, plaza zabalean, manipulazio hau leporatuko balit, nik ukatu egingo nuke hala denik. Hori bai dela nire eginkizunetako bat. Haiek horretarako ordaintzen didate.
Ez dago heroirik, ez traidorerik...Orduan, zer dago? Eta nortzuk dira haiek?
Karrusela hainbat motiborekin zegoen apainduta: Egiptoko piramideak, Partenoia, Erromako Koliseoa, Reimsko Katedrala, Brandenburgeko atea, Big Ben, Eiffel dorrea, Empire State... Ministroak erakutsi zituen, esku zabalarekin semizirkulu bat eratuz.
Dagoena da milurte askotako zibilizazioa, asmatu den onena, izan litekeenen artean onena, eta inoiz bukatzen ez den gerra; eta bata zein bestearen kudeatzaileak. Ministro bat, esaterako, kudeatzaile hauen zerbitzuko funtzionario bat baizik ez da, azken finean. Funtzionarioak gauzek funtziona dezaten lortu behar du, hori bada bere beste eginkizunetako bat. Ministroak sistemaren interesak, negozioak, aferak, asuntoak, kudeatu behar ditu, hori da bere beste eginkizunetako bat. Ministroak Estatu arrazoia zaindu behar du. Ministroa engranajearen torloju xumea baizik ez da. Eta, eginkizun horietako baten barruan, Borges izan dadila agintzen bazaio, engranajeak behar duen olio-tanta Ministroa Borges izatea bada, Ministroa Borges izango da, zalantza izpirik gabe izan ere orain Ministroak erdeinutik hurbil zegoen tonuaz hitz egiten zuen. Nor zara zu nire erantzukizunak zeintzuk diren gogorarazteko?
Beharrezkoa al zen hil duzun jende guztia hiltzea? Zergatik?
Guztiz, erabat, zeharo beharrezkoa zen. Zergatik, ez dakit. Imajina dezaket, baina nire analisiak oso hego laburrekoak dira, egia esan, eta hortaz, ez dakit zuzenak diren. Nik arrazoi batzuk uler ditzaket, besterik ez. Puzzle handi baten piezak gara, eta Ministro xume batek dozena erdi pieza baizik ez ditu ikusten ahal. Nire logikak men egiten dio Gurpil Handiaren logikari, baina biak nire logika eta Gurpil Handiarena, alegia, ez dira bat eta bera. Beharrezkoa izateari dagokionez, bai, guztiz beharrezkoa zen guk hil ditugunak hiltzea. Argi eta garbi adierazi zitzaidan puntu hori bere funtzionario izaerak guztiz bereturik zeukan Ministroa, azken hau azaldu zuelarik.
Eta nork eman zuen agindua? jakin nahi izan nuen.
Heriotzak fisikoki eragin zituzten terroristei, nik neuk, noski, bitartekarien bidez. Niri, Estatu Arrazoiak. Engranajeak. Gurpil Handiak. Maestre Nagusiak. Nahi duzun bezala deitu. Ni morroi xume bat baizik ez naiz, desenkusatu zen. Eta gainera, nondik nora halako harridura? Ez al dituzu Aita Zaindarien mintzaldiak entzun? Jaramon gehiago egin bazeneza! Apunte guztietan dator! Dagoeneko garbi zegoen nik izan behar nuela Borges!
Zomorroide horrek negargura ematen zuen. Eta zer gertatuko da zure logika Engranajearen logikarekin bat ez datorren egunean?, atera zitzaidan. Zer, Gurpil Handiak zure heriotza erabakitzen badu? Ez zara beldur?
Bon, hori ere litekeena da, esan zuen, patxadaz, ongi kalkulaturiko arrisku baten gainean hitz egiten denean bezala. Probabilitate kontua da. Bihotzekoak jota, edo errepidean, edo minbiziaz hiltzeko dauzkadan probabilitateak zenbat diren kontuan hartuta, portzentajea igotzen laguntzen duen beste faktore bat baizik ez da; eta ez handiena, ez du portzentajea hainbeste igoarazten, jasangarria da.
Baina Harry Harrisonek solasaldi bakarrean eman zitzakeen ustekabeak ez ziren horretan gelditu. Halako batean, eskolakide bihurri baten antzera hasi zitzaidan: Zer, esan zidan, zer moduz egon naiz? Gizona, gizona!, esan nuen, nola zer moduz egon zaren!? Zertaz ari zara?
Ministroa hustu egin zen, puxika orratzarekin ziztatzen denean bezala.
