11
Ibaiaren erdian geldirik geunden; antropofagoen txalupetan eztabaida bizia zegoela nabarmena zen; ez geunden gizajaleen ahotsen oihartzuna ez entzuteko bezain urrun.
Txalupek bidea mozten ziguten oraindik, baina egoera ez zen lehengo berbera; izan ere, antropofagoak hurbildu zitzaizkigun eta zerga moduko bat eskatu ziguten bidea libre uzteko. Zenbait errekaitu eman genizkien, ia horrekin konformatzen ziren. Gondoleroak ongi ezagutzen zituen tribu haien ohiturak, edo haiei buruzko telebistako erreportaia ugari ikusiko zituen. Eman dieguna nahikoa ote den eztabaidatuko dute egunsentira arte, jakinarazi zuen gondoleroak, eta gero, konforme ez badaude, eraso egin eta jan egingo gaituzte.
Itxoitea baino ez genuen. Nik ez nuen nahi, baina gondoleroa errukitu zen, eta Berlusgoñiri muturreko estalkia kentzea erabaki genuen. Berlusgoñi ezin bukaturik zeukan liburua aurrera ateratzeko asmatutako estrategiak aletzen hasi zitzaigun.
Lehenbizi Parmako Kartusia-n sartu nintzen zioen Berlusgoñik; gatazkaren kapitulua egoki izan zitekeelako sentipena nuen; egia esan, kasurako narrazio asko izaten ahal zaizkigula egokiak uste dut, baita gure argumentuarekin zerikusirik ez badute ere; Kartusia-ko gatazkaren kapitulua hartzen bada? Ongi! Nahikoa da kapitulua bere hartan hartu, hitzez hitz hona jaso, eta protagonistak enperadorearen ikusten duen pasartera iristen denean, aldaketa txiki batzuk egin; aldez aurretik onartu behar den konbentzioa da guretzat Napoleon enperadorea ez dela Napoleon, guri interesatzen zaigun pertsona baizik Harrison gure kasuan baina beste edozein ere izan zitekeen, eta protagonista ez dela Stendhalek marraztu zigun hura, eta ez dituela Kartusia-n dituen interes eta nahiak, guk ezarri nahi dizkiogunak baizik: kasu honetan, enperadorea jakinaren gainean jartzea. Bestalde, Napoleon, Napoleon pertsonaia historikoa izateak, bere garrantzia du Kartusia-n, noski; baina gure liburuan horrek ez du inolako garrantzirik; izan ere, guri, Kartusia-tik, hitzak interesatzen zaizkigu, ez hitzen ingurukorik, ez testuingururik. Hitz horiek bere horretan, ukituren bat han eta hemen, eta nahikoa da. Testuingurua, gure liburuan, geuk ezarri dugu. Horra egiten ari garen libururako nahi dudan originaltasun gorena, eta aldi berean, litekeen originaltasun bakarra. Bon, hau guztia onarturik, honelako zer edo zer geneukake (frantsesez, noski):
Gaur sable-ukaldi latzak emango dira; gehiegi zuretzat, bizarguri hori! esan zidan norbaitek. Frantziako Armadako kantiniersa bat zen.
Ez genion elkarri aditzen, kanoiaren hotsa, hurbilduz bezala, aldizka gure berbetan sartzen baitzen; ni asaldatua nintzen, oso, zorionak onetik aterea, nonbait, eta solasari berriro ekiten hasia.
Jakina. Erraz ulertzen da: Husarren 4.eko kapitain baten emaztearen maiteminez ari den herritarra zara. Zu ez zara soldadu.
Konforme nintzen egokitu zitzaidan paperarekin.
Azken esaldi hau («Konforme nintzen...») nirea da, ez Stendhalena, aitortu zuen Berlusgoñik lotsa pittin batez. Idatzi beste erremediorik ez dut eduki, iruditzen baitzait beharrezkoa dela gure pertsonaiaren (Stendhali maileguan eskatu dioguna gure Bazofias izan dadin) helburu ezkutuak zeintzuk diren han eta hemen iradokitzea. Bai, aitortzen dut alde horretatik esperimentua ez dela perfektua. Tira, segi dezagun:
Dirurik batere gelditzen bazaizu, eros ezazu beste zaldi bat, arren! Begira zure zamalko argala; belarriak zut-zutak paratzen ditu kanoiaren erlatsa hurbilegi entzuten duenean. Zamari horrekin, formazioan sartu orduko hilik zaude.
