Euskal karma
Euskal karma
2001, rapsodia
160 orrialde
84-95511-45-2
azala: Garbiņe Ubeda
Jon Alonso
1958, Iruņea
 
2023, nobela
2016, saiakera
2006, narrazioak
2003, nobela
1998, saiakera - nobela
1995, nobela
Euskal karma
2001, rapsodia
160 orrialde
84-95511-45-2
aurkibidea
 

 

—5—

 

Ni neu gazteluko sotoko gela hartara sartu nintzen toki beretik beste bi gizon sartu ziren, metraileta bana eskuetan. Ugatza eta Prostatas, Txominen taldeko katarrak ziren. Rafaga batzuk bota zituzten, sabai aldera; nahikoa izan zen kapirotedun guztien tripak lurrarekin berdin zitezen. Nik neuk mahaitxo baten azpian bilatu nuen aterpe, eta nire abantailazko begiratoki hartatik ikusi nuen hirukoteak Guebokinder harrapatu zuela, eta urkamenditik hurbil egondako Txominek indarka jaitsarazi ziola kokotsaren bermaleku zeukan eskua, gero plazer handiz marinelen korapilo batzuk egiteko, bi eskuak bizkarraren kontra eman eta gero. Bitartean Prostatasek metraileta lokian jarri zion.

        Bistan zen hirukoteak egoera menderatzen zuela. Ikusteko zegoen, baina, zeintzuk ziren bere asmoak, Guebokinder lotzeaz landa. Laster jakin genuen.

        Ugatzak, metraileta bizkar gainean eskegi, uhal batez, eta txalo batzuk eman zituen, bertan zeudenen arreta deitzeko. Denek segitu zutenez beheari musu emateko planta hartan, berriz hartu zuen metraileta eskuan eta rafaga bat bota zuen, hitz hauek esanez: Ea ba, ez dugu egun guztia, komunikatua irakurri behar dut.

        Marmoek lurretik altxatzeko asmorik agertu ez zutenez, Prostatasek ostiko batzuk banatu zituen, han eta hemen, zoriz, oholtzatik gertuen zeudenen artean. Hauen arteko ausartenek jaiki eta Ugatzari begira jarri, beste erremediorik ez zuten izan. Ugatzak, nahiko quorum zeukala iritzirik, nonbait, komunikatua irakurtzeari ekin zion:

        «Guk, Kanonetik Askatzeko Txatarreroak (K.A.T.) erakundeko ekintzaileok, erabaki dugu, gaurko egunean, Oximoron Santuaren Aita Zaindarien aurkako ekintza hau burutzea, zeinaren bidez une honetan bertan bahitu egiten baitugu aipatu Zaindarien buru egiten duen Guebokinder Artximandrita, eta 15 egun naturaleko epea ematen dugu, komunikatu hau irakurtzen den egunaren ondorengotik kontatzen hasita, gure eskaerak bete daitezen. Eta, epe hau bukatutakoan ez bazaie gure exijentziei konplimendua ematen, hil egingo dugu Guebokinder Artximandrita delakoa. Gure exijentziak honako hauek dira:

        a)         Mendebaldeko literatura-araua ezartzen duten Aita Zaindariek, eta denen buru, Guebokinder Artximandritak jarrera aldatu dezaten, eta urratsak eman ditzaten mendebaldeko kanona beltz, ijito, elbarri, emakume eta gutxitu guztiei ireki dadin, edo, bestela, kanona desager dadin.

        b)         Kolko Mitxoleta aska dezaten, eta

        c)         Bereziki guretzat idazle enblematikoa den Isaias Schoppedhauer lehenbailehen kanoniza dezaten. Mortadela Schoppedhauer kanonizatu arte!».

        Mortadela!, erantzun zuten Prostatasek eta Txominek.

        Gora Kanonetik Askatzeko Txatarreroak!, Ugatzak.

        Gora!, Prostatasek eta Txominek. Eta gero «Schoppedhauer, kanonisasioa, Schoppedhauer, kanonisasioa!», egin zuten oihu, Guebokinder aretoko aterantz bultzatzen zutela. Rafaga pare bat bota zuten despedidarako.

        Katarren hirukoteak atea ixteko lanik ez zuen hartu, eta horrenbestez irekirik gelditu zen desagertu zirenean. Haien atzetik joatea erabaki nuen. Arrazoi handiak nituen horretarako. Lehena, ezkutatzeko aukeratu nuen mahaitxoa zinez txikia zenez, hanketako mina nuela. Bigarrena, Aita Zaindariek, deskubritzen zutenean haietako bat utzi nuela kalabozoan, titiburugabeturik, ez nindutela goxo hartuko.

        Eta hirugarrena, ezin nuela ulertu nola zen posible Kolko Mitxoletaren askapena eskatzea, gure informazioen arabera ez bazegoen preso, Amazonia urruneko oihan tropikal batean galdurik baizik, berak hala nahita, eta eliteko andereño talde batek zainduta.