Zera... hasi zen, zer moduz egon naizen Borgesena egiten. Horixe zen nire galderaren zentzua. Egunen batean Borges izango naiz, badakit. Beno, Borges ez, baina bai Borges bezalakoa. Badakit, bai horixe.
Ministroak apaizaren aurrean aitorpen latza egiten duenaren moduan bukatu zuen:
Ni ere ez naiz Borges. Etorri, orain bai, orain egiazko Borges bakarrarengana eramango zaitut.
Eta hau esanda, guregandik ehun bat metrotara zegoen noria zaharrerantz zuzendu zuen hatza.
* * *
Harrisonek noria-gelaxkako atea ireki zidan, buruaz sartzeko gonbita eginez, eta desagertu egin zen. Gelaxka barruan norbait zegoen.
Taigher zen, Mendizale edo Pioletadun Hiltzailearen bila ibili nintzenean, mendizaleen artean ezagutu nuen hura, gero Patagoniara edo Ipar Polora espedizio zientifiko batean joan omen zena. «El Himalaya es la risa del dios Shiva» esatea gustuko zuena. Horixe bera.
Begi batez zuzenean begiratzen zidan, bizi; besteaz ez zuen inora begiratzen; bestea estrabikoa zen, edo hilik zegoen. Edonora begiratzen zuelarik ere, ironia zerien, bai biziari, baita hilari ere.
Lehen ikusi nuenean baina askoz zaharragoa zela iruditu zitzaidan.
Ordura arteko guztiez ez bezala, ohiko espioi-uniformea ez eta lihozko atorra eta praka zuriak janzten zituen. Burua panamá batez estaltzen zuen. Palisandrozko giderra zuen makila baten gainean bermatzen zuen kokotsa.
Orduan, zu zara Borges, esan nion, bide bukaeran nengoela jakitun.
Taigherrek hasperen egin zuen.
Bai... esan zuen.
Isilaldi luze samar bat.
...Eta ez bukatu zuen.
Beste isilaldi luze samar bat.
Alegia, gauza ematen duena baino korapilatsuagoa da, segitu zuen, nekatu antzean edo. Alde batetik, esan liteke ni Borges naizela. Baina beste aldetik, ez daiteke horrelakorik esan. Esan dezagun ni naizela Borgesek duen, eduki dezakeen giza itxurarik behinena, gutxi gorabeherakoena.
Borges ez dela existitzen adierazi nahi duzu? moztu nion.
Ez. Bai. Ez eta bai. Hau da, ez, ez da existitzen, zentzu konbentzional batean. Bai, noski, errealitatea modu batez edo bestez moldatzeko balio duen tresna eraginkor gisa.
Irri egin zuen nire barneko nahasmendua atzemango bailuen.
Borges aspaldi hil zen, esan zuen, jostari.
Gorrotatu nituen bere begi estrabikoen inguruko zimurrak, irri izendatzeko laburregi zen kokoriko moduko bat egin zuelarik. Zergatik egon behar nuen honelako sasikumeen menpe, beti?
Azalpen bat merezi duzu, esan zuen. Borges aspaldi hil zen. Hil egin genuen, dena esatera. Baina Borges, hil genuenean, garrantzi oso txikiko terroristatxo bizarguri bat baizik ez zen, ekintza kaskar batzuk egindakoa, txoriburu bat. Inor ez zen hil genuela jakitera iritsi; ez polizia, ez kazetariak, ez bere burkideak... Orduan pentsatu genuen etekina ateratzen ahal geniola kasik halabeharrez gertatu zen hilketa hari. Hasi gintzaizkion ekintzak, gero eta zailagoak, gero eta ausartagoak, leporatzen. Nortasun bat asmatu genion, eta toki guztietan zabaldu genuen: enpresari eta bankarien artean, militarren kuarteletan, polizien komisarietan, politikoen bulegoetan, telebista eta irratietako tertulietan, aldizkari arrosetan... Une jakin batean, beharrezkoa iritzirik, egiazko Borges ñimiñoa izan zenaren paper hanpatua egingo zuen aktore bat paratu genuen, eta handik aurrera, Borges ez zen jada bakarrik iritzi publikoaren aurrean baizik bizi ez zen terrorista famatu eta beldurgarri bat. Mamua izateari utzi eta errealitate fisikoa hartu zuen. Terroristen militanteen begien aurrean ere izugarrizko heroi agertu zen. Pentsa, nahi zuenean, inpunitate osoz, nahi zuen tokian agertzen zen elementu bat, nahi beste bitarteko erabiltzen zuena, nahi zuena egitea bazuena... Esan beharrik ez dago geuk egiten genituela gero Borgesen izenean erreibindikatzen ziren ekintzak. Geu ginen Borgesen azpiegitura, laguntza logistikoa eta militantzia. Borges fisikoa bera hau da, aktorea, benetan, haragizko, agertzea behar-beharrezkoa zenean baizik ez genuen erabiltzen, eta gure erabateko babesa zuen... Hori horrela, nork harrapatuko zuen, bada? Borges, bere jendearen begietara, heroia zen guztiahalduna zelako, Robin Hood bezala. Egiazko militanteen gainerako taldeek ez zioten aurrea hartzen ahal, urrutitik ere, ez atentatu-zenbatekoan, ez eraginkortasunean... Denbora aurrera ahala, terroristen egiazko militantziak begirune itsu eta erabateko mendekotasuna zion. Borges guztiz ezinbesteko bihurtu zen gure egitekoetan, gure jardun-moduetan. Beraz, Borges fikzioa da eta, alde horretatik, ez da existitzen, baina fikzio ezin eraginkorragoa da, gizartearen norabideak markatzeko tresna izugarria eta, beste alde horretatik, guztiz erreala da. Borges terrorista birtual bat da. Ulertzen duzu orain?