Zuhaiztiaren beste aldeko kanoien trumoia entzun zen. Kantiniersak aldi berean ironikoa eta siniestroa zen keinua egin zuen.
Zaude lasai, baina, laster izango da erosteko zaldirik, sobra ere!
Borrokatokitik ihes egiten zuen jendeak adierazi zigun batailoia non zegoen. Borrokatu nahi dut, esan nion kantiniersari, nire egiazko asmoak alegia, Ministroaren bizia salbatzea zeintzuk ziren esatea niretzat kalte zela iritzirik. Emakumeari esker ez nindutela espioitzat hartuko uste nuen.
Horra, gidoien artekoa, beste inperfekzione bat, ernegatu zen Berlusgoñi; agian ez zen guztiz beharrezkoa, baina irakurlearen mesederako jarri dut; izan ere, beti izan naiz irakurtzeko erraza, idazle naizen aldetik. Eta orain aurrera egingo dugu esan zuen Berlusgoñik, hasperenka. Gero dator hilotz bat bidean trabeska aurkitzen duten pasartea; ez dut transkribatuko, Stendhalen prosak merezi duen arren. Begira, bestela; infanteriaren deskargak entzuten dira: «Euri tanta sarriek latoiaren aurka egiten duten bezalako hotsa». Kanoikadak: «Etengabeko baxu-soinuaren itxura hartzen zuten». «Erreka baten marmarra bezalako etengabeko baxu-soinua». Ederra, ezta? Bon, gero zaldia erosten du («Dexente gehiago ordaindu behar izan nion lotsagabe hari, zaldia ofizial batena izandakoa zelakoan. Poztu nintzen, baina, hanka artean mugitzen zen zaldiaren jabe bainintzen») eta gatazkaren erdira sartzen da:
Bridaren presioa laxaturik sentitu zuelarik, zaldia lauhazka atera zen, eta jeneralen atzetik zihoan eskoltarekin bat egin zuen. Handik ordu laurden batera aldamenean neukan husarrak esan zituenengatik ulertu nuen jeneral horietako bat Ney Mariskal famatua zela.
Eskolta lauhazka jarri zen; kanalaz harantzagoko lur sail bat zeharkatu zuten. Lur saila hilotzez estalirik zen.
«Kasaka gorriak! Kasaka gorriak!» egiten zuten oihu eskoltako soldaduek. Jakina, lurrean etzanik zeudenak kasaka gorriak ziren. Horietako askotxo bizirik zen oraino. Oihu egiten zuten laguntza eske baina inor ez zen gelditzen dohakabe haiei laguntzarik emateko.
Bat-batean berriz hasi ginen arrapaladan. Handik gutxira modu txit arraroan goldaturiko lur sail bat ikusi nuen nire aurrean, hogei urrats-edo urrun. Garrasi lehor bat entzun nuen nire ondoan: bi husar erori ziren, kanoiko balek jota. Tira!, egin nuen nire artean, hau da nire su-bataioa.
Eskolta lauhazka zihoan; ulertu nuen goldaketa arraro haren arrazoia lurra barreiatu eta lau haizetara iraultzen zuten kanoi-balak zirela. Balak zetozen aldera begiratzeagatik ere, bateriari zerion ke zuria baizik ez nuen ikusten, eta oso urruti; kanoikadek sortzen zuten zurrunga uniforme eta etengabearen erdian, askoz hurbilago behar zuten desarratzeak entzuten nituen, edo entzuten nituela iruditzen zitzaidan; ez nuen ja ere konprenitzen.
Nire ondoan on puska itxura zuen sarjentu nagusi bat egokitu zen. Jauna, esan nion, bataila batean sarturik nagoen lehen aldia da. Hau egiazko bataila bat da, ezta?
Hala dirudi, erantzun zidan. Nor zara?
Kapitain baten emaztearen anaia naiz, esan nion, nire egiazko izaera, asmoak, eta, hitz batez, nor nintzen eta zertarako nengoen han ezkutatu behar izatea lehentasunezko gauza iritzirik.
