Euskal karma
Euskal karma
2001, rapsodia
160 orrialde
84-95511-45-2
azala: Garbiņe Ubeda
Jon Alonso
1958, Iruņea
 
2023, nobela
2016, saiakera
2006, narrazioak
2003, nobela
1998, saiakera - nobela
1995, nobela
Euskal karma
2001, rapsodia
160 orrialde
84-95511-45-2
aurkibidea
 

 

—12—

 

Iratzarri nintzenean dinosauroa han zegoen oraindik... zera, esan nahi dudana da iratzarri nintzenean egoera oso bestelakoa zela, hagitz makurragoa; hau da, ni nintzen gondolaren atzean zetzana, esku loturik, eta Berlusgoñik, gondoleroa aldamenean zuela, zaintzen ninduen, Balzacen obrak gordetzen zituen poltsa izugarria aldamenean.

        Zer uste zenuen, memelo horrek!, esan zidan Berlusgoñik, erdeinuz. Oihan honetan denok ezagutzen dugu elkar. Gondoleroa nire koinatua da! —gondoleroak hitz hauek berretsi zituen, ahaidetasunezko graduari garrantzia kendu nahi zion keinua eginez—. Gustatzen zaizu Balzac?

        O, ez, arren, esan nion, ikusirik ahal zuen ankerkeria guztia nire gorputz ahulean, nire buruan zehazki, erabiltzeko prest zegoela. Ez niri kolperik eman buruan, ikaslea naiz-eta! erregutu nuen, garai batean esaten zena gogoratuz.

        Baina ordurako gondola hartan ez zegoen Berlusgoñi beste kapitainik, eta kapitainak bestelako planak zeuzkan niretzat. Eutsi egingo diot egin dugun tratuari —esan zidan—; Mitxoletarengana eramango zaitut eta ordubete berarekin utziko; baina orain beste baldintza bat gehiago bete beharko duzu. Nire liburua zegoen puntuan hartu eta bukatu beharko duzu!

        O, ez, arren! oihukatu nuen.

        Bai! —ostera Berlusgoñik— Uste al duzu ez naizela konturatu nik, nire arazo literario guztiak aletu dizkizudanean, zuk ez zenidala batere kasurik egiten? Uste al duzu inoren gustukoa dela jaramon egiten ez duen entzulego bati mintzatzea?

        Baina, arren! —kexatu nintzen— Hori ez da egia, inondik inora! Zure azalpen guztiak entzun ditut, erne-erne!

        Hitz hauek esanda nire heriotza epaia sinatu nuen; a, bai!? Orduan orain daukazu hori frogatzeko aukera ezin hobea!

        Abentura hau hasi zenean, unerik ilun eta ezkorrenean ere ez nuen pentsatu gauzak hain latz egotera irits litezkeenik, iritsiko zirenik.

        Baina, zertarako liburua bukatu? —nire azken saioa zen—. Inori ez zaizkio liburuak interesatzen, gaur egun! Jardun alferrekoa eta modaz pasea da! Arren! Ni kanon literario bat bilatzen ari naiz, besterik ez! Ez iezadazu denbora galaraz!

        Denborarekin eskertuko didazu orain gogor egin izana, esan zuen Berlusgoñik, larderiaz, Balzacen poltsa goratu eta ematekoa eginez.

        Balzacek kendu zizkidan gelditzen zitzaizkidan azken zalantzak. Papera eta boligrafoa eskatu, gondola ibai ertzean geldi zezaten erregutu, eta Aita Zaindarien artean egondakoan ikasitakoa praktikan jartzea beste erremediorik ez nuela etsirik, lanerako prestatu nintzen, baldintza literario bakar bat ezarriz: konforme, baina nire bukaerak ez du happy end-ik edukiko.

        Hemen kontatzea merezi ez duen ahalegin eta ordu askoren fruitu, honako hauxe idatzi nuen Berlusgoñi ero haren liburuari bukaera emateko, eta argi eta garbi esan behar dut ahalegina egin banuen, azken-azkenean Mitxoletarekin bildu ahal izateko egin nuela, beste helbururik ez nuela.