Tipoa gu, gu, gu... guka ari zen etengabe. Hurrengo galdera berez etorri zitzaidan: Baina, nortzuk zarete zuek? Eta bakea? Zer gertatzen da bakearekin? Ez al dezakezue ordaindu beharreko odol-zerga arindu? Zenbat gehiago hil beharko dituzue?
Taigherrek espresio flematikoa hartu zuen.
Gu nor garen erantzutea ez da erraza... Oraindik ez baduzu ulertu gu nor garen, ez dakit honezkero, nik edozein azalpen emanik ere, ulertuko zenuen. Bakeaz eta odolaz diozunaz, zer nahi duzu erantzutea? Populuak odolaren hizkuntza baizik ez du ulertzen. Odol-zerga, zuk esaten duzun bezala, ahalik eta txikien izan dadin ahalegintzen gara, sinets dezakezu... Baina ordaindu beharreko kostuak hor daude. Harrisonek ere azaldu dizu: dagoena da sekula amaitzen ez den gerra. Gerran gaude. Beti egon gara gerran, orain ere gerran gaude, eta aurrerakoan ere gerran izango gara.
Baina nor zarete zuek? galdetu nuen ostera.
Taigherrek irribarre sardonikoa eskaini zidan.
Gizartea gero eta esklerotizatuago dagoen organismo bat bezalakoa da. Nahiago baduzu, globalizatuagoa, batzuei esatea gustatzen zaien bezala esateagatik. Behiala izan zen denbora bat, zeinean ehun malguak baitzituen, gorputz zalu eta bizkorra baitzen. Baina mendeak eta mendeak geroago, esklerosiak gero eta joago dago, eta jada ia dena zurrun eta elkor da... Esklerosiak, gorputz batean, mugimenduak eragozten ditu, gero eta gehiago. Esklerosiak jotakoa gero eta gutxiago mugitzen da, gero eta mugatuagoak dauzka aukerak, gero eta ahalegin handiagoa egin behar du mugimendu txiki bat baizik ez bada ere egiteko. Hori horrela, zuhur jokatu behar du, ongi aukeratu behar du zer mugimendu egingo duen, indarra alferrik ez galtzeko, lehentasun batzuk finkatu behar ditu... Bada, esan dezagun gu lehentasun horiek finkatzen ditugunak garela une batez pentsakor gelditu zen. Begira, dagoeneko ulertu behar zenuenez, niri, liburu honetan, maila poetikoa dagokit. Jende arruntak mespretxatzen du poesia, ulertu ezinik errealitatearen maila poetikoa dela benetan interesgarria den bakarra... Eta ez, gainera, interesgarri alderdi metafisiko batetik, guztiz alderdi ukigarri eta material batetik baizik. Traidore eta heroiaren tradizio literarioa burlatu nahi izan duzue, ezta? Beraz, tradizio literario hori ezagutzen duzue. Tradizio horren parte diren Yeats-en bertso batzuk gogoraraziko dizkizut, badaezpada: «Horrela, Urte Platonikoak / berria eta justua daramatza, eta okerra / eta berriz antzinakoa ekarri / Gizon guztiek dantza egiten dute / gong baten zarata basatiaren erritmoan». Urte Platonikoak, denborak alegia, dena darama berarekin: on den guztia bezala, txar den guztia ere. Ongia eta gaizkia etengabe errepikatzen dira. Eta gizakiak, gizateriak, pertsonak, bizi beharra dauka, dantza egitea baino ez dauka. Gong basati baten erritmoan. Poetikoki eta zehatz esateko, gu gara gong hori jotzen dugunok.