Berlusgoñik hasperen egin zuen berriz; bai, hemen, berriz ere, Stendhalen prosa zoragarria gehiago laburbil nezakeena, bestalde, baina hain da ederra... eten behar izan dut ohar bat nire lumatik jartzeko, «nire egiazko izaera, asmoak...» esaten duen hori guztia; nahitaezkoa zen, kapituluak gure liburuan sinesgarritasunik edukiko bazuen. Orain kasu, laster enperadorea agertuko zaigu:
Nola du izena kapitainak?
Damurik, hizkuntzak ez dira inoiz nire puntu indartsua izan. Zer izen frantses esango dut, egin nuen nire artean. Parisko hotel batean izan bainintzen behin, hango harrerako gizonaren izena etorri zitzaidan burura.
Meunier kapitaina!
Sarjentuak, kanoiaren danbadak gorturik, gaizki entzun zuen.
A! Teulier kapitaina? Hil egin dute!
Eskolta behingoz gelditu zen zalditeria-dibisio baten erdian; zaurituak eta hildakoak ugari ziren, baina Mariskalak aginduak eman behar zituen. Handik gertu kantiniersa baten gurditxoa ikusten zen, eta harantz hurreratu nintzen. Bertan ikuskizun nazkagarria neukan zain: izterra mozten ari zitzaizkion korazero gazte, lerden eta eder bati. Begiak itxi eta lau edalontzi pattar edan nituen, bata bestearen ondoren.
Mariskalak, zalditeria-eskuadra batzuen ondoan gelditurik, aginduak ematen jardun zuen luze. Horietako batzuk aurrera bidali zituen, kargan, baina ni nahikoa horditurik nintzen, eta ez nuen gertakarien gaineko ideia garbirik egiten. Bat-batean sarjentu nagusiak oihu izugarria egin zuen: «Baina ez al duzue Enperadorea ikusten, arraioa!».
Berehala eskoltako guztien eztarritik orro berbera atera zen, ezin ozenago: «Gora Enperadorea!».
Hor zegoen nire gizona. Mozkorrak eragindako modorra ezabatu zitzaidan, eta jakinminez begiratu nuen, baina segizioko dragoiek euren kaskoetatik eskegirik zeramatzaten luma-sorta luzeek aurpegiak ikustea galarazi zidaten. Enperadorea eta sekitoa gu geunden tokitik metro gutxitara gelditu ziren. Nire unea zen.
Hemen ere nire interbentzioa ezinbestekoa zen, argitu zuen Berlusgoñik.
Orduan, galdetu nion ondoko sarjentu nagusiari, hortik igaro dena Enperadorea da?.
Jakina! Kasaka brodaturik ez duena. Ez al duzu ikusi?
Nor zen esan ez eta nor ez zen esanda erantzuteko modu bitxi hori zela-eta, sarjentua baztandarra edo agian baxenabartarra izango zela egin nuen kontu.
Hemen ez dut arestiko apunte etno-antropologiko hau egiteko tentazioa saihesterik izan, jakinarazi zuen Berlusgoñik.
Baina sarjentuaren hitzak nire atzean galdu ziren, ahal nuen azkarren abiatu bainintzen Enperadorea zegoen tokira.
Iritsi nintzenean bi dragoik moztu zidaten Enperadoreaganako bidea. Bidea eskatu nuen. Besteek galarazi, «nor zara»ka. Sarjentua nire atzetik etorria zen eta bidea erraztu zidan. Teulier kapitainaren koinatua da, esan zien.
Handik gutxira enperadorearen aurrean nengoen...
Uste dut kapitulua hemen moztea dela egokiena azaldu zuen Berlusgoñik; gure laguna iritsi da enperadorearengana, hots, abisatu beharreko pertsonarengana, hori garbi gelditzen da; hortik aurrera ez dugu zertan jakinik zer esan dioten elkarri: elipsia. Elipsi honek nahiko denbora eskaini beharko luke nahi den informazio guztia trukatzeko, baina, aldi berean informazioa ez da agerian gelditzen, edonolakoa izan liteke... Horrenbestez, uste dut jokaldia nahikoa litzatekeela Ministroa salbatzeko, eta zure edo gure liburuaren originaltasuna ere.
Baina une hartan jada ez genion Berlusgoñiri kasurik egiten, beste zerbaitek, askoz ere garrantzizkoagoak, harrapatzen baitzuen gure arreta: hiru edo lau gizajale zeramatzan txalupa bat hurreratzen ari zitzaigun. Eduki duten eztabaidaren ondorioak jakinaraztera datoz, esan zuen gondoleroak, dakienaren aieruaz.
Laster jakin genuen antropofagoen erabakia zein zen: ez ziguten aurrera egiten utziko zerbait gehiago ematen ez bagenien. Gondoleroak hamabi apostoluen argazkia eta salakota seinalatu zituen; gizajaleek onespen keinua egin zuten, «ekarri, ba» edo esanez. Nik gogor eta tinko eutsi nien nire ondasunei, baina gondoleroak beroriek basati haien eskuetan uztera behartu ninduen; biluzik sentitu nintzen, biluzik edo okerrago: gabeturik, apaldurik, umiliaturik. Horrenbestez, gizajaleek beren jendea zegoen aldera egin zuten berriz.
Berlusgoñik matraka ematen segitzen zuen. Egia esan, zioen, lehengo irtenbideak ez nau asebete. Nire esku hartzea gehiegizkoa iruditu zait. Beste irtenbide dotoreago baten bila hasirik, beste liburu bat, hizkuntza estrainio batean idatziriko liburu ahantzi bat hartu dut (izan ere, hau ez nuen, inondik inora, gorputzean tatuatua), eta bigarren edo hirugarren orritik irekirik, hau aurkitu dut:
1521an, Maiatzeko egun batez, ximixtaren pare iragaiten da zaldidun bat Iruñako karriketan eta gobernadorearen etxean sartzen. Zaldidunaren ahotik non zer berri den jakin duenean, gobernadoreak xixtu batez ekharrarazten du muthil bat, mezu batzuk ematen diotza eta erraiten dio:
Ez othoi denborarik gal.
Eta gobernadorea kadera batean jartzen da, ukhondoak mahain baten gainean, eskuak buruari lothuak, buruan mila gogoeta.
Berlusgoñik garailearen espresioa erakusten zuen. Ikusten? Praktikoa, funtzionala, dotorea, laburra, ezinago. Zaldiduna, mezularia, gaztigu-emailea, Bazofias da, noski; gobernadorea da, kasu honetan, heriotzatik salbatu nahi den pertsona; hala gobernadoreak hartu nahi dituen neurriek mutil bat ekarrarazi, mezu batzuk eman, bizkor ibiltzeko agindua nola bere izpirituaz jabetu den umoreak kezka, gogoeta argi adierazten dute zer den zaldunak ekarri dion mezua: inor bera hil nahian dabilela. Nahikoa litzateke horrenbestez. Gehienez ere, eta orain artekoarekiko lotura (gure liburuarekiko lotura, esan nahi dut) areagotu nahiko balitz, holako esaldi sinpleren bat gaineratzea aski litzateke:
Zaldidun hori neu nintzen.
Gondoleroak eta biok txalotu genuen bere azken aurkikuntza literarioarekin benetan pozik zirudien Berlusgoñi, baina egiatan ez genion batere kasurik egiten; kezka gogorragoak genituen, nola ziren, esaterako, txalupa barruan eta gose aurpegiaz zetozen lau gizajale haiek.
Gizajaleen eledunak eta gondoleroak gizajaleen hizkuntza menderatzen zuena solasean lotu ziren. Bukatu bezain pronto, gondoleroak esandakoaren laburpena egin zidan: ez da nahikoa; salakota, bai, baina argazkia ez zaie askorik gustatu. Gauza gehiago nahi dute.
Gizajale haiek aseezinak ziren, alajaina!
Gauza gehiago? Zer, baina? Ez dugu ezer! Geneukan guztia eman diegu!
Gondoleroak begiak jaitsi zituen eta zera esan zidan, xuxurla azkar batean: dena konponduko litzateke derbirako sarrera pare batekin. Hau esanda, gondoleroaren begiak nireetan iltzatu ziren. Nik ez dut derbirako sarrerarik, baina! jakinarazi nion, sutan.