Hiltzaileak, horixe da zaretenak, hiltzaileak! Jainkouste ustelak! oldartu nintzaion.
Taigherrek erdeinuz egin zidan so.
Arrunkeriak! Gu gara non, noiz eta zenbat hil behar diren erabakitzen dugunak, hau da, gerra honetan ordena pixka bat jartzen dugunak. Imajina dezakezu zer izan litekeen batere kontrolik gabeko gerrarik? Batzuetan, ez ahaztu, beharrezkoa izaten da batzuk hiltzea beste batzuk bizi ahal izan daitezen. Guk nork hil behar duen eta aberastasuna nola partituko den erabakitzen dugu. Garai batean gizonak libre zelako ilusioa eduki zuen; bai, uste zuen libre zuela harat-honat ibiltzea, nahi zuen tokian nahi zuen asmo, obra, lan, martxan jartzeko eskubidea zuela amestu zuen; amestu zuen pertsona guztiak berdinak zirela eta «demokrazia» deitzen zuten sistema berdinzale baten bidez goberna zezakeela bere patua. Demokrazia kontzeptua betitik izan da ustela, Leninek, beste ero horrek, argi ikusten jakin zuen: egiazko demokrazia ez da «pertsona bat, boto bat», «pertsona bat, dolar bat» baizik. Demokrazia, behialako urrezko gezur polit eta historiko hori, orain kartoizko maskara bat baizik ez da, belusezko teloi bat, errealitate gordinenak ezkutatzen dituen gortina loreduna, kolore biziko ataria... Hain justu, teloiak ezkutatzen duen atzealde horretan hasten da egiazko bizitza, maila guztietan interesgarria den bizitza. Ministro bat, jende arruntaren aurrean boterearen haragiztatzea dena, oso gauza gutxi baizik ez da, zinez... diskotekako atezaina bezalakoa da, sarrera ordaindu ez duenari pasatzen uzten ez diona. Hori baizik ez...
Tiro-hots bat entzun zen, ondoko gelan (agian irakurleak pentsatuko du, une honetan, baina ez al zeuden noriako kabinaren edo gelaxkaren barruan? Bai, hala zen, baina noria honetako gelaxkak bikoitzak ziren). Taigherrek ez zuen zirkinik egin horregatik.
...hori baizik ez, hain gutxi non edozein unetan akaba baitaiteke ministro bat inolako eragozpenik gabe, are eta gutxiago tradizio literario gotor baten mehatxupean zegoen Ministro hau. Berlusgoñi saiatu da, bai, gu engainatzen, baina bere ariketa intelektual eta gogo jardun guztiak alferrekoak izan dira, oraintxe baieztatuko duzunez.
Eta hau esanda aldameneko gelara pasarazi ninduen.
Harry Harrison han zetzan, zerraldo, tiro bat kopeta erdian zuela, nondik odol-hari bat isurtzen baitzen. Akabo manikura, UVA izpiak eta prestaturiko diskurtsoak oro.
Ikusten? Ministro bat ez da ezer. Eta ni neu, demokraziaz bestaldeko lehen ataria baizik ez naiz. Atari gehiago dago nire gainetik. Baina, imajina zenezakeen bezala, zuk ez dituzu goragoko atari horiek ikusiko. Ez da komenigarria. Ezin da. Edonor ezin daiteke hain gora iritsi prezioa ordaindu gabe; Jainkoaren argiak itsutu egiten ditu eliztar apal eta xumearen begiak. Oso-oso pertsona gutxi eta bakanek baizik ezin dute azken atea zeina gong-a gordetzen den gelakoa baita ireki eta beste aldean zer dagoen begiratu, gong-a jotzen ari denaren aurpegia ikusi. Zeren, nork eraman lezake azken ate horrek gordetzen duen ikusgarri izugarria, nork saihets lezake barne muinetarainoko izu-la borria atea ireki eta ikus baleza, ikus baleza...
Esan zituen azken silabak biriketatik igotzen zitzaion arnas estrainio baten azken bafadekin hil zitzaizkion, ezpainetatik beruna bezala amilduko bailiran.
...atea ireki eta ikus baleza inork ez duela gong-a jotzen!? Nork Gong-ak bere kabuz jotzen duela ikustea?