Gure arazoez ezaxola, Berlusgoñik bere hainbatgarren esperimentu literarioaz ari zen; ea zer iruditzen zaizuen beste aukera hau, esaten zuen:
Uscendo dal ristorante, gli venne improvvisamente il pensiero che il capo, subito dopo averlo congedato, si era certamente attaccato al telefono per disporre che lo pedinassero. Elementare, avrebbe dovuto pensarci prima. E sentì di essere nell'occhio di qualcuno, quello sguardo lo impacciava nel passo, lo invischiava. Evitò di fermarsi davanti alle vetrine, anche quando ne era attratto: ché il fermarsi davanti alle vetrine era tipico di chi teme o sa di essere pedinato. Andò a casa, strenuamente resistendo alla tentazione di voltarsi. Passò un'ora a radersi e a leggiucchiare. Uscendo dall'ascensore vide, oltre la porta a vetri, sull'altro marciapiedi, colui che lo aveva pedinato. Secondo le regole, ora sarebbe stato un altro a seguirlo: lo avebbe scoperto sull'autobus. E lo scoprì, infatti: una furtiva occhiata al capolinea, mentre scendeva.
(Jatetxetik atera zenean burura etorri zitzaion oso litekeena zela, berak alde egin zuenean, nagusiak telefonoa hartu eta jarrai ziezaioten agindua ematea. Noski, nola ez zitzaion lehenago bururatu. Norbaitek ez ziola begirik kentzen sentitu zuen; begirada hark traba egiten zion ibiltzean, deseroso sentiarazten zuen. Eskaparateak saihestu zituen, erakartzen zutenean ere ez zen aurrean gelditzen: norbait atzetik duela susmatzen duena edo dakiena eskaparateen aurrean gelditzen da, tipikoa da. Etxera iritsi zen, burua bueltatzeko irrikari amore eman gabe. Bizarra egin, gero zerbait irakurri zuen, eta ordubete joan zitzaion. Igogailutik ateratzean, beirazko ateaz beste aldera, aurreko espaloian, atzetik ibili zitzaiona ikusi egin zuen. Erregelei kasu egitera, orain beste batek segituko zion: autobusean ikusiko zuen. Halaxe izan zen, autobusean ikusi zuen: begirada iheskor bat ibilbidea bukatzean, autobusetik jaistean).
L'uomo lo seguì fino al cancello esterno. Passò oltre, naturalmente: senza vederlo Rogas poteva contare i suoi passi, disegnare la mappa dei suoi movimenti. Avrebbe fatto un cinquanta metri e sarebbe tornato indietro, ma senza varcare il cancello; poi sarebbe andato in cerca di un telefono, a chiedere il cambio: poi avrebbe aspettato, davanti al cancello, nascondendosi come poteva. Cane mangia cane, pensò. Ma c'è cane e cane.
(Gizonak kanpoko hesiraino jarraitu zion. Gero ondotik pasatu zen, natural: ikusten ez bazuen ere, Rogasek bestearen urratsak kontatzen ahal zituen, egingo zituen mugimenduen mapa osatzen ahal zuen. Berrogeita hamar bat metro egingo zituen, orduan itzuli egingo zen, baina ez zuen hesia zeharkatuko; telefono bat bilatuko zuen, eta txanda aldaketa eskatuko; gero zain egongo zen, hesiaren aurrean; bitartean ahal bezain ongi ezkutatuko zen. Zakurrak zakurrari haginka. Zakurrak eta zakurrak badira, ordea.).
Nella gabbia a vetri al centro dell'atrio, per effetto di luce il portiere sembrò uno squalo che si avventasse contro la parete dell'acquario. Lo riconobbe. Levò verso di lui due dita: secondo piano.
(Ezkaratz erdian kristalezko kabinatxoa bazegoen; argiaren eraginez, atezainak akuarioko paretaren aurka oldartzen den marrazoa irudi zuen. Atezainak ezagutu zuen. Esku bateko bi hatz jaso zituen: bigarren pisua.).
Al secondo piano, una delle quattro porte si aprì mentre Rogas usciva dall'ascensore. Un cameriere in giacca di rigatino, certo un agente di polizia (o un ex agente, per l'età che dimostrava), silenziosamente lo introdusse in uno studio spazioso e ordinato. In fondo, in una poltrona d'angolo, dietro un'azzurrina nebbia di fumo, stava il presidente. Disse "Venga" e quando Rogas gli fu vicino, indicando una poltrona "Si accomodi".
(Bigarren pisuan, Rogas igogailutik atera zenean lau ateetako bat ireki zen. Kotoi arraiatuzko jaka zeraman otseinak (polizia, zalantzarik gabe, edo, adina kontuan hartuta, agian polizia ohia) liburutegi handi eta ordenatu batera sarrarazi zuen. Hondoan, besaulki belarridunean jarririk, kezko laino urdinkararen atzean, lehendakaria zegoen. "Erdu" esan zuen, eta Rogas bere ondoraino iritsi zenean, besaulki bat seinalatuz, "Eseri").
Rogas salutò, sedette. Il presidente lo sogguardò, al disopra delle lenti, pungente e astioso. Due volte tirò dal sigaro, sbuffando il fumo verso una striscia di sole che lo dispiegava come un velo. Poi lentamente, con disprezzo, invulnerabile e immortale di fronte al piccolo, vulnerabile e mortale filisteo, disse "Lei, dunque, crede che mi ammazzeranno".
(Rogas diosal egin eta eseri zen. Lehendakariak betaurrekoen gainetik arakatu zuen, zorrotz eta sumin. Bi sakada egin zizkion zigarroari, eta kea eguzkiaren printza-sorta baterantz bota zuen bafada batez. Printza-sortak kea zabaldu zuen, belo bat bailitzan. Gero, poliki, erdeinuz, zaurigaitz eta hilezkor filisteo txiki, zaurigarri eta hilkorraren aurrean, esan zuen "Beraz, zuk uste duzu hil egingo nautela").
"Credo che tenteranno".
("Saiatu egingo direla uste dut").
Bon, Berlusgoñi zen, ostera ere, honekin epaileen Lehendakariak nire hitzerdiak ulertzen dituelakoa egiten badu, nahikoa da, nahikoa behar du. Orain bai, orain nire helburua lortuta dagoke, egon behar du, eta Enperadorea-Gobernadorea-Epailea-Harrison eta munduko, erreal deitzen duguneko bezala fikziozko, mehatxatu guztiak abisatuta zeuden: erdietsi dut nire helburua, gezurrak kontatzen dituzten liburuez baliatuz gezurrak kontatzen dituzten liburuak engainatzeko. Liburuari bukaera eder bat baizik ez zaio falta. Berlusgoñi irribarretsu zegoen.
Gu, aldiz, ez geunden finezia intelektualetarako; antropofagoak guregana zetozen matxeteak euren zorrotik aterata. Derbirako sarrerak gero eta asaldatuago mintzatzen zen gondoleroa, gero eta ozenago, derbirako sarrerak edo gureak egin dik!
Gizajale haien bisaje basatiak eta hagin zorrotzak ikustea nahikoa irudikatzeko hurrengo eszenak nolakoak izango ziren: beren txalupek inguratuko gintuzten, ausartenek abordatuko zuten gurea, matxetea eskuan; aztiak, edo denen buruak edo bi gauzak batera zenak buruak moztuko zizkigun; gure gondolaren behe aldea odol gorriz tindatuko zen; laster ziren euren letaginak gure haragi gurietan zorrozki sartzen... Basati haien aho inguruak nire izterretako okela-hari odoltsuez beterik irudikatzeak beste edozerk baino indar handiago hartu zuen nire baitan. Etsipenaren goren unean, bi paper luzanga atera nituen poltsikotik eta airean astindu nituen. Bai, inori esan gabe niretzat gorde nahi nituen azken bi derbirako sarrerak ziren.
Bi paper zatiok eragin mirakuluzkoa eduki zuten; salbajeek beren jarrera erasokorra bertan behera utzi eta bozkariozko alarauak bota zituzten, matxeteak beren zorroetan gordetzen zituzten bitartean. Jainkoarren, zioen nire aldamenetik gondoleroak, azken unera arte itxoitea ere!
Laster genuen libre Mitxoleta zegoen oihan aldera eraman behar gintuen ibaia.