Karkaila izugarriek koroatu zituzten gizontxo haren hitzak. Zoratuta zegoen, zoroa zen.
Zu, Roger Bazofias, zaren miserablearekin, nahikoa gora iritsi zara, berez zu bezalako batek harrapa zezakeen mailara baino askoz urrutiago iritsi zara... Orain prezioa ordaindu beharko duzu. Badakizu zein, ezta?
Jakin, jakin...oso merkea ez zela izango bai behintzat. Gauzak itsusi jartzen ari zitzaizkidan. Ezin nuen gehiago itxoin, gehiago jasan. Huraxe zen nire unea. Orduan edo inoiz ez. Praketako gerritik behera, ezpata bat bailitzan, gordeta neraman pioleta zorrotza bere zorro inprobisatutik atera nuen, agure zoro hari kaskezurraren erdian berea emateko asmoz.
Baina kolpea eman nahi izan nuenerako, Taigherren atzetik P.P. Carbayoren irudia agertu zen, granada-jaurtigailu bat eskuan zuela, niri apuntea egiten. Pioleta eskuetatik kendu zidan.
Orduan agureak, berriz fartsa honetako errege, garaipen-irri zoroak, basatiak, bota zituen. Erori zara, Mendizale! Gurea zara, Pioletadun Hiltzaile! Engainatuko gintuzula uste al zenuen? Errepasa itzazu zure ohar literarioak! Nori emango genion Pioletadun Hiltzailea atzemateko ardura, Pioletadun Hiltzaileari ez bazen? Literatura suspenditu duzu! Gogora ezazu: hiltzeko baldintza sine qua non paperaren bidezko gaztigua jasotzea da! Nork jaso zuen, bada, horrelakorik Ministroari abisu ematera abiatu zenean?
Tira, hori egia zen.
Ederki geundeke Agentzia Dermoestetikoko hirugarren mailako agente bati nahi zuen jende guztia, eta gorrotoak, edo apetak eman diola beste inolako arrazoirik ez dela tarteko, hiltzen utziko bagenio. Ederki geundeke arma bat duen edonork gorroto dituen guztiak hiltzeko baimena baleuka. Arrazoi bat eduki dugu, ordea, honaino iristen uzteko; egiten utzi baldin badizugu, honaino iristen utzi baldin badizugu, orain Harry Harrisonen heriotzaren errudun agerraraziko zaitugulako da, bere gorpuaren ondoan agertuko baita zurea, Harrison hil duen pistola eskuan duzula. Iritzi publikoak azalpenak eskatuko ditu, eta geuk eman egingo dizkiegu: zu zinela Borges esango diegu. Ikusten? Ez al da irrigarria? Ez al da maisu-jokaldia? Zu honaino nahastu zara Borges benetan nor zen jakitearren, eta azkenean lortu duzu nahi zenuena: jakitera iritsi zara, jakin ahal izan duzu... Borges zu zeu zarela! Ez al da irrigarria?
Piztia baten eztarritik atereak ere izugarriak liratekeen algarak egin zituen. Carbayok ere irri egiten zuen, granada-jaurtigailuaren kargu deskuidatu gabe.
Eta, oraintsu arte Borgesen papera egin duen aktoreagatik ez kezkatu. Gehiegi daki, baina badugu zerbait pentsatua berarentzat ere. Laster frogatuko da bera dela Mendizalea, Pioletadun Hiltzailea, eta gizarteak lasaitu ederra hartuko du, bi arrazoirengatik: Mendizalearen mehatxua desagertu delako eta Borges terrorista izugarria hil dugulako. Demokraziaren eta sistemaren berebiziko garaipena izango da. Borges-aktorea benetan ikusi dutenaz bezainbatean, ez dugu kezkarik. Oso gutxi izan dira, eta ezin izango dute beren susmoa gizarteratu, ez eta susmoa froga bihurtzen bazaie ere, ezin izango dute dakitena azaldu, ez daukatelako non, eta, desesperaturen batek beren hitzak jendarteratu nahi balitu ere, inork ez lioke sinetsiko; izan ere, sinesgarritasun guztia galdu dute. Beraz, Bazofias, zure bidea hemen bukatzen da.
Bi metro baizik ez zeuden ni eta P.P. Carbayok eskuan zuen granada-jaurtigailuaren artean. Nireak egin du, pentsatu nuen.
Ezkerreko ukabila burutik gora altxatu nuen, itxirik, eta kasurako nekien eresi epiko bakarraren lehen notak kantatzen hasi nintzen.